Euskal Hiria
Qué ver y hacer en Tolosa: la antigua capital de Gipuzkoa
12 minLa ciudad gipuzkoana a orillas del río Oria cuenta con uno de los mayores patrimonios históricos y culturales de toda Euskadi.
Tolosako inauteriak munduko ospetsuenetakoak dira, bai. Baina ezin geratuko gara horrekin bakarrik. Gipuzkoako garai bateko hiriburua Euskadiko herririk politenetako bat da, bai inguruneagatik, bai ondare historikoagatik. Orduak eta orduak eman ditzakegu txokoz txoko.
Alabaina, Tolosa ez da beti agertzen turismo-gidetan. Agian lehiakideen indarragatik izango da, ez baita samurra Donostia, Hondarribia edo Getaria lehiakide izatea. Aurkariak ez dira nolanahikoak, baina horrek ezin gaitu itsutu: Gipuzkoa osotik, Tolosa da historia mardulenetakoa duen txokoetako bat.
Beraz, deitu kuadrillakoei eta zatoz Guuk-ekin Santa Maria eliza, Zerkausia edo Nafarroako Zubi ospetsua ezagutzera. Mugikorrarekin, sekulako argazkiak egingo dizkiozu Oria ibaiari Tolosa erdi-erdian.
Makina bat gauza leku txiki batean! Tolosako gauzarik onena da plaza eta eraikin historiko ugari dituela bisitatzeko, baina guztiak oso espazio txikian daudela. Horregatik, ez da ideia txarra egun-pasa edo asteburu-pasa joateko plana egitea, Gipuzkoako garai bateko hiriburua ezagutzeko.
Tolosa komunikazio-bide garrantzitsua izan da mende luzeetan, Gaztelako, Nafarroako eta Frantziako erresumen artean baitzegoen. Militar handiek eta noble-familiek ordezkaturik, batzuk zein besteak aritzen ziren hiribildua kontrolatzeko borrokan. Baina ez handizkiak bakarrik, baita Eliza bera ere, noski.
Gutxitan izaten du udaletxe batek Tolosan adinako protagonismoa. Tolosako udaletxea eraikin barroko bat da. 1672an amaitu zuten eraikitzen, eta nolabaiteko berroneratze-ikur bilakatu zen, aurreko mendean sute latz batek astindu baitzuen Tolosa.
Joan Arburola harginak egin zuen obra, eta, amaitu zutenean, hara eraman zuten Udala —aurretik Andia dorrean elkartzen ziren hautetsiak, baina dorretxearen jabeek ordurako eskatua zuten bueltan—. Barruan, San Migel goiaingeruaren marfilezko tailu bat kontserbatzen da.
Udaletxearekin lotuta, Plaza Zaharra aurkituko dugu. XVII. mendearen amaierako hirigintza-planaren barruan sortua da, eta udaletxearen ondoan proiektatu zuten, Erdi Aroko bost finka erosi ondoren. Plazaren bueltan dauden eraikinen koloreek irudi ikusgarria sortzen dute.
Tolosako alde zaharreko eraikinik ezagunenetako bat da. Santa Maria eliza Gipuzkoako bigarren elizarik handiena da. 1.600 metro karratu baino gehiago ditu, eta XIX. mendean egin zizkioten azken eranskinak.
Ikur garrantzitsua da Tolosaren historian. Haren aurretik zegoen tenplua erabat suntsituta geratu zen 1503ko sutearekin, eta tolosarrek lau hamarkada behar izan zituzten gaur egun ikusten dugun eliza eraikitzeko adina diru biltzeko. 200 urtez altxaturiko eraikin horretan, nabarmentzekoak dira elizpe barrokoa eta San Joan Bataiatzailearen eskultura.
Hona hemen Tolosa hiriburu izan zenekoa ondoen erakusten duen eraikinetako bat. Gipuzkoako Artxibo Orokorra XVI. mendetik dago Tolosan. Alabaina, 1904an eraman zuten parrokiatik eraikin horretara, zeina Manuel Etxabe arkitektoak diseinatu baitzuen.
2005ean nabarmen berritu zuten, jatorrizko muinari eutsirik betiere. Hantxe daude gordeta Gipuzkoako Batzar Nagusien agiriak, garai bateko Diputazioarenak, Tolosako notario-protokoloak eta Gipuzkoako Korrejimenduaren artxiboak.
Euskadin eraikin gutxi topatuko dituzu Aranburu jauregia bezain ondo kontserbatuta. Tolosako garrantzitsuenetako bat da, eta euskal barrokoa ordezkatzen du nazioartean. Hantxe inprimatu zituzten 1697an Gipuzkoako Foruak, Miguel Aranbururen partaidetzarekin. Gaur egun, udal-liburutegia eta -artxiboa da.
Zalantza-izpirik gabe, Tolosako argazkirik ederrena. Funtsean, hiribilduak kanpotik eskaintzen duen silueta osatzen du: zubiaren arku bereizgarriak eta inguruko eraikinak islaturik geratzen dira Oria ibaian. Bai, Nafarroako Zubi edo Naparzubi enblematikoaz ari gara.
Tolosari zubien hiribildu ere deitu izan zaio, 38 zubi ere izan baitzituen. Nolanahi ere, hauxe da guztietan ezagunena, Zubi Berriarekin batera. Oria ibaia gainditzen du. Ez dakigu noiz eraiki zuten, baina, susmoen arabera, XIII. mendean bazen han harrizko zubi bat. Frantziako Errege Bidetik Nafarroara joateko erabiltzen zen... Bidesaria ordainduta, noski.
Gaztelako Atea
Tolosa hiribildura sartzeko jatorrizko bost portaleetako bat zen. Handik igarotzen ziren Frantziatik edo Gaztelatik zetozenak. Gaur egun ikusten duguna ez da Erdi Aroko jatorrizko eraikina, baizik eta XVII. mendean egindako birmoldaketa.
Tolosa harresiz inguratuta zegoen garai batean, baina, beste hiribildu askotan bezalaxe, desagertu egin zen urteen poderioz, dela udalerria zabaldu behar izan zutelako, dela gerrek suntsitu zutelako, dela bestelako hirigintza-auzien ondorioz. Gaur egun Zerkausia dagoen tokian zegoen harresia, hau da, azoka egiten duten lekuan.
Metalezko egitura bat da, XX. mendearen hasierako aurrerapen teknikoak aprobetxatuz eraikia. Juan Alejandro Mujikak jatorrizko harresiaren forma birsortu nahi izan zuen Oria ibaiaren parean, eta kristaletatik ikus daitezke garai bateko eraikuntzaren hondarrak. Gaur egun, hantxe egiten dute Tolosako azokaren zati bat. Hain zuzen ere, inguruetako produktu bereizgarriak egoten dira salgai.
1666an sortu zuten eraikina, eta eliza, berriz, 1711 eta 1732 artean, moja klaratar frantziskotarrak hartzeko. Berez, Iturritza dorrean sustatu zuten komunitate hura Miguel Mendiolak eta Magdalena Unanuek, baina, lekurik ez zegoenez, Santa Klara komentua eraiki zuten.
XIX. mendean, frantsesek hartu zuten ospitale gisa, eta, 1964an, interes probintzialeko monumentu historiko-artistiko izendatu zuten. Gaur egun, akustika sinestezinagatik eta egiten dituen abesbatza-ekitaldiengatik da ezaguna.
Tolosako zaharrenetako eta garrantzitsuenetako bat da. Hantxe jaio zen Alontso Idiakez, Karlos V.a erregearen idazkaria —erregea bera ere igaro zen handik 1539an, Flandriara zihoala—. Handik urte askora, 1775ean, eraikin hartan bertan bizi izan zen Felix Samaniego Tolosako alkatea. Ibaira ematen duen fatxadari erreparatzen badiozu, garai bateko harresiaren aztarnak ikusiko dituzu.
Gaur egun, Tolosako kasinoaren egoitza soziala da, eta Euskadiko arkitektura eta historia maite duten guztiek izaten dute aztergai. Plaza Zaharrean ikusiko duzu eraikinaren armarria, zeina XVIII. mendeko birmoldaketaren ondoren ipini baitzuten.
Oria ibaiak eta haren ibaiadarrek eragin nabarmena izan dute Tolosan. Halaxe izan da beti, eta halaxe izan da hiriaren historia osoan. Horregatik, ez da harritzekoa hiribilduko ekonomia uraren mende egotea eta Tolosak lau errota ere izatea. Gaur egun, XIV. mendeko honek bakarrik irauten du, hori bai, forma modernoekin berrinterpretatuta.
Hainbeste historiaren artean, mundutarrenak ere egundoko balioa du. Horixe da Lapaza etxearen kasua. Jatorriz, artisau eta merkatari ospetsuen bizileku izana —garai hartarako, luxuzko elementu arkitektonikoak ageri ditu—. Hantxe hasi omen zen inauterietan balkoiak apaintzeko tradizioa.
Garai batean, kuadrillak elkartzen ziren Lapaza etxean sagardo pixka batekin lagunduta bazkaltzeko, baina gaur egun itxita dago publikoarentzat. Nahitaez ikusi beharrekoa duzu ondoko Letxuga kalea, San Joanekin lotutako kontakizun eta guzti.
Korreo kaleko eraikinik nabarmenena da. Gaur Erdi Aroko fatxada ikusten dugu, XVI. mendean Iturritza jauregia eraiki aurreko dorretxearena. Miguel Mendiolak eta Magdalena Unanuek sinatu zituzten armarriak. Moja klaratarrei oparitu zieten toki hura, zeinak beren komentura joan baitziren gerora.
Tolosan ikusi beharreko plazarik ospetsuenetako bat da. Zerkausian larunbatero bertako produktuak saltzen dituzten bezalaxe, Berdura plazan lore- eta landare-azoka egiten dute egun horretan bertan. Inguruko egitura garai bateko alondegiaren gainean dago; han, okela, arraina eta barazkiak saltzen zituzten Erdi Aroan.
1840an eraitsi zuten eraikin zahar hura, eta garai hartako teknikekin eraiki zuten gaur egungo ataripea. Ondo erreparatzen badiozu, erdian Ramos Azkarate poetaren busto bat ikusiko duzu. Hark sortu zuen, hain justu, inauterietako pertsonaietako bat: Galtzaundi.
Txunditurik geratu zara Aranburu jauregiarekin? Ba, hortaz, ikusi behar duzu Atodo jauregia ere. Tolosako bigarren garrantzitsuena da, Errenazimentuko arkitekturaren adierazlerik handienetako bat. Fermin Atodo kondeari zor dio izena, zeina Tolosako tertzioen kapitaina izan baitzen, bai eta Filipe II.aren enbaxadorea ere Erroman.
Gaur egun, etxebizitza pribatuak daude eraikin hartan, baina kultura-intereseko ondasun gisa dago babestuta. Filipe III.ak, Fernando VII.ak Karlos IV.ak eta beste hainbat pertsona itzaltsuk hartu zuten ostatu eraikin hartan. XVIII. mendean kuartel gisa erabili zuten, eta XX. mendean, berriz, Sortzez Garbiaren mojen ikastetxe bihurtu zen.
Udaletxe aurreko Plaza Zaharraren parean, bada beste bat, Plaza Berria. Izenak dioen bezala, alde zaharrean eraiki zuten azken plaza da, XVIII. mendearen erdialdekoa (aurretik, harresi-barneko baratzeak zeuden han). Erdiko kioskoa da bereizgarriena, nahiz eta inguruko eraikinek ere merezi duten argazkitxo bat.
Garai bateko Zezenketen etxea izenekoa ikusiko duzu alde batean, eta bestean, berriz, Abastos eraikina, lehen bigarren udaletxea eta ondoren alondegia izandakoa. Ospakizun-toki nabarmena da tolosarrentzat: kontzertuak eta jai tradizionalak ez ezik, pilota-partidak ere izaten dira bertan.
Gure ustez, Tolosako eraikin itzel eta politenetako bat da. San Frantzisko eliza eraikitzeko, ia 100 urte behar izan zituzten: XVI. mendearen amaieratik XVII. mendearen amaierara bitartean altxatu zuten, Pedro Mendizorrotzen agindupean. Harresiz kanpo zegoen jatorrian, baina Gaztelako Errege Bidearen ondoan.
Denbora luzez, teologia-ikastetxe izan zen, eta, gerra-garaietan, ospitale militar eta kuartel gisa ere baliatu zuten. Inguruan baratze ugari zituen, baina, XIX. mendeko desamortizazioekin, Beotibar pilotalekurako eta Artxibo Probintzialerako hasi ziren erabiltzen.
Jauretxe ikusgarri horretan, Antonio Maria Labaien kultur etxea dago gaur egun, baina aurretik Gipuzkoako Aldundiaren jauregia izan zen. XIX. mendearen erdialdean altxatu zuten, Barrenatxoenea edo Portaletxe izeneko eraikina zegoen leku berean.
Pentsatzekoa denez, Tolosan ezin da falta zezen-plazarik. Hirugarren mailakoa da, 5.000 eserleku baino gehiago ditu, eta lepo beteta egoten da inauterietako arratsaldeetan, hasi ostegun gizen egunetik eta asteartitaraino. 1903an eraiki zuten, eta, Gerra Zibilean, talde matxinatuaren kontzentrazio-esparrua izan zen.
Nondik hasi? Tolosan badira aspaldiko garaietako kokaguneen arrastoak, Burdin Arokoak, Brontze Arokoak, baita zaharragoak ere. Hala ere, ez daukagu informazio askorik garai haiei buruz, ezta erromanizazio-prozesuari buruz ere. Tolosaren historia 1265ean hasi zen, Alfontso X.a Jakintsuak hiribildua sortu ondoren.
Hala, Gasteizko Forua eman zion Oria haranean ibaiaren gain-gainean uharte babestu gisa sorturiko hiribildu hari. Gaztelako erresumak interes asko zituen plaza berri harekin; izan ere, komunikazio-gune bikaina zen, Gipuzkoa (1200. urtean erantsia), Nafarroa eta penintsula barnealdea lotzeko.
Harrezkero, erresistentzia izan da Tolosaren bereizgarria; bai bizilagunena, zergak ordaintzeari zegokionez, bai hiriko arkitekturarena, izaniko sute ugarien ondoren. Lehenengoa 1282an izan zen, eta Antso IV.aren politikei esker berroneratu zen.
XV. mendetik aurrera, tolosarrek gogotik erakutsi zizkieten hortzak Gaztelako erresumak ezarritako zergei, eta borroka eraginkor hura mugarri izan zen hiribilduak koroarekin izan zuen harremanean. 1469an izan zen bigarren sutea, eta 1503an hirugarrena. Bi hamarkada geroago, Aguraingo kondeak komuneroen bandoan jarri zuen Tolosa Komunitateen Gerran.
XVIII. mendean, frantsesek okupatu zuten: Konbentzio Gerran lehenik, eta Independentzia Gerran gero. Garaipenaren ondoren, Tolosa Gipuzkoako hiriburua bihurtu zen 1844an, baina 1854an berriro eraman zuten Donostiara. Mende hartako 70eko hamarkadan karlisten kontrolpean egon zen.
Hurrengo urteetan, industria-bultzada handia izan zuen, Euskadiko gainerako tokietan bezalaxe, eta erreferentzia bilakatu zen papergintzan. Gaur egun, kultur jarduerek, nekazaritza-azokek eta turismoak egiten dute ospetsu. Baina baita gastronomiak ere, ezagun askoak baitira Tolosako babarrunak eta gozoak.
Mapan begiratuz gero, ikusiko duzu Tolosa oso gertu dagoela Donostiatik. Eta halaxe da, 27 kilometro baino ez daude batetik bestera; distantzia labur horrexek markatu du historia osoan agintariek bi hiriei emaniko rol estrategikoa. Hori argitu ondotik, argi dago nondik iristen den errazen.
A-1 autobiak eta GI-2130, GI-2135 eta GI-2634 errepide probintzialek zeharkatzen dute udalerria, eta puntu aproposa da Aralarko mendilerroa bisitatzeko, bai eta Azpeitia eta Azkoitia inguruak ezagutzeko ere. Ikus dezagun.
Eta kito! Jakin-minari eutsi ezinik bazabiltza, badakizu... Gipuzkoa aldera joanez gero, Tolosa nahitaez bisitatu beharreko tokia da. Are hobeto mugikorrerako Guuk-en tarifa batekin egiten baduzu. Ziztu bizian partekatuko dituzu zure esperientziak adiskideekin.