icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Astigarragako sagardotegiak: Gipuzkoako sagardotegi onenak

22 Septiembre 2023 12:00

Euskal gastronomiarekin maiteminduta! Eta ez diogu Guuk. Erreparatu, bestela, urtero euskal sagardoaren hiriburura etortzen diren bisitariei. Bai, Astigarragako sagardotegiez ari gara. Argi bereziko herria da, geografikoki Donostiaren itzalean dagoen arren.

Mila urtetik gorako historia, eraikin interesgarriak eta izugarrizko ingurune naturala (Urumea ibaiak sortutako bailara) ditu herriak, eta, horrez guztiaz gainera, Gipuzkoako tradiziorik luzeenetako bat du sagardoari dagokionez. Bazatoz Euskadiko sagardotegi onenak ezagutzera?

Sagardotegis en Astigarraga

Sagardotegi onenak Astigarragan

Hogei sagardotegitik gora daude Astigarragan. Guztietan dugu txotx egiteko eta, bide batez, bertako produktuak dastatzeko aukera. Eta, horrez gainera, kontuan hartzekoak dira sagardoaren museoa, sagardotegien inguruko jaiak eta jarduera horrek sortzen duen giro berezia.

Baina, nola ez, egun bateko bisita egin nahiko duzula pentsatu dugu. Nondik hasi? Denbora aurreztu dezazun, Astigarragako sagardotegi onenen aukera bat prestatu dugu. Hori bai, gure aukeraketa alde batera utzita ere, guztietan bizi ahal izango duzu tradizioa % 100ean.

  • Garrantzitsua: kontuan hartu sagardo-denboraldia urtarrilean hasten dela (Donostiako danborradaren aurretik) eta apirila edo maiatza arte irauten duela, uztaren arabera. Denboraldi horretatik kanpo, sagardotegi asko itxita egoten dira.
#1

Sagardoetxea

Bilboko Txakolin Museoa gustatu bazitzaizun, ezin duzu huts egin Gipuzkoako sagarren tradizioaren epizentroa. Sagardoetxea euskal sagardoari eskainitako museoa da. Herriko tradizioaren errepasoa egiteaz gainera, dastatze ikusgarriak egiteko aukera ere badago. Hiru eremutan banatzen da: sagastia, museoa eta dastalekua. Txotx egiteko gogotan bazabiltza, azken eremua interesatzen zaizu. Bi lagunentzako goxokata hauta dezakezu, Idiazabal gazta eta guzti, edo museorako bisita osoa egin dezakezu, muztioa, likorea eta menu tradizionala barne hartzen dituena.

#2

Oiarbide

Astigarragako sagardotegi batera joan nahi baduzu, zergatik ez duzu hautatzen zaharrenetariko bat? Oiarbide sagardotegiak 100 urtetik gorako tradizioa du. Hasierako ekoizpenaren funtsa gorde du dolaretik upeletara eta handik heltze-puntura eta edalontzira, bitartekari eta gehigarri gabe. Zabalegi familiak 3 gune bereizi eta parrilla handi bat eskaintzen dizkigu, menu tradizionala dasta dezagun txotxarekin batera. Upel bat baino gehiago izaten dituzte irekita, jende-pilaketak saihesteko. Informazio gehiago bere webgunean.

#3

Petritegi

500 urte baino gehiago dituen eraikin honetan egiten dute lan Goikoetxea familiako bosgarren eta seigarren belaunaldiek. Zer gehiago esan dezakegu? Petritegi ere ez duzu huts egin behar Astigarragan, sagardotegi-esperientzia originalena bizi nahi baduzu. Hamaika aukera ditu: "sagardoa” esperientzia, "gastronomia” esperientzia, "txotx” esperientzia, dastatzea + kanoa-jaitsiera Urumean, lantegiak eta ostatua Sagarlore landa-hotelean. Informazio gehiago bere webgunean.

#4

Astarbe

Astarbe sagardotegiak lau mendetik gorako historia du. 1563an ireki zen! Astigarragako sagardotegien tradizioa harrotasunez daraman familia honetako 15. belaunaldia dira Hur, Joseba eta Kizkitza anai-arrebak. Kalitate goreneko sagarrak dituzte, eta jatetxeak oso izen ona du inguruetan. Sagardotegi honetan, bisita gidatua aperitiboarekin, tokiaren historia ezagutzeko bisita eta bisita menu maridatuarekin egin daitezke. Eta zer-nolako sagardoa dasta dezakezu? Astarbe sagardo naturala, jatorri-deitura duen Astarbe euskal sagardoa eta bi Byhur apardun barietate dituzte kartan. Informazio gehiago bere webgunean.

#5

Bereziartua

150 urtetik gorako historia du, eta azken urteetan oso balorazio onak jaso ditu nazioartean, bai sagardoagatik, bai gastronomiagatik. Bereziartua Sagardoak izenak 1870ean hasi zuen ibilbidea Ergobin, eta joan den mendeko 70eko hamarkadan Astigarragan finkatu zen. Gaur egun, eskualdeko sagardotegi-tradizioaren ikurretako bat da. Aukera duzu bisita gidatu batean baserria ezagutzeko eta sagardoa dastatzeko. Informazio gehiago bere webgunean.

#6

Irigoien-Herrero

Ehun urtetik gorako historia, zenbait belaunaldiren lana, goi-mailako instalazioak eta sagardo onenaren 2008ko saria: horra hor Astigarragako Irigoien-Herrero sagardotegiaren bermeak. Ahozabalik utziko zaituzte sagardotegi honetako jangela eta janariek. Sagardo-denboraldian tokia gordetzea gomendatzen dizugu, bete egiten da eta. Informazio gehiago bere webgunean.

#7

Etxeberria

M. A. García Moreno | https://www.google.com/maps/place/Sidrer%C3%ADa+Etxeberria/@43.2642743, 1.9402619,3a,75y,90t/data=!3m8!1e2!3m6!1sAF1QipMbQfagPp4QKL16bV8fXo NB7hJmyA5raCsInkO!2e10!3e12!6shttps:%2F%2Flh5.googleusercontent.com%2Fp%2FAF1QipMbQfagPp4QKL16bV8fXo NB7hJmyA5raCsInkO%3Dw152 h86 k no!7i2000!8i1125!4m7!3m6!1s0xd51aef00d0ec9ff:0x16bd2bc5ee2e8e59!8m2!3d43.2642743!4d 1.9402619!10e5!16s%2Fg%2F11b7gbsyfn?entry=ttu

Urtean 150.000 litro-sagardo baino gehiago ekoizten ditu, eta txotx mugikorra dauka; nahi duzun tokira bidaliko dizue! Horrek eta bere tradizio luzeak eman digute atentzio gehiena Etxeberria sagardotegitik. Miguel eta Mercedes dira Astigarragako ikur honen arduradunak; 70eko eta 80ko hamarkadan eraiki zuten baserria, eta sagardoaren negozioari ekin zioten beren seme-alabekin batera. 350 lagunentzako jangela eta 15 upel dituzte. Webgunean egin ditzakezu erreserbak.

#8

Zapiain

Eta, nola ez, Astigarragako sagardotegi onenen zerrendan ezin dugu kanpoan utzi Euskadiko jatetxe eta supermerkatuetan gehien ikusten den izena. Toki askotan ikusiko zenuen Zapiain, eta botila horiek guztiak tradizioaren jatorrian sortzen dira, Astigarragako sagardotegi honetan. Eraikina joan den mendeko 60ko hamarkadakoa da, baina zapiaindarrek sagardoarekin duten harremana XVI. mendearen erdialdetik dator; hots, balea-arrantzaren testuingurutik. Kontuak kontu, 60ko hamarkadaren bukaeran, sagardotegi honetan egiten zen Euskadin kontsumitzen zen sagardoaren ia % 50. Gaur egun ere pisu handia du, eta bisitan etor zaitezke ezagutzera. Informazio gehiago bere webgunean.

Sagardo Apurua: Astigarragatik Donostiara doan tradizioa

Donostiako kaleak sagardoa dastatu nahi duten pertsonaz betetzen dira Sagardo Apurua tradizionalean, eta, nola ez, Astigarragan du hasiera. Hala, upelak Astigarragatik Donostiara eramaten dituzte Urumea ibaian zehar.

Tabakalera parean deskargatzen dira, eta idiek lagunduta Konstituzio plazara eramaten dituzte. Urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi.

  • Noiz?: abenduko lehenengo astean

Ospakizuna ez da egiten Astigarragan, baina lagungarria da herriak inguruko sagardotegien tradizioan zenbaterainoko garrantzia duen ulertzeko. Joatea gomendatzen dizugu, merezi du eta.

Sagardo Berriaren Eguna: txotx!

San Sebastian egunaren aurreko asteazkenean egiten da txotx urtero. Sagardotegiek denboraldia irekitzen dutenean, baserriz baserri doazen bisitariek aukera izaten dute sagardoa zuzenean upeletatik dastatzeko.

Bada, pentsatuko duzun moduan, Astigarragan ospakizun handia da. Doako garraiobideak jartzen dituzte sagardotegietara joan eta tradizioan parte hartzeko. Ia hiru hamarkada dira Astigarragan Sagardo Berriaren Eguna ospatzen dela.

Sagar Uzta Astigarragan

Astigarraga eta Hernani euskal sagardoaren erreferentzia nagusiak badira... nolakoak uste duzu izango direla hango jaiak? Horixe bera! Santiago eta Santa Ana jaiak gozamen hutsa dira sagardozaleentzat. Baina urtean zehar badira zukua dastatzeko egun gehiago ere.

Sagar Uzta edo sagarraren festa ere egiten da herrian, zenbait hilabete geroago.

  • Noiz?: irailean

Bisitari guztiek aukera dute denboraldiko lehenengo muztioa dastatzeko, hartziduraren aurreko prozesuan sagarrak zanpatzen direnean. Sagarrekin egindako bestelako produktu batzuk saltzeko eta dastatze publikoak egiteko aprobetxatzen dute herritarrek.

Tira, ikusi duzu: euskal sagardoa gustuko baduzu, Astigarragara joan beharra daukazu. Hango sagardotegietan erakusten zaio munduari produktu tradizional hau. Bazatoz dastatzeko toki onenera? Eskuratu zure Guuk-eko tarifa eta bizi abentura ugari.

Erlazionatutako berriak