icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Sagardotegiak Euskadin: Txotx eta sagardoaren jatorria

11 Enero 2023 10:12

Neguarekin batera, zain egoten gara urtero sagardotegi-denboraldia noiz hasiko. Urteko sagardo on bat dastatzeko garaia izaten da, txotx eginez. Hori dela eta, sagardotegien tradizio horren inguruko bitxikeria batzuk kontatuko dizkizugu: sagardoaren jatorria, txotx ohikatzeko ohituraren bitxikeriak edo garrantzia duen sagardotegiak Euskadin.

Euskadin neguan zer plan egin pentsatzen ari bazinen, urtarriletik apirilaren bukaerara, elkartu lagun-kuadrila edo familia, eta animatu gurean —batez ere Gipuzkoan— oso errotua dagoen tradizio hau probatzera.

Sagardotegien jatorria eta bitxikeria batzuk

Sagardotegiak sagardoa egiteko eta dastatzeko upeltegiak dira. Sagar-zukua hartzituz egiten da edari alkoholdun hau, duela mende askotatik. Baina nondik dator denboraldiko sagardoa dastatzeko ohitura hau?

Hasieran, sagarrondoak zituzten lursail handien jabeek sagardo naturala egiten zuten etxerako, eta, behin lanak bukatutakoan, lagunak eta bizilagunak baserriz baserri joaten ziren sagardoa probatzera. Urteen poderioz, ohitura hori erritual bihurtu zen, eta, gaur egun, sagardotegiak elkartzeko gunea dira, bertako jakiekin batera sagardo egin berria dastatzeko tokia.

Normalean, baserri horiek landa-eremuetan egoten dira, eta sagardoa egiteko eta botilaratzeko instalazioak izaten dituzte. Edaria upeletan gordetzen da, eta hartzituz joaten da edateko punturik onenera iritsi arte. Hala, denboraldia hasten denean, edalontzia upeletik zuzenean betetzen dute bezeroek, “Txotx!” eginez.

Sagardotegis blog cuerpo 4000X2000 1

Nondik dator txotx egiteko ohitura hori?

Denboraldiko sagardoa zuzenean upeletik edateko, zulo bat egiten zitzaion upelari, eta handik presio handian ateratzen zen edaria. Sagardoa alferrik gal ez zedin, zotz edo txotx bat erabiltzen zen ixteko mekanismo gisa. Zotz hori egur-puska fin bat zen, upeletik atera eta kuadrillarekin erronda amaitu ondoren berriz sartzen zena.

Horregatik, sagardoa upeletik ateratzen ari zela adierazteko, “txotx” oihukatzen zen. Gaur egun, sagardotegian zaudela “txotx” entzuten baduzu, hura probatzera animatzeko deia besterik ez da.

Noiz hasten da sagardotegien denboraldia?

Denboraldia Donostiako Danborradaren aurreko ostiralean hasten da, hots, urtarrilaren 20aren aurreko ostiralean, eta apirilaren amaierara arte luzatzen da. Hilabete horietan egoten da sagardoa punturik onenean.

Sagardotegi ugari daude Euskadi osoan, baina Gipuzkoan daude gehienak; batez ere Astigarragan, Hernanin, Usurbilen, Urnietan eta Buruntzaldean.

Bat aukeratzekotan, euskal sagardoaren sorlekua Astigarragan dago, Donostiatik kilometro gutxira. Hogei bat sagardotegi ditu, eta sagardoaren hiriburua da. Dituen klimari eta lur-motari esker, sagasti ugari ditu, eta, horri esker, sagar-barietate asko eta teknika desberdinak erabiltzeko aukera. Astigarragan bertan dago Sagardoetxea, Euskal Sagardoaren Museoa ere; aukera bikaina da sagardoa probatzeko.

Tradizio horretaz gozatu nahi baduzu, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea, eskari handia egoten baita denboraldiaren hasieran. Gainera, garai horretan sagardoarekin lotutako hainbat ekitaldi egiten dira, euskal sagardoaren kultura eta historia ezagutzeko jarduera eta esperientzia paregabeekin. Kontsultatu Euskadiko jaiegunak, zure ibilbidea hobeto planifikatzeko eta ezer ez galtzeko.

Sagardotegis blog cuerpo 4000X2000 2

Sagardotegiko menua

Sagardoa ez ezik, euskal gastronomiako plater tradizionalak eskaintzen dituzte sagardotegiek. Oro har, hiru platereko menu itxi bat zerbitzatzen da: txorizoa sagardotan, bakailao-tortilla eta txuleta eder bat, parrillan edo harrian zerbitzatua, establezimenduaren arabera. Txuletarik nahi ez dutenentzat, denboraldiko arraina ere eskaintzen da. Eta, postrerako, tradizioa: Idiazabal gazta, latxa ardiaren esnez soilik egina, irasagarra eta intxaurrak lagun dituela.

Gainera, sagardoa edan nahi ez baduzu, sagar-zukua ere edan dezakezu.

Euskal sagardotegien benetako giroa ezagutu nahi baduzu, sagardotegi-denboraldian joatera animatzen zaitugu, gainerako hilabeteetan itxita egoten baitira asko. Zalantzarik gabe, merezi du esperientzia bizitzea eta tradizio errotu horretaz gozatzea, Euskadi benetakoena dastatzeko. Guuk-ek konexio on bat eskaintzen dizu, zure ibilbideak planifikatzeko eta dastaketarik ez galtzeko. Txotx!

Erlazionatutako berriak
Euskal Hiria

San Silvestre en Euskadi

5 min

La afición por el deporte reúne a multitud de personas cada 31 de diciembre en Euskadi para disfrutar de la carrera de San Silvestre. Descubre cuál es su origen, dónde se celebra y conoce otras carreras populares con más tradición de nuestra región.