icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Euskadiko kostaldeko herririk ederrenak: Lekeitio, Zumaia eta beste hainbat

26 Marzo 2024 16:09

Euskadiko kosta eder-ederra da, inondik ere. Eta, kontuz, ez gara hondartzez bakarrik ari; kostaldeko herri txiki eta polit asko dago, haien xarmari, ofizioei eta gastronomiari eusten dietenak. Onenak, ordea, ez dira beti ezagunenak, baina hemen zerrenda luze bat egingo dizugu, Lekeitio eta Zumaia barne.

Ohikoena, noski, arrantza-portu garrantzitsuenetara joatea da, edo eguna mendian ematea, ibilbide apartak egiten. Hori ondo dago, baina kostaldean arrain eder bat jatea baino hoberik ez dago.

Cartelas blog mar Pueblo costero

Euskadiko kostaldeko herririk ederrenak

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean Euskadiko herririk xarmagarrienetako batzuk daude, urtean gutxitan atertzen duen arren, zoragarriak direnak. Arrantza-portua duten horiek guztiak dira, (berriz) ezagutzeko modukoak denak.

Bermeo

Euskadiko beste herri liluragarri bat, arrantza-portu historikoa bereizgarri duena. Bisita portutik hastea da gure gomendioa, han oraindik eguneroko arrantza-jarduerak ikusiko dituzu eta.

Gero, murgildu zaitez erdigune historikoan, han interes kulturaleko zenbait leku baitaude: Santa Maria, Santa Eufemia eta San Frantzisko elizak, adibidez. Bermeoko kaleetan barrena noraezean ibiliz gero, hango giro lasaiaz gozatu ahalko duzu, eta arkitekturako beste harribitxi batzuk ere ezagutuko dituzu; San Juan Portalea, esaterako, Erdi Aroaren lekukoa Bermeon.

Elantxobe

Elantxobe kostaldeko herri xarmagarria da, muino bateko magaletik itsasoraino zabaltzen dena. Begiraleku onenak herriaren goiko aldean daude, eta bista apartak daude han.

Girorik beroena portuan dago, han baitaude tabernak, jatetxeak eta bainatzeko guneak. Gainera, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan dagoenez, paradisu hutsa da surfzaleentzat, hegazti-behatzaileentzat eta naturazaleentzat; gainera, inguruan xendazaleentzako ibilbide ugari ere badago.

Lekeitio

Harribitxi bat da Euskadiko kostaldeko herrien artean. Euskal kostaldeko txoko zoragarri hori miresmen-iturri da lehen begiratutik.

Bihotza portuan dauka, non arrantza-tradizioa sakon errotu den. Arrantzaleek, haietako batzuk eskarmentu apartekoak, lanean jarraitzen dute, hainbat mendez egin duten bezalaxe, eta inguruko urak bizi-bizi mantentzen.

Andre Mariaren Jasokundearen basilika txundigarriak tamaina harrigarria du 7.000 biztanle eskaseko herri baterako, eta, hortaz, bisitatzea merezi du. Gainera, gomendatzen dizugu portu atzeko herri arrantzale honetan bete-betean murgiltzea, eskualdeko pintxo tipikoez gozatzeko.

Kostaldeko herri hau ezin egokiagoa da udarako, itsasaldiekin aldatzen diren hondartza zoragarriak dituelako. Itsasbeheran, altxor natural bat azaleratzen da: San Nikolas uhartea.

Ondarroa

Euskal kostaldeko beste altxor bat, Artibai ibaiak gurutzatua, bi zubi enblematiko dituena. Hasi ibilbidea ibaiko erribera esploratzen, eta gozatu Zubi Zaharraz eta Calatravaren zubiaz.

Ondarroa

Ikus dezakezunez, erribera handi batek inguratzen du herria, eta hango ur bareetan entrenatzen dira piraguak eta arraunlariak. Azpimarratzekoa da Ondarroako Andre Mariaren eliza, gotorleku baten gainean kokatua. Ikuspegi ahaztezina, benetan.

Mutriku

Kostaldeko herri txiki honek limurtu egiten du, haren Erdi Aroko erdiguneari eta kale harriztatu zoragarriei esker. Murgildu zaitez kalexka estu eta malkarren labirintuan, istorio andana ezkutatzen duen zokoz betea baitago.

5.000 biztanle besterik ez duen herri hau Euskadiko ederrenetakoa da, Andre Mariaren Jasokundearen elizari, Lonja Zaharrari eta Goldona eta Zabiel jauregiei eskerrak. Ez joan Mutrikuko portua kusi gabe, eskualdeko baleazaleen iraganaren lekukoa.

Deba

Gipuzkoan kokatuta dago, eta maitemindu egingo zaitu hango erdigune historikoak eta ingurune natural paregabeak. Flyscheko hondartza sonatuez inguratuta dago eta paradisu hutsa da arkeologiaren eta naturaren zaleentzat.

Hartu tarte bat Ekaingo arkeologia-gunea bisitatzeko, non balio kalkulaezineko labar-pinturak dituzten historiaurreko 50 haitzulo baino gehiago baitaude.

Zumaia

Euskadiko flyscheko hondartzen begiralekurik bisitatuena dago bertan. Begiralekuaren handitasunak itzala egiten dio guztiz herriari berari, hark bereganatzen baitu inguratzen diren turisten arreta.

Horregatik, bisitari gehienak flyscharen begiralekuko aparkalekura joaten dira zuzenean, Zumaiara heldu bezain laster. Ideia ona da, herritik begiralekuraino igotzea gogor samarra izan daiteke eta.

Zumaia Flysch

Zumaiako begiralekutik sekulako bistak daude. Bidezidor bat sigi-saga dabil labarretan barrena, eta aukera ematen du eskualdeko bereizgarriak diren harri-geruzak behatzeko.

Gainera, baselizak are gehiago edertzen du ingurua. Itsasbeheran, hondartzaraino jaitsi daiteke, argazkiak hurbiletik egiteko. Paisaia basatia eta bukolikoa da, aldi berean, eta batzuetan Irlanda berdearen parajeak dakartza gogora, hango labar txundigarriak eta landaredi oparoa.

Getaria

Getaria herri txikitxo bat da, Elkanoren jaiolekua. Herri hau, ondo errotutako tradizioz josia, ezaguna da gastronomia zoragarriagatik eta, bereziki, hango jatetxeetako parrillan egindako arrain gozoengatik.

AdobeStock 212432043

Garai batean harresi batek inguratu zuen arren, gaur egun ez dago haren arrastorik. Hirigune historiko xarmagarria ezagutzeko, onena da San Salbatore elizarantz joatea eta kale ederretan gora eta behera noraezean ibiltzea. Getariak, noski, portu liluragarria du, euskal kostaldean arrantzaleek utzitako arrastoaren isla fidela.

Hona hemen familiarekin edo lagunekin asteburua emateko hainbat aukera. Aukeratu zure gustuko herria eta ezagutu ezazu (berriz). Zuk jarri gogoa eta Guukek jarriko dizkizu egindako argazki guztiak partekatu ahal izateko behar dituzun gigak.

Erlazionatutako berriak