icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

San Blas eguna. Ezagutu non ospatzen da Euskadin

02 Febrero 2023 16:08
Blog Guuk

Otsailean ospatzen da Euskadin gehien espero den egunetako bat: San Blas eguna. Eztarriko gaitzak dituztenen eta otorrinolaringologoen zaindaria da San Blas. Gainera, tradizio handiko eguna da gure herrian, eta beste aukera eder bat kuadrillarekin gelditzeko eta hainbat jardueraz gozatzeko

Herri bakoitzak bere berezitasunekin prestatzen du egun handi hau, baina ez dira falta, besteak beste, janari-postuak, kalejirak, merkatuak, musika eta azoka-giroa alaitzen duten bestelako ikuskizunak. Herri askotan ospatzen den arren, Bizkaian du tradiziorik zabalena eta, bereziki, Abadiñon; Durangaldeko ehunka bisitari erakartzen ditu urtero herriko nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka ezagunera.

San Blas jaiaren jatorria

Blas Sebastekoaren omenezko jai bat da. Mediku eta gotzain izan zen, eta, santu mirarigilea izaki, eriak sendatzeko dohaina omen zuen. Legendaren arabera, eztarrian zulatutako arrain-hezur batekin itotzen ari zen haur bat salbatu zuen santuak, eta horregatik bedeinkatzen omen dira eztarriak urtero otsailaren 3an.

Tradizioaren arabera, egun horretan, kotoizko lokarri bat erosi behar da familiako kide bakoitzarentzat; bedeinkatu, eta lepoan lotu behar da, eta, azkenik, erre. Hala, San Blasek babestuko gaitu, eta osasuntsu izango dugu eztarria urtebetez.

San Blas lokarria

Esan bezala, egun horretako elementurik bereizgarrienetako bat San Blas lokarri famatuak dira. Zenbait koloretako lokarri bat da, otsailaren 3an bertan bedeinkatzen dena eta egun batzuetan etxetik atera behar ez dena. Zenbat denbora eraman behar da lepoan San Blas lokarria? Eremuaren arabera, aldatu egiten da hori. Bizkaian, oro har, bederatzi egunez eraman ohi da, “bederatzidurrena” bete arte, hau da, santu baten aldeko debozioa erakusteko ekintza amaitu arte. Oraingo honetan, San Blasen aldeko debozioa.

Euskadiko beste eskualde batzuetan, berriz, zazpi egunez eraman ohi da lokarria. Handik aurrera, norberak gordetzen du lokarria. Gehienetan, bolatxo bat egiten da koloretako hariekin, eta sutara botatzen dira gero. Elementu purifikatzaile bat baliatzeko ohiturari jarraitzen zaio horrela.

Non ospatzen da San Blas Euskadin?

Ia Euskadi osoan ospatzen da otsailaren 3an. Hala ere, badira tradizio handiagoko eskualde batzuk. Anisez egindako gozo ezagunak dira ospakizunaren protagonista ezagunenetako batzuk, eta gozozaleenak irrikaz egoten dira haien zain urtero. Hona hemen gozo horiek dastatzeko lekurik erakargarrienak:

Cuerpo San Blas

San Blas Bizkaian

Ospakizun horren tradizio handieneko Euskadiko lurraldea da. Bilboko eta Abadiñoko ospakizunak dira ezagunenak, baina beste udalerri batzuetan ere ospatzen da, hala nola Barrikan, Barakaldon eta Busturian.

Bilbo

Bilbotarrak urtero joaten dira Areatzako azokara, errituari jarraitu eta kotoizko lokarri bat erostera; gero, San Nikolas elizara joan ohi dira lokarria bedeinkatzera San Blasen babesa lortzeko. Gainera, postre-postuak eta gozotegiak egun horretako gozoki ezagunez betetzen dira: anisezko erroskilak, San Blas opilak eta santiaguitoak edo malbabisko-gozokiak.

Ohitura da, halaber, lokarri ospetsua erostea, bederatzi egunez eztarrira lotzea eta gero erretzea. Diotenez, eztarriko gaitzak eta ahotsik gabe gelditzeko arriskua uxatzen ditu urte osorako.

Abadiño

Udalerri honetan egiten da baserriko produktuen Bizkaiko azoka ezagunena, Zelaieta auzoan. Baserriko era guztietako produktuen erakusketa eta salmenta egiten da; besteak beste, barazkiak, fruta, landareak, txakolina, gozokiak, eztia edo gazta, baita bestelako artisau-produktuak ere.


Jakina, ez dira falta izaten San Blas lokarri koloretsuak. Halaber, jai-egitarauan herri kiroletako hainbat proba egoten dira, hala nola harri-jasotzea edo trontza. Eta, festan jarraitzeko, bertsolariak eta kalejira.

San Blas Gipuzkoan

Festarik jendetsuena ez den arren, gipuzkoarrek ere ez dute geratu nahi izaten opil goxorik jan gabe eta santuaren bedeinkaziorik jaso gabe. Baina, badakizu Gipuzkoako zein herritan ospatzen den San Blas?

Idiazabal

Idiazabalgo patroia da San Blas, eta, beraz, egun horretan festa-giroz betetzen dira kaleak. Urtsuaranen egiten dira ekitaldi gehienak; jarduera ugari antolatzen dira astebetez. Ekitaldi jendetsuenak erroskilen bedeinkapena, dantza-lehiaketak, pilota-partidak eta txistularien emanaldiak izaten dira.

Elgoibar

Elgoibarren ez da inoiz egon santu horren izena daraman ermitarik, baina antzinako ohitura da gatza, lokarria eta San Blas ogiak bedeinkatzea, urtean zehar eztarriko gaitzak saihesteko. Ogi horiek gari-irinarekin, arrautzekin eta esnearekin egiten dira, baina, gaur egun, san Blas opilak erabiltzen dira haien ordez.

San Blas Araban

Gasteizen ez ezik, Laudion, Dulantzin, Páganosen, Agurainen eta Legution ere hainbat ospakizun egiten dira eztarriko gaitzetatik babesten duen santuaren omenez.

Laudio

Laudioko San Blas azoka urteko ekitaldi nagusietako bat bihurtu da. Artisau-produktuen azokaz gain, beste hainbat jarduera ere egiten dira egun horretan; besteak beste, gaztaina-dastaketa, herri-kirolen erakustaldiak, txarriboda eta txerri-hanken lehiaketa. Azken horretan, elkarte gastronomikoak lehian aritzen dira, urteko kazuelarik onena nork prestatuko.

Páganos

Otsailaren 3an, Guardia osoa elkartzen da Páganosen Txulalaia dantzatzeko. Korroan dantzatzen da, eta erritmo eta mugimendu desberdinak txandakatzen ditu. Egun horretan ohikoak dira txorizo-zopa, hostopila eta ardo beroa ere. Gainera, ohitura da santuaren erlikiari musu ematea eta erroskak, hostopilak eta cachete ogiak bedeinkatzea.

Milaka urteko tradizio hau bizi nahi baduzu, zoaz toki hauetako batera, eta, ohiturari jarraituz, bedeinkatu zure haria. Nork daki: agian hobe izango da joatea eta ez arriskatzea, gero damutu beharrik ez izateko. Hona hemen Euskadiko jaiegunen egutegia. Eman begiratu bat; hala, hobeto antolatuko dituzu zure jaiegunak.

Guuk-ek konexiorik onena eskainiko dizu beti, San Blas egunean nahiz urte osoan planik gal ez dezazun. Gure hitza duzu.

Erlazionatutako berriak
San Silvestre en Euskadi
Euskal Hiria

San Silvestre en Euskadi

5 min

La afición por el deporte reúne a multitud de personas cada 31 de diciembre en Euskadi para disfrutar de la carrera de San Silvestre. Descubre cuál es su origen, dónde se celebra y conoce otras carreras populares con más tradición de nuestra región.