
Euskal Hiria
Descubre las mejores aplicaciones para practicar euskera
2 minLas aplicaciones móviles nos ayudan a tener cualquier servicio sin apenas pestañear, hasta son útiles para practicar idiomas como el euskera.
Gaur-gaurkoz, esan genezake gauza gehienak teknologiaren bidez egiten ditugula. Bat-batean, gailu mugikorrak eguneroko bizitzaren parte bihurtu dira, hainbeste ezen (onar dezagun) ezinbestekoak bihurtu baitira. Oso garrantzitsuak bihurtu dira gure bizitzan, eta edozein zerbitzu kliska ere egin gabe eskaintzen diguten aplikazioak iritsi dira; hizkuntzak ikasteko ere erabilgarriak dira, hala nola euskara.
Badakigu era guztietako aplikazioak daudela eta dagoeneko badituzula gogoko batzuk, baina, gaur, Made in Guuk batzuk dakarzkizugu: etxetik, etxerako. Euskarazko teknologiara hurbildu nahi zaitugu apur bat, bai lehenengo hitzak ikasi badituzu, bai primerako euskaldun zaharra bazara. Hori dela eta, Guuk-ek euskara beste era batera ikasten lagunduko dizuten aplikazioen zerrenda bat prestatu du.
Galde-erantzunen euskal joko nagusia da. Egunean Behin euskarazko galderen joko bat da, eta egunean behin minutu pare batez jokatzeko eta gure hizkuntza erabiltzeko aitzakia ere bai. Jokalariek 10 galderari erantzun behar diete, ahalik eta azkarren. CodeSyntax enpresa eibartarrak garatu du, eta 100.000 aldiz baino gehiago deskargatu da. Gutxi barru, bi urte beteko dira kaleratu zenetik, eta, harrezkero, bost milioi partida baino gehiago jokatu dira. Alegia, lehia piztu da!
7 minutu / 7 egun / 7 hilabete metodo arras ezagunean inspiratutako ariketen formatuan oinarrituta, Irontec-ek Hamaika Minutu garatu du. Aplikazio horrek entrenamendu bizkorreko programa bat eskaintzen du; 11 minutu baino ez dira behar egunean. Hortik datorkio izena: "Hamaika minutu".
Udaberria ate-joka dugu. Badituzu 11 minutu egunean? Bada, aurrera!
Nork ez du erabili noizbait Elhuyar? Elhuyar fundazioak doan eskaintzen du hiru hiztegi elebidunak kontsultatzeko aplikazioa: euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa.
Elhuyar Hiztegiak aplikazioan, 91.000 sarrera, 23.000 azpisarrera, 153.000 adiera eta 100.000 adibide aurkituko dituzu. Horrez gain, beste funtzio batzuk ere badaude: hitzen ahoskera, bilaketen historia, gogoko hitzen zerrenda,
etab. Oso gustuko dugu, bai online, bai offline; hortaz, oinarrizkoa da, eta ezinbestekoa da mugikorrean.
Ez dakizu euskaraz batere? Testu ugari euskaratu behar dituzu? Zure kasua edozein dela ere, seguru Itzuli interesatuko zaizula. Itzultzaile automatiko neuronal honen bidez, euskaratik gaztelaniara eta alderantziz transkriba daiteke.
Eusko Jaurlaritzak garatu du, eta, dirudienez, arrakasta handia du, egunean batez beste 50.000 itzulpen egiten baititu eta iaz bakarrik milioi bat itzulpen erregistratu baitzituen.
Itzuli-k gehienez 4.000 karaktereko testuak onartzen ditu. Horrez gain, ahotsaren bidez ere sar daitezke testuak.
Nola ahaztu gaztetxoenez? Esanbaki aurkezten dizugu, bereziki haurrentzat diseinatutako aplikazio bat. Euskarazko hitzak eta gramatika ikasteko joko bat da, eta 0-6 urteko haurrentzat diseinatuta dago. Aplikazioak gure hizkuntzaren oinarrizko alderdiak erakusten ditu, modu didaktikoan. Hala, gaztetxoenek erraz ikasiko dituzte zenbakiak, aditzak, koloreak eta animaliak.