icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Herri-kirolen modalitateak

13 Marzo 2023 12:18

Tradizioak modu askotan jarraitzen du bizirik Euskal Herrian. Herri-kirolei dagokienez, baserriko lanak gazte eta helduen artean interesa sortzeko ahalmena duten kirol bilakatu dira. Eta, hain zuzen, herri-kirolen modalitateez hitz egin nahi dizugu gaur Guuk-en.

Jarduera horiek lotura estua dute herrietako zaindarien jaiekin, eta, bereziki, Andre Mari Zuriaren jaietako, Aste Nagusiko eta antzeko ospakizunetako ekitaldi handiekin. Baina urteko sasoi guztietan goza dezakegu kirol horiez Interneti esker.

Beraz, jakin-mina baduzu edo aizkolarien indar-erakustaldiak ikustea gogoko baduzu, gera zaitez gurekin, eta kirol horiek guztiak nola egiten diren azalduko dizugu. A! Eta egin begiratu bat Herri Kirol Federazioari.

Aizkora

Zer dira herri-kirolak?

Inoiz pentsatu duzu herri-kirolak zergatik ote diren diren modukoak? Enborrak ebakitzea, harriak jasotzea eta txingak eramatea ez dira kasualitatea. Herri-kiroletako jarduerak Euskal Herriko bizitza tradizionalean errotzen dira.

Baserritarrek egiten zituzten lanez ari gara. Gure arbasoen bizitza gogorra zen, eta eraikitzeko, egurra lortzeko eta uzta jasotzeko egiten zituzten lan horietan geratu zaizkigu garai hartako bizimoduaren zantzuak.

Denboraren poderioz lan horiek guztiak desagertzen joan ziren hobekuntza teknologikoei esker, eta aisialdirako jarduera gisa iraun zuten landa-inguruneetan. Kirol bilakatu ziren, baina jatorrizko lanen funtsa galdu gabe.

  • Bitxikeria💡: Diru gehien ematen duten herri-kiroletako modalitateen lehiaketa erdiprofesionalak antolatzen dira, inplikazio handiko kirolarien parte-hartzearekin

Herri-kirolen bat egin nahi baduzu, kontuan izan, kirolari dagozkion arauez gainera, trebetasuna, iraupena, koordinazioa eta, nola ez, indarra direla modalitate guztien ardatzak. Ikus ditzagun banan-banan!

Aizkora

Lehenengo aizkora-proba XIX. mendearen hasieran egin zela uste da, ordukoa baita lehenengo erregistroa, baina mendeetan zehar egin dela uste da. Zertan datza? Aizkora batekin enborrak ebaki behar dira ahalik eta denbora laburrenean.

Hasiera batean apustuak egiten ziren, eta horrek parte-hartzaileen arteko lehiakortasuna areagotzen zuen. Baina gaur egun txapelketa eta ligak baino ez dira egiten. Kirol honetan, enborra horizontalean edo bertikalean (Australiako estiloa) jar daiteke, eta aizkolariak bakarka edo taldean aritu daitezke.

Araudietan muga batzuk jartzen dira (adibidez, pagoaren egurra erabili behar dela beti), eta enborren diametroa eta luzera zehazten da. Ondo baino hobeto neurtuta dago guztia! Gainera, kirolariak erakuslearekin batera aritu daitezke; ebakia non egin adierazten die, eta ezpalak kentzen joaten da.

  • Erronketan: Enborrak bi ilara berdinetan eta aizkolari bakoitzarentzat txandakatuak jartzen dira. Oinarri edo ipurdiak alde bererantz jartzen dira, betiere ilarak ez badira paraleloak. Gero ilara nork hautatuko duen zozkatzen da, eta egurra ebakitzen hasten dira. Ordena bati jarraitu gabe ebaki daitezke, baina ezin da pasatu batetik bestera lehenengoarekin amaitu aurretik.
  • Lehiaketetan: hiru aizkolarik edo gehiagok parte hartzen dute, eta enborrak ebaki-motaren arabera multzokatzen dira. Hasi baino 30 minutu lehenago egiten da sorten zozketa. Jokoa hasi ondoren, kirolariek presidentetzatik gertuen dagoen aldetik ebaki behar dute enborra beti, ordena bati jarraituz. Urrezko Aizkora da lehiaketa handiena.

Trontza

Arpana edo trontza herri-kirol mota bat da: kirolariek egurra mozten dute bi helduleku dituen zerra batekin. Pirinioetan eta beste herrialde batzuetan ere (Alemania, Austria eta Suitza, esate baterako) oso ohikoa da.

Eta, jakina, bi kirolari behar dira kirol honetan; bakoitzak bere aldera mugitzen du trontza, zerraren efektua lortzeko. Enborrak asto baten gainean bermatzen dira, eta kirolariek 2,5 zentimetro inguruko lodierako diskotan ebakitzen dute egurra.

Denbora mugatu batean serieka ebakitzen joatea da ohikoena. Batzuk ebaketa bertikalekin egiten dira, eta beste batzuk horizontalekin. Arauak betez zati gehien egin dituen taldeak irabazten du.

Harri-jasotzea

Oso tipikoa da Enkarterrin, baina Euskadi eta Nafarroa osoan ere oso zabalduta dago. Enkarterriko meatze eta harrobietan du jatorria. Harri-jasotzean harri-jasotzaile bakoitzaren berezko indarra baino ez da erabiltzen.

Harri-jasotzaileak esku biluziekin jasotzen du harria (lastatua edo lastatu gabea) sorbalda pareraino. Lurzoruarekiko horizontal geratzea da helburua. Harri bakoitzaren pisua eta forma modalitatearen eta txapelketaren araberakoak dira.

  • Bitxikeria💡: Iñaki Perurena da herri-kirol honetako izar nagusia; hain zuzen, berak lortu zuen lehenengoz, 1994an, 300 kilogramotik gorako harri bat jasotzea.

Hona hemen harri-jasotzean kontuan hartu beharreko zenbait alderdi garrantzitsu: txandak eta atsedenak egiten dira lehiaketetan, harriek naturalak eta harrobitik hartuak izan behar dute, parte-hartzaile bakoitzak bere harriak eraman ditzake (epaileak ikuskatzen ditu aldez aurretik) eta, berdinketa gertatuz gero, pisu gutxieneko harri-jasotzaileak irabazten du.

  • Harri txikien txapelketa: absolutua edo 80 kilo baino gutxiagorekin, 100 kiloko bolekin, 112,5 kiloko kubikoekin eta 125 kiloko zilindriko eta laukizuzenekin. 3 minutuko txandak egiten dira, eta haien artean 15 minutuko atsedenak tartekatzen dira.
  • Harri handien txapelketa: 125 kiloko bolekin, 150 kiloko kubiko eta zilindrikoekin eta 175 edo 200 kiloko laukizuzenekin. Txanden iraupena harri txikien txapelketan bezalakoa da.
  • Kintopekoen txapelketa: 21 urtetik beherakoentzat bakarrik; 100 kiloko harri kubikoekin edo antzinako zilindrikoekin aritzen dira. Modalitate honetako txandak ere berdinak dira.

Sokatira

Nazioartean gehien zabaldutako herri-kiroletako bat da sokatira. Munduko txapelketak egiten dira bi urtetik behin, eta haietan parte hartzen du euskal selekzioak. 1900 eta 1920 bitartean kirol olinpiko ere izan zen. Zertan datza? Antzeko pisu totala duten zortzi pertsonako bi taldek tiratzen diote soka bati.

Talde bakoitzak botilero edo animatzaile baten laguntza jasotzen du, jarraibideak ematen baitizkio taldeari erdiko zinten eta handik lau metrora dauden paraleloen posizioaren arabera. Aurkako taldea norbere alderaino arrastatzea da helburua.

Araudi bat dago pikarokeriak saihesteko; esate baterako, debekatuta dago lurzoruan esertzea eta oinak bermatzeko zuloak egitea.

Giza-abere probak: harriak eramatea

Modalitate ugari daude, baina guztiek dute helburu bera: harri bat ahalik eta distantzia luzeenean eramatea ezarritako denbora laburrenean. Giza-abere proben barruan zenbait diziplina ditugu, harria mugitzen duen animaliaren arabera.

Giza probetan izan ezik (pertsonek eramaten dituzte harriak, animalien laguntzarik gabe), harriak 500 eta 650 kilo bitartekoak izan ohi dira. Uztarri batekin lotzen zaizkio animaliari edo animaliei. Akuilari batek zuzentzen du uztarri bakoitza.

Araudian zehazten dira alderdi guztiak: akuilariak non eta nola kolpekatu dezakeen animalia, zenbat puntu lortzen diren txapelketako posizioaren arabera eta nola jokatu behar duen erakusleak urrunetik parte-hartzaileak gidatzen.

  • Idi-probak: modalitate ezagunena da; idiek eramaten dute harria.
  • Astro-probak: astoekin
  • Zaldi-probak: zaldiekin
  • Giza probak: animaliarik gabe; taldean edo banaka jokatzen dute probalariek. Modalitate hau oso ezaguna da Nabarnizen (Bizkaia).

Sega

Sega da herri-kirolen jatorria ondoen erakusten duen kirola. Belardiak segarekin ebaki eta belarra jasotzen zen garaiaz ari gara, noski. Eta horretan datza probak.

Ezarritako denboran esleitutako lursailean ahalik eta belar kilo gehienak segarekin ebakitzea da helburua. Baskulan pisu handiena lortzen duen segalariak irabazten du.

Araudiari dagokionez, ekinaldi bakoitzak ordu erditik bi ordura irauten du. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 5 sega erabiltzeko aukera du. Ebakia nola egin behar den, belarrak zer luzera izan behar duen eta lursailaren tamaina zehazten dira araudietan.

Lursail batetik bestera igaro aurretik, segalariak belardi guztia ebaki behar du. Belarra jasotzeaz eta baskularako fardoak prestatzeaz arduratzen diren sei laguntzailerekin batera aritzen dira.

Txinga-eramatea

Meatzariek burdinarekin egiten zituzten lanetan du jatorria txinga-lasterketak. Pisu edo txinga bat eraman behar da esku bakoitzean ahalik eta tarterik luzeenean. Beste herri-kirol batzuetan ez bezala, hemen ez dago denbora-mugarik.

Eta orduan? Baldintza bakarra da txingek lurra ez ukitzea une bakar batean ere. Beraz, modalitate honetan iraupena neurtzen da indarra baino gehiago. Eskuetan babesik gabe egiten da, 50 kiloko pisuekin (gizonezkoak) edo 25 kilokoekin (emakumezkoak).

Txinga-eramatea herriko plazetan egiten da, han izaten baita toki gehien. Kontuan izan probetako eremuak 28 metro luze izan behar duela.

  • Ontzi-eramatea beste bertsioa bat da, zeinean esnetarako marmitak eramaten baitira txingen ordez. Iparraldean sortu zen, garai batean industria han ez baitzen zabaldu Euskal Herriko gainerako lurraldeetan adina.

Lokotx-biltzea

Materialen garraiotik soroetan artoa jasotzera. Lokotx biltzean lokotx edo artaburuak jaso eta otarre batan sartu behar dira, ahalik eta denbora laburrenean.

  • Herri-kirol hau banaka eta taldeka egiten da.

15 zentimetroko artaburuak erabiltzen dira; ilaratan jartzen dira (ilara bakoitzean 25 artaburu), elkarren artean 1,25 metroko tarte simetrikoa utzita. Nola jokatzen da? Kirolaria lasterka joaten da lokotx bat hartzera, eta otarrean uzteko itzultzen da. Ordenan jaso behar dituzte, urrunen dagoenetik gertuenekora.

Ingude-altxatzea

Iparraldeko herri-kirol hedatuenetariko bat da (handik gainerako eskualdeetara zabaldu zen). Ingude-altxatzean garai batean errementariek egiten zituzten ingudeen antzekoak altxatzen dira.

Gaur egun, 18 kiloko burdinazko ingude bat (emakumeek 10 kilokoa altxatzen dute) altxatu behar da ahalik eta gehienetan, oinarri batetik altuera jakin batera.

Zehazki, proba bakoitzak minutu bat eta erdi irauten du modalitate guztietan. Altxaldia baliozkoa izan dadin, ingudeak oinarria eta bisera (goiko xafla) jo behar ditu. Eskuetan ez da babesik erabiltzen, eta, beharrezkoa bada, laguntzaile batek lagundu diezaioke kirolariari.

Zaku-eramatea

Herri-kirol hau joan den mendean Frantziako mugan materialak eta pertsonak kontrabandoan pasatzen zituzten mugalarien lanarekin erlazionatzen da. Gaur egun Euskal Herri guztian egiten diren zaku-lasterken inspirazioa dira.

80 kiloko zaku bat (emakumeek 40 kilokoa) sorbalda gainean eraman behar da distantzia jakin batean ahalik eta denbora laburrenean. 120 metro luze den eta kaleak markatuta dituen pista batean lerro zuzenean egiten da lasterka.

Banaka eta taldeka egiten da. Taldeka parte hartzen denean, hiru pertsonako erreleboak egiten dira, banakako kirolarien arau eta eta baldintza berdinekin.

Orga jokoa

Muga inguruko erliebea zela-eta, eremu hartako biztanleek aspaldi batean pisu handiak altxatu behar izaten zituzten eguneroko lanetan. Iparraldeko tradizio horretatik sortu zen orga jokoa; orgak altxatzean datza.

Herri-kirol honetan, orgari eskuekin heldu behar zaio atzealdetik eta birarazi egin behar da tokitik mugitu gabe, gurtaga zoruko puntu finko batean bermatuta dagoela. Ahalik eta distantzia luzeena egitea da helburua, eta gurpilek ez dute lurzorua ukitu behar une bakar batean ere.

Araudiari dagokionez, gurdiak zurezkoa izan behar du, eta 4 metro eta erdi eduki behar ditu. Gurtaga xafla batean (70 cm x 70 cm) bermatzen da, eta kontza gurtagaren muturrean jartzen da, lurretik 15 cm-ra.

Orgak gehienez 90 cm-ko altuera izan dezake, lurretik hasita kirolariaren besoek orga ukitzen duten punturaino, eta 200 kilo eduki behar ditu. Ez dago gehienezko eta gutxieneko denborarik, eta kirolariak heldulekuak jar ditzake komeni zaion tokietan.

Lasto-jasotzea

Zer egiten zen baserrietako lastategietan? Horixe bera, lasto-fardoak altxatu. Horretan datza lasto-jasotzea: fardo bat altuera jakin batera altxarazi behar da ahalik eta gehienetan.

Horretarako, parte-hartzaileak esku hutsik joan behar du, eta besoak bakarrik erabil ditzake. Baina polea baten laguntza du. Lehiaketako fardoak 45 kilo ditu (emakumeentzat 30), eta gehienez 60 x 90 x 55 zentimetro.

  • Trikimailua👉: erortzen ari den fardoaren inertziaz baliatzen dira lehiakideak lurretik altxatzeko eta hurrengo jasoaldirako bulkada hartzeko.

Polea, bestalde, sokak goiko korapilotik hasita 7 metroko ibilbidea egiteko moduan jartzen da. Horrekin guztiarekin, kirolariak bi oinak lurrean jartzen ditu, eta tiraka hasten da. 2 minutu ditu ahalik eta errepikapen gehien egiteko.

Fardoak lurra eta sokaren korapiloa ukitu behar ditu jasoaldia baliozkoa izateko. Kirolariak 3 metroko erradio batean mugitzeko aukera du (polearen perpendikularretik), behar dituen egokitzapenak egiteko.

Lasto-botatzea

Gurdietan lastoarekin egiten zen lanean du jatorria herri-kirol honek. Euskal Herrian ez ezik, Eskozian, Australian eta Irlandan ere egiten da. Zertan datza? Kirolariek lasto-fardoa, sarde baten laguntzarekin, barra horizontal baten gainetik pasatu behar dute.

Fardoak 12 eta 13 kilo arteko pisua izaten du, eta estu lotuta eta enbalatuta egon behar du, ez dadin barreia. Sardearen luzera gehienez 1,80 metro da, eta barra horizontala altxatzen joaten da jasoaldi bakoitzarekin!

Bai, lasto-botatzea gero eta zailagoa da errepikapen bakoitzarekin; 30 zentimetroka altxatzen da 3,40 metrotik 4 metroko altuera arte, 20 zentimetroka 4 metrotik 5 metrora, eta 10 zentimetroka 5 metrotik gora.

Honela aritzen dira: parte-hartzaile bakoitzak maila bat gainditzen du txanda bakoitzeko (hiru saialdi ditu). Mailara iristen ez direnak kanporatu egiten dira. Ondoren, barra altxatu eta berriro egiten da gauza bera, harik eta parte-hartzaile bat geratzen den arte.

Harri-zulatzaileen probak

Zertarako zulatzen dira harriak? Garai batean, meatzariek zuloak egiten zituzten harrietan, dinamita sartzeko. Lan horretatik sortu ziren harri-zulatzaileen probak edo barrenari-probak (ohikoagoa da azken izen hau).

  • Oso herri-kirol ezaguna da Bizkaiko mendebaldean, baina 90eko hamarkadatik aurrera Euskal Herri osora zabalduz joan da.

Harri baten gainean ahalik eta barrena-zulo gehien egin behar dira denbora-epe batean. Zulo gehien egiten dituen harri-zulatzaileak irabazten du. Kirolariek laguntzaile bat izaten dute, hauspo batekin edo urarekin ingurua garbitzen duena.

Hona hemen xehetasun batzuk: barrenaren luzerak 1,90 eta 2,10 metro bitarte izan behar du, eta puntarenak 13 zentimetro. Debekatuta dago barrena trokelatzea, zintekin biltzea eta abar. Eta, hala, proba hasten da.

Barrenariak hiru ilara zulatzen ditu, nahi duen hurrenkeran, eta puntuak gehitzen joango da zuloak zehaztutako sakonerakoak badira. Tapoiarekin ixten diren zuloei bukatu gabe geratu diren sakonera handieneko zuloak gehitzen zaizkie. Hau da azken emaitza: eragiketaren datua zentimetrotan gehi barrena-zuloen kopurua.

Beste herri-kirol asko daude, baina Euskal Joko eta Kirolen Euskal Federazioak hemen jaso ditugunak aintzatesten ditu. Nahikoak dira nora eta nola begiratu jakin dezazun. Kontsultatu egutegiak, eta ez huts egin lehiaketarik.

Eta, ahal baduzu, erabil ezazu Internet. Etxetik mugitu ere egin gabe herri-kirolez gozatzen lagunduko dizu Guuk-ek. Sartu gure webgunean eta hautatu zure beharretara ondoen egokitzen den tarifa.

Erlazionatutako berriak