icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Conquiseko kapitain ezagunenak

17 Marzo 2023 12:00

Nobedadeak, proba gero eta gogorragoak, saltsa ugari... Ia bi hamarkada dira telebistako saio honekin dibertitzen hasi ginenetik, eta ez dirudi 2023a azken aldia izango denik. El Conquistador del Cariberen laugarren edizioan (guztira, 19.a), kapitainek saltsa guztietako perrexila izaten jarraitzen dute.

Izan ere, 2022ko finaleko berdinketaren eta bi irabazleen ondoren, Julian lantzik —oraingo honetan Lur Errekondorekin— eta gainerako ekoizpen-taldeak aurten are zailagoa jarri behar zuten liderrek proba eta erronkak animatzen jarrai zezaten.

Horretarako, Jokin Ramos eta Ainize Lizarralde berreskuratu zituzten, eta El Conquiseko kapitain berri gisa jarri zituzten, beste bi pertsona ausartekin batera. Gogora ekar dezagun 2023an beste talde bat gehitu duela saioak, talde horia (Guaban), eta liderrek 30 lehiakidetik gora zituztela beren ardurapean.

Baina egoerak eskatzen duen mailan jokatuko dute? Oraindik asko falta da garailea nor izango den jakiteko, baina El Conquiseko kapitain ezagunenek maiteminduta gauzkate dagoeneko. Horregatik, Guuk-en haien errepaso bat egin nahi dugu, eta urtarrilean 2023ko edizioa nola hasi zen azalduko dugu.

El Conquistador del Caribe

2023ko Conquiseko kapitain ezagunenak

“Ezagunak” edo "ez hain ezagunak" izatea subjektiboa da. Izan ere, kapitain bakoitzak bere merituak ditu probaren eta astearen arabera. Azken finean, guztiek dute erantzukizun handia, eta ez dago abileziarekin eta egoera fisikoarekin bakarrik lotua.

Saioko zuzendaritzak nola hautatzen ditu El Conquiseko kapitainak? Ba, seguruenik, elkarrizketa gogorren bidez. Duela zenbait urtetik, lehiaketa irabazteak, 20.000 euroko saria eskuratzeaz gainera, hurrengo edizioetan kapitain izateko aukera ematen du.

Hala ere, ez dira hautatzen esate baterako 2017ko irabazleak 2024ko lehiaketako bertsioaren kapitain izateko. Baina tira, ikusten duzu nondik-nora doan kontua. Azalpenak azalpen, ikus dezagun zein diren 2023ko El Conquiseko kapitainak.

Jokin Ramos

2023ko El Conquistador saioko protagonista nagusietako batekin hasiko gara. Jokin Ramos izan zen 2022ko (18. lehiaketa) irabazleetako bat. Oraingo honetan, Atabey taldeko (talde berdea, emakumez osatua) kapitaina da.

  • Bitxikeria💡: Gotzon Mantuliz, El Conquistador del Fin del Mundoko 5. edizioko irabazle mitikoa, haren eskolako ikaslea da.

Algortakoa da (Getxo), 24 urte ditu, crossfiteko coacha da eta jenio bizikoa da. Haren izaeraren alderdi hori agerian geratu da saioan zehar, beti jartzen baitzuen garaipena beste edozeren aurretik. Hala ere, ez da nahikoa izan.

Ez gara ari haren pisuaz (94 kilo) eta probetan zuen arintasun faltaz. Zuzentzen zuen taldearen lanaz ari gara.

Atabey taldea ez zen ondo hasi, eta muga-mugako egoera batera heldu ziren. Miren taldekidea saiotik ateratzeak berdeak eta Corocote urdinak elkartu behar izatea eragin zuen, eta, noski, Jokin El Conquisetik ateratzea.

Ainize Lizarralde (Aini)

El Conquisen une gogoangarria osatu zuen beste alderdia. Ainize Lizarraldek 2022ko lehiaketa irabazi zuen Jokinekin batera, eta, hala, hurrengo urteko saioan kapitain izateko hautatu zuten. Lehiakideen azken aukera izan zen, eta Corocote urdinen buru izaten amaitu du.

  • Bitxikeria💡: 2021eko El Conquistador saioan bosgarren finalista izan zen Asier Urzelai “Binbi”ren nagusia da lantokian.

31 urte ditu, Antzuolakoa(Gipuzkoa) da eta zumbako monitorea da. Nolako izaera du? Ainik erakutsi du jeinu bizia duela taldearen une erabakigarrienetan, ordena jartzen eta gainerakoentzako eredu izaten baitaki.

Askok maite dute horregatik, eta beste batzuek ez dute gogoko. Bestalde, saioan zituen helburu guztiak betetzen lagundu dio bere irmotasunak.

Xabier Garate (Seleta)

El Conquiseko kapitainen artean eskarmentu handienekoa, zalantzarik gabe. Xabier Garate, "Seleta", 2018an iritsi zen realityra Izan Invictus (2017an ETB1en estreinatu zen saio bat) irabazi ostean. Hasiera baino ez zen izan Seletarentzat telebistako lehiaketetan.

Zestapunta-jokalari profesionala izan zen, 36 urte ditu, Berriatuakoa (Bizkaia) da, eta laugarren postuan amaitu zuen bere lehenengo edizioan, talde gorriarekin (garai hartan Puyuii taldea). Hurrengo urtean kapitaina izan zen lehenengoz; zehazki, Beda-Kayirua taldeko kapitaina.

2020an berriro izan zen kapitaina, bigarren fasean Gotzon Burgos ordezkatu baitzuen Guaraguao taldearen kapitaintzan. 2021ean berriro itzuli zen kapitain-lanak egitera, lehenengo fasean, Corocote urdinekin. Eta bai, hurrengo edizioan ere kapitaina izan zen. A zer-nolako zerrenda!

2022an Javier Adell,"Lobo" ordezkatu zuen talde urdinaren kapitain gisa, Begoña Aldanarekin batera. Zer gertatu da 2023an? Ba, noski, Yocahu taldeak irabazi zuen kapitaina hautatzeko proba, eta ez zuten inongo zalantzarik izan Xabier aukeratzeko. Egia, ez du pazientzia handirik, baina El Conquiseko pertsonaia historikoetako bat da.

Andoni Iruretagoyena (“Izeta”)

2017an Puyuii taldetik Wüi taldera pasatu zen, eta, azkenean, urte hartako El Conquis irabazi zuen. Beste sei urtean itxaron behar izan genuen Andoni Iruretagoyena (“Izeta”) probetan borrokatzen ikusteko. Orduko hartan, Guaban talde horiaren kapitain gisa.

  • Bitxikeria💡: Baserria saioaren lehenengo edizioan ikusi ahal izan genuen “Izeta”, El Conquiseko edizioen artean.

Aiako (Gipuzkoa) lehiakide hau arraunlaria izan zen hiru urtez, Euskal Pentatloia irabazi zuen zenbait aldiz, eta gero sagardotegien mundura igaro zen. Horri guztiari esker, indar handia erakutsi du urte hauetan iraupeneko probetan.

Karisma handiko kapitain honek eskarmentu handia du saioko erronketan, eta errespetua eta mirespena eragiten ditu.

Beste urte batzuetako Conquiseko kapitain ezagunenak

18 urtean gauza asko gertatu dira. El Conquistador lehenengo ediziotik (2005ean hasi zen) ikusi dutenek mota guztietako kapitainak ezagutu dituzte. Kapitainik izan ez zen bertsio original hartan izan ezik, realityak kapitain berriak ekarri ditu urtero.

Haietako batzuek hainbat alditan errepikatu dute kapitaintza, eta horrek eragin handia du haien ospe onean eta gainerako lehiakideek dieten errespetuan. Aldez aurretik El Conquisen parte hartu izanagatik bakarrik, gainerakoek baino ahalmen handiagoa izaten dute ekoizpen-taldeak prestatzen dituen sorpresen aurrean.

Eneko Van Horenbeke

El Conquiseko mitoetako bat da. Lehenengo edizioa irabazi zuen 25 urte baino ez zituela. 2007an Gran Hermano saioan probatu zuen, baina ez zitzaion oso ondo atera, eta 2014an ETB2ko realityra itzuli zen... eta berriro irabazi zuen! Itzela.

  • Bitxikeria💡: Urdaibaiko arraunlaria izan zen, eta gero arraunketako entrenatzailea Getxon

Hari buruzko guztia esanda dago dagoeneko. Telebista-kateko izarretako bat da, eta oso ezaguna da saioaren barruan nahiz hartatik kanpo. 2003ko Mister Euskadi izan zela alde batera utzita, Van Horenbeke El Conquiseko kapitaina izan da zenbait ediziotan:

  • 2015: mutilen kapitaina
  • 2018: talde berdeko kapitaina
  • 2019: talde urdineko kapitaina
  • 2020: talde urdineko kapitaina
  • 2021: talde beltzeko kapitaina

Manu Maritxalar

Hasieratik bertatik “Burdinazko sarjentu” esan zioten, oso gogorra baitzen kideekin. Manu Maritxalarrek fama horri eutsi zion El Conquisen kapitain gisa aritu zen gainerako edizioetan ere.

Boxeolari ohia da, eta boxeoko nazioarteko arbitroa eta arraunlaria ere izan da errenteriar (Donostia) hau; realityaren seigarren edizioan (2010) sartu zen zuzenean lider gisa. Inoiz ez du izan zorte handirik, baina bere izaerak itzularazi izan du saiora. Zenbat aldiz?:

  • 2010: Guantanamo taldeko kapitaina
  • 2014: talde berdeko kapitaina
  • 2015: nesken kapitaina eta talde gorriko kapitaina
  • 2017: lehiakide gisa, ez kapitain gisa
  • 2019: talde gorriko kapitaina
  • 2020: talde urdineko kapitaina
  • 2021: talde gorriko kapitaina

David Seco

El Conquiseko beste lehiakide eta kapitan handietako bat. David Seco dagoeneko ezaguna zen txirrindularitzaren munduan, urte batzuk lehenago Óscar Freire, Iñaki Barrenetxea eta beste ikono batzuekin batera aritu baitzen. Bikain aritu zen kanpoan nahiz Espainiako ziklokross txapelketetan... Eta gero ETB2ko realityra pasatu zen.

Kirol-historia horrekin, ez da harritzekoa El Conquistador saioan izan zuen harrera ona. Erraz irabazi zuen 2012ko edizioa Iguazuko ur-jauzietan, eta handik aurrera kapitain gisa itzuli zen urte batzuetan:

  • 2014: talde urdineko kapitaina
  • 2015: nesken kapitaina eta talde urdineko kapitaina
  • 2017: talde berdeko kapitaina
  • 2019: talde urdineko kapitaina
  • 2021: talde horiko kapitaina

Juanito Oiarzabal

Ez du aurkezpen handirik behar. Azken hamarkadetako euskal alpinistarik ezagunena da; 14 zortzimilakoak bizkar-zorroan daramatza harro, eta, gainera, ibilbide luzea egin du El Conquisen kapitain gisa. Zeinen ederki moldatzen zen Juanito Oiarzabal lehiaketan!

Ez da harritzekoa berak parte hartu zuen edizioetako parte-hartzaile guztiek Juanito nahi izatea talde-lider gisa. El Conquistador del Fin del Mundoren urrezko aroan parte hartu zuen aurreneko aldiz, 2007an, eta kapitain gisa aritu zen beste zortzi ediziotan. Bereziena 2010ekoa izan zen, Aconcaguagatik.

  • 2007: talde berdeko kapitaina
  • 2008: talde gorriko kapitaina
  • 2009: talde gorriko kapitaina
  • 2010: talde urdineko kapitaina
  • 2011: talde urdineko kapitaina
  • 2013: talde urdineko kapitaina
  • 2014: talde gorriko kapitaina
  • 2015: talde berdeko kapitaina
  • 2020: talde urdineko kapitain laguntzailea

Jose Luis Korta

Ezin da Oiarzabal aipatu El Conquiseko kapitain gisa Jose Luis Korta aipatu gabe. Euskal arraunlari ospetsuak bikote karismatikoa osatu du alpinistarekin urte askoan, ETBren programa horretan. Eta bai, Korta ere talde-lider gisa aritu zen.

2006an parte hartu zuen aurreneko aldiz, El Conquistador del Fin del Mundo saioaren bigarren edizioan. Programa Argentinako Patagoniako uda australean grabatzen zela aprobetxatzen zuen, Europan negua zenez bat baitzetorren traineru-denboraldiaren atseden-garaiarekin.

Baina 2009ra arte ez zuten topo egin Oiarzabalek eta Kortak. Une hartatik aurrera, tandem berezia osatu zuten biek, eta denok maitemindu gintuzten. Kortak utzi egin zituen zenbait edizio, produkzio-taldearekin izandako desadostasunen ondorioz, baina, haren ekarpena ikusirik, merezi du hona ekartzea.

  • 2006: talde urdineko kapitaina
  • 2007: talde laranjako kapitaina
  • 2009: talde gorriko kapitaina
  • 2010: talde berdeko kapitaina
  • 2011: talde berdeko kapitaina
  • 2012: talde berdeko kapitaina
  • 2013: talde berdeko kapitaina
  • 2014: talde gorriko kapitaina
  • 2015: talde berdeko kapitaina

Askoz kapitain gogoangarri gehiagok parte hartu izan dute El Conquisen, baina gaur erakutsi dizkizugun hauekin nahikoa duzu 2005etik gaur arte ikusi izan den guztiaren ideia bat egiteko. Proben gogortasunak, taldeko tentsioak eta sorpresa harrigarrienek mota guztietako istorioak utzi dizkigute.

Gehiago jakiteko gogoz geratu zara? ETB2n eta kateak eskaintzen dituen onlineko baliabideen bidez ikus ditzakezu El Conquistador saioko atal berriak. Eta, horretarako, ez izan zalantzarik eta eskuratu Karibe gogorrenera eramango zaituen Guuk-eko tarifa.

Erlazionatutako berriak