icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Zer ikusi Guardian: upeltegiak, trikuharriak eta gehiago

15 Abril 2024 14:32
Laguardia

Euskadik txoko ugari ditu, eta, jendek askok ezagutzen ez dituen arren, guk ondo dakigu zenbat balio duten eta nola tratatu behar ditugun. Esaterako, Arabaren bihotzean txoko horietako bat dago: Guardiako hiribildu pintoreskoa, upeltegi, trikuharri eta guzti.

Harresi itzelak, antzinako upeltegiak... Guardian, bidaia liluragarri bat egingo duzu denboran zehar, tradizioa eta modernitatea lotzen baitira giro paregabe eta atsegin batean. Ezin duzu huts egin!

Cartelas blog Laguardia dibu

Guardia: historia, zer ikusi eta nola iritsi

Guardiaren historia Brontze Aroan hasten da; hala, hainbat mendetako gertakari historiko eta kulturalen lekuko izan da, eta horiek aztarna ezabaezina utzi dute herri pintoresko horretan.

Guardian, modu paregabean egiten dute bat naturak, arkeologiak eta enogastronomiak, eta esperientzia benetan berezia sortzen dute. Eta hemen gaude gu zu gidatzeko, ibilbiderik onena egin dezazun herri eder horretan barrena.

Guardiaren historia

X. mendean sortu zen Nafarroako Erresumaren defentsa gisa, eta nabarmena da garrantzi estrategiko handia izan zuela, horren isla baitira herria inguratzen duten harresi ikusgarri eta bost sarrera-ateak. Ordutik, herri garrantzitsua izan da Guardia eskualdean, bai ikuspegi militarretik, bai ekonomikotik.

Guardiako ekonomia ardogintzan oinarritu ohi da, mendeetan zehar jorratua. Guardiako upeltegi batzuk antzinakoak dira, eta eskualdeak kalitate handiko ardo-ekoizle gisa duen prestigioa bultzatzen dute.

Guardiaren nortasunak indartsua izaten jarraitzen du, eta bere historia eta kultura aberatsean errotuta dago. Kale harriztatuekin, monumentu historikoekin eta paisaia pintoreskoarekin, ezinbesteko helmuga da Guardia Euskadiren historian eta tradizioan murgildu nahi dutenentzat, baita euskal herritarrak izanda ere.

Guardiako Aintziren Biotopo Babestua

Herriaren bihotz berdea da, naturaren harribitxi bat herrigune harresitutik oso hurbil. Iparraldean Toloño mendizerra dago, eta paisaia liluragarria osatzen du.

Erraz-erraza da aintziragunera heltzea: nahikoa da errepide nagusia hartzea, Logroñorako bidean, eta mahasti artean sigi-sagan dabiltzan landa-bideak esploratzea. Aintziragunean, lau hezegune txiki daude, eta «biotopo babestu» izendatu zuten, haren berezitasuna tarteko.

Sorginen Txabola dolmena

Guardiako historiaren bilbean, Sorginen Txabola trikuharria Euskadiko dolmenik garrantzitsuenetariko bat da; eta, ziurrenik, inguruko trikuharrietatik handiena eta egokienen kontserbatu dena.

1935ean aurkitu zuten, eta haren ganbera irudi poligonal bat egiten duten 9 lauzaz osatuta dago. Indusketetan, hainbat altxor topatu zituzten; esaterako, zeramika- eta uztai-zatiak eta giza gorpuzkiak.

Abuztuko Ama Birjinaren jaietan, akelarre bat antzezten da trikuharriaren inguruan, bisitariak gure tradiziorik antzinakoenean murgilarazteko. Historiaurrerako ate bat zabaltzea bezala da!

La Hoya esparru arkeologikoa

Guardiako aldirietan, La Hoya aztarnategi arkeologikoa dago, 1935ean aurkitua. Leku hori gizakion okupazioaren lekuko izan da 3 400 urtez baino gehiagoz, eta epizentro bihurtu zen Brontze Aroan.

Aztarnategiaren ondoko museoan daude ikusgai inguruan topatutako objektuak; esaterako, ontziak, platerak eta apaingarriak. Guardiako ibilbide horrek, herriaren arkitekturan eta historian murgilarazteaz gain, aukera ematen digu herriko txokorik ezezagunenak ikusteko, non bat egiten baitute naturak eta historiaurreko ondareak.

Historiaz betetako upategiak

Guardia bere ardoagatik da ezaguna, eta txoko bakoitzean upeltegiak aurkituko dituzu, mendeetan zehar iraun duen ardogintza-tradizioa gordetzen dutenak. Ostatuetako sotoak bisitatzean, hainbat mendetako ardogintza-tradizioa biltzen duen historiaz betetako labirinto batean murgiltzen da bat, non gure hiriko bizitzari eta kulturari forma eman dion ardoari buruzko sekretuak eta pasadizoak gordetzen diren.

Bodegas Laguardia

Hona hemen bisitatu ditzakezun upeltegi onenetako batzuk:

  • Solar de Samaniego upeltegia: 1970eko hamarkadaren hasierako arkitektura industriala berreskuratu eta berrinterpretatu dute. Guido van Helten artistaren monumentu-mural bat dute antzinako biltegietan. Gainera, bisita gidatuak eta ardo-dastaketak eskaintzen dituzte, inguru paregabe batean.
  • Campillo upeltegia: 1990ean inauguratu zen, eta arkitekto batek proiektu berezi gisa diseinatutako lehen upategia da. Bordeleko château baten itxura du diseinuak; 50 hektareako lursail batean dago. Tempranillo mahastiz inguratuta.
  • Casa Primicia upeltegia: Casa Primicia Guardiako Erdi Aroko eraikin zibil zaharrena da. Ezagutu Errioxako ardoaren benetako historia, duela 900 urte baino gehiago induskatutako kobazulo harrigarriak arakatuz.
  • Ysios upeltegia: arkitektura modernoa gustuko baduzu, ezin duzu huts egin Ysios upategi ikusgarria. Santiago Calatrava arkitektoak diseinatu zuen, eta ezin hobeto egiten du bat ingurune naturalarekin eta mahastiekin.

Nola iritsi Guardiara Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik

Euskadiko hiriburuetatik Guardiara joateko hainbat ibilbide daude. Dena ondo planifikatuta izan dezazun batere arazorik gabe, ibilbiderik onenak azalduko dizkizugu jarraian.

Bilbotik Guardiara

Bilbotik Guardiara 120 kilometro inguru daude.

  • Autoz: hartu AP-68 autobidea Logroñoko noranzkoan. Irten autobidetik Vitoria-Gasteizko irteeran, eta jarraitu Guardiarako jarraibideei.
  • Autobusez: zuzeneko autobus bat dago, eta ordubete eta 42 minutu inguru hartzen ditu iristeko. Aukera eroso eta praktikoa da.

Gasteiztik Guardiara

Gasteiztik Guardiara 60 kilometro daude, gutxi gorabehera. Guardiatik gertuen dagoen hiriburua da; beraz, Gasteiztik joanez gero, goiz-pasa joan zaitezke Guardiara.

  • Autoz: hartu N-124 errepidea Logroñoko noranzkoan. Jarraitu Guardiarako seinaleei.
  • Autobusez: Gasteiz eta Guardia lotzen dituen autobus-linea erregular bat dago.

Donostiatik Guardiara

Donostiatik Guardiara 130 kilometro daude, gutxi gorabehera.

  • Autoz: hartu AP-1 autobidea Gasteizeko noranzkoan. Gero, jarraitu Guardiarako jarraibideei.

Behar duzun informazio guztia duzu dagoeneko: ibilbidea, historia, upeltegiak eta Internet Guuk-ekin. Zeren zain zaude? Esan lagun edo familiei, eta zoazte historiaz, ardo onez eta monumentu handiz betetako abentura batez gozatzera.

Erlazionatutako berriak