icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Zugarramurdiko leizea: sorginen etxera bisitan

19 Diciembre 2023 12:00

Euskadik eta Nafarroak badituzte makina bat txoko berde, historiko eta kultural, eta asteburu oro dugu norabait bidaiatzeko aukera, autoan bi ordu baino gehiago eman beharrik gabe. Horietako batzuk besteak baino ezagunagoak dira, baina beti dago ondo tipikoetara bueltatzea. Horietakoxe bat da, hain justu, Zugarramurdiko leizea, sorginen etxea eta akelarreen agertokia. Nahitaez (berriro) bisitatu beharreko tokia!

Ziur hamaikatxo aldiz entzun duzula sorginez hitz egiten. Seguruenik ikusirik izango duzu Alex de la Iglesiaren Zugarramurdiko sorginak film ospetsua. Edo akaso igaroko zinen ingurumari haietatik. Baina egin duzu haitzuloko bidea? Nahitaez egin beharreko plana duzu, dela familiarekin, kuadrillakoekin edo zure bikotekidearekin.zugar

Cueva Zugarramurdi

Zugarramurdiko leizea: sorginen etxera bisitan

Zugarramurdiko leizea da herri horretako epizentroa eta tokirik ezagunena, batere zalantzarik gabe. Herrigunetik 500 metro eskasera dago, eta monumentu natural ikusgarria da lurrazaleko konplexu karstiko hori.

Agertoki horretako elezaharra akelarreen inguruan sortua da; hau da, Inkisizioak XVII. mendearen hasieran etsaia gurtzeagatik kondenaturiko erritu-ospakizunak ditu hizpide.

Barrunbe nagusia oraindik ere ikusgai dagoen ur-korronte batek moldekatua da: Infernuko Erreka izenez ezagutzen da, eta tunel zabal bat osatuz zeharkatzen du barrualdea.

Tunel hori ipar-ekialdetik hego-mendebaldera hedatzen da, eta 120 metro luze da! Ekialdeko muturrean, 22 eta 26 metro arteko zabalera du, eta mendebaldeko irteeran edo ahoan 12 metro ingururaino estutzen da. 10 eta 12 metro bitarteko altuera du batez beste, eta sekulako espazioa sortzen du.

Multzo hori ez da mugatzen barrunbe nagusira: baditu beste bi galeria ere, areto nagusiaren antzeko orientazioarekin. Hala, are dimentsio eta misterio gehiago hartzen du toki historiko horrek.

Bisitarien esperientzia aberasteko, bi ibilbide daude estrategikoki jarritako informazio-panelekin markatuta. Ibilbide horiek ondo diseinatuta daude bisitari bakoitzaren baldintza fisikoetara eta eskura duen denborara egokitzeko, eta erraztu egiten dute espazio berezi hori deskubritzea eta ulertzea.

Zugarramurdiko leizea bisitatzeko sarrerak

Tarifa orokorra 5,50 € da 12 urtetik gorakoentzat. 6 eta 12 urte bitarteko haurrek, berriz, 3,50 € ordaintzen dute. Desgaitasuna duten 12 urtetik gorako bisitariek 4,50 € ordaintzen dute pertsonako, eta desgaitasuna duten 6-12 urteko haurrek, berriz, 3,20 €

Familia ugariek tarifa bereziak dituzte: 12 urtetik gorakoek 4,50 €, eta 6-12 urteko txikiek, berriz, 3,20 €.

Sarrerak Zugarramurdiko leizea libre bisitatzeko aukera ematen du; 45 minutu eta ordubete bitarteko bisita da. Sarreren % 100 ordaindu behar da sartu aurretik edo erreserba egiterakoan, eta zordunketa- edo kreditu-txartelez ordaindu daiteke.

Erreserba ezeztatzea

Erreserba ezeztatuz gero, ordaindutako diruaren zati bat berreskura daiteke, segun eta zenbat aurretik ezeztatzen den:

  • 2 aste baino lehen: ordaindutakoaren % 75 bueltatzen da.
  • Astebete baino lehen: ordaindutakoaren % 50 bueltatzen da.
  • Azken 7 egunetan: ez da bueltatzen ordaindutakoa.

Ezeztapen partzialen kasuan ere (hau da, plaza batzuk bakarrik ezeztatuz gero), ez da itzultzen dirurik. Erreserbaren data/ordua aldatzeko eskaera bisita baino 10 egun lehenagora arte egin daiteke, eskuragarri dauden plazen arabera.

Erabilera-arauak eta gomendioak

Leizea bisitatzeko, garrantzitsua da oinetako erosoak eramatea, lurrera ondo itsasten direnak: ez ahaztu kobazulo bat dela. Espazio irekia denez, kontuan izan sentsazio termikoa kanpokoaren antzekoa dela. Haurtxo batekin bidaiatuz gero, gomendagarria da motxila bat eramatea, eroso eta seguru eramateko.

Funtsezkoa da Zugarramurdiko leizea kontserbatzea, Nafarroako Paisaia Berezi gisa baitago aitortuta. Horretarako, bisitari guztien lankidetza eta ardura eskatzen ditugu. Hona hemen jarraitu beharreko zenbait arau:

  1. 1. Debekatuta dago hormak eta formazio geologikoak ukitzea edo hondatzea.
  2. 2. Nahitaezkoa da fauna eta flora errespetatzea, bai eta maskotekin sartzeko arauak betetzea ere.
  3. 3. Debekatuta dago harri-muinoak egitea.
  4. 4. Ahal den neurrian, kobazuloa isilean zeharkatzea gomendatzen da, esperientzia lasai bizitzeko eta errespetuz jokatzeko.

Zugarramurdiko Sorginen Museoa, nahitaez bisitatu beharreko tokia

Sorginen Museoan, bertatik bertara ezagutuko duzu Zugarramurdik XVII. mendean bizi izan zuen inkisizio-prozesua: ikus-entzunezko esperientzia, eszenografia liluragarriak eta pantaila interaktiboak ikusiko dituzu.

Bisitari asko eta asko gertaera horren inguruko istorio eta kondairek erakarrita hurbiltzen dira Zugarramurdi aldera. Horregatik, kultura-gune horrek oroimen historikoa ohoratzen du, eta, horretaz gainera, orain 400 urteko eguneroko bizimodua zer-nolakoa zen erakusten die bisitariei.

Omenaldia egiten die gizarte-pentsamolde atzeratu baten biktima guztiei, eta, oro har, sorginkeriaren eta Inkisizioaren kontrolik gabeko debozioak ekarritako gertaerei. Hausnarketarako eta oroimenerako tokia da: istorio liluragarriak kontatzen dira, zorroztasunez baina baita ikuspegi atsegin eta zirraragarriz ere.

Museoak hiru solairu ditu, sorginkeriarekin lotutako gaiak jorratzen ditu eta XVII. mendeko euskal gizartea erakusten du.

Hala, sorginen irudi folklorikoari desafio eginez, beste errealitate bat azaleratu nahi du:, kontakizun fantastikoen eta haien ondorioen aurka borrokatu ziren emakume eta gizonena, hain zuzen.

Sorginen Museoan bertatik bertara ezagutuko dituzu, orobat, garai bateko izaki mitologikoak, sendabelarrak eta erritualak. Guztia ere kondaira- eta mitologia-mundu aberats batek babesturik, eta Mari eta Aker protagonista direla. Kontakizun horiek jai eta erritu paganoak dituzte hizpide, eta herri-medikuntzan errotutako jardunak azaltzen dituzte.

Hirugarren solairuan, Zugarramurdin bizi den Agurtzane Anduetza euskal artistak sortutako “ORO/TOTALIDAD” izeneko instalazio artistiko garaikidea aurkituko duzu. Lan horiek “sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik” esamoldea dute inspirazio-iturri: elezaharraren arabera, hitz horiek baliatzen zituzten akelarreetan hegan egiteko.

Zugarramurdiko leizea eta Sorginen Museoa: harremanetarako datuak

Interesaturik zaude? Sarrerak erreserbatu nahi dituzu leizea, museoa edo biak ikusteko? Bada, hementxe dauzkazu harremanetarako datuak, zuzenean idazteko edo deitzeko, baita webgunea bera ere.

Sorginen Museoa

Zugarramurdiko leizea

Ziur Zugarramurdiko leizea bisitatzera joateko irrikaz zaudela, gu bezalaxe. Hartu motxila, kargatu ondo mugikorra eta ezagutu “sorginen” sekretu guztiak. Eta ez bazara oso misteriozalea, Guuken topatuko dituzu tarifarik onenak: garbi-garbi azalduta eta batere trikimailurik gabe.

Erlazionatutako berriak