icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Zer ikusi eta egin Gasteiz hiri berdean

03 Mayo 2023 13:28

Bilbo handiena da; Donostia, turistikoena;... eta Gasteiz? Euskadiko hiriburu administratiboak zur eta lur utziko zaitu, ezagutu behar zenituzkeen txoko historiko eta gastronomiko ugari ezkutatzen baititu.

Hori dela eta, Guuk-ek, motxila bizkarrean hartu, eta Eraztun Berdea, Erdi Aroko Arbendola eta hango eraikin instituzional eta erlijioso guztiak ezagutu nahi izan ditu. Ezin ahaztu, jakina, goxuez, pintxoez eta Arabako Errioxako ardo zoragarriez.

Etorri gurekin Gasteiz ezagutzera! 🌿

Vitoria Gasteiz

Non dago Gasteiz?

Hegoaldetik bazatoz, Euskadin aurkituko duzun lehenengo gauza izango da, eta, iparraldetik bazatoz, berriz, gosegarria izango duzu, Errioxako ardoetan murgildu aurretik. Gasteizek Trebiñu konderria du mugakide hegoaldetik, eta euskal natura zoragarria, berriz, iparraldetik:

  • Gorbeiako mendilerroa
  • Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala
  • Urrunagako urtegia
  • Uribarri Ganboako urtegia

Ekialdean, Burgu du, eta, mendebaldean, Badaiako mendilerroa. Toki estrategikoan dago penintsula eta Frantzia lotzen dituen bideetan, eta, mendeetan zehar, balio militar eta ekonomiko izugarria eman dio horrek eskualdeari.

Gaur egun, Gasteizko Kuadrillari dagokio, eta Euskadiko egoitza administratiboa hartzen du, lurralde historikoak gobernatzen dituzten eraikin instituzional guztiekin.

Dónde está Vitoria

Nola iristen da Gasteizera?

Non kokatua dagoen kontuan hartuta, hiru euskal hiriburuetatik irisgarriena da garraioari dagokionez, batez ere A-1a igarotzen delako hiritik; errepide horrek penintsularen iparraldeko komunikazioa (Madrildik gorakoa) egituratzen du, eta Euskadi eta Nafarroa lotzen ditu.

Oso erraza da Gasteizera iristea, bai Bartzelona eta Madrildik, bai Bilbotik, Donostiatik edo Euskadiko beste edozein tokitatik. Sinplifikatu egingo dugu, baina kontuan izan ez zaizula ezertxo ere kostatuko asteburuko bisita bat programatzea.

Bilbo - Gasteiz

50 kilometro baino gutxiago daude bi euskal hiri handi horien artean. Beraz, bidaia labur samarra da, modalitatea edozein dela ere.

  • Autoz: 50 bat minutu behar dira, eta desbideratze gutxi daude bidean. Hartu A-8a eta, gero, desbideratu AP-68a hartzeko. Jarraitu bideari Altube parera iritsi arte; han, N-622 aldera biratu beharko duzu.
  • Autobusez: hartu A/3714 linea Bilbo Intermodaletik. Ordutegi aldakorra du; hortaz, kontsultatu ezazu irten aurretik.
  • Trenez: ez dizugu gomendatzen; izan ere, harrigarria dirudien arren, ez dago bi hiriak lotzen dituen zuzeneko linearik. Miranda de Ebron trenez aldatzea da biderik laburrena, eta hori jada ia 3 orduko bidaia da.

Bilbao Vitoria en coche

Donostia - Gasteiz

Geografikoki, Gasteiztik 76 kilometro ingurura dago Gipuzkoako hiriburua. Bilbotik egin beharreko bidaia baino apur bat luzeagoa da, baina egiteko modukoa da Euskadiko Hiri Berdean asteburu bat pasatzeko.

  • Autoz: 1 ordu eta 15 minutu; ibilbidea nahiko zuzena da. Hartu AP-8a eta, Eibar parean, AP-1a, hegoalderantz. Bizkor iritsiko zara Gasteizen erdigunera.
  • Autobusez: bi ibilbide nagusi daude, enpresa pribatuek kudeatuak. Laburrenak 1 ordu eta 15 minutu irauten du, eta luzeenak, berriz, ordu-erdi gehiago. Ordezko aukera da DG07a hartzea, eta, gero, DG05a.
  • Trenez: "Euskal Y" deiturikoaren hego-muturrean dago Gasteiz. Sare horrek Donostiarekin eta Frantziako mugarekin lotzen du zuzenean. 1 ordu eta 40 minutu inguruko bidaia da.
San Sebastián Vitoria en coche

Gasteizen historia

Erdi Aroko halako erdigunea edukita, ezinezkoa da Gasteizen historiari buruzko jakin-minik ez izatea. Baina, gaur egun, oraindik ez dago argi non kokatu behar den hiriaren jatorria. Data ofiziala 1181. urtea da; urte hartan, Nafarroako errege Antso VI.a Jakitunak forua eman zion.

Baina zein da arazoa? Erromatarren garaiko aztarna arkeologiko batzuen arabera, aldi baterako kokaleku bat egon zen han, eta inguruan Leovigildoren kokaleku bisigodo bat egon zela ere aipatzen da. Oraingoz ez da informazio ofiziala, baina laguntzen digu ulertzen aspaldikoa dela Gasteiz.

  • Izenaren jatorria 💡: XI. mendearen hasieran "Gastehiz" ageri da erregistroetan, baina erabiltzeari utzi zitzaion Antso Jakituna iritsi ondoren, zeinak "Nova Vitoria" jarri baitzion, Gaztelaren aurkako kanpaina militarrei aipamen eginez.

Nafarroako Erresumaren behar geoestrategiko bati erantzunez sortu zen, gaur egungo Euskadiren lurraldeak Gaztelako Erresumaren erasoetatik gotortzeko. Arrazoi beragatik sortu ziren garai berean Trebiñu, Guardia, Antoñana, Bernedo eta Argantzon ere.

Alderdi politikoa ere hartu behar da kontuan. Antso VI.ak hiribildu bihurtu zuen Gasteiz oso toki onean zegoelako Arriagako Kofradia ospetsuaren botereari mugak jartzeko.

Baina, XIII. mendearen hasieran, Alfontso VIII.ak konkistatu egin zuen, eta, zenbait suteren ondoren, zatirik handiena berreraiki zuen. Garai hartakoak dira Hedegile, Zapatari eta Errementari gremio-kaleak. Orduz geroztik, Aiztogile, Pintore eta Barnekale gehitu zitzaizkion, baita beste auzo batzuk ere mendeetan zehar.

Gasteizen historiako beste data garrantzitsu batzuk

  • 1431: Joan II.ak hiri izendatu zuen Gasteiz.
  • 1483: Ia hiru mendez hiria arautu zuten ordenantzak onartu ziren.
  • 1492: Judutarrak hiritik bota zituzten.
  • 1722: Inprenta iritsi zen hirira.
  • 1765: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zen.
  • 1813: Napoleonen armadek galdu egin zuten Gasteizko Guduan.
  • 1905: Kontzertuen erregimena babesteko Foru Liga sortu zen.
  • 1980: Eusko Legebiltzarrak Gasteiz aukeratu zuen Euskadiko hiriburu.

Zer ikus daiteke Gasteizen?

Gasteizera iristean, haren banaketa zirkularrak emango dizu arreta handiena. Horrela zabaldu zen Erdi Aroan, babes-harresi eta guzti. Gaur egun, horri esker, 645 hektareako Eraztun Berde ospetsua du, eta 2012an Europako Hiriburu Berde izendatu zuten horregatik.

Gainera, kontinente osoko hiri-mugikortasun onenetako bat du hiriak, bai bere kaleengatik, bai garraioan egin dituen inbertsioengatik. Oraindik ez dakizu zer ikusi Gasteizen? Hona hemen ideia batzuk.

Eraztun Berdea

90eko hamarkadan eraiki zen, eta hiriaren kanpoalde osoa parke ugariz inguratzen du. 30 bat kilometroko ibilbide zirkular bat du, bizikletaz egiteko modukoa. Ibilbide hori eginda, argi geratuko zaizu zergatik esaten zaion Gasteizi "hiri berde". Hona hemen parke nagusiak:

  • Armentia
  • Olarizu
  • Salburua
  • Zabalgana
  • Zadorra
  • Errekaleor

Erdi Aroko Arbendola

Europako eta mundu osoko erdigune ikusgarrienetako bat du Gasteizek. Erdi Aroko suteen ondorioz eraikin nagusiak erre baziren erehainbat mendez, eremua hazi egin zen, eta arazorik gabe eutsi zion, inbasioak gorabehera. Eskerrak!

Hiriko eremu honek diseinu irregularra du, eta Erdi Aroko gremio-kale ospetsuak daude bertan: Hedegile, Zapatari, Errementari, Aiztogile eta Pintore. Hemen ditugu, baita ere, Gasteizko eraikin historiko nagusiak; besteak beste, hauek:

  • Santa Maria Katedrala: hiriko erakunde erlijioso nagusia. Gizateriaren Ondare izendatu zuten, eta nahitaez ikusi beharrekoa da; XII. mendean du jatorria.
  • El Portalon: posta-etxe zaharra, XV. mendekoa. Gaur egun, Erdi Aroko itxura mantentzen du, eta interes historikoko eraikintzat jotzen da.
  • Sokaren Etxea: monarka ugariren aldi baterako egoitza; gotikoa da, XV. mendekoa, eta Aiztogile kalean dago.
  • Andatarren dorrea: hau ere XV. mendekoa da, eta hiriko eraikin zaharrenetako bat da. Santa Maria Katedralaren alboetako batean dago, eta defentsarako zen. Kanpotik baino ezin da ikusi, gaur egun etxebizitzak dituelako.
  • Otxanda andrearen dorrea: XV. mendeko dorretxea; bere garaian, hiriko harresia defendatzen zuen Aldabeko atetik.
  • San Migel Arkanjeluaren eliza: XV. mendeko tenplu gotiko-errenazentista, 1995etik Interes Kulturaleko Ondasun gisa katalogatua.
  • San Bizente Martiriaren eliza: XV. mendearen amaiera aldera Antso IV.aren garaiko gotorlekuetako baten gainean eraikitako tenplua.
  • San Pedro Apostoluaren eliza: penintsularen iparraldeko tenplu gotiko ederrenetako bat dela esaten da. XIV. mendekoa da, eta Interes Kulturaleko Ondasuna da.
  • Eskoriatza-Eskibel jauregia: Enrike VIII.aren medikua izan zen Fernan López Escoriatzak agindu zuen eraikina eraikitzea. Errenazimentu zibileko erreferentzia handietako bat da.
  • Montehermoso jauregia: XVI. mendean eraiki zuen Errege Kontseiluko kide Ibáñez de Agirrek. Askotariko erabilerak izan ditu eraikinak bere historian: moja domingotarren komunitatea, egoitza pribatua, errege-etxea, elizbarrutia eta, gaur egun, kultura-etxea.
  • Bendaña jauregia: XVI. mendeko eraikina da, eta, gaur egun, Arabako Fournier Karta Museoa dago han.
  • Villasuso jauregia: XVI. mendean eraiki zen, Karlos I.aren gorteko enbaxadore Martin Salinasek aginduta. Gaur egun, biltzarrak, hitzaldiak eta erakusketak egiten dira han.
  • Arkupeetako begiratokia: XVIII. mendeko pasealekua da; Erdi Aroko erdigunearen erdi-erdian dago, eta erdigunea eta Zabalgune berria lotzen ditu.

Gasteizen ikusi beharreko beste gauza batzuk

Nahiz eta erdiguneak berak askorako ematen duen, Gasteizek beste bost mendeko historia ere badu, garaikideagoa, eta garai horretan ere aldaketa esanguratsuak izan zituen. Zerrenda amaigabea da, baina laburpen bat egiten saiatu gara.

  • Eusko Legebiltzarra: 1979an sortu zen, Gernikako Autonomia Estatutuaren ondoren. Eraikin moderno bat da, eta Becerro de Bengoa kalean dago. Merezi du kanpotik ikustea.
  • Maria Sortzez Garbiaren Katedrala (Katedral Berria): Santa Mariaren Katedralari Katedral Zaharra esaten baitzaio. Estilo neogotikoari jarraiki eraiki zen aurreko mendearen hasieran, katedral zaharra egoera kaskarrean zegoelako. Ez zen bukatu.
  • Artium: arte garaikideko Euskadiko museo handiena da, eta penintsulako esanguratsuenetako bat. Picasso, Miró, Txillida, Miquel Barceló eta antzeko beste artista batzuen 3.000 pieza baino gehiago ditu bilduma iraunkorrean.
  • Ken Folleten estatua: anekdotikoa, baina bisita daiteke. "Un mundo sin fin" argitaratu ondoren jarri zen idazle galestarraren eskultura, liburua Katedral Zaharrean inspiratuta dagoelako.
  • Erdi Aroko harresia: XI. mendekoa da, eta kaletik bertatik ikus daiteke haren erdia, XX. mendean birgaitu egin baitzen.
  • Aihotz plaza: duela mende batzuk, hemen bukatzen zen Erdi Aroko hiria. "Epaiketaren plaza txikia" esaten zitzaion, han ezartzen zirelako heriotza-zigorrak.
  • Foru plaza:Txillidaren diseinua izate hutsagatik, merezi du hura ikustea. Euskal kulturari gorazarre egiten dioten zenbait elementuk osatzen dute.
  • Andre Maria Zuriaren plaza: Gasteizko ezagunena eta garrantzitsuena. XIII. mendeko jatorrizko hiri-bazterra zen, eta hantxe daude "Vitoria-Gasteiz" izeneko kartel ospetsua eta hiriaren zaindari den Andre Maria Zuriaren eskultura.
  • Plaza Berria: XVIII. mendean eraiki zen, Andre Maria Zuriaren plazari tokia kenduta, eta hiria zabaltzen ari zela aprobetxatuz.
  • Florida parkea: landare-espezie gehien dituen Europako parkeetako bat. 35.000 metro koadro ditu, eta benetako lorategi botanikoa ikusi ahal izango duzu han.
  • Arte Ederren Museoa: ez du Artiumekoaren moduko bilduma bat, baina kanpoaldeko diseinua harena bezain ikusgarria da, edo ikusgarriagoa, beharbada. Agustin Zulueta jauregian dago, eta 1912koa da.
  • Ataria: historia naturaleko interpretazio-zentroa eta museoa da, eta hiriburuko naturaz gozatzeko eremu gomendagarrienetako bat da. Eraztun Berdean bertan aurkituko duzu, Salburuko hezegunean.

Zer jan daiteke Gasteizen?

"Non ezin da jan Gasteizen?" galdetu behar genuke. Ardogintzan, Errioxaren eragina du Arabako hiriburuak, baita euskal gastronomia askotariko eta kalitatezkoaren ondarea ere. Hori dela eta, ia edozein jatetxetan izango dituzu pintxoak eta txakolina.

Hona hemen gure gomendioetako batzuk: barraskiloak arabar erara, sasoiko perretxikoak, inguruko lekaleekin eginda tradizioari eusten dioten egoskariak, eta, haragiari dagokionez, txuleta ederrak, parrilladak eta ehiza-platerak.

Gainera, gozogintzak tradizio luzea du Gasteizen. Nonahi aurkituko dituzu goxuak, Gasteizko azkenburuko tipikoena. Baina baita trufak, tututxoak, eta alavesicos, vasquitos eta nesquitas direlakoak ere, besteak beste.

Joan aurretik, hartu tragoxka batzuk Zapateria, Aiztogile edo Hedegile kaleetan, "ibilbide gaiztoa" esaten dioten horretan. Garai batean izotza gordetzeko erabiltzen ziren harpeak tabernak dira gaur egun, eta oso gauza goxoak ematen dituzte. A, eta, zerbait historikoa nahi baduzu, joan Eguia dendara, Felipe II.aren mantekadoak probatzera.

Gasteizko jai ezagunak

Guuk-ek behin baino gehiagotan hitz egin dizu Gasteizen zaindaria den Andre Maria Zuriaren jaiez; abuztuaren hasieran izaten dira. Urteko ekitaldi garrantzitsuena dira, baina ez Gasteizko kaleetan egiten den bakarra. Hona hemen beste batzuk:

  • San Anton eguna: Urtarrilak 17
  • Santa Ageda bezpera: Otsailak 4
  • San Prudentzio jaiak: Apirilak 27 eta 28
  • Blusaren eta Neskaren Eguna: Santiago eguna - Uztailak 25
  • Olarizuko erromeria: iraileko ama birjinaren egunaren ondorengo astelehena
  • Auzoetako jaiak: irailaren amaiera

Jakin beharrekoa da Santiago bidearen ibilbideetako bat igarotzen dela Gasteiztik: barrualdeko euskal bidea. Hain zuzen ere, Santa Maria Katedrala bera ibilbidean dago.

Eta zerbait desberdina nahi baduzu, badago beste ibilbide oso interesgarri bat ere, zeina hiriburutik igarotzen baita Eva García Sáenz de Urturiren trilogian oinarrituta ("El silencio de la Ciudad Blanca", "Los ritos del agua" eta "Los señores del tiempo"). Oso gomendagarria.

Nahikoa? Bilbok eta Donostiak ez ezik, Gasteizek ere merezi du ikustea . Guuk-ek zure bidaide izan nahi du, eta, horretarako, mugikorrerako tarifarik onena eskaintzen dizu. Gozatu hiri zoragarri honetako lauza bakoitzaren atzean dagoen kulturaz.

Erlazionatutako berriak