icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Olentzero, Mari Domingi eta Izenaduba basoa, olentzeroren etxea

14 Diciembre 2022 11:17

Gabon gaua da haurrek eta helduek gehien gozatzen duten jaietako bat. Olentzeroren eta Mari Domingiren zain egoten gara, gure hiri eta herrietan barrena dabiltzan bitartean, galtzagorrien laguntzarekin banatuko dituzten opariak soinean hartuta.

Abenduaren 24ko gau magikoa

Abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi iristen diren unea da grinarik handienez itxaroten ditugun hitzorduetako bat, Gau Beltzarekin eta San Tomas egunarekin batera. Ilusioa gure bazter eta txoko guztietan nabaritzen da, Olentzero eta Mari Domingi gure etxeetara bidean baitira opariak ekartzeko.

Ez dugu nahi ustekabean harrapatzea eta azkenean ikatza jasotzea oparien ordez; beraz, Olentzeroren eta Mari Domingiren jatorria eta bitxikeriak azaldu nahi dizkizuegu.

Nor da Olentzero?

Euskadin, Nafarroan eta Iparraldean ezaguna den Gabonetako pertsonaia mitologiko tradizionala da Olentzero. Euskal jantzi tradizionalez jantzita eta pipa ahoan duela ibiltzen den ikazkin atsegin bat da, eta, Mari Domingirekin batera, opariak ekartzen ditu Eguberri egunean.

Gabon gauean, mendian duen baserritik jaisten da, eta etxez etxe ibiltzen da opariak banatzen. Garrantzitsua da haurrak ondo portatu izatea. Bestela, baliteke ikatza jasotzea oparien ordez; hori bai, gozoa.

Tradizioa da haurrek gutun bat idaztea Olentzerori, zer opari nahi dituzten esanez. 24ko gauean, opari horiek Gabonetako zuhaitzaren azpian edo tximinian agertzen dira. Gainera, haurrek jateko eta edateko zerbait uzten diote, hala nola baso bat esne eta galletak, Euskadiko eta Nafarroako etxe guztietan opariak banatzen pasatutako gau luzean indarberritzeko.

OyMD blog cuerpo 4000X2000 1

Olentzeroren jatorria

Pertsonaia lodikote eta ardozale honen jatorria neguko solstizioko festekin lotuta dago; Gabon gauean tximiniako sua elikatzen zuen enborrari esaten zitzaion Olentzero.

Biharamunean, enborraren errautsak etxeko atearen aurrean zabaltzen dira, urte berrirako etxea babesteko. Ondoren, herriko gazteak lastozko panpinak egiten hasi ziren, eta, arropa zaharrez jantzita, herrian zehar ibiltzen zituzten, etxez etxe kantuan eta eskean zebiltzan bitartean. Gero, iluntzean, Gabonetako enborra bezala, lastozko panpina erretzen zuten. Herri batzuetan mantentzen da oraindik Olentzero erretzeko ohitura hori.

Gaur egun ezagutzen dugun hezur-haragizko Olentzeroren irudia 70eko hamarkadan sortu zen, lastozko panpina pertsonalizatu baitzuten orduan ikastolek.

Mari Domingi

Mari Domingiren pertsonaia berrikiago agertu da Gabonetako euskal panoraman. Pertsonaia hori 1994an sortu zen, Donostian, Eguberriak genero aldetik parekideago egiteko asmoz. Ez da hutsetik sortutako pertsonaia bat; Usandizagaren kanta ezagun batean agertzen zen haren izena, eta handik pertsonaia bihurtu zen.

Mari Domingi Olentzeroren auzokidea da mendian. Diotenez, artzaina da, eta ondo ezagutzen ditu lurra eta basoak, ilargiaren faseak eta eguzkiaren eta landareen erritmoak. Olentzerok bezala, Mari Domingik ere euskal arropa tradizionala erabiltzen du, eta burukoa deritzon pieza bat du buruan, hariz, lihoz edo kotoiz egina.

Adi! Mari Domingi ez da Olentzeroren emaztea edo bikotekidea, baizik eta biek berdin banatzen dituzte opariak.

Mari Domingiren abestia

Goian adierazi dizugun bezala, Mari Domingik Horra, Mari Domingi kantu herrikoian du jatorria:

Horra Mari Domingi, begira horri,

gurekin nahi duela Belena etorri,

gurekin nahi baduzu Belena etorri,

atera beharko duzu gona zahar hori.

Atoz, atoz, zure bila nenbilen ni,

atoz, atoz, zure bila nenbilen ni.

Atoz goazen, adora dezagun Belenen jaio den

haur eder hori, haur eder hori.

Izenaduba basoa

Non bizi da Olentzero? Olentzeroren etxea XVI. mendeko baserri bat da; Mungian dago, Izenaduba basoan.

Izenaduba basoa leku magikoa da; Olentzero, galtzagorriak, Mari Domingi, Basajaun, Tartalo eta beste pertsonaia mitologiko batzuk ezagut daitezke han.

Urte osoan bisita dezakegu Olentzeroren baserria. Izenaduba basoak kulturari eta mitologiari buruzko erakusketak egiten ditu.

Ingurune horretan, txikienek euskal mitologiari buruz ikasteko aukera dute, interakzioan arituz zenbait pertsonaiarekin eta ukimen-gailurekin. Gainera, antzinako baserrietako bizitza nolakoa zen ikas dezakete.

OyMD blog cuerpo 4000X2000 2

Olentzeroren eta Mari Domingiren desfilea

Abenduaren 24an, Olentzero eta, herri askotan, Mari Domingi, Euskadiko hiri eta herrietako kaleetan barrena ibiltzen dira gozokiak banatzen. Bitartean, txikienek beren gutunak ematen dizkiete, aurrez bidali ez badituzte.

Herri askotan, hezur-haragizkoa da pertsonaia; beste batzuetan, panpina bat.

Euskadiko hiru hiriburuetan, Bilbon, Gasteizen eta Donostian, ilusio handiz bizi da Olentzeroren desfilea, eta ekitaldi handia izaten da.

Olentzeroren abestia

Ez dakigu Olentzeroren Gabonetako kanta ezagunaren egilea nor den, nongoa den eta kanta noiz sortu zuen, baina badakigu ahoz aho transmititu dela belaunaldiz belaunaldi.

Abesti tradizionalaren bertsio bat baino gehiago daude. Izan ere, ahapaldi batzuk kendu egin dira; hain zuzen, Olentzero gizen eta mozkorra irudikatzen dutenak, umeentzat eredu egokia ez delakoan.

Beste abesti modernoago batzuk ere sortu dira, hala nola Ole Ole Olentzero, Ene Kantak taldearena edo Olentzero Rockero, Olentzero joan zaigu kanta ezagunaren bertsio rockeroa.

Hemen jatorrizko abestiaren hitzak:

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.

Aditu duanian
jesus jaio dala
lasterka etorri da
berri ematera.

Horra, Horra,
gure Olentzero
pipa hortzian duela
eserita dago.

Kapoiak ere baitu
arrautzatxuekin
bihar meriendatzeko
botila arduakin.

Olentzero buru handia
entendimentuz jantzia
bart arratsean
edan omen du
hamar arruko zahagia.

Bai urde tripaundia
trala larala trala larala
bai urde tripaundia
trala larala trala lara.

Zalantzarik gabe, Euskadin gustuko ditugu tradizioak eta jaiak, familiarekin eta lagunekin konektatuta egoteko momenturik onena baitira.

Erlazionatutako berriak