icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Gujuliko ur-jauziko ibilbidea: aholkuak eta etapak Gorbeian

10 Noviembre 2023 10:34

Gorbeiako gurutzea, Arlobiko menhirra, Atxularren begia, Otzarretako pagadia... Eta Gujuliko ur-jauziko ibilbidea? Gorbeiako Parke Naturalera bazatoz bisitan, ezin duzu huts egin mitologiaz eta legendaz inguratutako 100 metro baino gehiagoko ur-jauzi zoragarri hau..

Guuk-en beste artikulu batean hitz egin dizugu Urduñari eta Gorobel mendilerroari buruz. Tira, ba handik kilometro gutxira duzu Gujuli, eremu babestuaren mendebaldean dagoen ur-jauziari izena ematen dion herritxoa. Zer esan dezakegu ur-jauziari buruz?

Parkean nahitaez ikusi beharreko bat da uraren zaleentzat. Ugunako, Corraladaseko eta Altubeko ur-jauziekin batera, Gujuliko ur-jauzia da Arabako iparraldeko protagonistetako bat. Ezagutu nahi duzu gurekin batera?

Cascada Gujuli

Zer da Gujuliko ur-jauzia?

Kareharria da Euskadiko paisaia ugariren egilea, eta hala gertatzen da Gujuliko ur-jauzian eta Gorbeiako Parke Natural guztian ere.

100 metrotik gorako jauzi bat da, ongietorria egiten diona ingurune natural babestuari mendebaldetik, eta izen bereko herriaren eta Urkabustaizen arteko muga egiten duena. Ur-jauziaren jatorria Oiardo ibaia da; Parketik kanpo jaiotzen da, eta Altube ibaira isurtzen ditu urak gero.

Cascada Gujuli

Altube ibaiak, aurrerago, Nerbioi ibaian isurtzen ditu urak, Arabak eta Gaztela eta Leonek muga egiten duten tokian bere ur-jauzi ezagun propioa egin baino kilometro asko lehenago. Altube ibaiak, gainera, beste ur-jauzi polit batzuk sortzen ditu Gorbeia inguruan, Oiardo ibaiarekin bat egin aurretik.

Gujuliko ur-jauziko ibilbidea: nondik hasiko gara?

Arroilaren aldeetako batean eraikitako metalezko behatokitik ikusi ahal izango dugu gertuen Gujuliko ur-jauzia. Paisaia alferrik galtzen duela dirudi, baina, egin kasu, inguruko panoramika onena da.

Beste aukera bat da Santiago elizatik joatea; eliza hori gertu dago, baina hornidura egokirik gabeko pasagune bat igaro beharko zenuke, eta aurrera egin “ez pasatu” dioten seinaleei kasurik egin gabe. Interesgarriagoa dirudi, baina, gure ustez, ez du merezi, beste aukera edukita.

Gujuliko ur-jauziko ibilbidea

DISTANTZIA

1 kilometro (joan-etorria)

DENBORA

15 minutu

DESNIBELA

Gutxi gorabehera 40 metro

Hemen ez duzu harriak zaintzen eta labarrak zeharkatzen ibili beharko, Tologorriko igoeran bezala. Blogean aipatu ditugun Euskadiko mendi-ibilbideetatik, Gujuliko ur-jauziko hau da irisgarrienetariko bat. Irunberriko arroilaren antzera.

Kilometro bateko ibilbidea da, eta haur txikiekin eta adinekoekin joateko behar den guztia dauka. Tira, inguruneaz gozatzeko pasealdi bat da, ez erronka bat. Gujuli inguruko aparkalekuan hasten da ibilbidea.

Powered by Wikiloc

A-2521 errepideko 11. eta 12. kilometroen artean dago aparkalekua. Erraz iritsiko zara, “Gujuliko ur-jauzia” baitio kartel batek. Toki asko ditu, eta ez da ordainpekoa. Aparkalekutik bertatik has dezakezu ur-jauziko ibilbidea.

Parking Cascada de Gujuli
Google Maps

500 metro baino ez dira, oso aldapa leunekoak. Igo eskailera batzuk, eta jarraitu jaitsierako pistari, handik atera gabe. Ez egin kasurik aurrerago dagoen ezkerreko bideari, eta jarraitu bideari eskuinerantz. Behatokira zuzentzen duten kartelak ikusiko dituzu bide guztian.

Jarraitu desgaitasunen bat duten pertsonentzako aparkaleku berezitik aurrera, eta arboladi batera iritsiko zara. Landareek eratzen duten tuneletik ateratzean, eremu zabal batera iritsiko zara, eta, haren barrenean, Gujuliko ur-jauziko behatokia ikusiko duzu. Metalezko plataforma txiki bat da, zuhaixken gainetik ikusteko aukera ematen duena.

Mirador de la cascada de Gujuli | https://www.google.com/maps/@42.973435, 2.9100939,3a,90y,220.13h,115.77t/data=!3m8!1e1!3m6!1sAF1QipPHiZpRPM9w FF zSWskBnIFKN2XEyh6Y2 STAP!2e10!3e11!6shttps:%2F%2Flh5.googleusercontent.com%2Fp%2FAF1QipPHiZpRPM9w FF zSWskBnIFKN2XEyh6Y2 STAP%3Dw203 h100 k no pi 0 ya162.32446 ro 0 fo100!7i12000!8i6000?entry=ttu
José Antonio González Nieto

Hor zaudela, aprobetxatu zure mugikorrarekin argazkiak ateratzeko, Gorbeiako Parke Naturalaren barruan balio handia duen ekosistema bat baituzu aurrez aurre. Arroilako pagadiak ez dira ohikoak Iberiar penintsulako toki askotan. Gure ustez, Arabako postal onenetariko bat da.

Cascada de Gujuli

Zer gehiago ikus daiteke behatokitik? Arroilatik behera datorren ur-emariaz gainera, Gorbeia ere ongi ikusten da plataformatik (ia parke guztitik ikusten da), eta Gorosteta eta Oderiaga mendiak eta Gujuli inguratzen duen landazabala ere bai.

Joan aurretik, aparkalekura itzuli eta atzean utzitako beste bidea hartzea gomendatzen dizugu, Santiago elizara eta Oiardoko ur-errota zaharrera joateko.

Iglesia de Santiago Gujuli

Gujuliko ur-jauziko ibilbidea egiteko gomendioak

Oso garrantzitsua da ongi aukeratzea Gujuliko ur-jauzia ikusteko garaia. Udaberriko urtzaldia da garairik onena, edo udazkena, euri askoko sasoia baita. Udan ez da urik erortzen.

  • Noiz joan Gujuliko ur-jauzia ikustera?: udaberrian edo udazkenean

Bestalde, ez da beharrezkoa ekipamendu berezirik eta janari askorik eramatea. Goizean egin dezakezu ibilbidea lasai-lasai, eta gero Oiarbera edo Gujulira bertara joan zaitezke Idiazabal gazta eder bat dastatzera, txakolinarekin lagunduta. Eta hartu prismatikoak, ahaztu gabe!

Gujuliko ur-jauzikoaz bestelako ibilbide batzuk

Exijentzia-maila handiagoko zerbait nahi duzu? Gorbeia Parke Naturalean Gujuliko ur-jauzitik edo handik gertu igarotzen diren beste hainbat ibilbide daude, luzeagoak, aldapatsuagoak eta gorabeheratsuagoak. Hau da, betiko mendiko ibilbideak.

Aukera batzuk proposatzen dizkizugu, baina badaude gehiago ere.

Ibilbide zirkularra Altuben eta Gujuliko ur-jauzian zehar

Altube eta Oiardo ibaiek bat egiten duten tokian bertan hasten da ibilbidea, AP-68 autobidetik gertu. Gero, Altube ibaiari jarraitu behar diozu hegoalderantz, izen bereko herriraino, eta han Gujulirantz hartu. Azken zatian, Oiardo ibaian barrena joango zara iparralderantz, zirkulua osatzeko.

14 bat kilometro dira, eta 400 metroko desnibela, gutxi gorabehera. Kontuan izan behar duzu urteko zer sasoitan egin ibilbide hau. Izan ere, Altube ibaia ur askorekin badator, ezingo duzu egin.

Gujuliko ur-jauzia, Alto del Corral, Izarra eta Gujuli lotzen dituen ibilbidea

Badago aukera errazago bat. Iparralderantz joan gabe Altube ibaira iristeko, Gujuliko ur-jauzia ingura dezakezu behatokitik edo herritik, eta gero hartu hegoaldera. Alde honetan askoz atseginagoa da zapaltzen den lurra, eta ikuspegiak bestean bezain ederrak dira.

Alto del Corraletik igaroko zara aurrean Gorbeia duzula, Izarra aldera iritsiko zara, eta gero berriro hartu beharko duzu iparralderantz, Gujulin amaitzeko. Hau ere ibilbide aproposa iruditzen zaigu familia guztiarekin egiteko.

Izarra, Lamioxin urmaela, ur-jauziko behatokia eta Gujuli lotzen dituen ibilbide zirkularra

Hasieran esan dugunez, Altube ibaiak, Gujulikoaz gainera, beste ur-jauzi interesgarri asko egiten ditu Gorbeialdean. Bada, haietatik guztietatik igaro nahi baduzu, ibilbide hau egin behar duzu. Corraladaseko ur-jauzia eta Lamioxin urmael lasaia dira berezienak.

11 kilometro inguru dira, desnibel gutxikoak, bidexka erraz eta erosoenak hartuko baitituzu une oro. Oinetako egokiak eramatea gomendatzen dizugu, sastraka artean, basoan eta lur irregularragoetan ibiliko baitzara.

Gujuliko ur-jauziari buruzko kondaira

Euskadiko mitologiak ez du parekorik, bai pertsonaiei dagokienez, bai haien sinbologiari dagokionez. Beharbada, interesgarria irudituko zaizu jakitea, Gujuliko ur-jauziak ere baduela bere kondaira. Bai, Gujuliko lamiaz ari gara.

Kondairak dioenez, orduak ispilu magikoaren aurrean orrazten ematen zituen lamia bat bizi zen inguru hartan. Ispilu horrekin, edozein nahi gauzatu zitekeen. Halako batean, norbait etorri zen hura lapurtzera.

Urjauzi zen, artzain berekoi bat: zalantzarik egin gabe, lamia bainua hartzen ari zela aprobetxatuta, ispilua hartu zuen. Egunak eman zituen tontokeriak eskatzen, harik eta lo geratu zen arte. Lamiak aurkitu egin zuen... eta magia gertatu zen orduan. ✨

Lamiak, artzainarekin haserre zegoenez, tranpa bat jarri zion. "Zein da zure izena?," galdetu zion. "Urjauzi", erantzun zion artzainak. Eta, une horretan, gaur egun ezagutzen dugun Gujuliko ur-jauzi bilakatu zen lapurra.

Lamiak

Nola iritsi Gujuliko ur-jauzira?

Gujuliko ur-jauzia Urduñatik eta Delikatik gertu dago, Gasteiztik 30 bat kilometrora. Horregatik, Arabako hiriburutik ateratzea da hara iristeko modurik errazena. Autoz errazagoa izango da, ordutegiak direla eta.

  • Gasteiztik Gujuliko ur-jauzira: N-622 errepidea hartu behar duzu Murgiarantz; A-2521 errepidea hartu 22. irteeran, eta han jarraitu Gujuli aldera gerturatu arte. Lehenago esan dugunez, 11. eta 12. kilometroen artean ikusiko duzu aparkalekurako irteera.
De Vitoria a cascada de Gujuli
  • Bilbotik Gujuliko ur-jauzira: bide luzeagoa da, baina egiteko modukoa. Izan ere, 40 minutu baino gutxiago beharko dituzu autoz. Horretarako, hartu A-8 errepidea, eta, gero, hartu AP-68 autobidea hegoalderantz. 22. irteeran, hartu A-2521 errepidea, Gujuliraino.
De Bilbao a cascada de Gujuli

Eta hori da guztia! Etxetik irten aurretik, gogoratu mugikorra hartzeaz, zure Guuk tarifa eta guzti. Euskadiko paisaia natural onenak ezagutzera lagunduko dizugu, behar dituzun Interneteko abiadurarekin eta ahots-minutuekin.

Erlazionatutako berriak