icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Gargantua: Bilboko Aste Nagusiko sinboloa, Marijaiarekin batera

22 Noviembre 2023 12:00

Euskadin guztia ez da mitologia. Tradizioa ere gure hiri eta herrietako protagonista izaten da jaietan. Horregatik, San Faustoak, Karmenak eta Andre Mari Zuriaren jaiak eta gainerako festak aipatzen ditugunean, haietako heroi eta sinbolo guztiak datozkigu gogora. Eta, hain zuzen, hor sartzen dira Bilboko Aste Nagusiko Marijaia eta Gargantua.

Ezagutzen duzu txikienei izua eragiten dien pertsonaia? Argi dago guztiok sartu nahi izan dugula aho horretan behin edo behin (oso txikiak ginenean izan ezik), baina beharbada ez genuen ezagutuko Bilboko Aste Nagusiko pertsonaia handi horren historia.

Ez kezkatu, hemen da Guuk Gargantuari buruzko guztia kontatzeko: haren jatorria, bilakaera, izan diren motak eta nola irudikatzen den beste hiri batzuetan.

Gargantúa Bilbo

Gargantua: jatorria, bilakaera eta "haur-irenslea"ren beste irudikapen batzuk.

Askok eta askok urtero ikusten dugu Bilboko eta inguruko beste hiri batzuetan, baina haren historia kontatuko dizuegu orain, tradizio polit hau nondik datorkigun jakin dezazuen.

Beharbada ez duzu imajinatuko (edo agian zerbait entzungo zenuen), baina gure jaietan ikusten dugun erraldoi honek Frantzian girotutako eleberri-sorta batean du jatorria: Gargantua eta Pantagruel.

Gargantuaren jatorria

José María Busca Isusi idazle gipuzkoarrak dioenez, bi erraldoiren semea da Gargantua: Grandgoussier eta Gagamelle (errege basati baten alaba). Zer-nolako pasadizoa, erraldoia jaio zen modua.

Gargantua amaren ezkerreko belarritik jaio zen, txahal baten tamaina eta zenbait tonako pisua zuela! Sehaska erraldoi bat egin behar izan zioten, eta, jatorduetan, txahal eta behi ugari jaten zituen. Harrigarria!

1854an sortu zen lehenengo Gargantua, hemen, Euskadin (zehazki, Bilbon). Antonio Etxaniz zurgin eta suhiltzaileak egin zuen. Zoritxarrez, gerra karlistan (1874an) lehergailu batek suntsitu zuen. Baina ez zuten amore eman, ez horixe!

Geroago, 1896an, bigarren Gargantua egin zuten, arropa berriarekin; frantses estiloa zuen, eta gaur egun ere estilo hori du. Higinio Basterrak egin zuen, Atxurin (Bilbo), Basterra-Larrea lantegian. Garai hartako 2.278,85 pezeta kosta zen.

Zoritxarrez, 1907. urtearen inguruan desagertu egin zen Bilboko jaietatik, Gernikako Udalak hartu zuenean, beste erraldoi eta buruhandi batzuekin batera. Hirugarren Gargantua 1934an iritsi zen, erraldoi eta buruhandi berriekin, Radio Bilbaori esker.

  • Datua 💡: Atxurin eraiki zen, eta 1939an berriztatu zuten. 1950ean atera zuten Bilboko jaietan azkenengoz, eta Deustuko lantegi batean utzi zuten bertan behera.

12 urte geroago, 1962an, Radio Bilbaok Gargantua berpiztea erabaki zuen, nola ez, bilbotarren laguntzarekin. Tomás Martínez de Arteagak eta José Luis Teresak eraiki zuten, Boluetan (Bilbo). (500.000 pezetatik gorako kostua izan zuen).

Denbora batez itzaletan egon ondoren, 1978ko Aste Nagusian atera zuten berriro. 1979an, Pedro Goirienak berriztatu zuen (400.000 pezetako kostuarekin), eta, ordudanik, gure jaiak alaitzen jarraitzen du.

1986an, Pedro Goirienak beste Gargantua bat eraiki zuen Sopuertan, baina sute batek suntsitu zuen. 1988an, udalak beste Gargantua bat eskatu zion Valentziako Vicente Lunari, 3.600.000 pezetaren truke.

Ez zuen oso harrera ona izan, itxura atsegina eta beste xehetasun batzuk zirela eta, , baina Aste Nagusiko Gargantua izaten jarraitzen du. Hala, gure ospakizunetako parte da oraindik Gargantua, erraldoiak ez baitu desagertzeko asmorik!

Etxaniz suhiltzailea, lehenengo Gargantuaren aita

Etxaniz Txapelduna, zurgina eta txapelgorria izan zen suhiltzaile izan aurretik, eta lehenengo Gargantua berak sortu zuen, 1854an. François Rabelaisen Gargantua erraldoi tripontzi eta zintzoa ikustean bururatu zitzaion ideia.

Gazteak irentsi eta txirrista batetik bota ondoren atzetik kanporatzen zituen baserritar handi baten forma eman zion Etxanizek. Ordudanik, "haur-irensle" honek denboraren joan-etorriari eutsi dio, eta jaietako izar bilakatu da, batez ere haurrentzat.

Etxaniz suhiltzailea, jaien sortzaile izateaz gainera, heroi bilakatu zen. Izan ere, heroikoki hil zen 1867ko ekainaren 7an, beste hiru lankiderekin batera, Posta kaleko Delmas inprimategiko sutean.

Gargantúa en Bilbao 1981

Indautxun haren izena duten plaza bat eta anbulatorio bat daude, hura omentzeko. Argazkian, Gargantua Bilboko 1981eko Aste Nagusian, gure jaietan bizirik irauten duela erakutsiz. Besarkada bat Etxaniz suhiltzaileari eta Gargantuari!

Mende eta erdi eta zenbait Gargantua

165 urte baino gehiagoan, zenbait Gargantuak alaitu dituzte Bilboko jaiak. Bilboko kaleetan lehen aldiz atera zenetik, haurrak irensten dituen buruhandi ikaragarri honek bere tradizioari jarraitu dio mende eta erdi baino gehiagoan.

Aldi batzuetan ahaztuta egon zen arren, berriro eraiki zuten gure Gargantua, eta Bilboko Aste Nagusiko protagonistetako bat izatera iritsi zen.

Denborarekin, gero eta ezagunagoa zenez, Gargantuaren bertsio berriak sortu ziren, eta funtsezko elementu bihurtu zen Bilboko jaietan, ezinbestekoa baita txikienentzako jardueren artean. Gora Gargantua eta gora Aste Nagusia!

Urteen joan-etorriarekin, beste hiri batzuetan (Espainiatik kanpo ere) beren Gargantuak egin dituzte, besteak beste, Mar del Platan eta Necoechean (Argentina), Gasteizen, Logroñon, Zaragozan, Laudion eta Borjan. Espainian, Gernikan egin zuten azken Gargantua, 2016an, 41.000 €-ko kostuarekin.

Beraz, badakizue: jaietan Gargantua ikusten baduzue, ez egin zalantzarik, eta bat egin urtez urte eskaini digun dibertsioarekin. Denbora askoan gogoratuko duzue esperientzia, zalantzarik gabe! Ondo pasa jaietan, familia!

Aste Nagusia topera bizitzeaz gainera, ez dago esperientzia hori maite dituzun horiekin partekatzea bezalakorik. Horretarako, Guuk-eko tarifa onena gomendatzen dizugu, argazki eta bideoak bidaltzeko behar dituzun giga guztiak eduki ditzazun.

Erlazionatutako berriak