icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Bisita Aralarrera: ibilbideak, ikuspegiak, jateko tokiak eta gehiago

15 Noviembre 2023 12:00

Jatekoa, historia, fauna eta formazio geologiko ugari. Ezin da gehiago eskatu! Euskal tradizio garbienaren bila ari bagara, ez dago itzulinguru asko eman beharrik. Nahikoa da Aralar mendia bisitatu eta hango paisaiaz gozatzea, gure arbasoek egin zuten bezalaxe.

Nafarroa eta Gipuzkoa artean dago, dozenaka trikuharri daude, eta mende asko dira ardi latxak han bazkatzen direla. Eta, diotenez, hemen bizi da... Mari jainkosa!

Izan ere, Aralar mendiari "mendi magiko” ere esaten zaio. Egin planak asteburua bikotekidearekin, familiarekin edo lagunekin pasatzeko, eta zatoz Guukekin gure natura zoragarriaz gozatzera.

Sierra Aralar

Zer ikusi Aralarren

Aralar mendiak 200 kilometro karratu baino gehiago ditu, eta Euskadiko eta Nafarroako mendigune zabalenetariko bat da: eremuaren heren bat Gipuzkoan dago (Aralar Natura Parkeak babestua 1994tik), eta gainerakoa Nafarroan.

  • Gipuzkoan: Aralar Natura Parkea eta Kontserbazio Bereziko Eremua, barne direla Enirio eta Aralar.
  • Nafarroan: hau ere Kontserbazio Bereziko Eremua, barne direla Putxerriko Natur Erreserba eta milaka urteko haritzen ibilbidea, besteak beste.

Eremu guztia itsas azpian zegoen duela 130 milioi urte baino gehiago, baina, geruzen talkaren ondorioz, altxatu egin zen duela 50 milioi urte inguru. Orduan sortu zen orain ikusten dugun kareharrizko goi-ordoki handi hau, haitzulo, sima eta dolina ugarikoa. Kantauri itsasotik gertu dagoenez, askotariko landaredia eta fauna aberatsa ditu.

Sierra de Aralar

Ez utzi ikusi gabe —zorte apur bat beharko duzu— inguru honetan bizi diren hegazti- eta anfibio-espezieak. Ikusi, halaber, pagadiak eta ardi latxak; hain zuzen, ardi horien esnearekin egiten dute gero Idiazabal gazta.

Orduan, zer ikus dezakegu Aralarren? Aldez aurretik esaten dizugu zaila dela egun bakar batean ikustea proposatzen dizugun guztia. Komeni da, gutxienez, asteburu oso bat ematea.

Mapa Sierra de Aralar
navarra.es

Aralarko San Migelen santutegia

Nafarroako errege-erreginak San Migelen jaieradunak ziren; ordurako, santuak bazuen zenbait mendeko tradizioa. San Migel Excelsis santutegia da horren erakusgarri. Artxueta mendiaren gainaldean dago eraikina —erromanikoko altxor handienetako bat mundu mailan—, eta balio handiko erretaula bat du.

Santuario San Miguel de Aralar

Gainera, hor sortu zen herensugearen eta Goñiko Teodosioren kondaira. Labur-labur kontatuta, kontakizun askok diotenez, VIII. mendean zaldun bat bizi zen Goñibarren, Butroeko Konstantzarekin ezkondua, zeinak etxetik alde egin behar izan baitzuen arabiarren aurka borrokatzeko.

Orduan, jauregiko logela nagusia esleitu zien emakumeak aita-amaginarrebei. Teodosiori, itzuli zenean, deabrua agertu zitzaion, Basajaunez mozorrotuta. Ziria sartu zion, eta Konstantzak engainatu egiten zuela sinetsarazi. Etxera iristean, logelan sartu, eta bere ohean lotan zeudenak hil zituen sastakaiarekin.

Zaldunak bere gurasoak hil zituen, eta, bekatua garbitzeko, erromes joan zen Erromara, aita santuaren barkamenaren bila. Barkamena lortu zuen, baina, trukean, mirari batek baino kenduko ez zizkion kate astun batzuk eraman behar izan zituen. Eta, hala, egun batez, herensuge handi batek eraso egin zion Teodosiori.

Ez zezan jan, zaldunak San Migeli errezatu zion. Une horretan, goiaingerua agertu zen, herensugea hil zuen, eta Teodosiori kateak kendu zizkion. Opari gisa, erlikia bat jaso zuen, eta kateen ondoan jarri zuen, santuaren izenean eraiki zuen santutegian.

Mendukilo haitzuloa

Hitz egin genizun haitzulo honi buruz Baztan haranari buruzko artikuluan. Mendukilo haitzuloa oso ezaguna da Euskadiko eta Nafarroako espeleologoen artean; ezagunenetariko bat. Astitz herritik gertu dago, eta 50 minutu inguruko txango batean bisitatu daiteke. Haitzuloko aretoak ikusteko aukera izango duzu: Artzainzulo, Laminosin, Gerrariaren Aretoa eta Herensugearen gotorlekua.

Beriaingo baseliza

Andia mendian sartzen dute batzuek tontorra. Baseliza Nafarroako altuena da, 1.494 metroan baitago. San Donato baseliza Beriain mendiaren gainaldean dago, Erasoko jaurerritik gertu. Harrizko eraikin bat da, apaindura gutxikoa, eta XVII. mendeko dokumentuetan haren berri jasotzen da jada. Ikuspegi zoragarriak ditu: ez utzi ikusi gabe.

Ermita de San Donato

Aralarko behatokia (Larraun ibarra)

Larraun-Leitzaldea eskualdeko bailara horrek bisita oso bat merezi du. Aralar mendiaren barrenean dago eskualdea, eta huts egin ezineko 17 herri ditu. Larraun bera da epizentroa, eta handik igaro behar duzu Aralarko behatokia eta hango paisaia zoragarria ikusteko.

Mirador de Aralar
Google Street View

Lizarrusti mendatea

Erriondotik mendatera bazoaz, seguruenik txirrindulari asko ikusiko dituzu gorako bidean. Lizarrustiko gaina da Aralar Natura Parkerako sarrera, Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko mugan. Ibilbide ugari ateratzen dira puntu horretatik, eta ostatua eta merenderoa ere badituzu.

Alto de Lizarrusti
Google Street View

Iribas ibaiaren iturburutik Larraun ibaiaren iturburura

Aralar mendian jaiotzen dira Gipuzkoako hegoaldeko eta Nafarroako ipar-mendebaldeko ibai garrantzitsuenetako batzuk. Ingurune oso porotsua da, eta, milaka urtean, bailarak, haitzuloak eta mota guztietako barrunbeak eratu ditu urak. Nondik has gaitezke hori guztia ezagutzen?

Aukera ona da Iribas ibaiaren iturburura —izen bereko herrian— joatea. Handik, bide bati jarraituta, ibaia bi aldiz azaleratzen dela ikusiko duzu; lehenengo, Ertzilla erreka izango da eta, gero, berriz, Larraun. 5 bat kilometro dira, erraz egitekoak eta ustekabez beteak.

Lareoko urtegia

Artifiziala da, baina horrek ez dio balioa kentzen. Aralar parke guztian, Lareoko urtegian baino ezin da arrantzatu (amuarrainak). Amezketako eta Ordiziako lurretan dago, Ataundik gertu, eta Goierri guztia hornitzen du urez. Lizarrustitik hasita, ibilbidea erraza da, eta bukaerako sariak ez du parekorik.

Sastarri mendia eta koba

Sastarri, Sarastarri eta beste zenbait aldaera ditu izenak. Ia 1.000 metro ditu tontorrak, eta Aralarko ezagunenetako bat da. Gainera, haren inguruko elezahar asko dago. Lareoko urtegiarekin lotzen da, eta Lizarrustiko basoen artean gailentzen da, Enirio pareraino.

Hona iristeko, Aiako Urkillaga lepotik abia zaitezke, eta Leizadi eta Agaotz igaro. Bestela, inguruko baso eta ibarretan barrena ibil zaitezke, Lizarrusti mendatetik hasita. Edozein aukera hartzen duzula ere, ez huts egin Sastarriko koba; diotenez, han bizi izan ziren Mari eta jentil-familia bat.

Monte Sastarri | https://www.google.com/maps/contrib/105887585379813045625
Imanol Mendi | Google Street View

Irañeta ibaiaren iturburua

Irañeta eta Urruntzure ibaiaren sorburua (Madalenaitzen) lotzen dituen ibilbide ederra. Aralarko hegoaldetik dator erreka, Arakil ibaiko uretara isuri aurretik. Bidea oso erraza da, familia guztiarekin egiteko modukoa. Gainera, uraren ertzean atseden hartzeko aukera ematen du.

Nacedero Irañeta | https://www.google.com/maps/contrib/100809235708777951570/photos/@42.9129868, 1.958889,13z/data=!3m1!4b1!4m3!8m2!3m1!1e1?entry=ttu
benjamini77 | Google Street View

Alborta mendia

Oinez joateko moduko mendi-tontor ugari daude Aralarren. Zure esperientziaren arabera hautatu beharko duzu zeinetara igo. Izan ere, igoera batzuk benetan gogorrak dira. Baina Alborta mendira (1.282 m) igotzeko ibilbidea ez da zaila.

Malloetako ekialdean dago gailurra, eta Lekunberritik Guardetxerako errepidetik abia gaitezke. Bide-erdian dago pista. Jarraitu pistari, eta Atakazarreko lepora iritsiko zara. Han, gorako bidea hartu behar da, tontorrera igotzeko. Ahaleginak merezi du.

David Migueliz | https://www.google.com/maps/contrib/115193511707930365639
David Migueliz | Google Street View

Txindokiko igoera

Aralar Natura Parkeko igoera tipikoena da, ziurrenik. 1.346 metro ditu Txindokik. Karisma handiko mendia da, eta inguru honetako paisaia osatzen duten ezaugarri tipikoenak biltzen ditu. Tontor ugari daude eskualdean (besteak beste, Ganboa, Menditxiki eta Malkorri), baina Txindokira etortzea ezinbestekoa da.

Hori bai, kontuan izan hiru ordu baino gehiago behar direla eta zailtasun-maila ertainekoa dela. Larraitzeko aparkalekuan hasiz gero, ibilbidea errazagoa da. Bideak ez du zailtasunik Egurral leporaino; hortik aurrera, gailurrerako azken metroak baino ez dira geratzen.

Txindoki

Ausa Gaztelu

Saturditik hegoaldera eta Oletatik oso gertu dago Aralarko gaztelu ezagunena. Egitura horren hondakinak XIII. mendekoak dira. 100 urte baino gehiagoan, Nafarroako erreinua babesteko erabili zen Ausa, harik eta 1335ean Gaztelak konkistatu zuen arte.

Tokiak garrantzi historiko handia duen arren, ez dago ez behar bezala zainduta, ez modu egokian seinaleztatuta. Beraz, gogotik ahalegindu beharko duzu hara iristeko. Errekontako lepotik iparraldera dago, 900 metro ingurura. Larraitzetik edo Zaldibiatik abia zaitezke.

Castillo de Ausa | https://www.google.com/maps/contrib/103903983157282188926
Ima Insa | Google Street View

Osinberdeko ur-jauzia

Zerrendakoen artean, familian egiteko egokienetako bat da. Errekabeltzeko urek eratzen dute Osinberdeko ur-jauzia, Aralar Natura Parkeko ipar-mendebaldeko sektorean. Baina, hara iristeko, hobe da iparraldetik abiatzea (SL GI 2009), Arkaka Uraren Interpretazio Zentrotik (Zaldibia).

Cascada Osinberde

Buruntzuzin kobre-meatzeak

Bazenekien bailara glaziar bat dagoela Euskadin? Bakar bat dugu gure lurraldean, eta, bai, Aralar Natura Parkean dago. Hain zuzen, 5 metro luze eta 80 metro lodi zen glaziarrak duela 40.000 urte inguru Arritzaga bailaran utzi zuenaz ari gara.

Bailara "u" formakoa da, eta Arritzaga errekak sortutako formazio geologiko ugari ditu. Baina Buruntzuzin kobre-meatzeak dira hango harribitxia. XVIII. mendean, estatuko meatze garrantzitsuenetako batzuk izan ziren, eta 600 langile izatera iritsi ziren. Gaur egun, kanpotik eta barrutik bisitatu daitezke.

Bi Haizpeko saien balkoia

Ezinezkoa da haitz-formazio bitxi hau ikustera ez geratzea. Larraun ibaiak bitan zatitu zuen mendi hau duela milaka urte, eta badirudi gaur egungo bi mendi-puskak elkarri begira daudela. Bi Haizpe Irurtzunetik oso gertu dago, Arakil bailaran.

Sakanak Erga eta Gaztelu lotzen ditu, eta bi horiek Aralar eta Andia mendilerroei lotzen zaizkie. Toki bikaina da sai arreak behatzeko eta inguruko hariztiez gozatzeko. 50eko hamarkada bitarte Iruñea eta Donostia lotu zituen Plazaolako trena ere hemendik gertu igarotzen zen.

Las Dos Hermanas
Google Street View

Milaka urteko haritzak

Aralar mendilerroko ibilbide ezagunenetako bat da hau ere. Etxarri-Aranatzeko kanpinetik abiatu (Aralar Natura Parkeko hegoaldean), eta hartu iparralderantz, baso berezi-berezi batean zehar. Milaka urteko hariztien ibilbideaz ari gara.

Lehenengo, 900 metro egin behar dira pistan, eta gero baso hostotsu eder batean barrena ibiliko zara, betiere kartel eta seinaleztapenen laguntzarekin. Ibilbide aproposa da familian ibili eta Aralarko floraz gozatzeko.

Ruta de los robles milenarios
Google Street View

Aralarko trikuharriak

Lehenago esan dugunez, Euskadin eta Nafarroan historia zabalena duen eskualdeetako bat da Aralar mendia. Hala erakusten dute inguruko gailur, haitzulo eta bailaretan aurkitu diren aztarna arkeologiko ugariek. Izan ere, trikuharri gehieneko eremua da Penintsulako iparralde guztian.

Dólmenes Sierra de Aralar

Gaurdaino, Aralar mendian, 17 trikuharri aurkitu dira Gipuzkoako aldean eta 44 Nafarroakoan. Nafarroako aldean dago, Ata bailaran, Errolanen Harria, Karlomagnoren ilobak ustez San Migel Aralarkoaren santutegitik jaurti zuen menhirra, Madotz suntsitu nahian.

Aztarna horiek bertatik bertara ezagutzeko, aukera ona da San Migel Excelsis santutegira joatea, han baitago aztarna gehien. Aralarko trikuharrien ibilbidearen zati bat da puntu hori. Ibilbidearen bertsio laburra eta luzea daude.

Bertsio laburrean, trikuharri hauetatik igaroko zara: Albi, Otadi, Aubia Ipar, Aubia Hego, Elurmenta 1 Mendebal, Debata Arruazu II, Debata Arruazu I, Txagadi eta Mozkordi. Nahikoa Aralarren zeharreko bisitarako.

ARALARKO TRIKUHARRIEN IBILBIDEA (LABURRA)

DISTANTZIA

7,42 km

DESNIBELA

+- 251 m

ZAILTASUNA

Erraza

GEHIENEKO ALTITUDEA

1.135 m

Baina ibilbide gogorrago bat egin nahi baduzu eta esperientzia badaukazu, Aralarko trikuharrien ibilbide osoa egin dezakezu, 20 kilometro baino gehiagokoa. Urruneneko aztarnak izan ezik, mota guztietakoak ikusiko dituzu.

ARALARKO TRIKUHARRIEN IBILBIDEA (LUZEA)

DISTANTZIA

20 km

DESNIBELA

+- 956 m

ZAILTASUNA

Ertaina

GEHIENEKO ALTITUDEA

1.343 m

Aralarko herri politenak

Zerrenda amaigabea da ia. Aralarko herri guztiek ezaugarri berdin batzuk dituzte. Herriguneak baserriz eta bestelako eraikuntza txiki batzuez eratzen dira. Eta guztiek dute tradizio-ukitu bukoliko bat. Zer ezin duzu huts egin bisita batean? Hona hemen zerrenda txiki bat.

  • Lekunberri
  • Betelu
  • Orexa
  • Azkarate
  • Gaintza
  • Errazkin
  • Oderitz
  • Astitz
  • Abaltzisketa
  • Etxarri-Aranatz
  • Arbizu
  • Madotz
  • Larraun
  • Baraibar
  • Ataun

Mapa honetan dituzu udalerri horiek guztiak. Kontuan izan haietako batzuk zelaigune soilak direla, baserri batzuekin. Beraz, bizkor ikusiko dituzu.

Pueblos de Sierra de Aralar

Non jan Aralarren

Idiazabal gaztaren eta sagardoaren lurraldean zaude. Horri guztiari Euskadiko eta Nafarroako gastronomiako altxorrak gehitu behar zaizkio. Beraz, Aralar toki paregabea da ondo baino hobeto jateko. Baina non? Aukera ugari daude.

  • San Miguel de Aralar jatetxea - Aralar mendia, zk.g, 31840 Uharte-Arakil, Nafarroa
  • Arruazuko ostatua - Kale Nagusia 4, 6, 31840 Arruazu, Nafarroa
  • Juanluzenea sagardotegia - San Lorentzo kalea, 18, 31879 Oderitz, Nafarroa
  • Astitzko aterpea - San Pedro kalea, 8, 31879 Astitz, Nafarroa
  • Galartza III.a erretegia - San Migel kalea, 31879 Baraibar, Nafarroa
  • Betelu ostatua - Kale Nagusia, 7, 31890 Betelu, Nafarroa
  • Leku Ona jatetxea - 1000 errepide nazionala, 1. Km-a, 31800 Altsasu, Nafarroa
  • Arkangoa - Arkangoa kalea, 3, 31800 Altsasu, Nafarroa
  • Etxarriko kanpina - Danbolintxulo, 0 zk.g.XXX, 31820 Etxarri-Aranatz, Nafarroa
  • Aritzalko - Iruña-Gasteiz errepidea, 23. km-a, 21. irteera, 31820, 31820 Etxarri-Aranatz, Nafarroa
  • Borda jatetxea - Arluzepe kalea, 11, 31820 Etxarri-Aranatz, Nafarroa
  • Janedatekotan / Iturri Eder - Larreñeta kalea, 7, 31820 Etxarri-Aranatz, Nafarroa
  • Berekoetxea jatetxea - San Bartolome kalea, 24, 31877 Gorriti, Nafarroa
  • Plazaolako kantina - Plazaola kalea, 21, 31870 Lekunberri, Nafarroa
  • Kotxera Amairu 13 Taberna Eta Jatetxea - Benta Zaharra baserria, 31878 Mugiro, Nafarroa
  • Mugiroko Benta jatetxea - San Frantzisko kalea, zk.g., Leitzarango autobia, 123. irteera, 31878 Mugiro, Nafarroa

Non eman gaua Aralarren

Hotelak ere badaude, baina landa- eta natura-giroko esperientzia baten bila bazabiltza, Aralarren landetxe interesgarri ugari dituzu. Bilaketa bizkor bat eginda, aukera merke asko ikusi ditugu Arbizun, Lakuntzan, Lekunberrin eta Intzan.

Ostatua aukeratu aurretik, gomendatzen dizugu zer toki ikusi nahi dituzun aukeratzea, gero autoz itzulinguru asko egin behar ez izateko. Guuk-ek gutxienez asteburu oso bat gomendatzen dizu —lehen ere esan dugu—, egun bakar bat gutxi baita.

Dónde dormir Sierra de Aralar

Balorazio onena jaso duten Aralarko landetxeen zerrenda txiki bat prestatu dizugu. Baina orain ere gauza bera diogu: aukeratu zer herri datorkizun ondoen bisitatu nahi duzunaren arabera, eta kontsultatu hango ostatuak. Hona hemen aukeretako batzuk:

  • Bengoa landetxea - San Pedro kalea, 8, 31879 Astitz, Nafarroa
  • Apezetxea landetxea - San Kristobal kalea, 22 A, behea, 31878 Arruitz, Nafarroa
  • Perunea landetxea - Goiko auzoa, 11, 31891 Gaintza, Nafarroa
  • Mikelenea landetxea - San Kristobal kalea, 31878 Arruitz, Nafarroa
  • Katxenea landetxea - San Fermin kalea, 0 zk.g., 31879 Iribas, Nafarroa
  • Kaardel landetxea - Hirigune sakabanatua, 0 zk.g., 31891 Gaintza, Nafarroa
  • Zubiarena landetxea - San Mikel, 25, 31850 Satrustegi, Nafarroa

Nola iritsi Aralarrera?

Aralar mendiak 200 kilometro karratu baino gehiagoko azalera dauka. Horregatik, zaila da iristeko puntu bakar bat ematea. Gure iritzia nahi baduzu, lehen begiratu batean, zuzenean San Migel Excelsis santutegira joatea da onena. Handik, inguruko toki askotara joan zaitezke.

  • Bilbotik San Migel Excelsis santutegira: argi, bide luzea da eta. Asteburu osorako bisita egitea da aukera egokiena. 130 kilometro baino gehiago dira, eta ordu eta erdiko bidaia. Hartu AP-68 autobidea, eta, Altube parean, hartu N-622 errepidea. 5. irteeran, hartu A-1 errepidea eta, gero, A-10 errepidea. 12. saihesbidean, santutegira doan errepidea hartu behar duzu.
De Bilbao a Aralar
  • Donostiatik San Migel in Excelsis santutegira: ibilbide erraz eta nahiko erosoa. Ordubete pasatxoko bidaia, eta 65 kilometro. Bidaia hasteko, zoaz A-1 errepidera, G-20 eta G-11 errepideetatik. 445. irteeran, biratu A-15 errepidera: bihurgune ugari pasatu beharko dituzu Lekunberrira iristeko. Herritik ateratzen den N-7510 errepidea kontuz ibiltzekoa da, baina oso polita, Aralarren ikuspegiari esker.
Donosti a Aralar
  • Gasteiztik San Migel Excelsis santutegira: gure ustez, hau da biderik errazena Euskaditik Aralarrera joateko. Ordubete eskas beharko duzu, eta 70 kilometro pasatxo dira. N-104 errepidetik A-1 hartu beharko duzu, eta, handik, A-10. Han zaudela, 12. irteera hartu beharko duzu, santutegirantz.
De Vitoria a Aralar
  • Iruñetik San Migel Excelsis santutegira: iruindarra bazara, erraz daukazu. 47 minutu inguruko bidaia daukazu, eta kilometro-kopurua ere antzekoa da. PA-34 errepidea hartu beharko duzu iparralderantz, eta sartu AP-15 errepidean, Irurtzuneraino. 112. irteeran A-10 errepidea hartu ahal izango duzu, eta, kilometro gutxi batzuen buruan, hartu 12. irteera, santutegirantz.
De Pamplona a Aralar

Eta hori da guztia! Gipuzkoako eta Nafarroako altxor natural ederrenetariko bat da Aralar. Horregatik, zure mugikorrerako tarifa onenarekin lagundu nahi dizu Guukek. Guztia ikusi nahiko duzu, ezta?

Erlazionatutako berriak