icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Urdaibai, Euskadiko lehen turismo-leku jasangarria

04 Agosto 2021 16:10
ilustrazioa-jasangarritasuna-urdaibai

Itsasoa ala mendia? Ez bata, ez bestea. Guuk-en Urdaibai esaten dugu. Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserba gurearekin konektatzeko esperientzia bizitzeko aukera ematen duten txoko berde-urdin horietako bat da.

Ozeanotik aldenduta, Bizkaiko Golkoaren babesean, 22.000 hektarea baso eta haran daude Kantauri Itsasora begira, itsaslabarrak, padurak, hareatza zabalak eta hondartzak lagun dituztela. Gainera, Urdaibai da turismo jasangarriaren arloan nazioartean onarpena duen Euskadiko lehen helmuga eta bakarra.

Urdaibai, hots, “Basurdeen itsasadarra”, aberastasun ekologiko handiko naturagune bat da; horregatik UNESCOk Biosferaren Erreserba izendatu zuen, 1984an —bost urte geroago, ildo bereko araua emango zuen Eusko Legebiltzarrak—, bizilagunek hura babesteko urteetan borrokatu ondoren. Nork ez du konektatzen horrelako leku batekin?

Prestatu bizkar-zorroa, eta zatoz gurekin ezagutzera Bizkaiko zati handi bat itxuratzen duen eta urtero milaka turista erakartzen dituen natura-paradisu hau. Ezagut dezagun Urdaibai!

Biosferaren-erreserba-urdaibai

Non dago Urdaibaiko Biosfera Erreserba?

Nahikoa duzu mapa batean begiratzea aurkitzeko. Mundakako estuarioaren inguruan, Oka ibaiaren bokalean, Kantauri itsasora husten diren ibaiek mugatzen dute Urdaibai. Bai, Bizkaiko kostaldean gaude, Bilbotik ekialdera.

Arro hidrografiko honek Oiz mendian du iturburua, eta, Gernikatik aurrera, itsasadar bihurtzen da itsasaldien ondorioz. Horregatik, aurrerago, Mundakan, hareatza erraldoiak ikus ditzakegu, padurek sortuak zenbait kilometro atzerago. Horren guztiaren ondorioz, erreserba ez da gune txiki bat.

Dónde está Urdaibai

220 km2 ditu (Bizkai osoko azaleraren % 10), eta 22 udalerri hartzen ditu, horietako 19 osorik erreserbaren barruan. Hogei bat Busturialdeko eskualdekoak dira, eta beste hirurak Zornotza, Arrieta eta Munitibar dira

Hori bai, herriez ari garela, Bermeo eta Gernika dira inguruko garrantzitsuenak. Bien artean, 42.000 biztanle baino gehiago biltzen dituzte. Honekin guztiarekin, uler dezakezu zer neurri dituen Urdaibaik eta, batez ere, nolako garrantzia duen guretzat.

Nola iritsi Urdaibaiko Biosfera Erreserbara

Hedadura oso handia duenez, bertako zer abiapuntu aukeratzen duzun, haren araberakoa izango da Urdaibaira iristeko modua. Guk gomendatzen dizugu Gernikan hastea. Batez ere, gure zuhaitz ospetsua bisitatzeaz gain, hegoaldetik iparraldera egin dezakezulako paisaia ikusiz, kostalderaino.

Hori bai, Google Mapsen begiratuz erreserbaren bihotz-bihotzera iritsi ahal izango gara, hots, itsasadarra bere distira osoan agertzen den lekura. Gustu kontua da, baina, edonola ere, bertaratzea oso erraza da, autoz zein autobusez.

  • Bilbo - Urdaibai: autoz, 40 bat minutuko bidaia da, N-637 errepidea hartuta, eta, ondoren, BI-631 errepidea. Erreserban zaudela, Sukarrietaraino eta Txatxarramendi uharteraino jarraitu ahal izango duzu BI-2235 errepidetik.
Bilbao Urdaibai
  • Gasteiz - Urdaibai: bide luzexeagoa da, ordubete eta 20 minutukoa, iparralderantz N-240 errepidea hartuta, eta gero A-623 errepidea. Durangon AP-8 autobidea hartu beharko duzu, eta, aurrerago, BI-635 errepidea. Gernikan geldialdia egin dezakezu, eta, gero, erreserbaren erdialderaino jarraitu.
Vitoria Urdaibai
  • Donostia - Urdaibai: ordu eta 25 minutuko bidaia, kostaldean mendebalderantz joanda, eta Deba parean barrualderantz sartuta. Hartu AP-8 autobidea Zornotzaraino, eta, gero, hartu BI-635 errepidea. Ibilbidearen gainerakoa Gasteiztik egiten den bera da.
Donosti Urdaibai

Oro har, ideia bat izan dezazun, Urdaibai 33 km-ra dago Bilbotik; 35 km-ra, aireportutik; 14 km-ra, Zornotzatik; 105 km-ra, Donostiatik, eta 70 km-ra, Gasteiztik. Frantziako mugatik (Hendaia) 120 km-ra dago.

Zer ikusi Urdaibaiko Biosfera Erreserban

Ezer baino lehen, Urdaibaiko bi izar nagusietan jarri behar da arreta: surfa eta hegaztiak. Hegaztiei dagokienez, Urdaibai Bird Center ospetsua dugu hemen, eta, horretan, zenbait behatoki Europa osoko espezieen migrazioa ikusteko. Eta, surfari dagokionez, nahikoa da hitz bat esatea: Mundaka.

Kontuan izan zenbait egun beharko dituzula erreserba osoa ezagutzeko. Itzuli egin beharko duzu, beraz. 😉

Gaztelugatxeko San Joan

Zer esango dizugu harribitxi honi buruz dagoeneko esan ez dizuguna? Gaztelugatxeko Donianeri buruzko artikulura jo dezakezu, zalantzak argitzeko. Eta bai, Urdaibai Matxitxakoko lurmuturrean amaitzen da, baina biotopo babestuaren zati batek eremua partekatzen du.

Omako basoa

Gure lurretako hamaikatxo argazkitan ikusiko zenuen. Forma antropomorfiko eta geometrikoz margotutako zuhaitz multzo batek osatzen du Omako Basoa; Agustin Ibarrola artistak margotu zituen zuhaitzok, 80ko hamarkadan. 47 artelan dira. Sakontasunarekin jokatzen dute, eta argazki harrigarriak atera dakizkieke mugikorrarekin.

Kontuz, hala ere, 2023ko udaren amaierara arte ez baititu irekiko ateak berriz. Bisitak egun bakan batzuetara mugatuta daude irailera arte, eta aurreikusten da urrian guztiz zabaltzeko aukera izatea. Kortezubitik gertu!

Gernikako Batzar Etxea eta Arbola

Bai, badakigu Gernikan zer ikusi ugari dagoela, baina Urdaibai bisitatzen ari bazara, gomendatzen dizugu arreta bi gauzatan jartzea: Batzar Etxea eta Gernikako Arbola ospetsua, non EAEko lehendakariak eta Bizkaiko ahaldun nagusiak kargua hartzen eta hura betetzea zin egiten baitute.

Gure haritzik ospetsuena han dago XIV. mendetik (elkarren segidako birlandaketak eginda), eta antzinako erresumetako botereari eta politikari lotutako ekitaldi askotarikoetarako erabili da. Haren ondoan, Batzar Etxea dago, 1833tik; areto nagusia eta beirate-gela ederra ditu.

Santimamiñe haitzuloa

Urdaibaik historia mamitsua du, eta Santimamiñeko haitzuloa da horren adibiderik onena. Han dugu Bizkaiko aztarnategi arkeologikorik baliotsuena. Gizateriaren ondare horrek duela 14.000 urte baino gehiagoko labar-pinturak ditu. Ez da berriketa!

Ereñozar mendiaren hegoaldean dago haitzuloa, eta fisikoki bisitatzerik ez dagoen arren, hiru dimentsioko bisita gidatua egin daiteke bertan; merezi du, benetan.

Mundakako olatua

Euskadin surfa egin nahi baduzu, Mundakara joan behar duzu nahitaez. 70eko hamarkadan, oso ezaguna egin zen udalerria mundu osoko surflarien artean, gaur egun "Mundakako olatua" deritzonagatik.

4 metrorainoko olatu bat da, herriko barran bertan sortu, eta Laidako hondartzaraino heltzen dena; 400 metroko luzera hartzen du, alajaina! Ez da harritzekoa Mundaka Munduko Surf Zirkuituaren egoitza izana.

Matxitxako lurmuturra

Irtengune ikusgarria da; bertatik, Gaztelugatxeko Donianeren ikuspegi paregabeaz gozatu daiteke. Itsas hegaztien eta zetazeoen zaleentzako topagunea da. Nahitaez ikus behar duzu itsasargia — bi dira, egia esan— eta haren inguruko natura-paradisua.

Ogoño lurmuturra

Matxitxako Urdaibairen mendebaldeko muga da, eta Ogoño lurmuturra, berriz, ekialdekoa. Talaiagaineko begiratokitik, Lagako hondartza zein itsasadarra Kantauri itsasoan husten den irteera ikus daitezke. Erreserbako postalik ospetsuenetako bat da; arrazoi osoz, gainera.

Urdaibai Bird Center

Eraikin bat? Ez al ginen naturaz ari? Bai, bai. Urdaibai Bird Center hegaztiak ikertzeko zentro bat da, eta, aldi berean, inguruko behatokirik garrantzitsuena, erreserbaren erdigunetik bertatik paduraz gozatzeko.

Gautegiz Arteagan dago, eta bi behatoki ditu: bata Oruellan eta bestea Ozollon. Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen du guztia.

Urdaibai Bird Center
National Geographic

Ekoetxea Urdaibai

Urdaibaira haurrekin joaten bazara, nahitaez ikusi behar duzu bertako interpretazio-zentroa. Eraikina Busturian dago, 1851ko erlojuaren dorrean, eta era guztietako erakusketak eta jarduerak ditu erreserbaren balio ekologikoari buruz hezteko.

Ekoetxea Urdaibai

Izaro uhartea

Urdaibaiko Biosfera Erreserba osoko uharterik ospetsuena da, bi arrazoirengatik: eremu babestuaren parez pare dago, Kantauri itsasoan, eta iragan erlijioso zein mitologikoa du.

XV. mendean komentu bat eraiki zen han; 200 urte geroago kortsarioen arpilatzeak jasan zituen zenbait alditan, eta denbora luzez abandonatuta egon ondoren, erreserban sartu zen. Kondairak dioenez, uhartea norena zen erabakitzeko, estropada bat antolatu zuten Mundakak eta Bermeok.

Egunsentian hasi behar zuen, eta bermeotarrek suak piztu omen zituzten oilarrak lehenago kanta zezan, eta, hala, lehiaketa irabazteko. Uztailaren 22an Santa Maria Magdalena eguna ospatzen da, Mundaka, Bermeo eta Elantxoberen arteko senidetzearen sinbolo gisa; azken herri horrek epaile lanak egiten zituen.

Laidako hondartza

Laidan, Ibarrangeluko auzorik ospetsuenean, Urdaibaiko hondartzarik entzutetsuena dago. Itsasadarreko mareek sortutako hareatza bat da, eta sakonera txikiko zabalgune handi bat uzten du, patxadaz bainatzeko aproposa.

Aritzatxu hondartza

Bermeotik metro gutxira, xarma handiko kala txiki bat dugu, bainularien, urpekarien eta argazkiak egitera joaten diren guztien gozamenerako. Aritzatxu Euskadiko hondartza onenen zerrendan egon da zenbait urtez. Hori bai, udan jendez gainezka egoten da.

Ogellako marearteko zabaldia

Aitzakia ezin hobea da — lehendik ez bazenuen behintzat— Ea eta Ispaster bisitatzeko, erreserbako bi herri eder. Orgellako marearteko zabaldia itsasbeheran jaiotzen da itsasertzean, Apikale eta Arrakulu artean, eta ia 3 kilometroko eremua uzten du agerian; txango ugari egin daitezke han.

rasa intermareal de Ogella

Arteagako gaztelua

Gaur egun hotel eta jatetxe bihurtua, XII. mendeko gaztelu hau erreserba osoko eraikinik politenetako bat da. 1856an, bi arkitekto frantsesek berreraiki zuten, eta monumentu bihurtu. Ostatu har dezakezu bertan, bai eta jan ere.

San Pedro Atxarre

Lehenago ere aipatua dugu, Euskadiko behatokirik onenei buruzko artikuluan. Atxarre mendiaren tontorrean kokatua, itsasadarraren eta paduraren ikuspegi paregabea eskaintzen du. A, eta horraino iristen diren bideak ere ez dira gutxiago, edertasunari dagokienez.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba da Euskadiren lehen helmuga jasangarria

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Euskadiko lehen helmuga jasangarri izendatu du Europarc nazioarteko agentziak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunak (TJEG) egiaztatzen duen gisan. Izendapen horrek nazioartean ezagutarazteko aukera ematen dio Urdaibairi.

Sustatzaileek azaldu dutenez, aintzatespen horrek ekoturismora bideratutako turismoa garatzeko aukera ematen du, baina, batez ere, ingurumena, gizartea eta ekonomia errespetatzean oinarritutako turismoa garatzeko aukera.

Gainera, helmuga jasangarriaren izendapenari esker, Urdaibai nazioartean sustatu ahal izango da, eta, hala, beharrezkoa den kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko orekari hobeto lagunduko dio. Horrela, eskualdea sustatuko da Euskadiko kalitatezko turismo-leku arduratsu eta seguru gisa.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du aintzatespen hori “Urdaibai-Busturialdean egindako lankidetza-proiektu publiko-pribatu baten arrakastaren ondorio dela; garapen jasangarria esperimentatzeko gune bat izatea du helburu Biosferaren Erreserbak”.

Zer dakarkio Urdaibairi?

Eremua egiaztatzeko lehen fasea gainditu eta turismo-enpresak atxikitzeko bigarren faseari ekin ondoren, TJEGren hirugarren eta azken fasearen prozesua hasiko du Urdaibaiko Biosfera Erreserbak:

  • turismo-eskaintza jasangarria merkaturatzea sustatzen duten bidaia-agentziek Urdaibai-Busturialdea eskualdeko estrategiarekin bat egin dezaten sustatzea.

168 gune Europako 20 herrialdetan

Gaur egun, 168 gune daude Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikita, 20 herrialdetan banatuta.

Hemendik hurbil, leku hauek ere badute jada Europako helmuga jasangarri aitortza: Daimielen Taulak (Gaztela-Mantxa), Garajonay Parke Nazionala (Gomera, Kanaria Uharteak) eta Ebroren Deltako Parke Naturala (Katalunia).

Aurrerantzean, Urdaibai sartuko da Europarc Federazioaren Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxiki izanaren ziurtagiria duten Europako tokien zerrendan.

Guuk-ek zorionak eman nahi dizkie Urdaibai toki jasangarri gisa nabarmentzeko eta babesteko lan egin duten erakunde eta pertsona guztiei. Zorionak!

Erlazionatutako berriak