icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Gaztelugatxeko Doniene: Euskadiko altxorra bisitatzeko gida

15 Marzo 2023 12:00

Azken urteotan ezagunagoa bilakatu dute "Juego de Tronos" eta Rocadragón izenburuek tokiaren historiak berak baino. Baina Gaztelugatxeko Donieneren historiak historialari eta bertako nahiz penintsulako turisten arreta erakarri du hamarkadetan zehar.

Hainbesterainoko ospea hartu du, ezen Euskadi bisitatzeko asmoa duen norbait informazio bila hasten bada, Kontxako hondartzaz, Bilboko Guggenheim museoaz eta Zumaiako flyschaz gainera, Kantauri itsasoaren haserrealdiei eusten dien ermita txiki honetarako bisita ere prestatuko baitu seguruenik.

Horregatik, Guuk-ek laguntza pixka bat eman nahi dizu, ondoen egiten dakiena eskainiz: informazioa. Han izan zara edo hara joateko asmotan zaude? Gaztelugatxeko Doniene nola bisitatu eta, batez ere, Bizkaia bisitatzen baduzu zergatik ezagutu beharko zenukeen kontatuko dizugu.

Cómo visitar San Juan de Gaztelugatxe

Zergatik joan Gaztelugatxeko Donienera

Egin bilaketa Googlen, begiratu argazkiei eta konbentzitu zure burua ezer irakurri gabe. Biotopoari zentzua ematen dion ermita kokatzen den ingurunearen edertasuna da Gaztelugatxeko Donieneren edertasunaren protagonista.

Labar malkartsuak, haitz erakargarriak, zerura daramaten eskailerak, piraten istorioak, natura, Kantauri itsaso liluragarria; guztia da ederra Bizkaiko kostaldeko paradisu honetan.

Duela zenbait urte HBOk toki hau hautatu zuen Targaryen familiaren gotorlekutzat "Juego de Tronos" telesailean, eta oraindik ere erabiltzen du "La Casa del Dragón" telesailerako. Pentsa zer-nolako erakargarritasuna izango duen nazioartean.

Gaztelugatxe hitzaren jatorria gaztelu-haitz edo gaztelu-gatxe (gaztelu gaitza) da. Baseliza bat da, baina haren kokapenak ematen duen errespetua erakusten digu izenak. Zein dira nahitaez jakin beharrekoak?

  • Eskailerak: guztira 241 igo beharko dituzu baselizara iristeko. Labarrean sigi-sagak eginez iritsiko zara kostaldetik haitzera.
  • Baseliza: Gaztelugatxeko Donieneren goialdean dagoen eraikina ez da XI. mendean egin zuten jatorrizkoa. Askotan berreraiki dute; azkenekoz, joan den mendeko 80ko hamarkadan.

Non dago Gaztelugatxeko Doniene?

Bilbotik gertu dago, bai, baina zenbat kilometrora zehazki? Gaztelugatxeko Doniene Bizkaiko kostaldean dago, probintziako hiriburutik 35 kilometrora. Oso erraz edukiko duzu hirian bazaude eta garraio publikoan iritsi bazara.

Eremua Biotopo Babestua da, haren balio ekologiko eta historiko handiak direla eta. Kantauri itsasoan dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik eta Burgoa mendi ikusgarritik oso gertu.

Kostaldetik, Bermeo (10 kilometro baino gutxiago ekialderantz) eta Bakio (gutxi gorabehera 6 kilometro mendebalderantz) oso gertu ditu. Amaiera bikaina izango da Mundakan surfean aritu ondoren Matxitxakoko itsasargia ikusteko asmoa baduzu.

San Juan de Gaztelugatxe

Gaztelugatxeko Donieneren historia

Joan gaitezen harira. Gaztelugatxeko Doniene mota guztietako gudu eta bidegabekerien lekuko izan da 1.000 urte baino gehiagoan. Ez dakigu zehazki, baina historialariek uste dute lehenengo ermita XI. mendean eraiki zela.

San Joan Bataiatzailea omentzeko eraiki zuten, zeina, tradizioaren arabera, hiru pausotan iritsi baitzen haitzaren goialdera. Iñigo Lopez Ezquerra Bizkaiko jauntxoak San Juan de la Peña monasterioari eman zion dohaintzan 1053an; hori da ermita kokatzen duen lehenengo datetako bat.

  • XII. mendean komentua eraberritu zen, baina handik 200 urtera fraideek guztia eraman zuten, handik alde egin zutenean.

Ermitak erlijio-funtzioa izan zuen, baina jaurerria defendatzeko ere erabili zuten. Haraino joan zen Gaztelako Alfonso XI.a 1334an Joanes Nuñez Larakoaren atzetik, bi erreinuen arteko liskarren ondorioz. Eta, nola ez, bizkaitarrak hilabete baino gehiagoan eutsi zien erasoei.

Gainera, Gaztelugatxeko Doniene pirata eta altxorrei buruzko kondairetako protagonista izan da betidanik. 1594an Francis Drake ezagunak eraikina arpilatu eta erre zuen, eta handik gutxira Arroxelako higanotek berriro suntsitu zuten inguruko guztia, eta labarretik behera bota zuten ermitaua.

XVIII. mendean kortsario ingelesek eraso zuten, eta Espainiako Gerra zibilean alderdi matxinatuaren eta Errepublikaren arteko liskar ugarietako baten lekuko izan zen: Matxitxako lurmuturreko bataila (1937ko martxoaren 5a).

1978an izan zen azken sutea, eta handik bost urtera berreraiki zuten. Azken hori da gaur egun bisitatzen dugun Gaztelugatxeko Doniene baseliza. Baina, ikusi duzun moduan, behin eta berriro berreraiki izan da.

Natura Gaztelugatxeko Donienen

Berriro esango dugu: Gaztelugatxeko Doniene Biotopo Babestu izendatu zen 1998an. Natura 2000 Sarean sartu zen 2013an kontserbazio bereziko eremu gisa (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremu (HBBE) gisa.

Hori kontuan izanik, masifikazioak eta ekosistemaren aurkako abusuak saihesten dituen araudi berezi bat aplikatzen da eremuan. Cortezeko kaioa, ubarroi mottoduna eta ekaitz-txori txikia ikus daitezke inguru honetan. Hori hegaztiei dagokionez.

Itsasoan, alga laminariak eta saccorhizak ditugu, eta itsas sugeak, itsas aingirak, txitxarroak, lupiak eta panekak ere bai. Ura kalitate onekoa denez, kare-algak eta alga gorriak daude sakonera txikiagoetan.

Eta dontzeilak, kabuxak, lanpernak, holoturiak, nekorak, trikuak, txangurruak, olagarroak, aktiniak eta karraspioak ere bai. Itsaski-bilketa eta urpekaritza debekatuta daude, espezie horiek babesteko.

Lurrean, ekialdeko eremuan material silizeoak dira nagusi (flysch ezaguna), eta karezko materialak mendebaldean gailentzen dira eta Gaztelugatxera, Artatia puntara eta Akatx uhartetxoraino heltzen dira.

Gaztelugatxeko Donieneren kondaira

Igo, igo eta jarraitu igotzen. Azken mailan, baselizaren barrenean, lorratz bat ikusiko duzu lauzan markatuta. Kondairaren arabera, San Joan Bataiatzailearen arrastoa da, zeina hiru oinkada luzetan iritsi baitzen Bermeotik.

  • Bitxikeria💡: diotenez, Inkisizioak inguru hauetako haitzuloetan giltzaperatzen zituen sorginak.

Beste lau lorratz daude: Bermeoko San Joan arkuan, Itsasalde baserriaren (Ermua) ondoan eta Burgoako muinoan. Horregatik, tradizioak dio goraino igo eta kanpaia hiru aldiz jo behar dela gurari bat bete dadin eskatzeko. Espiritu gaiztoak uxatzen omen ditu horrek.

Gaztelugatxeko Doniene babesaren eta segurtasunaren ikur izan da betidanik inguruko arrantzaleentzat. Horregatik, zenbait deboziozko irudi daude baseliza barruan, eta arrantza-ontziek horregatik biratzen dute hainbat aldiz toki horretan, santuak zortea ekar diezaien hegaluze-kanpainetan.

Jaiak eta tradizioak Gaztelugatxeko Donienen

Bermeoko Udala Gaztelugatxe, Izaro eta Demikura prozesioan joaten da XVII. mendetik, jurisdikzio-jabetzako aldarrikapenak egitera. Oraindik ere hala egiten jarraitzen du urtero, abuztuaren 29an.

Pare bat hilabete lehenago, ekainaren 24an, San Joan jaiak ospatzen dira baselizan, eta erromeria bat egiten da. Jendetza joaten da baselizara erromesaldian, promesak egitera edo santuari eskerrak ematera. Lore-oparia egiten zaio 1963an itsas hondoan jarri zen Ama Birjinaren irudiari.

Urtean beste bitan ematen da meza baselizan: uztailaren 31n, San Ignazio Loiolakoaren egunean, eta abenduaren 30ean,Eguberria ospatzeko. Hala, beraz, inguruko herrietako biztanleak urte guztian joaten dira hara.

  • San Joan - ekainaren 24a: erromeria tradizionala, oso ezaguna Bermeoko biztanleen artean.
  • San Ignazio Loiolakoa - uztailaren 31: erromeria antolatzen da Arrietan.
  • San Joan ‘Degollado’ - abuztuaren 29a: erromeria egiten da Bakion.

Nola bisitatu Gaztelugatxeko Doniene

Paisaia-interes handiko beste toki turistiko batzuk ez bezala, Gaztelugatxeko Doniene ez dago toki aldendu batean. Hala, hara iristeko erraztasuna (garraio pribatua nahiz publikoa erabiliz) da tokiaren alderdi interesgarrietako bat.

"Juego de Tronos" telesailaren boomaren ondoren, egunean 3.024 bisitarira mugatu zen sarbidea, eta, uhartetxoan, gehienez 340 pertsonara (aldez aurretiko hitzorduarekin bakarrik)

Udazkenean edo udaberrian joatea gomendatzen dizugu, udan jendez gainezka izaten baita. A, eta kontuan eduki autoz joan arren eskailerak eta haietara iritsi arteko tartea oinez egin behar direla.

  • Autobusez: erraz egin daiteke Bakiotik, Bermeotik eta Bilbotik (kontsultatu autobus-lineak aldez aurretik). A3518 linea (Bilbo-Mungia-Bakio) eta A3527 linea (Bilbo-Mungia-Bermeo) erabil ditzakezu.
  • Trenez: ez dago aukerarik zuzenean Gaztelugatxera joateko. Euskotrenen E4 linea erabil dezakezu Bermeora joateko, eta han autobusa hartu beharko duzu.
  • Autoz: Bilbotik joateko, BI-631 errepidea har dezakezu Loiuko aireporturantz eta BI-2101 errepidea hartu Mungia igaro ondoren, Bakiorantz. Gernikatik, berriz, BI-2235 errepidea hartu behar duzu, Bermeorantz. 45 minutuko eta ordubeteko bidaiak dira, hurrenez hurren.
Cómo visitar San Juan de Gaztelugatxe

Autoz baldin bazoaz, kontuan izan aparkalekuetara iristeko BI-3101 errepidea hartu behar dela. Aparkaleku handi bat dago Urizarretan, eta beste bat Lurgorrin, Ermutik joanda. Oso zaila da aparkalekua aurkitzea eguneko ordu nagusietan. Horregatik, hobe da autobusez joatea Bakiotik edo Bermeotik.

Ikusten duzunez, Gaztelugatxeko Doniene Euskadiko altxorretako bat da, eta merezi du bisitan joatea. Guuk-ek haraino lagunduko dizu inon aurkituko duzun Interneteko tarifa onenarekin. Sartu gure webgunean eta gozatu Euskadiz.

Erlazionatutako berriak