icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Jon Larrea Amorebietako presidenteak Kirolappekin izandako esperientzia kontatzen digu

29 Junio 2022 14:59

Guuk-en geurearekin konektatzeko konpromiso sendoa dugu, eta, horregatik, gure jakintza digital guztia eta gure gaitasun teknologikoa gure bazkideen eskura jarri ditugu, Amorebieta Kirol Elkartearen eta beste klub batzuen hazkundea bultzatzeko, beren jarraitzaileekiko harremanak zailtzen dituzten oztopo digitalak ezabatuz Kirol App aplikazioaren bitartez. Jon Larrea Amorebietako presidenteak Kirolappekin izandako esperientzia kontatzen digu

Amorebieta KEk urte historiko bat bizi izan du zilarrezko kategorian, eta Guuk-en bazkide digital bilakatu da; gainera, urrats garrantzitsu bat egin du erakundearen digitalizazioan gure Kirol App ekimenaren bidez.

Orain, denboraldia amaituta, ikasturtearen nondik norakoak aztertzeko garaia da. Horregatik, Amorebieta KEk, denboraldi-hasieran zuen helburua bete ez den arren, arrazoi ugari ditu egindako bidearekin pozik egoteko.

Liga profesional baten parte izateko eta elitean borrokatzeko ametsa egiteaz gainera, eraldaketa digitalaren alde egin dute, zaleekin hobeto konektatzeko eta haiei interakzio-tresna berriak eskaintzeko.

Horrexegatik hitz egingo dugu gaur Jon Larrearekin —klubeko presidentea—, zuzenean konta diezagun zer-nolako esperientzia izan duen KirolApp aplikazioarekin, eta azter dezan mota horretako tresnek zenbateko garrantzia duten klub apalentzat (handien aurka borrokatu behar izan du denboraldi honetan)

Denboraldi honetan taldea mailaz jaitsi da, baina, hala ere, bizirik iritsi da azkenaurreko jardunaldira. Nola baloratzen duzu denboraldia?

Balorazio positiboa egiten dugu. Zoritxarrez ez dugu lortu denboraldiko kirol-helburua, hots, mailari eustea baina positiboki baloratzen dugu denboraldia, lehian aritu baikara, eta mailari eusteko borrokatu baikara azken unera arte. Gainera, etxeko jendearekin lehiatu gara, eta oso harro gaude. Beraz, ez dugu lortu kirol-helburua, baina burua gora bukatu dugu, eta zinez eskertzen dugu Amorebietako zaleek eman diguten laguntza.

Bigarren Mailan lehiatzea laguntza handia izan da klubarentzat alderdi guztietan: kirol-alderdian eta alderdi ekonomiko eta sozialean; ez da hala?

Bigarren Mailan aritzea liga profesional batean aritzea izan da; horrek garrantzi mediatiko handiagoa dakar, eta, beraz, oihartzun handiagoa. Halaber, jende asko identifikatuta sentitu da herriko klub apal batekin, zeinak erakutsi baitu gauzak ongi eta buruarekin eginez, zaila izan arren, betetzeko moduko helburuak daudela.

Kirolaren alderdiari dagokionez, seguru asko, munduko 10 liga onenen artean jokatu dugu. Egituraz ari garela, kluba profesionalizatzea eragin du: sail berriak sortu behar izan ditugu, eta kluba modu profesionalean egituratu behar izan dugu. Esan ohi dudan moduan, janari-denda txiki bat edukitzetik, merkataritza-gune bat eraiki dugu. Ahalegin eta sakrifizio handia izan da, baina harro gaude erronkaren mailan egon ahal izateaz.

Guuk-ek bezala, Amorebietak ere hemengoaren alde egiten du

Guuk-ek bezala, klubak ere hemengoaren alde egiten du. Bertako jokalariz osatutako harrobia izanda, are balio handiagoa du eman duzuen jauzi profesionalak, ezta?

Zuzendaritzak hasieratik egin du etxekoen alde. Uste dugu gertutasunak eta etxekotasunak elkartasun handiagoa, konfiantza eta giro ona ematen dutela Logistikaren alderditik ere, bertako jendea izateak erraztu egin du egoera berrira egokitzea. Ez da arau idatzi bat, baina, gure egoera dela eta, hemengoen alde egin dugu, eta horrek balio erantsia eman dio taldeari.

Denboraldi historiko honetan bizitako esperientzia guztietatik, zein gordeko duzu betiko?

Sentsazio batekin geratuko nintzateke. Hasieran oso gogorra egin zitzaigun Urritxen jokatu ezin izatea, amorrua eman zigun; baina bigarren aukera onena lortu genuen: Lezaman jokatzea. Horregatik geratzen naiz sentsazio horrekin;, jende guztia, familiak, Lezaman ikustea, lepokoekin eta kamisetekin...., eta jaso dugun laguntza guztia ikustea. Betiko gordeko dut irudi hori.

Amorebietak jauzi bat egin du digitalizazioan KirolApp-ekin

Guuk-en bazkide digital izanda, Amorebieta KEk KirolApp du dagoeneko, eta jauzi kualitatibo bat eman du klubaren digitalizazioan eta profesionalizazioan. Nola baloratzen duzu aliantza hori?

Oso positiboki baloratzen dugu aliantza. KirolApp-en aurkezpenean adierazi nuen moduan, Guuk-en jatorria eta lan egiteko modua Amorebietarekin identifikatzen ditut erabat. Horrenbestez, Guuk-en eskutik jauzi profesional hau ematea kalitatezko jauzi bat izan da klubaren digitalizazio-prozesuan.

Partidak streaming bidez ikustea eta Amorebieta KEren aktualitatea KirolApp aplikazioaren bidez jaso ahal izatea jauzi handi bat izan da jarraitzaile zornotzarrekin duzuen konexioan. Nola hartu dute ekimena?

Hasieran kostatu egin da bazkideek aplikazioa ezagutzea eta hartara ohitzea (gure bazkideen batez besteko adinak eragina izan du), baina gure bazkideekiko konexioa erraztu digu tresna horrek.

Gazteek, aldiz, oso ondo hartu dute ekimena. KirolApp aplikazioak asko erraztu digu jarraitzaileekiko harremana, klik bakar batean Amorebietari buruzko informazio guztia (benjaminetatik lehenengo taldera) eskuratu ahal izatea oso lagungarria izan baitzaigu, eta Amorebieta Kirol Elkarteko familiaren parte izatea errazten baitie zaleei.

Zer iruditzen zaizu futbol-klubek halako ekimenekin bat egitea eta zaleekin konektatuago egon ahal izatea?

Aurrerapen bat da, abantaila bat, eta, gaur egun, ia-ia beharrezkoa. Zure klubari buruzko informazioa mugikorrean izanda, errazagoa da Amorebietaren parte zarela sentitzea eta taldearekin konektatuta egotea.

Zerk konektatzen zaitu Amorebietara presidente gisa eta futbolaren zale gisa?

Niretzat familia da, sentimendu bat. Nire aititek berriro sortu zuenetik, lotura handia dut klubarekin. Jokalaria, entrenatzailea eta presidentea izan zen. Beraz, gure egunerokotasunaren parte da, eta betidanik bizi izan dugu.

SD Amorebieta- kIROLAPP-GUUK ENTREVISTA A JON LARREA PRESIDENTE DEL CLUB

Betirako betirako da

Zer nahiko zenuke jokalariek eta zaleek betiko gogoratzea?

Denboraldi historikoa izan dela gogoratzea nahiko nuke. Amorebieta Bigarren Mailan izatea ia pentsaezina zen. Horregatik gustatuko litzaidake urte zoragarri bat izan dela gogoratzea, zoritxarrez helburua lortu ez dugun arren. Urteak igarotzen direnean, futbola bakarrik izan arren, denboraldi berezi baten esperientzia geratuko da guztion gogoan.

Amorebietako presidente gisa bizi guztirako eramango duzun oroitzapen bat.

Dituen exijentziaz eta arduraz gainera, taldearekin bidaiatu ahal izatea, Lehen Mailako estadioetan jokatu izana... ezin dut aukeratu oroitzapen bakar bat. Oso harro nago denboraldi honetako parte izateaz presidente gisa, eta oso gustura nago proiektu honen parte izateagatik.

Zer hitz ez zenuke sekula hautsiko presidente gisa?

Zintzotasuna balio garrantzitsua da niretzat; Guuk-entzat bezala, niretzat ere garrantzitsua da hitzekoa izatea.

Zer erronka dituzue klub gisa datorren urtean?

Atzerapauso bat eman dugu, baina garrantzitsua da ez ahaztea zer-nolako jauzia eman dugun azken urteotan, bi kategoria igo baikenituen jarraian. Kluba egonkortzea da helburua, egonkortasun ekonomikoa lortzea, eta azken urteotan egin ditugun urrats ugari sendotzea; esate baterako, digitalizazioan egin ditugun aurrerapenak, hala nola Guuk-ekin sortu dugun aliantza digitala.

2025ean 100 urte beteko ditugu, eta gutxienez beste 100 urte bete ahal izateko oinarriak ezarri nahiko genituzke.

Erlazionatutako berriak
Teknologia eta Berrikuntza

Bidaiak planifikatzeko mugikorreko aplikazio onenak

4 min

Bidaien antolaketa azken unerako uzten duten horietakoa zara? Edo, alderantziz, zure oporrak eta bidaiak xehe-xehe planifikatzen ematen duzu urtea? Seguru asko, zure txangoei zukua nola atera pentsatzen ariko zara: ez duzu ezer utzi nahi bisitatu gabe, ezta tokiko gastronomia dastatu gabe utzi edo zure helmugako txokorik onenak gozatu gabe utzi nahi ere. Horregatik, zure bidaia planifikatzeko mugikorreko aplikazio onenak hautatu ditugu.

Guuk gara

Kirol App, Euskadiko eta Nafarroako kirol-klubentzako aplikazioak

4 min

Euskadiko eta Nafarroako gizarte-eragileekin konektatzeko sortu zen Guuk, sinergiak sortzeko eta lurraldearen eraldaketa digitala bultzatzeko. Konpromiso sendo horretatik sortu zen Kirol App proiektua, tokiko kirol-kluben digitalizazioa bultzatzeko eta haien zaletasunekin komunikatzeko bide berriak aztertzeko garatu den mugikorretarako aplikazioa.

Somos Guuk

KirolApp, aplicaciones para clubes deportivos en Euskadi y Navarra

6 min

Guuk nació con el propósito de conectar con los agentes sociales presentes en Euskadi y Navarra, para crear sinergias e impulsar la transformación digital del territorio. De este firme compromiso, nació el proyecto KirolApp, las aplicaciones móviles desarrolladas para apoyar la digitalización de los clubes deportivos locales y explorar nuevas vías de comunicación con sus aficiones.nn

Konexioa

Erosketa online seguruak: 10 aholku segurtasunez erosteko interneten

4 min

Ikusi dugu egunetik egunera gora egiten dutela online erosketek, baina baita horiek ekartzen dituzten arriskuek ere. Horregatik, Guuk-etik, kontatuko dizuegu zer alderdi hartu behar diren kontuan, jakiteko webgune fidagarri baten aurrean gaudela, eta sareko maula eta iruzur beldurgarrietan ez erortzeko