icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Euskadi eta Nafarroatik mendi-ibilietarako bost aplikazio onenak

17 Febrero 2021 09:41

Guztion bizitza errotik aldatu digu 2020. urteak, egun batetik bestera. Hala eta guztiz ere, distantzia sozialari hoberen eusten zaion tokian denbora gehiago igarotzeko aukera paregabea ekarri digu; Euskadi eta Nafarroan ditugun paradisu naturaletan egoteko aukera, alegia. Izan ere, tokiko turismoaren goraldiak jatorri zehatza du: trafikoa handitu egin da gure herriko mendi ibilbide eta paraje naturaletan. Mendi-ibili berrietan barrena ibiltzeko bost aplikazio proposatzen dizkizuegu, bide berriak aurki ditzazuen.

Euskadi eta Nafarroako mendietan ibiltzea

Ibiltzea edo paseatzea naturan murgildu, inguruak miatu, erlaxatu eta aire freskoa arnasteko modurik onena da. Eta ondo dakizu Guuk-en izugarri gustatzen zaigula gure zelaien berdea. Hamaika aldiz esan dizugu, ezta? Berdea... berdea da! Ez al zaizue iruditzen berdea berde denetik are berdeagoa dela gure hegal eta mendiak janzten dituen alfonbra?

Ibiltzea beti izan da pentsatzeko metodo onenetako bat. Horretarako ez duzu mugikorra behar, baina, estaldura ona eta teknologia egokia eskura badituzu, lagungarriak izan daitezke, nor berearekin konektatzeko. Gainera, ongizatea eta segurtasun pertsonala areagotu ditzakete kirola inguru naturaletan egitean ari zarenean; bereziki, gu gidatzea eta inspiratzea xede duten mendi-ibilietarako aplikazioek.

Guuk-en mendian ibiltzeko gehien gustatzen zaizkigun aplikazioak erakutsi nahi dizkizugu. Praktiko-praktikoak dira, eta, horregatik bakarrik bada ere, merezi du mugikorra motxilan sartzea. Hitza hitz.

Bokata eskuan, aire freskoaren bafada bakoitza sentitu eta gertuen duzun paradisuan murgiltzeko gomendatzen dizugu. Gailurretik ikusita, arazoak ez dira horrenbesteko arazo, ezta? Aurrera, lagun!

mugikorra-aplikazioa-mapa

Wikiloc

Xendetan eta mendian ibiltzen direnen aplikazio nagusia da. 12 urte pasatxo ditu, eta, hartan, Wikiloc zortzi milioi ibilbidetik gora aurkituko dituzu. Hiru milioi eta erdi erabiltzaile inguru daude erregistratuta, eta datu-base hori erabiltzen dute inspirazio-iturritzat bidaiak eta txangoak antolatzeko. Bestalde, informazioa ematen du txirrindulari, korrikalari eta eskiatzaileentzako ibilbideei buruz, besteak beste.

Askoren aburuz, mendian ibiltzeko doako aplikazio hoberena da, iPhone eta Android gailuetarako. Wikiloc erabiliz, ibilbide bikainak aurkituko dituzu etxetik gertu, baita hurrengo oporretarako hautatzen duzun planetako edozein bazterretan ere.

Strava

Zaharra berri, korrikalari eta txirrindularientzat. Kirolarientzako sare sozial bat ere bada, eta mendian ibiltzeko doako aplikazio osatuenetako bat. Ibilbideak webgune baten bitartez kudea ditzakezu, eta GPS bidez eskaintzen duen jarraipena oso erabilgarria da.

Ordaindu beharreko premium aukera ere badu, funtzionalitate gehiagorekin. Androiden eta iOSen erabil daiteke.

Gaia

Gaia grezierazko hitz bat da, Ama Lur esan nahi duena. Aplikazioak basoan bidea topatzeko ezaugarri funtzionalak ditu. Halaber, jabetza pertsonal eta publikoko ibilbideak eskaintzen ditu. Berdin du mendian eskalatu nahi duzun edo basoan zehar paseatu, besterik gabe; Gaiak GPS onenetako bat dauka, eta zure jardueraren jarraipena egiten du. Beti dago eguneratuta eta beti da funtzionala. Erabiltzaileen iritziz, lokalizazioaren funtzioa zehatz-zehatza da, eta ez du bateria agortzen.

Aplikazioa ezertxo ere ordaindu gabe deskargatu dezakezu. Ezaugarri hoberenak erabili nahi badituzu, ordea, premium mailako kide izan behar duzu.

Endomondo

Aplikazio aitzindarietako bat da kirolariei zerbitzuak eskaintzen, eta, denborak aurrera egin ahala, ospea eta arrakasta lortu ditu.

Kirol-jarduera mordoaren jarraipena egin daiteke, eta emaitzen erregistroa osatu. Izan ere, Endomondok oso funtzionalitate interesgarriak eskaintzen ditu; esate baterako, erronka pertsonalak sor daitezke, norbere buruarekin edo kuadrillakoekin lehiatzeko. Zenbaitek uste dute Stravaren antzeko aukera bat dela, eta, noski, Android eta iOSerako bertsioa du musu-truk. Baina, espero bezala, premium bertsioa ere badu, doakoak baino funtzionalitate gehiago eskaintzen dituena.

AllTrails App

AllTrails mendi-ibilietarako aplikazio ezagunenetako bat da, deskargatu daitezkeenen artean. Munduan zehar, 100.000 lagunek baino gehiagok darabilte, mendian ibiltzeko, txangoak egiteko, trekking edo trail runningean aritzeko, edo mendiko bizikleta erabiltzeko, adibidez. Ibili bitartean, ibilbideari buruzko informazio interesgarria ematen du, eta aurrerapenen jarraipena ere egin dezakezu, GPS sistemaren bitartez.

Doako bertsioa ez dago batere gaizki, zeure ibilbideak sor baititzakezu irudiekin, testuarekin eta geolokalizatzaileekin, eta gorde edo lagunekin zein AllTrailseko erabiltzaileekin partekatu. Zer eskaintzen du ordainpeko bertsioak? Bada, besteak beste, mendiko ibilbideak Internetera konektatu gabe gorde daitezke, eta trekkingeko zure mapak diseinatu eta inprima ditzakezu.

Sekula zapaldu gabeko berde ugari duzu etxe ondoan, eta hortxe duzu zain. Animatuko zara?

Erlazionatutako berriak