icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Euskadiko txakolindegi onenak: Getariatik mundura

29 Junio 2023 12:00

Gustuko duzu ardoa? Hobeto esanda: gustuko duzu txakolina? Euskadi upategiz josita dago, haietan munduan ditugun nortasun-zeinu onenetako batez gozatzeko. Hala eta guztiz ere, duela urte gutxira arte txakolina behe-mailako edaritzat jotzen zuten adituek.

Antzina, txakolina baserrietan ekoizten zen, bertan edateko. Ez zen gardentzen, ezta iragazten ere, eta gainerako ardoek baino alkohol-graduazio txikiagoa zuen. Horregatik, haren definizio ofizialaren arabera, edari arin eta garratza da. Hori guztia iragana da, baina.

Gure ekoizleak ernatu dira, eta lurra, klima eta ardoaren ezaugarriak aztertu dituzte txakolina merkaturatzeko, eta Errioxako botilarik onenekin parekatzeko moduko aldaerak sortu dituzte. Txakolindegi batera joatea besterik ez dago hori ikusteko!🍇

Txakoli Euskadi

Euskadiko txakolindegirik onenak

Txakolina Euskadiko ardo tipikoa da, eta hiru jatorri-deitura ditu, lurralde historiko bakoitzeko bana: Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba. Txakolina dastatzeko aukera ematen duten gure lurraldeko upeltegi batzuen berri emango dizugu hemen. Ez ahaztu bi gomendio hauek: kopa batean zerbitzatzea eta tenperatura freskoan edatea komeni da.

  • Datop 📈: 2022an 4,8 tona mahats bildu zen Getarian, eta aurreikusi da 2023an jatorri-deitura horretako 4,3 milioi botila merkaturatuko direla.

Hain zuzen, hantxe, Getarian, ekoizten da txakolinik ospetsuena. Jarraian ikus dezakezunez, baina, Euskadiko bestelako kalitate-etiketak ere topa daitezke gure upategietan.

Txakolindegi gutxi batzuk bakarrik aipatuko ditugu, baina askoz gehiago daude, bai kostaldean bai barnealdean.

#1

K5 txakolindegia

Oro har, Karlos Argiñanoren txakolindegia esaten zaio, baina ez da bidezkoa horretara mugatzea. Izan ere, sukaldaria K5 txakolindegia sortu zuten bost bazkideetako (edo lagunetako) bat besterik ez da. Upategia Aian dago, Pagoeta parke naturalaren ondoan, zehazki, Eztenagako Txorrua izeneko magalean. Handik, Getariako arratoia eta Orioko portua ikus daitezke, eta K5 eta K5Pilota proba daitezke han, Getariako Txakolina jatorri-deitura duten bi txakolin, Hondarribi zuri mahatsez eginak. Txakolindegia 30 hektarea basok inguratzen dute, eta horietatik erdiak dira mahastiak. Erreserbak, 30-50 euroan, haien webgunean.

#2

Hiruzta txakolindegia

Euskadiko jatetxe onenetako bat izateaz gain, txakolindegirik interesgarrienetako bat du. Hiruzta da, rekaldetarren familia-proiektu sonatua, nazioartean itzal handikoa haren ekoizpenaren kalitateagatik eta bertako inguru ederragatik. 11 hektarea mahasti ditu, eta handik lortzen du txakolin ospetsuenetako bat, Hondarribi zuri mahatsez egina. Jaizkibelen magalean dagoenez, Hiruztak ospe handia du Hondarribian eta Frantzia hegoaldean. Merezi al du? Bai merezi ere, inguruko ardo-tradizioa ongi ezagutzeko eta jatetxetik pasatu eta bertako jana haien txakolin batekin dastatzeko. Erreserba haien webgunean egin daiteke.

#3

Urkizahar txakolindegia

Esperientzia goxoagoa eta tradizionalagoa nahi duzu? Zelai eta mendi artean galduta, hantxe daukagu Urkizahar txakolindegia, ardogintzako harribitxi bat Gipuzkoako bihotzean (Beizama), «mikromahasti» deritzenen defendatzailea. Han, 350 metroko altitudean, 2,5 hektareatan lantzen da garaiera eta ingurumenarekiko errespetu handieneko Getariako txakolina. Proiektua zaharragoa bada ere, 2016tik ekoizten du bere mahatsa, orduan eraiki baitzen upategia. Ez da erraza bisita lortzea, ezin uka, baina haien webgunean jar zaitezke haiekin harremanetan.

#4

Murgako dorrea

Ez da upategi bat, baina Murgako dorretxean, Amurriotik (Araba) oso hurbil, Euskadiko txakolin-mahasti onenetako bat daukagu. Handik dator Txikubin txakolina, Hondarribi zuri mahatsez egindako ardoa, nahiko fruta-gustukoa, eta sona handikoa Aiaralde osoan. Biziki aukera interesgarria da, bai bertako produktua dastatzeko bai dorre ospetsuaren historia ezagutzeko eta, gainera, 13 Estrellas de Salazar brut nature famatua dastatzeko. Bisita erreserba dezakezu, pertsonako 30 euroren truke, haien webgunean.

#5

Astobiza txakolindegia

Arabako Txakolina jatorri-deiturako ekoizpen-zentro garrantzitsuenetako bat da. Astobiza jaurerriko upategia ere esaten diote Okendon, autoz Bilbotik ordu erdira, dagoen honi. 10 hektarea mahasti ditu, itsas mailatik 250 metrora. Hemen lursail-ardoak egiten dira gehienbat (ustiategi itxia), Hondarribi zuri mahatsarekin, baina Petit corbu, Izkiriota eta Gros manseng ekoizpen txikia ere badu. Tradizio handiko lekua da, 1 000 urte baino gehiago baitaramatza txakolinaren inguruan hazi eta hazi, gaur egun mundu osoko merkatuetara esportatzeraino. Bisita haien webgunean erreserba dezakezu.

#6

Berroja txakolindegia

Hango argazkiak ikuste hutsarekin bisita egin nahiko diezu. Berroja txakolindegia paradisu natural betean dago, Ajuriatik eta Muxikatik oso hurbil, Urdaibai biosfera-erreserbaren bihotz-bihotzean. Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturako erreferentzia handi bat da, 1994tik Euskadiko txakolinik hoberenetakoa ekoizten duena. Beste guztietan bezala, bisita erreserba dezakezu haien webgunean.

#7

Txomin Etxaniz txakolindegia

Getaria inguruan txakolindegi asko (eta asko) dago, baina gutxi daude Txomin Etxaniz bezain bereziak. Paradisu hutsa da, herritik kanpo, eta gure kostaldearen bista zoragarriez goza daiteke handik, Getariako Txakolina jatorri-deiturako erreferentzia handienetako batzuk dastatzeaz gain. Ez alde egin handik Txomin Etxaniz, Eugenia eta Uydi ardoen kopa bana dastatu gabe. Upategiak erabiltzaileen iritzi apartak jasotzen ditu, eta, gainera, bisita gidatuak ere antolatzen ditu. Egin erreserba haien webgunean.

Txakolin-motak

Uzta gehiena ardo zuria egiteko erabiltzen da. Huraxe da, ziurrenik, ospetsuena nazioartean, eta hark ekarri dio gure industria honi hazkunderik handiena azken hamarkadetan. Jakin, ordea, txakolin beltza ere badagoela. Bai, bai.

Ardo-mota barietatearen araberakoa da, eta bi daude, elkarren oso ezberdinak. Biak dira courbu mahatsak; Frantzia hego-mendebaldetik datorren mahats bat da, Euskal Herrian oso tradizio handiko barietateak dituena.

Hondarribi zuri

Ezagunena eta hedatuena. Bizkaian eta Gipuzkoan erabiltzen da gehienbat, baina azken urteotan Arabara ere hedatu da. Courbu blanc edo Crouchen ere esaten diote, eta zapore aromatikoak eta lore-zaporeak uzten ditu.

Hondarribi beltz

Ezohiko samarra da, baina interesgarria hala ere, Euskadiko txakolindegi onenez gozatu nahi baduzu. Alkohol gutxixeagoko ardo beltza lortzen da barietate honekin. Uda aurretik du garairik onena, eta oso ohikoa da Araban eta Nafarroan.

Txakolinaren jatorri-deiturak

90eko hamarkadan, txakolin-industriako eragile nagusiak antolatzen hasi ziren, ardo horren tradizioa eta kalitatea nazioartean aldarrikatzeko. Hamarkada horretan hasi ziren txakolinaren jatorri-deiturak ematen.

Arabako Txakolina jatorri-deitura (2001)

Euskadiko txakolin zaharrenari egindako aitortza da. Ezagun da XI. mendean bazegoela, eta tradizio luzea du Laudio, Aiara, Okendo, Artziniega eta Amurrio (hantxe du egoitza) inguruetan.

Deitura honetakoak dira Hondarribi zuri, Gros manseng, Petit manseng eta Petit courbu mahatsak. Ez, eskualdea ez da ezaguna soilik Errioxatik gertuko ardo beltzengatik.

Bizkaiko Txakolina jatorri-deitura (1994)

Prestigio handieneko deituretako bat da. Bizkaiko kostako mahatsa altitude txikian hazten da, tenperatura epeletan eta hezetasun handiarekin. Horrek guztiak zapore aromatiko berezi-berezia dakarkio. Egoitza Leioan dauka, eta Balmaseda eta Bakio inguruan da tipikoa.

Ardo zuria eta beltza egiten da, baita gorria ere, beste barietate batzuen ekarpenari esker: Hondarribi zuri, Hondarribi beltz, Sauvignon blanc, Folie blanche, Chardonnay, Petit manseng, Gros manseng eta Riesling.

Getariako Txakolina jatorri-deitura (1989)

Mitikoa, handiena, guztien ama. Getariako txakolina da nazioartean ezagunena, eta haren jatorri-deitura da euskal ardoen deiturarik zaharrena. Hasieran Getaria, Zarautz eta Aiari bakarrik zegokien, baina 2007an Gipuzkoa osora zabaldu zen.

Han, ia ekoizpen guztia Hondarribi zuri mahatsarena da, baina ardo beltz apur bate ere egiten da. Ohikoa da mahastiak malda handiko lurretan ikustea.

Guuk-en egun osoa eman dezakegu Euskadiko txakolindegi onenez hizketan, mahats-barietateez eta kalitate-aitortzez. Uste dugu, ordea, orain zuri dagokizula txangoa egitea, hori guztia dastatzeko.

Sartu gure webgunean, har ezazu mugikorrerako datu- eta ahots-tarifarik onena, eta ez galdu gure gastronomia zoragarriaren xehetasun bat ere.

Erlazionatutako berriak