icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Hondarribia: zer ikusi eta zer egin euskal bikingoen hirian

19 Abril 2023 13:01

Derrigorrezko geldialdia da Euskadira datozen frantsesentzat, Frantziara doazen euskal herritarrentzat eta Donostiara hegazkinez bidaiatzen duten eta bertako aireportuan lur hartzen duten atzerritarrentzat. Hondarribia da, zortzi mende baino gehiago igaro ondoren ere, munduko euskal hiririk bikingoena.

Hiriak ondare arkitektoniko eta artistiko ikusgarria du, zeina film eta liburu ugaritan agertoki izan baita. Euskal obra gutxi dago orrialderen batean txoko magiko hau aipatzen ez duenik.

  • Bitxitasun bat: Hondarribia Espainiako 100 herri ederrenetako bat da, National Geographic-en arabera. Zerrendan 13. lekuan dago.

Beraz, Guuk-ek ezin zuen bertan gelditu gabe handik pasatu. Zer dago ikusteko Hondarribian? Artikulu honetan oinarrizkoena kontatzen saiatuko gara, hiritik aho-zapore onenarekin joan zaitezen; Hirutza txakolinaren zaporearekin, alegia.

Hondaribia

Non dago Hondarribia?

Hiria Bidasoa ibaiari esker da euskalduna, eta ez frantsesa. Izan ere, ibaiak ertz batean Hondarribia du, eta bestean Hendaia. Beraz, non dago Hondarribia? Bada, Donostiatik 20 kilometro ekialdera, Jaizkibel mendiaren magalean, Txingudiko badian.

Hondarribia

Metropolia kokapen estrategiko militar eta komertzial oso garrantzitsuan dago. Hegoaldean Irunek babesten du, eta, ekialdean, Bidasoa ibaiak bereizten du Hendaiatik. Gaur egun, mundu osoko milaka turista hartzen ditu.

Batez ere paisaiagatik, baina baita Donostiatik oso gertu dagoelako eta Donostiako aireportua ere hantxe dagoelako. Gainera, Euskadira autoz etortzen diren turista frantses gehienak Hondarribitik igarotzen dira.

Nola heldu Hondarribira

Hondarribira Donostiatik heltzen da errazen, garraio publikoan edo autoz, eta baita hegazkinez ere, aireportua Hondarribian bertan baitago. Hala eta guztiz ere, hona hemen Euskadiko hiriburu nagusietatik Hondarribira joateko ibilbideak, inor kanpoan gera ez dadin.

Donostia - Hondarribia

Esan bezala, Hondarribia Donostiatik 20 kilometro eskasera dago, Frantziako mugarako norabidean. Beraz, oso erraza da egun-pasa egin eta ilundu baino lehen bueltatzea.

  • Autoz: hiru aukera dituzu, AP-8 autobidea eta GI-20 eta GI-636 errepide nazionalak. Irten baino lehen GPSa begiratzea izango duzu onena, trafikoaren arabera ibilbide bat edo bestea izango baita laburrena. Biderik motzena ordainpeko autobidea da; Errenterian har dezakezu, GI-20 errepidetik.
  • Autobusez: Donostia erdialdean E-21 linea hartuz gero, 45 minutu inguruko bidaia da. Autobusak ordu erdiz behin irteten dira egun osoan (begiratu ordutegia). Aurkitzen erraza da, aireportura doan linea bera baita.
  • Trenez: bi aukera dituzu. Bata, errazena, Donostiako tren-geltokian E2 linea hartzea, Lasarte-Hendaia norabidean. Bestea, C-2 aldiriko trena hartzea Iruneraino, eta, han, Hondarribirako autobusa.
San Sebastián Hondarribia

Bilbo - Hondarribia

  • Autoz: 120 kilometro inguruko bidea da eta, AP-8 autobidetik joanez gero, ordu eta erdi baino gutxiagoan helduko zara. Bide oso erraza da, ez baita saihesbiderik hartu behar, Hondarribiko irteera baino.
  • Autobusez: bi orduz behin irteten dira, eta ordu eta hiru laurdenean heltzen dira; eskaintzaren bat aurkituz gero, prezioa arrazoizkoa izaten da.
  • Trenez: lau bat orduko bidaia da. Hendaiako tren-geltokira joan zaitezke zuzenean, eta gero handik Hondarribira. Hori bai, Donostian trenez aldatu behar da.

Gasteiz - Hondarribia

Urrutiago dagoela dirudien arren, Gasteiztik zein Bilbotik antzeko distantzia dago Hondarribira. Hiru garraiobideetan ere antzeko denboran hel zaitezke.

  • Autoz: lehendabizi AP-1 edo A-1 hartu behar duzu, eta gero AP-8. Bietan ere distantzia 120 kilometro ingurukoa da, eta ordu eta erdi beharko duzu heltzeko.
  • Autobusez: bi ordu eta hogei minutuan heltzen da, Donostiako autobus-geltokitik igarota.
  • Trenez: Renferekin bi ordu eta berrogei minutuan helduko zara Irunera, eta han Hondarribirako beste garraiobide bat hartu besterik ez duzu.

Hondarribiko historia

Gatozen harira. Zer lotura du Hondarribiak bikingoekin? Hiriko biztanleei bikingo esaten diete Euskadin baino ilehori eta ilegorri gehiago daudelako (hori diote, behintzat, irundarrek).

Dirudienez, IX. mendean Eskandinaviatik penintsulara heldu ziren bikingoak gaur egun Hendaia dagoen lekuan kokatu ziren. Kolonia hura, antza, denborarekin Hondarribiraino zabaldu zen.

Bitxikeriak bitxikeria, bikingo ilehorien etorrera oso garrantzitsua da ulertzeko zergatik den Hondarribia Gipuzkoako hiri harresitu bakarra. Atera kontuak! Izan ere, inbaditzaileek mendeetan eraso zuten hiria.

  • Bitxitasun bat: hiriaren izena hondar eta ibi hitzez dago osatua; beraz, Hondarribiak horixe esan nahi du, hondar-ibia.

Hasieran, biztanleak Nafarroako erresumaren mende zeuden, zeinarentzat Hondarribia itsasorako irtenbide garrantzitsua izan baitzen XIII. mendera arte. Zehazki, Gaztelako erresumarekin izandako gerrek bultzatu zuten Antso Jakituna erregea kostaldean hainbat hiribildu eraikitzera: 1118an Donostia, eta, gero, Hondarribia eta Getaria.

Dena den, ez harresiak ez gazteluak ez zioten balio izan autonomiari eusteko. Izan ere, 1200. urtean Gaztelako Alfontso VIII.a erregeak Araba eta Gipuzkoa beretu zituen, Hondarribia barne zela. Era horretan, Gaztelako erregeak Akitaniarekin lotzeko lur oso garrantzitsuak eskuratu zituen.

1203an hiriak foru berri bat lortu zuen eta, hiribildu bihurturik, aurrera egiten hasi zen. Lasaitasun hark 1453ra arte iraun zuen. Urte hartan, Ehun Urteetako Gerraren ondoren, Frantziak Akitania berreskuratu, eta lurraldean presioa egiten hasi zen. Liskar ugari izan zituzten.

Karlos V.a erregeak gaztelu bat eraiki zuen Hondarribian, gaur egun paradore dena. Nafarrek frantsesekin bat egin zuten behin baino gehiagotan, hiria erasotzeko eta hartzeko. Egoera hura XVIII. mendera arte luzatu zen, Ondorengotza Gerra eta karlistadak barne zirela.

Zer ikusi Hondarribian

Kontua da zer ez ikusi Hondarribian. Izan ere, hiriko txoko guztiek dute beren xarma, bai goialdean, Erdi Aroko eta Errenazimentuko eraikin militar guztiak han daudelako; bai behealdean, koloretako etxeak eta harrizko kaleak daudelako.

Gure aholkua da eremu harresiztatuaren barruan hastea, goi-goian, eta handik pixkanaka jaisten joatea. Hala, Karlos V.aren gaztelua eta Portu auzoa ikusiko dituzu, aspaldiko arrantzale-kolonia bat, orain koloretako etxe ugari eta askotariko tabernak dituena.

Ez duzu begietatik galduko harresia (oso ondo zainduta dago), zeharkatu egingo baituzu, Santa Maria atetik edo San Nikolas atetik. Kale Nagusian zehar ibiltzea gomendatzen dizugu, han baitaude, besteak beste, udaletxea eta Casadevante, Zuloaga eta Iriarte jauregiak.

Hona hemen Hondarribian ikusteko beste leku interesgarri batzuk:

  • Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria eliza: XV. eta XVI. mendeen artean eraiki zuten, eta Txingudiko badia ederki ikusten da handik.
  • Arma plaza: Kale Nagusia han amaitzen da, enperadorearen gaztelua dagoen leku berean.
  • San Nikolas kalea: galtzada-harrizko zola duen kale estu bat da; hiru eta lau mendeko zenbait eraikin daude.
  • Juan de Laborda kalea: kale honetan dago Egiluz jauregia, Gaztelako Joana I.aren eta Filipe I.aren etxe izan zena hiru egunez, Toledora tronua aldarrikatzera joan zirenean.
  • Bolborategia: XVII. mendean eraiki zuten, hiriko bolbora guztia gordetzeko.
  • Leyva bastioia: XVI. mendean eraiki zuten, eta kontu handiz zainduta dago, denboraren joana erakusteko.
  • Erreginaren bastioia: Murrua kaletik ongi ikusten da.
  • San Filipe bastioia: berriena da, XVII. mendekoa. XIX. mendean kasinoa izan zen, eta gaur egun zaharren egoitza da.
  • Frantses putzua: XVI. mendeko putzua da, 15 metroko sakonerakoa, eta oraindik ura du.
  • Ubilla kalea: han dago Antonio Ubilla Rivasko lehen markesaren familiaren etxea.
  • Eguzki kalea: hainbat oinetxe daude eta argazki politak egin daitezke, argia bikaina baita.
  • Denda kalea (Harategi kalea eta Zilardegi kalea): gremioen garaian hantxe zeuden denda guztiak; gaur egun lokal interesgarri asko daude.
  • Pampinot kalea: etxeak hormen gainean gainjarrita daude, eta txapitula-forma dute.
  • Apezpiku kalea: hiriko biderik zaharrenetako batean dago Etxebestenea edo Palencia jauregia; han jaio zen Cristóbal y Sandoval jauna, Sevillako artzapezpikua eta Karlos V.aren kapilaua.

Ez zaitez Hondarribitik joan Jaizkibelera gerturatu eta Guadalupeko santutegia ikusi gabe. “Koloreen bailarak” eta Txingudiko badiako ikuspegi zoragarriek liluratuko zaituzte.

Non jan Hondarribian

Hobeto esanda: non edan. Hondarribian ardogintzak tradizio handia du, eta euskal txakolinaren ospearen oinarria da gaur egun. Izan ere, dagoeneko Hondarribian hazten ez den arren, eskualdekoa da Hondarrabi Zuri mahatsa, ardoaren jatorri-izen guztiei dagokiena.

Gure gomendioa Hirutza upategira bisita egitea da; ospe handia du, bisita gidatuak egiten dituzte eta hainbat esperientzia enogastronomiko dituzte aukeran. Eta pintxoak jan nahi badituzu, hirian taberna on-onak dituzu dastatu eta gozatzeko.

  • Gran Sol: munduko pintxo-taberna onenetariko bat da.
  • Sardara: Euskadiko pintxo onenaren saria irabazi du behin baino gehiagotan.
  • Alameda: Gorka Txapartegi sukaldariaren jatetxea da, eta Michelin izar bat du.
  • Arroka Berri: Hondarribiko beste klasiko bat da, euskal gastronomiaren zaleek huts egiten ez dutena.
  • Laia: oso haragi onak dituen jatetxe-sagardotegi bat da.

Noiz joan Hondarribira

Nahi izanez gero, Hondarribira edozein urte-sasoitan joan zaitezke. Masifikaziorik nahi ez baduzu, ordea, udaberria da onena: giroa epelagoa da eta oraindik ez da opor-garaia hasi. Dena den, hiriak baditu jaiegun garrantzitsuak:

  • Guadalupeko Ama Birjinaren jaiak: irailaren 7tik 11ra.
  • Aste Santua: Ostiral Santuko Isiltasunaren Prozesioa oso ezaguna da.
  • Kutxa Eguna: uztailaren 25a da, Jakue eguna; San Pedroko Itsas Gizonen Kofradiari kutxa bat ematen diote, egindako lanaren ordain gisa.

Ez dago gehiago esan beharrik. Hondarribia Euskadiko hiri politenetako bat da, Donostian bisitan dagoen edo Frantziara bidean doan edonork geldialdia egiteko modukoa.

Guuk-ek Hondarribia legendazko hiriaz konexiorik onenarekin gozatzen lagun zaitzake. Ezagutu itzazu txoko bikingo honetako izkina guztiak, eta gogoan izango dituzu betiko.

Erlazionatutako berriak