icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

San Tomas eguna: Euskadiko merkatuak eta tradizioak

09 Diciembre 2022 10:00

San Tomas egunean, euskal herri eta hiri asko landa-merkatu handi bihurtzen dira. Kaleak, giro onez gainezka, talo- eta txistorra-usainez betetzen dira, eta euskal folklorearen eta bertsolarien doinua gailentzen da.

Egun batez, baserritar-jantzia soinean ateratzen dira kalera milaka herritar, bizirik eusteko XIX. mendearen erdialdera hasitako tradizio bati.

Jakin nahi duzu zein den San Tomas egunaren historia?

San Tomas egunaren jatorria

XIX. mendearen erdialdean hasi zen guztia: baserritarrek hirira joan behar izaten zuten urteko errenta ordaintzeko lurren maizterrei San Martin egunean. Hala ere, errentaren ordainketa San Tomas egunera arte atzeratzen zen.

Bidaia aprobetxatzearren, baserritarrek beren baserriko produktuak eramaten zituzten saltzeko edo trukeak egiteko.

Horrela hasi zen, pixkanaka, baserriko produktuen azoka, gaur egun landa- eta hiri-eremuak lotzen dituen Euskadiko festarik garrantzitsuenetako bat bihurtu den arte.

San Tomas egunerako planak

Seguru asko, gorriz markatuta izango duzu egun hori zure egutegian. San Tomas eguna iritsi zain egoten gara asko eta asko, euskal jairik ospetsuenetako bat baita. Hona hemen egun horretako tradizio eta planetako batzuk.

Taloa txistorrarekin eta sagardoarekin

San Tomas egunean, oso ohitura zabaldua da txistorra taloan bilduta jatea, eta, jakia bultzatzeko, sagardoz eta txakolinez bustitzea eztarria.

Arto-irinez eta urez egin eta plantxan erretzen den opil bat da taloa, eta txistorra sartzen da gero opil barruan. Nafar jatorriko hestebete-mota bat da txistorra, ondu gabeko txerriki xehatuarekin egina eta baratxuriz, gatzez eta piperrautsez ondua.

Nahiz hestebete hori den San Tomas eguneko menuko jaki nagusia, beste jaki batzuk ere erantsi dira urteen joan-etorrian, eta gaur egun ohikoa da, taloak, txistorraz gainera, odolkiz, solomoz, hirugiharrez, txistorra beganoz edo txokolatez betetzea ere.

St Tomas blog cuerpo 4000X2000 v1

Baserritar-jantzia

Urtean zehar Euskal Herrian ospatzen diren jai askotan baserritar-jantzia erabiltzeko ohitura dago. Beste izen batzuk ere baliatzen dira jantzi horrentzat; esate baterako, nesken jantziari “neska” esan ohi zaio leku batzuetan.

Leku batetik bestera, badira alde batzuk jantzian, baina, oro har, oso antzekoak dira denak.

Gizonen jantziak osagai hauek ditu: txapela, zapi koadroduna, alkandora zuria, brusa beltza, praka mila-marra, gerriko gorria, artilezko galtzerdi zuriak eta abarkak. Emakumeenak, berriz, beste hauek: blusa, gona, buruko zapia, galtzerdi beltzak, artilezko galtzerdi zuriak eta abarkak.

San Tomas eguna haurrekin

Egun horretako agendan, haurrentzako ekitaldi ugari antolatzen dira Euskadiko herri askotan, bai eta tailer eta jolas ugari ere.

Horrela, gainera, landa-mundua era dibertigarrian hurbiltzen zaie haurrei, egunerokoan urruti izaten baitute maiz. Esate baterako, baratzea zaintzeko egin beharrekoen berri ematen zaie, eta baserriko animaliak gertutik ezagutzeko aukera ere izaten dute.

Non ospatzen da San Tomas eguna?

Oro har, hauek dira denok irrikaz espero dugun egun berezi horretan jende gehien biltzen duten herriak: Donostia, Bilbo, Azpeitia, Lekeitio, Errenteria, Irun, Hondarribia, Usurbil eta Arrasate.

Herri eta hiri gehienetan, hala nola Bilbon eta Donostian, abenduaren 21ean ospatzen dute San Tomas eguna; Arrasaten, berriz, abenduaren 22an ospatzen dute, eta “Santamasak” esaten diote jaiari.

St Tomas blog cuerpo 4000X2000 v2

Bilboko San Tomas azoka

Bilbon, Plaza Barrian eta Areatzan kokatzen da batik bat aire zabaleko landa-merkatu handia. Dagoeneko aipatutako produktuak dasta daitezke han, hala nola taloa eta txistorra; horietaz gainera, hainbat produktu egoten dira salgai; besteak beste, gazta, eztia, erroskillak, euskal pastela, txakolina, barazkiak eta artisauek egindako produktuak.

San Tomas eguna Donostian

Donostian ere oso egun handia da San Tomas eguna, Aste Nagusiaren parekoa ia donostiar petoaren egutegian.

Parte Zaharreko Konstituzio Plaza da San Tomas eguneko giroaren bihotza, eta txerri handi bat jartzen dute ikusgai han bertan.

Arrasateko “Santamasak”

Arrasaten, hiru egun irauten du San Tomas jaiak; 21ean hasi eta 24an amaitzen da, baina abenduaren 22a da azokaren egun nagusia.

Ganaduaren azokan, txerria da protagonista nagusia, beste herri askotan bezala; izan ere, egun horretan, txerri bat jartzen da ikusgai herriko plaza nagusian, eta zozkatu egiten da gero; “txerri dantza” izeneko dantza herrikoi bat ere badute, gainera.

Seber Altube plazan fruta- eta barazki-erakusketa jartzen da, eta Jokin Zaitegi plazan, berriz, eskulanen erakusketa.

Abenduaren 24an bukatzen dira Santamasak, Txoronpioren eta Txoronpiaren bisitarekin. Izan ere, haiek jasotzen dituzte haurrek Olentzerori idatzitako gutunak.

Orain, tradizioz betetako jai horretaz zein herritan gozatu nahi duzun aukeratu besterik ez duzu: non ibili artisauen postuetan barrena, non erosi euskal pastel zati bat edo pastel osoa, non jan taloa eta txistorra eta non edan sagardo edo txakolin goxo bat.

Gainera, goiz-goizetik hasten da jaia herri gehienetan, baina gau mineraino luzatzen dute askok.


Erlazionatutako berriak