icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Erosketa online seguruak: 10 aholku segurtasunez erosteko interneten

25 Abril 2022 13:00

Ukaezina da gure erosketa-ohiturak asko aldatu direla COVID-19ak eragindako egoeraren ondoren. Online erosketek ikaragarri egin dute gora, baina, horrekin batera, gora egin dute sareko maula eta iruzurrek ere. Horregatik, Interneten erosketa seguruak egiteko eta merkataritza elektronikoetan segurtasunez erosteko zenbait aholku emango dizkizugu.

Amazon, Aliexpress eta bestelako marketplace direlakoak ez dira egoera aprobetxatu duten bakarrak. Gaur egun, negozio txiki eta ertainek ere bat egin dute online salmenten joerarekin, pandemian ixtearen alternatiba gisa eta produktuen stockei irteera eman ahal izateko.

Ikusi dugu egunetik egunera gora egiten dutela online erosketek, baina baita horiek ekartzen dituzten arriskuek ere. Horregatik, Guuk-etik, kontatuko dizuegu zer alderdi hartu behar diren kontuan, jakiteko webgune fidagarri baten aurrean gaudela, eta sareko maula eta iruzur beldurgarrietan ez erortzeko.

Interneten segurtasunez erosteko eta iruzurrak saihesteko 10 aholku

Gogoan izan presaka ibiltzea ez dela ona, eta zerbait Internet bidez erostea pentsatzen ari bazara, egiaztatu egin behar duzula beharrezko segurtasun- eta sinesgarritasun-alderdiak betetzen dituela, Interneten ezustekorik gabe erosteko. Kontsumobidek gomendatzen duen moduan, oso garrantzitsua da zenbait alderdi kontuan izatea Interneten transakzio bat egin aurretik, egin bitartean eta egin ondoren. Jarraian, Interneten segurtasunez erosteko 10 aholku emango dizkizugu.

Erabili konexio segurua

Zuntz optikoa Internetera konektatzeko sistema aurreratuena da, baina horrek ez du esan nahi segurtasunaren alderdia ahaztu behar dugunik. Ez egin online erosketarik wifi irekietatik edo sare publikoetatik, halakoek ez baitute behar adina kontrol-neurririk eskaintzen. Ez da komeni etxean wifi irekia izatea ere, ezagutza informatikoak dituen edonor erraz sartu ahal izango baita.

Egiaztatu webgunea zifratuta dagoela

Bilatu URLaren hasieran HTTPS duten eta helbidearen barran giltzarrapo bat duten online dendak, horrek bermatzen baitu Secure Sockets Layer (SSL) segurtasun-ziurtagiria instalatua dutela. Alegia, bidaltzen den informazioa zifratuta dago, eta, beraz, sartzen dituzun datuak enkriptatu egiten dira; horrek esan nahi du norbaitek eskuratuta ere, ezin izango dituela datuak interpretatu. Batzuetan, giltza bat ere ager daiteke pantailaren beheko ertzean, orrialde zifratua dela bermatzeko. Alderdi horiek berebiziko garrantzia dute nortasuna faltsutzen duten erasoak saihesteko.

Izan zure gailuak eguneratuta

Zibersegurtasuneko arazo nagusietako bat gertatzen da gailuak behar bezala eguneratuta ez daudenean, segurtasun digitalari dagokionez. Batzuetan, antibirus on bat ez badugu, gure mugikor, tableta eta ordenagailuak malware edo software gaiztoren batekin infektatzen dira. Halakoak gure datu pertsonalak eta banku-datuak atzematen saia daitezke, eta, beraz, onlineko segurtasun-arazoen aurrean babesgabe egongo gara. Mugikorrak garbitzeko aplikazio eta antibirus ugari daude, zure smartphonea beti seguru edukitzea ahalbidetzen dutenak.

merkataritza elektronikoa seguruak- nola erosi interneten segurtasunez

Erosi soilik webgune seguru eta konfiantzazkoetan

Interneten edozein erosketa egin aurretik, egin bilaketa azkar bat denda horri buruz Google, Bing edo antzeko bilatzaile batean, foroetan edo sare sozialetan. Oso erabilgarria izan daiteke berrikustea beste erabiltzaile batzuk zer nolako iruzkinak argitaratu dituzten, horrek saltoki elektroniko horren fidagarritasunari buruzko zenbait pista eman baititzake. Pozik ez dauden erabiltzaile askok beren kritika uzten dute leku horietan, konponbideak bilatzeko eta beste batzuei beren esperientzia tamalgarria jakinarazteko. Halaber, komeni da ez fidatzea saltoki elektroniko horiei buruzko iritziak orokorregiak edo onegiak badira; izan ere, gaur egun, webgune horietako askok botek sortutako iritzi-sistema masiboak erabiltzen dituzte.

Kontuz phishingarekin

Phishinga edo Interneten datuak lapurtzea praktika ohikoenetako bat da Interneteko iruzurren artean. Taktika sinpleenetako bat da, baina baita arriskutsuenetako bat ere, zibereraso horietan zure datu pertsonalak edo bankuko datuak eskuratzen saiatzen baitira, Interneten identitatea faltsutzeko delituak egiteko. Amua SMS bat, mezu elektroniko bat edo sare sozialen bidezko mezu bat izaten da, deskontu, eskaintza edo sari ederrak eskaintzen dituena. Horregatik, garrantzitsua da jakitea nola eragotzi Interneten datuak lapurtzea (phishinga), sarean engaina ez zaitzaten.

ordainketa erarik seguruenak interneten - nola egin online bidezko erosketa seguruak

Berrikusi harremanetarako eta bezeroaren arretarako kanalak

Adibidez, begiratu ondo zein diren helbide fisikoa eta harremanetarako zenbakia, eta bezeroaren arretarako zer kanal eskaintzen dituzten. Era berean, begiratu zein den itzulketa-politika eta webgunean lege-testurik badagoen, hala nola terminoak eta baldintzak edo pribatutasun-politika.

Begiratu webgunearen oinarrizko alderdiei

Garrantzitsua da webguneak konfiantza ematen duen itxura izatea eta behar adina eduki izatea. Stockean produktu gutxi ikusten badituzu, edo ikusten baduzu webgune horretan nabigatzea ez dela ohi bezalakoa eta kalitate grafiko txarra, itzulpen eskasak edo ortografia-akatsak dituela, seguru asko zure segurtasuna arriskuan jartzen duen atari susmagarri batean egongo zara. Produktuen fitxek garrantzi berezia dute. Egiaztatu behar da produktu horri buruzko nahikoa informazio eta datu zehatzak edo ezaugarri berariazkoak ematen dituztela.

Pasahitz seguruak

Askotan, online salmentako plataforma horiek kontu bat sortzeko iradokitzen digute, bidalketa-egoeraren jarraipena egiteko eta sustapenak eta deskontuak jasotzeko. Kontu bat sortzea erabakitzen baduzu, garrantzitsua da pasahitz sendoa aukeratzea. Artikulu honetan, Interneten pasahitz seguruak izateko aholku batzuk azaltzen ditugu.

Ez zaitez maukez fidatu

Nola jakin dezakegu produktu baten prezioa erreala den? Beste atari batzuekin konparatuz, benetakoa edo faltsua den ideia bat izan dezakegu. Egia da online dendek deskontu eta eskaintza puntualak eskaintzen dituztela, baina prezioak baxuegiak badira, ziurrenik produktuaren imitazio bat edo iruzurrezko online denda bat izango da. Bilatu beste atari batzuetan produktu horren prezioa, produktua benetakoa edo faltsua den jakiteko, eta ez fidatu prezioak oso baxuak direnean.

Begiratu ordaintzeko zer bide eskaintzen dituen

Ziurrenik, ordaintzeko metodoa izango da online erosketa bat egiteko faktore erabakigarrietako bat. Horregatik, garrantzitsua da metodo fidagarrienak zein diren jakiteko beharrezko informazio guztia izatea. Ez egin inolaz ere ordainketarik banku-transferentziaren edo posta-igorpenaren bidez, iruzur baten biktima izanez gero, dirua berreskuratzeko berme gutxiago eskaintzen baitute metodo horiek.

Paypal, Google Wallet edo antzeko bitartekariak erabiltzea gomendatzen da. Abantaila nagusi bat eskaintzen dute: orgatxoko produktuen ordainketa kudeatzen dute, eta erabiltzaileak ez ditu sartzen bere bankuko datuak kanpoko webgune batean. Dirua itzultzeko eskatuz gero, askoz errazagoa izango da metodo horiek erabiliz. Era berean, aukera ona da online ordainketak egiteko bakarrik erabiliko duzun txartel bat izatea; hala, zure datuak lapurtzen badituzte ere, zure dirua seguru egongo da. Zuzenean kreditu- edo zordunketa-txartelarekin ordaintzea ere erabat segurua izan daiteke.

Askotan, segurtasun-akats gehiago gertatzen dira online dendan bertan, ordaintzeko metodoetan baino. Horregatik, konfiantzazko webguneetan bakarrik erosi behar dugu, gure ekipoak eguneratuta izan behar ditugu, eta kalitatezko Internet-konexioa erabili behar dugu (hots, erosketak wifi sare publikoen edo irekien bidez egitea saihestu behar dugu).

Behin puntu horiek guztiak berrikusi ostean, online atari baten fidagarritasunari buruzko zalantzarik baduzu, hobe da erosketa alde batera utzi eta beste aukera bat bilatzea. Guuk-ek online segurtasunarekin konpromisoa du; horregatik, Interneten zure datuak babesteko segurtasun-aholku hauek ere jartzen ditugu zure eskura, iruzurrak ez baitira soilik online erosketetan gertatzen.

Erlazionatutako berriak
Tecnología e Innovación

Herramientas digitales que pymes y autónomos deben conocer

7 min

En Guuk estamos conectados con los nuevos tiempos y realidades que viven los negocios. La digitalización ya es una realidad y sabemos de los esfuerzos que startups y emprendedores realizan para llevar a cabo este proceso de forma eficaz y adaptado a sus necesidades. Por eso, hemos creado un recopilatorio de herramientas digitales para pymes y autónomos que debes conocer.