icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Karmengo jaiak Santurtzin: datak, kontzertuak eta egitaraua

11 Julio 2023 12:52

Geure-geurea baitugu debozioa ospatzea, itsasotik bizi direnak ohoratzea, eta adiskide- eta familia-giroan dantzatzea eta jatea. Hori eta beste hamaikatxo ospakizun izaten dira Santurtzi aldean, Karmengo jaietan.

2023an ere, itsas prozesioa, sardina-jana eta kontzertu bikainak izango ditugu, punta-puntako artistekin. 2022ko jaietan, milioi-erdi pertsona inguratu ziren Santurtzi aldera hamar egunean. Aurten ere antzeko emaitzak edo are hobeak espero dira.

Animatzen Santurtzi aldera? Guuk-en esku-eskura ipiniko dizugu informazio guztia, ezertxo ere gal ez dezazun. Apuntatu ondo eta deitu kuadrillakoei. Ikusiko duzu zeinen ederki pasatuko duzuen gure kulturaren iragana, oraina eta etorkizuna ospatzen.

Fiestas Virgen del Carmen

Zer ospatzen da Santurtziko Karmengo jaietan?

Lehenik eta behin, azalpen txiki bat eman behar da. Karmengo Andre Maria marinelen eta arrantzaleen zaindaria da, eta karmeldarrei esker du halako jarraipena Espainian eta Latinoamerikan. Itsasoko Izarra ere deitu izan diote (Stella Maris).

Hori argitu ondoren, gatozen berriz Santurtzira. San Jorge da berez udalerriko patroia, zeina apirilaren amaieran ospatzen baitute santurtziarrek urtero. Tradizioaren arabera, fraide britainiar batzuk inguratu ziren Bilboko itsasadarraren alde horretara, gatazka erlijiosoetatik ihesi.

Gaur egun Santurtzi dagoen lekuan eraiki zuten elizgizon haiek San Jorge eliza, XI. mendearen amaieran. Tenplu hori gaur egun ere ikus daiteke. Eta San Jorge horretatik sortua da, gainera, hiriaren izena ere.

Baina... orduan, zergatik ospatzen ditugu Karmengo jaiak? Hona hemen interesgarriena. Inguru horretan gertaturiko industrializazioaren ondotik, Ortuella meatze-hiria askoz gehiago hazi zen Santurtzi baino XIX. mendean. Horregatik, 1901ean udalerria bitan banatzea erabaki zuten.

  • Santurtzi Ortuella: barnealdeko zatia.
  • Santurtzi zaharra: kostaldeko jatorrizko populazioa.

Eta bigarren horrek Karmengo Andre Maria gurtzea erabaki zuen. 1907ko maiatzaren 29an, Pio X.a aita santuak herriko zaindari izendatu zuen. Gogora dezagun marinelen eta arrantzaleen izena dela, eta ederki lotzen duela udalerriko arrantzaleekin eta lanbide tradizionalekin.

Testuinguru apur bat emateko, San Jorge parrokiako kabildoak idatzi bat bidali zion probintziako gobernadoreari 1840ko abenduan: erretaula berri bat eskatzen zuen, jatorrizkoa oso hondatuta zegoelako.

Hala, Sestaoko karmeldarren komentuko bat bidali zuten, zeina lekuz aldatu behar izan baitzuten urte batzuk lehenago, Lehen Karlistaldiagatik. Andre Mariaren irudia itsas prozesioan iritsi zen Santurtziraino, eta, urteen poderioz, herritarren kutun izatera igaro zen.

1948an, Andre Mariaren monumentu ospetsua eraiki zuten santurtziarren ekarpenari esker. Bitxikeria gisa, Ricardo Iñurria izan zen eskultorea, San Jorge parrokiako apaiz adintsuenetako baten iloba.

1983an, Udalak erabaki zuen udalerri osoa berriro elkartzea Santurtzi izenarekin. Horrenbestez, herritarrak bi zaindariekin geratu ziren: bai San Jorgerekin, bai Karmengo Andre Mariarekin. Bai eta bien omenezko jaiekin ere, noski.

Zer ikusi eta zer egin Santurtziko Karmengo jaietan

Makina bat egin daiteke hamar egunean. Ekitaldi ugari topatuko dituzu Santurtziko Karmengo jaietan: kaleko musika, alardeak, kalejirak, txitxarrotxoak, erromeriak, dantzaldiak, herri-bazkari eta -afariak, pilota-partidak, kontzertuak eta are antzezlanak.

Hori bai, etortzera animatuz gero, ezin duzu galdu tradizioa; hau da, santurtziarrek azken hamarkadetan herriko kaleetan egiten dutena.

Sardina-jana eta txupinazoa

Jaietako inaugurazio-ekitaldietako bat da. Sardinaren festa, berriz, aukera paregabea da bertako gastronomia probatzeko eta santurtziarrekin kontu-kontari aritzeko. 1973az geroztik egiten da, eta egundoko turista mordoa erakartzen du, baita inguruetakoak ere, oro har.

19:00ak aldera, hiriko ostalariak Itsasalde eta Joan XXIII.aren kaleetan elkartzen dira, eta tona bat edo bi tona sardina inguru banatzen dituzte, betiko erara erreta (landare-ikatzetan). Inguratu besterik ez da egin behar, eta pixka batean ilaran zain egon.

Ez galdu ondorengo txupinazoa eta Sardinoren aurkezpen tradizionala. Bata bestearen atzetik izaten dira.

Kuadrillen jaitsiera bustia

Kuadrillek zeresan handia dute Santurtziko Karmengo jaietan. Milaka gazte elkartzen dira hainbat probatan parte hartzeko eta herriko kaleetan giroa apur bat animatzeko.

Lehenbiziko ekitaldia jaietako lehenbiziko egunean bertan izaten da, kuadrillen jaitsiera bustiarekin. Udaletxe aldera abiatzen dira, musika bandekin batera, herritarrek leihoetatik plisti-plasta ura botatzen dieten bitartean.

Pregoia eta Mentxuren harrera

Orain bai, oraintxe dugu unerik garrantzitsuena. Gau-partean, Karmengo jaiak hasteko pregoia irakurriko dute udaletxean. Eta, horrekin batera, Mentxuri harrera egingo diote. Baina zer da hori?

Mentxu Santurtziko jaietako maskota da 1980ko hamarkadaz geroztik. Kaio horrek santurtziar guztien itsas espiritua sinbolizatzen du: udaletxeko teilatuan jarrita egoten da, eta arrautza erraldoia hausten denean abiarazten dira Karmengo jaiak. Hurrengo egunetan noiznahi topatuko duzu.

Bailandra-estropada

Karmengo eguna baino egun pare bat lehenago egin ohi da. Bailandra-estropada da jaietako probarik mitikoenetako bat. Kuadrillak portuan elkartzen dira, eta nor baino nor lehiatzen dira etxean eginiko ontziekin.

Mentxuren kalejira

Lehen esan bezala, jaietan noiznahi topo egingo duzu Mentxurekin. Itsas prozesioaren aurreko egunean, kalez kale irteten da, musikaz eta ehunka pertsonaz lagunduta.

Karmengo Eguna

Jaietako egun handia da. Goizean goiz, egunsentiko arrosarioa izango duzu, zeina Karmengo Andre Mariaren monumentuan bertan amaitzen baita. Patxadaz gozatzeko moduko ekitaldia da, ez baita egoten jendez gainezka.

Eguerdi-partean, Meza Nagusia izaten da San Jorge elizan, eta arratsaldean (18:00ak aldera) hasten da jaietako ekitaldirik garrantzitsuena: itsas prozesioa. Aurten uztailaren 16an izango da (igandea).

Milaka lagun inguratzen dira Euskadiko itsas erromeria zaharrenera. Bai, bai, ondo ari zara irakurtzen. Arraun Elkarteak Andre Mariaren irudia ateratzen du parrokiatik, eta porturantz abiatzen dira, agintariak, arrantzaleak, bizilagunak eta sardina-saltzaileen seme-alabak lagun dituztela.

Era berean, aurreskua dantzatzen da haien aurrean, hiriko kanpai guztiek jotzen duten bitartean. Portuan, bereziki apainduriko ontziek igotzen dute, harik eta Abrako badiara iritsi arte. Han, loreak eskaintzen dizkiote eta itsas salbea abesten dute.

Itzultzean, jotak dantzatzen dituzte, sardina-saltzaileak eta Bilboko merkatuan sardina saltzen eginiko lana oroitzeko. Oinutsik ibiltzen ziren emakume haiek, saskiak buru gainean zituztela.

Eguna amaitzeko, su artifizialak jaurtitzen dira Burdin Kaitik, kontzertuak, kalejirak, beste erromeria bat, eta Sardinaren Ibilbidea udaletxetik abiatuta, elektrotxarangak animatuta.

Azken txanpa: Sardino erretzea eta Mentxuren agurra

Festen azken arratsaldean agortzen dituzte santurtziarrek jaiak. Lehendabizi, Sardino erretzen dute, eta amaierako traka botatzen dute txosnetan. Ondoren, Mentxuri agur esaten diote gauerdian. Portutik abiatzen da hurrengo urtera arte, harik eta hurrengo urtean errutera bueltatu arte.

Karmengo jaietako beste jarduera batzuk

Ez dugu hitz egin gozatu daitekeen guztiaz, ez baikenuke inoiz amaituko. Baina jakin ezazu hamar egunean programazio aberatsa izango duzula zain: pilota txapelketa ez ezik, tenis, futbol eta xake sariketak ere izaten dira, baina baita kalejira eta haurrentzako animazioak ere.

Karmengo jaien 2023ko egitaraua

Santurtziko Karmengo jaiak 2023ko uztailaren 14tik 23ra izango dira. Eta, urtero bezala, Udalaren webgunean kontsulta daiteke egitarau ofiziala. Nolanahi ere, hementxe daukazu, labur-labur, bisitari gehien erakartzen duen programazioa: kontzertuak.

2022an, MClan, Nil Moliner, Carlos Baute eta halako artistak izan ziren Santurtzi aldean. Guztien artean 120.000 ikusle baino gehiago erakarri zituzten. Ez da berriketa! Eta aurten ere izango da artista ezagunik.

  • Uztailak 14, ostirala: Pasarela orkestra.
  • Uztailak 15, larunbata: Janus Lester eta DJ saioa Oihan Vegarekin.
  • Uztailak 16, igandea: Luz Casal.
  • Uztailak 17, astelehena: Santurtziko Unión Musical Vizcaína musika banda, Eñaut Elorrieta Ken 7 taldeko abeslari ohiarekin.
  • Uztailak 18, asteartea: Ana Mena.
  • Uztailak 19, asteazkena: Carlos Rivera.
  • Uztailak 20, osteguna: Shinova eta Montana.
  • Uztailak 21, ostirala: Sabrina eta Agoney (Operación Triunfoko lehiakide ohia).
  • Uztailak 22, larunbata: Vulkano orkestra.

Ikusten duzunez, Santurtziko Karmengo jaiak herri bateko ospakizun soil bat baino askoz gehiago dira. Bizkaiko udalerri horretan egiten da uda osoko ekitaldi garrantzitsuenetako bat, eta ederki nabaritzen da hori etortzen den jendetzari eta izarren kategoriari erreparatzen badiegu. Galdu egingo duzu?

Guuk alboan izango duzu sardinez, Andre Mariaz eta musikaz goza dezazun, mugikorrerako tarifa onenarekin. Ez galdu ezertxo ere, eta partekatu zure kuadrillakoekin zure esperientzia sare sozialen bidez.

Erlazionatutako berriak