Euskal Hiria
Mejores miradores de Euskadi para disfrutar de sus paisajes
1 minEuskadi cuenta con grandes vistas para disfrutar de Urdaibai, la bahía de la Concha o cualquier otro rincón montañoso o costero de la región.
Mendiak, hondartzak, golkoak, lurmuturrak, basoak, belardiak..., geografia pribilegiatua du Euskadik, bertakoak zein kanpokoak xarmatzeko modukoa. Baina, jakina, ez dira gauza bera Kontxako hondartzan paseoan ibiltzea eta badia Txubilloko behatokitik ikustea.
Eta hori bera gertatzen da gure lurraldeko gainerako leku politekin. Perspektibak garrantzi itzela du, eta, beraz, perspektibarik onena aukeratu nahi izan dugu zuretzat Guuk-en. Gai hauek subjektiboak dira beti, baina ziur naiz ez gabiltzala oker Barrika edo Aramaio aipatzen ditugunean.
Orain, beraz, deitu kuadrillakoei, eskuratu prismatiko on batzuk, eta zatoz gurekin Euskadiko behatoki onenetara.
Gaztelugatxeko Donienera itzuliko gara, baina beste ikuspegi batetik erreparatuko diogu gaur, jaisten hasi eta, gero, ermitaraino dauden harrizko 241 mailak igo aurretik, aire pixka bat hartzeko. Aparkalekutik metro gutxira, begiratoki eder bat dago, lurmuturra, kostaldea eta Akatxa uharte txikia ikusteko aukera ematen duena. Inguru horretan bertan, hiru puntu interesgarri dituzu, bistez gozatzeko; behatokia Bermeotik, jaitsi aurreko ikuspegia eta ermitatik bertatik dagoena. Horiek guztiek merezi dute bisitatxo bat.
Ezagutu Sopelaren Erdi Aroko iragana, zoaz Arrietara-Atxabiribil eta Meñakoz hondartzetara, eta, batez ere, ez alde egin La Salvaje hondartza ikusi gabe. Azken horrek —Barinatxe izenez ere ezaguna— Euskadiko behatokirik politenetako bat dauka. Handik, kostalde osoa daukazu eskura, eta olatuak nola hausten diren eta urre-koloreko hareak eguzki-argia nola islatzen duen ikusiko duzu. Aparkaleku batetik eta Azkorriko bunkerretik hurbil dago, eta izen bereko hondartzara joateko aukera izango duzu handik bertatik.
Urdaibaiko begiratokirik onena da, gure ustez, eta Euskadiko ederrenetako bat. San Pedro Atxarre deritzo izen bereko ibilbide zirkularraren amaieran dagoen talaiari. Milaka euskaldun pasatzen dira handik urtero, Akordan, Dantzalekun eta inguruko beste zenbait lekutan Bizkaiak duen berezko edertasunaren bila. Atxarre mendiaren tontorretik Mundakaren bista ezin ederragoa dago, bai eta Urdaibaiko paduraren eta Kantauri Itsasoaren txoko honetako ikuspegi paregabea ere. Hara iristeko, hasi ibilaldia Akordan edo Kanalan.
Euskadiko mendi-ibilbide onenak izenburuko artikuluan, Nerbioi ibaiaren jauzia aipatu genizun. Baina berriz joan gara hara, behatoki hartatik zer ikusi dezakezun kontatzeko zuri. Iberiar penintsulako ur-jauzirik altuena da. 222 metroko altueratik, ibar osoa ikusiko duzu, bai eta Amurrio ere, Burgosen mugakide den Arabako herria. Ez ahaztu ur-jauzitik oso gertu dagoen Castilleteko behatokitik igarotzea.
Donostia ko behatokiez hitz egitean, Igeldo mendia datorkigu burura berehala. Baina zer gertatzen da Urgull mendiarekin? Igeldon baino jende gutxiago ibiltzen da Urgullen, baina Kontxako badia babesten duen muino honek Gipuzkoako eta Euskadiko bistarik ederrenetako bat eskaintzen du Aldapa gora egin beharko duzu pixka batean goraino iristeko, baina merezi du. Benetan. Bai behatokiagatik beragatik, bai Motako gazteluagatik eta Jesusen Bihotzaren estatuagatik.
Bilbora joaten bazara, zoaz Guggenheimera, jan pintxo goxo batzuk Erriberako merkatuan, eta igo Begoñako Andre Mariaren Basilikara argazki batzuk egitera. Baina berriz bidaiari ekin aurretik, ez ahaztu hiriko behatokirik onenetik pasatzea. Duela ez hainbeste arte, ez zen jende askorik ibiltzen, baina Artxandak eskaintzen duen ikuspegi paregabea influencer guztiak xarmatu ditu pixkanaka. Bilbo osoa ikusten da handik, hiriko museorik ospetsuena lehen lerroan jarrita, bai eta hiriko idazkun gorri famatua ere. Parke lasaia da Artxanda, eta autoan, autobusean edo funikularrean igo daiteke.
Ez egin atzera balkoira iristeko sigi-saga igo beharreko bidearen ondorioz. Bizkaiko balkoia behatoki pribilegiatu bat da, Urdaibaiko haranaren ikuspegi osoagoa eskainiko dizuna. Eta ikuspegi ederraz harago, legenda baten agertokia ere bada. Legenda horren arabera, sorginak biltzen ziren hemen gauez, jendea madarikatzeko.. Horrexegatik, hain zuzen, Andra Mari baten mosaikozko irudi bat dago han, babes gisa. Mendatatik abiatuta, Urrutxua rantz joan zaitezke, Oiz mendiaren magaleraino.
Euskadiko behatoki ugarietako batzuen berri eman dizugu hemen; benetan merezi du ikustea, eta beste asko dauzkazu, gainera. Esate baterako, ez ditugu aipatu Hondarribiko Higer itsasargia , Mundakako Santa Katalinaren ermita , edoBarrikako edo Azkoliko labarrak. Guztiak ere ikusgarriak. Ez huts egin!
Nolanahi ere, ondo prestatu motxila; eraman txapel bat, eguzkitik babesteko, eta ahalik eta prismatikorik onenak. Euskal kostaldeko eta barnealdeko paisaiak konexiorik onenarekin gozatzekoak dira. Eta Guuk-en daukagu hori.