icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Urdazubiko leizeak: ordutegiak, sarrerak, zer ikusi eta nola iritsi

27 Marzo 2024 14:20

Gauza eder mordoa dago Nafarroan; ondo dakigu hori. Hainbat mendeko gaztelu eta jauregiak, baso ederrak eta baita sanfermin-jai ikusgarriak ere. Baina adi egon, oraindik ere badaudelako altxor ezkutuak, egiazki gordeak; adibidez, Urdazubiko leizeak. Oraindik ezagutzen ez badituzu, hemen azalduko dizugu zein diren bertaratzeko ordutegiak, sarrerak, zer ikusi eta nola iritsi.

Prest al zaude Nafarroako naturaren altxor handienetako bat ezagutzeko?. Urdazubikoak milaka urteko leize ikusgarriak dira, txundituta utziko zaituztenak.

Urdazubiko Leorlaz auzo xarmagarrian daude, Nafarroako iparraldean, Frantziako mugatik eta Kantauri itsasotik gertu, eta milaka urteko historiaren lekuko dira.

Cuevas Urdax

Urdazubiko leizeak: historia, zer ikusi eta altxor ezkutuak

Lurpeko mirari hauek esploratzeko irrikan bazaude, hauxe da zure lekua. Zure bisita planifikatzeko jakin behar duzun guztia kontatuko dizugu: nola iritsi, ordutegiak eta sarreren prezioak.

Baina hori ez da dena. Izan ere, leize hauen jatorri eta historia liluragarrian murgilduko gara, bertako pareta harritsuetako misterioak ezagutzeko.

Urdazubiko leizeen historia eta jatorria

Urdazubiko leizeak Urtxume ibaiaren higadura etengabearen ondorioz zizelkatu ziren, eta hala, Nafarroan parekorik ez duen altxor geologikoa sortu zen. Lurpeko eremu hau, naturaren miraria izateaz gain, eskualdean dagoen Goi Paleolitoko historiaurreko aztarnategi nabarmenena ere bada.

Haren aurkikuntzaren historia leizeena bezain liluragarria da. 1808an, artzain batek, kasualitatez, topo egin zuen Lurraren barrunbe hauekin, eta ezagutzera eman zuen altxor natural eta historiko-artistikoz betetako lurpeko mundu hau.

Ordutik, Urdazubi erreferentziazkoa izan da arkeologoentzat eta historiazaleentzat. Leize horietan hainbat tresna aurkitu dira, lagungarriak izan direnak duela milaka urte bertan bizi zirenen bizitzari buruzkoak argitzeko.

Aurkikuntza bakoitzak —besteak beste, arpoiak, sukaldeko tresnak eta ehorzketen hondarrak— berretsi egiten du leize horietan milaka urtez gizakiak egon zirela.

Lurpeko unibertso honek 1.850 metro koadroko hedadura du; elkarren artean konektatutako galerien labirintoa da, formazio harritsu ikusgarriekin apaindua.

Gainera, are altxor preziatuagoa ezkutatzen du: Urtxume errekastoa, leizeen sakonean sigi-saga isilean dabilena, naturaren mirari honi ukitu magikoa erantsiz.

Nola sartu eta zer ikusi Urdazubiko leizeetan

Urdazubiko leizeetan sartzeko, nahitaez, bisita gidatua egin behar duzu, taldean, hori baita leizeen barnealde misteriotsuan sartzeko modu bakarra. Sarrera bermatzeko modurik onena aldez aurretik erreserbatzea da, webgune ofizialaren bidez.

Bisitaren iraupena, gutxi gorabehera, 40 minutukoa da, baina apur bat alda daiteke bisitari-kopuruaren arabera. Ibilbidea gidari profesional batek zuzentzen du; hark ezartzen du erritmoa, eta bertako ezaugarri eta bitxikeriei buruzko informazioa emango dizu.

6 kilometro inguruko hainbat galeria eta aretotan zehar, zenbait korridore ibiliko dituzu (batzuk estuak dira), eta leizeen lurpeko edertasun liluragarrian murgilduko zara.

Bisitarako gomendioak

Garrantzitsua da kontuan hartzea Urdazubiko leizeek balio natural handia dutela, eta hortaz, bisita egiterakoan zenbait arau errespetatu behar direla.

Adibidez, ezin dira ukitu ibilbidea edertzen duten estalaktitak eta estalagmitak, eta ezin da flasharekin argazkirik atera, formazio harritsuen osotasuna babesteko eta bisitari guztientzat esperientzia ezin hobea bermatzeko. Gainera, leizeetara ezin da janaririk eraman ez maskotarik sartu.

Barruan, argi gutxi dago, eta tenperatura 14 eta 16 gradu artekoa da. Horregatik, arropa eroso eta beroak janztea gomendatzen da, lurpeko esperientziaz erabat gozatzeko.

Alkerdiko altxor ezkutua

Urdazubin, badago historia eta arkeologia maite dutenentzako beste altxor liluragarri bat: Alkerdiko leizea. Barruan, animaliak irudikatzen dituzten grabatuak daude, hala nola bisonte bat, orein bat eta zaldi bat, estalagmita batean zizelkatuta.

Adituen analisien arabera, grabatu ikusgarri horiek Goi Madeleine aldikoak dira, duela 13.000 urte ingurukoak.

Duela gutxi aurkikuntza berriak egin dira Alkerdin, beste 14 grabatu aurkitu baitira, ziurrenik aurrekoen garai berekoak. Hala ere, kontserbazio-arrazoiak direla eta, gaur egun debekatuta dago Alkerdin sartzea, eta ondorioz, misterio- eta babes-aura batek inguratzen ditu antzinako altxor horiek.

Urdazubiko leizeetako ordutegiak eta prezioak

Hara joan aurretik, kontsultatu ordutegiak eta prezioak. Izan ere, nabarmen aldatu daitezke jardueraren, pertsona-kopuruaren eta urteko sasoiaren arabera.

Ordutegiak

Apuntatu ordutegiak arreta handiz, ezustekoak ekiditeko eta iristerakoan itxita ez topatzeko.

Urtarrila eta otsaila:

  • Asteartetik ostiralera: 12:15.
  • Larunbat eta igandeetan: 11:15, 13:15 eta 16:15.
  • Astelehenetan itxita.

Martxotik ekainera:

  • Asteartetik ostiralera: 11:15, 13:15 eta 16:15.
  • Larunbat eta igandeetan: 11:15, 12:15, 13:15, 13:30, 15:15, 16:15 eta 17:15.
  • Astelehenetan itxita.

Uztaila, abuztua eta data bereziak (Aste Santua, jaiegunak):

  • Astelehenetik igandera zabalik: 10:30, 11:15, 12:00, 12:45, 13:30, 15:45, 16:30, 17:15 eta 18:00.

Iraila eta urria:

  • Asteartetik ostiralera: 11:15, 13:15 eta 16:15.
  • Larunbat eta igandeetan: 11:15, 12:15, 13:15, 15:15, 16:15 eta 17:15.
  • Astelehenetan itxita.

Azaroa eta abendua:

  • Asteartetik ostiralera: 12:15 eta 16:15.
  • Astelehenetan itxita.

Sarreren prezioak

Esan bezala, leizeetan sartzeko ordaindu egin behar da. Gainera, sarrerak aldez aurretik erostea gomendatzen da, webgunearen bidez, lekurik gabe ez geratzeko.

  • Helduak: 7 € bakoitza.
  • Haurrak: 4 urtetik beherakoentzat, doan. 4 urtetik 14 urtera, 4 € bakoitza.
  • Taldeak: eskaintza bereziak 20 pertsona edo gehiagoko taldeentzat.

Nola iritsi Urdazubiko leizeetara Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik

Urdazubiko Leorlaz auzoan daude leizeak. Bertara iristeko modu asko dituzu, baina autoa da erosoena.

Google Maps-en bidearen bila ez korapilatzeko eta denborarik ez galtzeko, hona hemen hiriburu nagusietatik joateko biderik onenak.

  • Bilbotik: Hartu E-70 autobidea, eta ondoren E-05 errepidea Urdazubiko leizeetarako noranzkoan.
  • Donostiatik: Hartu A-8 autobidea Frantziarako noranzkoan. Hartu Donibane Lohizunerako irteera. Jarraitu Senpererako norabidean, eta bertara iritsitakoan, hartu Dantxarinea adierazten duen bidegurutzea, leizeetaraino.
  • Gasteiztik: Hartu E-05 eta E-70 errepideak, Urdazubiko leizeetarantz.
  • Iruñetik: Urdazubiko leizeetara iristeko, hartu N-121a errepidea Frantziarako noranzkoan. Ondoren, hartu N-121b errepidea eta segi Elizondo eta Dantxarinerantz. Nafarroako hiriburutik 80 km baino gutxiagora daude leizeak.

Ezagutu Urdazubiko leizeak eta murgildu iraganera eramango zaituen bidaia honetan. Naturaren eta giza sormenaren handitasunak liluratuko zaitu. Ezagutu Guuk-en tarifak bezain magikoa den leku hau, eta gozatu historiarekin eta lurrarekin konektatzeaz.

Erlazionatutako berriak