icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Ekintza jasangarriak, etxean dirua eta energia aurrezteko

08 Junio 2021 15:35

Benetako ekologista zara, edo gauzak esan bai baina egiten ez dituena? Ingurumenak arduratu arren hura zaintzeko zer egin ez badakizu, sei ekintza jasangarri aipatuko dizkizugu Guuk-en, ingurumena hobeto zaintzen laguntzeaz gain dirua eta energia aurrezten lagunduko dizutenak.

Egunetik egunera, gero eta gehiago konturatzen gara ingurumenean zer arazo ditugun: kutsadura handia, ura alferrik xahutzea, eta, nola ez, eguneroko gehiegizko energia-kontsumoa. Horien aurka egiteko, ekintza guztiak dira baliagarriak. Hasi etxean erabiltzen dugun zuntz optikoko sistematik eta egunaren amaieran hartzen dugun ur beroko dutxa erlaxagarriaren iraupenera arte. Baina badakizu zer inpaktu duen zure ekintza bakoitzak ingurumenean? Hona hemen zure ingurunean epe ertain eta luzera eragiten duten ekintzetako batzuk.

Stand by, kontsumo ikusezina.

Gailu bat, erabili edo ez, sare elektrikora etengabe entxufatuta egoteari deritzo stand by egoera. Gezurra badirudi ere, gailu bat stand by egoeran izateak ez dio inolako mesederik egiten ingurumenari, ezta zure ekonomiari ere.

Are gehiago, ba al zenekien etxeko urteko elektrizitate-gastuaren ehuneko bost eta hamar artean horri dagokiola? Ziur gaude hemendik aurrera gogoratuko zarela gailu guztiak deskonektatzeaz.

bonbila-argia-dirua

Dutxatu zaitez bainatu beharrean

Ba al zenekien dutxan egoten zaren bost minutuko 100 litro ur galtzen direla? Ez da guk kalkulatutako datu bat, Osasunaren Mundu Erakundeak dio hori.

Ura aurrezteko sistema eraginkorrak instala ditzakezu, gainera; dirua xahutzeari uzteaz gain, baliabide natural preziatu eta urriena ere babestuko duzu hala. Gaur egun, aukera eraginkor ugari daude: emari-murriztaileak, kontsumo txikiko tangak, iturri adimendunak eta abar.

Zuntz optiko simetrikoa

Etxean erabiltzen dugun Interneterako konexioak ere zerikusia du kontsumitzen dugun energiarekin. Zuntz optikoa, konexio-sistema azkarrena izateaz gain, eraginkorrena da, ingurumena gehien errespetatzen duena.

Izan ere, FTTH transmisio-teknologiak ez du behar kobrezko kable tradizionalik, zeinak gero eta zaharkituago baitaude.

ilutrazioa-zuntz-optikoa

Eskuz garbitzea baino hobe ontzi-garbigailua erabiltzea

Ba al zenekien sukaldeko ontziak ontzi-garbigailuan garbituta egunean 30 litrora arte aurrez daitezkeela? IDEAren arabera (Instituto para la Diversificación y el Ahorro de la Energía), askoz gehiago aurrezten da ontziak ontzi-garbigailuan garbituta eskuz garbituta baino. Ez soilik ura, baita energia ere.

Gastua are gehiago txikitzea nahi baduzu, ontzi-garbigailuko programa ekonomiko bat hauta dezakezu. Hala, garbiketaren beroa aprobetxatzen da xaboia kentzeko edo lehortzeko, berriro energia kontsumitu beharrik izan gabe.

Benetan behar duzun tenperaturan

Adituen esanean, etxeak 19 eta 21 oC artean egon behar du neguan, eta 24 eta 26 oC artean udan. Antza denez, arropa egokia janztea eta etxea behar bezala aireztatzea nahikoa da etxeko tenperatura gradu bat igotzeko edo jaisteko beharra saihesteko; igoera edo jaitsiera txiki horrek igoera handia ekar dezake elektrizitate-fakturan.

Esaterako, tenperatura gradu bakarra igotzeak % 7 handitzen du energia-kontsumoa. Halaber, udan ez da komeni tenperatura 24 gradutik behera jaistea. Guztiz beharrezkoa ez denean, piztu haizagailua edo ireki leihoak!

Gainera, termostatoei esker, gela bakoitzeko tenperatura erregula dezakegu, eta beharrezkoa denean eta beharrezkoa den tokian soilik erabiliko da energia. Hala saihestuko dugu, adibidez, berogailuak eskuz itzaltzea ahazten bazaigu eragingo dugun kontsumo gehigarria.

A+++ etiketa duten etxetresna elektrikoak erosi

Europako Batzordearen arabera, energia-eraginkortasun handia duten A+++ etiketadun etxetresna elektrikoei esker, urtean 490 euro aurrez ditzakegu elektrizitate-fakturan, eta, gainera, ingurumen-inpaktua ere murrizten dugu aldi berean. A+, A++ eta A+++ klaseetakoak dira eraginkorrenak, eta, espero izatekoa den bezala, garestiagoak diren arren, aurrezten laguntzen dute epe luzera.

Izan ere, energia gutxiago kontsumitzean, elektrizitate gutxiago erabiltzen da, eta horrek eragin positiboa du etxeko ekonomian. Beste etxetresna elektriko batzuk baino garestiagoak direnez, eta lehentasunak jarri behar izanez gero, jarri arreta hauetan: hozkailuak, garbigailuak, telebistak, ontzi-garbigailuak eta bitrozeramikak. Energia gehien kontsumitzen duten gailuak dira.

Zorionez, aholku ugari daude kontsumo jasangarriari buruz. Eta zuk? Nola aurrezten duzu energia etxean?

Erlazionatutako berriak