icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Gipuzkoako 15 herririk politenak: Donostiatik Hondarribiraino

27 Julio 2023 12:00

Ez da bakarrik euskaraz gehien egiten den lurralde historikoetako bat; gainera, betidanik lotu izan da Euskal Herriko lekurik politenetako batzuekin. Gipuzkoaz eta bertako herriez ari gara, noski.

Lurralde hau Kontxako turismoarekin, Hondarribiko koloretako etxeekin edo Elkano lurreratu zen Getariako portuarekin lotu ohi dugu. Baina, berez, askoz ere gehiago dago; dela Kantauri itsasoko kostaldean, dela barnealde menditsu eta berdean.

Horregatik, Guuken pauso bat haratago joan, eta ezagutu nahi dugu zein diren Gipuzkoako herririk politenak. Bai, badakigu subjektiboa dela, eta horrexegatik hainbatengatik egiten dugu apustu, baten batekin gutxienez asmatzekotan. Gure herriak dira hoberenak!

Pueblos Gipuzkoa

Gipuzkoako herririk politenak

Gipuzkoan 180 herri baino gehiago dago, 88 udalerritan banatuta. Beraz, ezinezkoa da artikulu honetan guztiak aipatzea. Bai, haietako bakoitzean badago zer ikusi eta gozatu, baina gogoangarrienetan zentratu beharko dugu.

Apur bat bidezkoagoa egite aldera, kostaldeko zein barnealdeko errepresentazio banarekin geratuko gara. Behin hau esanda, zein dira Gipuzkoako herririk politenak? Hemen gure iritzia adituenekin nahasten dugu.

#1

Donostia

Zerrendan egon behar du. Gipuzkoako hiriburua, bere arkitektura eder, giro bereizgarri, hondartza eta klimarekin, edonor liluratzeko modukoa da. Nondik hasiko gara? Guretzat, Donostia munduko hiririk politenetako bat da. Horren ardura dute Kontxako, Zurriolako eta Ondarretako hondartzek, itsasaldeko paseoak, Haizearen Orraziak eta Chillidaren beste ondareak, Alde Zaharreko pintxoek, La Perla Bainuetxeak, Victoria Eugenia Antzokiak, Urgull mendiko paseoek, Igeldoko funikularrak, Maria Cristina zubiak, Miramar jauregiak, Tabakalerak... Egun osoa eman genezake horrela!

#2

Hondarribia

Beste ezinbesteko bat Gipuzkoako herririk politenen artean. Txingudiko Badiako harribitxi hau vikingoen herri gisa ere ezagutzen da, haren arkitektura bereziki nordikoa ez bada ere. Hil aurretik, Hondarribia ikusi behar da, haren etxe koloretsuak, Erdi Aroko kutsua duen Kale Nagusia, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andra Mariren Eliza, Karlos V.aren gaztelu itzela, Arma, Apezpiku eta Kateen plazak, San Nicolas eta Santa Maria Ateak, Jaizkibeletik ikus daitekeen paisaia, eta bai, bere hondartza paregabea; denak dira gozagarri.

#3

Getaria

Haren portua munduko ospetsuenetako bat da, baina Getarian ikusteko beste askorik ere badago. Eta horrexegatik uste dugu Gipuzkoako herririk politenetako bat dela. Ez zaitzala herriaren tamainak engainatu, horrek ematen baitio bere xarma berezia. Surfean ibili nahi duzu? Orruag eta Gaztetapeko hondartzak bikainak dira horretarako. Nahiago duzu eguna familiarekin igaro? Malkorbekoa zuretzat da. Herriko kaleetan txakolin aparta eta antxoa paregabeak aurkituko dituzu. Ez ahaztu portuaz, Elkanoren monumentuaz, San Salbador elizaz, Otxoa Ibañez de Olaño eta Zarautz dorretxeez, ez eta bertako hainbat jatetxez ere.

#4

Azpeitia

Mendiartean ezkutatua, gure euskaldunik internazionalenetako baten jaioterria daukagu. Bai, Azpeitiaz ari gara, Gipuzkoan mendez-mende elizarentzat eta koroarentzat oso garrantzitsua izan den herriaz. Derrigorrezko bisita hemen Loiolako Santutegia da; hori bai, ezin alde egin Trenbidearen Euskal Museoa, zezen-plaza edo bertako eraikin historiko ugariak ikusi gabe: Enparan Dorretxea, Antxieta Jauregia, Soreasuko San Sebastian eliza, Madalena Baseliza, Basozabal Jauregia... Izarraitz mendiaren bestaldean, Azkoitiarekin egingo duzu topo, barnealdeko beste harribitxi bat.

#5

Tolosa

Gipuzkoako antzinako hiriburua eta Nafarroa, Gaztela eta Frantziako erresumen arteko merkataritza-pasabide handia izan zen; horregatik bakarrik bisita bat merezi du. Egia esan, Tolosa ez da beti bidaia-gidaliburuetan agertzen, Euskal Herri barnealdeko txokorik ederrenetako bat izan arren. Hainbat leku aipagarri ditugu hemen; esaterako Euskal Herria plaza, udaletxea, Gipuzkoako Artxibo Nagusia, Santa Maria Eliza, Plaza Berria, Gaztelako atea, Laplaza Etxea, Zerkausia edo San Frantzisko Eliza. Ez egin alde Oria ibaiaren gainean Nafarroako Zubiari argazkirik egin gabe, edo txokolatearen museoari bisita bat egin gabe.

#6

Pasaia

Donostiaren itzalak ere ezin du Pasaiaren edertasuna ezkutatu. Oiartzun eta ondorengo badiek sortutako formek mendeetan zehar Gipuzkoa osoko lekurik ederrenetako bat eratu dute. Ez gara ibaiaren alde banatako Donibane eta San Pedroz bakarrik ari, baita Antxo eta Trintxerpez ere. Lau herri dira, guztiak zoragarriak. Zer esan dezakegu hemen? Horrenbeste gauza daude bisitatzeko! Albaola museoa, non San Juan Naoaren erreplika bat eraikitzen ari diren; Mater Museoa, itsasontzi baten barruan kokatua; Victor Hugoren etxea; Platako Itsasargia; motora batean itsasadarra gurutzatzeko aukera; Udaletxe Zaharra; Santiago Plaza... Eta estropadak! Ez huts egin!

#7

Hernani

Ez, ez da bakarrik industria eta sagardotegiak. Donostiatik 10 bat kilometrora herri harrigarri bat dago: Hernani, Erdi Aroko herri bat, non ezinezkoa den argazki txar bat egitea. Hemen, Santa Barbara mendiaren magalean, murgiltze historiko, artistiko eta kultural ahaztezinaz gozatu dezakegu. Herriko erdialde historikoa Kultura Ondasun izendatua dago, ikusgarriak baitira, besteak beste, udaletxea, San Agustin Komentua, San Joan Bataiatzailearen Eliza, Zapako arku gotikoa, Jentillen dorrea, Aierdi Arretxea eta zenbait kale mitiko (Nagusia, Kardaberaz, Nafar eta Zapa).

#8

Leintz-Gatzaga

Gasteizetik 20 bat kilometrora dagoen arren, egia esan gipuzkoarrak zorionekoak dira beren lurralde historikoaren mugetan Leintz-Gatzaga zoragarria izanda. Jatorria Erdi Aroan duen herri hau derrigorrezko bisita da, arkitektura berdingabea garatu baitu gatzaren industria itzelaren eta, Errege Bidearen bitartez, mende luzez Europa eta penintsularen arteko lotura nagusia izatearen ondorioz. Hemen, San Millan eliza parrokialaz, Dorletako santutegiaz eta haren taila gotikoez edo Zurtitzako San Martinen baselizaz goza dezakezu. Eta noski, ez gara ahaztu herriaren erdialde historikoaz, harresiko ate ia guztiak dituena, ezta gatzaren museoaz ere. A bai, eta ondo bazkalduko duzu gainera,, zeren biztanleko jatetxe gehien dituen herri euskaldunean baitzaude.

#9

Oñate

Mendeetan zehar ezaguna izan da Euskal Herriko unibertsitate bakarra izateagatik: Sancti Spiritus Unibertsitatea, 1540an eraikia. Esan liteke Oñati “atzo gauean” batu zela Gipuzkoara, eta gaur egun lurralde horretako altxor historiko nabarmena da. Eta zergatik uste dugu herririk politenetako bat dela? Batez ere Arantzazuko Santutegia ikusgarria delako, baina baita unibertsitateagatik, San Miguel parrokiagatik eta bestelako ondare arkitektonikoarengatik ere: Bidaurreta monasterioa; Santa Marina eta Foruen plazak; Madinabeitia, Baruekua eta Antia jauregiak; Lazarraga dorrea eta jauregia, eta abar. Inaziotar bidea hemendik igarotzen da!

#10

Zumaia

Ezin genuen zerrendatik kanpo utzi. Zumaiara hurbiltzen denak Geoparkeko flyscha bilatu ohi du, baina ezin da ukatu herriak berak xarma handia duela. Hasteko, San Telmo baseliza, eta gero San Joan iturria, Olazabal Jauregia, San Jose komentua, Ubillos eta Foronda jauregiak. Itzurun eta Santiagoko hondartzetatik euskal kostaren alde honek eskaintzen duen paisaia paregabeaz gozatu dezakezu. Beste gomendio batzuk ere egiten dizkizugu: tren geltoki zaharra, Algorri Interpretazio-zentroa, San Telmo Arrantzaleen Kofradia edo kirol-portua bera.

#11

Zarautz

Nahitaezko geldialdia gipuzkoar kostako gure ibilaldian. Isabel II erregina ere izan zen hemen, herrian eraiki baitzuen bere udako erretiroa; historian zehar, beste pertsonalitate ospetsu asko ere izan dira hemen. Zarautzek, inguruko herriek bezalaxe, iragan garrantzitsua du balea-arrantzan, baina mendeetan zehar ontziolagatik izan zuen ospea. Han bertan eraiki zen munduari bira eman zion lehen itsasontzia, Victoria naoa. Gaur egun Euskal Herriko hondartzarik onenetako bat izateagatik da ezaguna, baita Iñurritzako Biotopo Babestuagatik ere. Hango duna ederrak ezin hobeto ikus daitezke Talaimendi gainetik. Surfaren munduko erreferentzia ere bada herria, Pro Zarautz txapelketari esker, eta benetako imana Santa Barbara begiratokiaz maitemintzen diren turistentzat.

#12

Mutriku

Kostaldeko herritxo honetara hurbiltzen den edonork benetako paradisua topatuko du, arrantzalez, euskal tradizioz eta eraikin historikoz (Euskal Herriko zaharrenetako batzuez) gainezka baitago. Arno mendiaren magalean itsasora begira eraikita, Mutrikuk nortasun handiko forma maldatsu eta bihurriak hartu ditu mendeetan zehar. Hemen, erronka fisikoa da kale bakoitza, eta ia beti, argazki-sari bat irabazteko agertoki aparta. Monumentuen artean aipagarriena Arrietakua Jauregia da, Antonio Gaztañeta marinelak eraikia; jarraian, Galdona, Zibel, Montavilet eta Olazaharra Mizkia jauregiak daude; eta zerrenda osatzen dute Andre Mariaren Jasokundearen elizak, Berriatua dorreak, Nautilus museoak eta Txurruka plazak. Ez ahaztu portutik paseatzea eta lonjak ikustea, igerileku naturaletan bainu bat hartzea eta Atxukaleren argazki on batzuk egitea.

#13

Lezo

Pasaiara hurbilduz gero, ezin duzu galdu Lezo bisitatzeko aukera. Gipuzkoako herririk politenen artean dago, batez ere, bere kontserbazio-egoera paregabeari eta iragan historiko interesgarriari esker. Kristo Santuaren Basilikan sartzerakoan, adi sabaiari, zin-opari ikusgarria baitu esekita. Gero, joan San Joan Bataiatzailearen elizara, hango gargolek harritu egingo zaituzte eta. Ondoren, ibilalditxo bat Kale Nagusian zehar, Udaletxerantz. Kostaldeko Donejakue Bideak gurutzatzen du Lezo, eta Jaizkibelera edo Aiako Harriaren Natura Parkera joateko hainbat bideren abiapuntua da.

#14

Astigarraga

Euskal sagardoaren hiriburua izateaz gain, Gipuzkoako herririk politenetako bat da. Donostiatik 10 minutura baino ez dago Astigarraga, Barnealdeko Donejakue bidearen antzinako erreferente eta Murgiako jaun boteretsuaren bizilekua. Egun, sagardogintzaren ospea ohore handiz daramaten sagardotegiz zipriztinduta dago herria. Hori bai, gastronomia ez da Astigarraga bisitatzeko arrazoi bakarra. Nahitaez ikustekoak dira Santiago Baseliza eta Santiagomendi, bertako natur eskola eta aterpetxea barne; parke etnografikoa; Jasokundeko Ama Birjinaren eliza, Markesmendiko gainean; eta Murgia Jauregia. A, eta noski, ez ahaztu Sagardoetxea.

#15

Orio

Euskal herri arrantzale klasikoaren adibiderik onena, baita kostaldeko paradisu ahaztezina ere. Oriok oroitzapen ahaztezina uzten dio bertako hondartza luzeetatik ibili, portuan arnasa sakon hartu eta erdialde historikoarekin liluratzen den edonori. Bertan, San Martin Tourskoaren baseliza eta San Nikolas Barikoaren eliza ditugu, biak ere eragin handikoak Donejakue Bidean, baita arrantzaleei eta Erdi Aroko ohiturei oso lotutako iragana ere. Ezinezkoa da Goiko Kaletik ibiltzea portutik ekarritako lurrina darien parrilletako batek liluratu gabe. Eta horretan ari zarela, adi itsasoari; herri hau estropadetako superpotentzia bat da eta.

Bai, kanpoan utzi ditugu Bergara, Ordizia, Azkoitia, Errezil, Baliarrain, Segura eta Gipuzkoako herririk politenen artean egotea merezi duten beste asko ere. Baina ez zaizkigu guztiak sartzen hemen !

Gainera, Guuken gomendatzen dizugu zuk zeuk bidaiatzea lurralde zoragarri honetan zehar, haren sekretuak aurkitzeko. Paradisu natural eta historiko handiak ditugu ate ondoan, baina ezagutzeko etxetik irten beharra dago.

Eta hemen gaude gu zuri laguntzeko. Sartu gure webgunean , eta aukeratu datu- eta ahots-tarifarik onenak zure mugikorrerako n. Ezagutu sakon gure lurra eta erakutsi harro!

Erlazionatutako berriak