icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Inauteriak: Euskadiko tradizio zahar eta herrikoienetako bat

07 Febrero 2023 10:42 3 min

Inauteriak Euskadiko tradizio zahar eta herrikoienetako bat dira. Mozorroak, desfileak, emanaldiak, lehiaketak, musika, dantza eta jolasa bihurtzen dira protagonista adin guztietako ikusleentzako dibertsio- eta entretenimendu-garai honetan.

Otsailean ospatzen dira, eta herri bakoitzak bere erara ospatzen ditu. Jendetsuak eta ezagunak dira batzuk (Tolosako edo Bilboko inauteriak, adibidez) eta bereziak beste batzuk (hala nola Mundakako edo Zalduondoko inauteriak). Euskadiko udalerri garrantzitsuenetan garai honetan egiten diren jardueren berri emango dizugu.

Carnaval blog cuerpo 4000X2000 1

Gipuzkoako Inauteriak

Gipuzkoako udalerri batzuetan bereziki ospatzen dituzte inauteriak. Jendetsuenak eta ezagunenak Tolosakoak eta Donostiakoak dira, baina ezin ditugu aipatu gabe utzi Amezketa, Abaltzisketa, Azpeitia, Antzuola eta Aretxabaletakoak ere.

Tolosako inauteriak

Euskadiko inauteri-jai ezagunenak dira. Zenbait eguneko jaia da, eta bisitari asko joaten dira jai-giroaz gozatzeko. Ostegun Gizenarekin hasten da, pregoia irakurriz eta txupinazoa botaz. Hurrengo egunean, Ostiral Mehean, Tolosako biztanleak protagonista dituen ikuskizun berezi bat egiten da, motorrak berotzen joateko. Datorren egunean, berriz, helduen eta umeen danborradak ibiltzen dira kalez kale.


Igandean, inor ez da etxetik aterako pijama eta zapatilarik gabe; izan ere, horiek dira protagonista herri osoan, karrozaz, konpartsaz, desfilez, mozorroz, musikaz eta dantzaz betetako egun horretarako —astelehenean ere bai—. Amaitzeko, asteartean, inauteriei agur esateko eguna iristen da, sardinaren ehorzketarekin.

Donostiako Inauteriak

Gipuzkoako hiriburuak jai-egitarau zabala prestatzen du haur zein helduentzat. Momoren iritsierarekin hasten da jaia —huraxe da Donostiako inauterietako pertsonaia nagusia—. Konpartsak kalez kale ibiltzen dira beren mozorro originalekin, kaleak kolorez betetzen. Larunbatean, Goiztiriak ospatzen dira —tradizio handiko jarduera Donostiako inauterietan—. Segizio batek Momori abesten dio esnatzeko, eta, ondoren, udaletxera joaten dira, agintea eskualdatzeko.

Festa izaten da nagusi hiriko auzoetan, hala nola Añorgan, Egian, Grosen, Altzan, Antiguon, Intxaurrondon, Bidebietan, Loiolako erriberetan, Amaran, Martutenen eta Aieten, hainbat jarduerarekin. Dantza-ikuskizunek, mozorro-lehiaketek eta sardinaren ehorzketak osatzen dute ospakizuna.

Bizkaiko inauteriak

Alaitasuna izaten da nagusi konpartsez, kantuaz eta dantzaz familiarekin eta kuadrillarekin gozatzeko garai honen zain dauden Bizkaiko udalerrientzat. Bilbo, Mundaka, Markina-Xemein, Lekeitio eta Durango nabarmentzen dira, duten jai-egitarau zabalagatik.

Bilboko Inauteriak

Bilboko inauterietako bi pertsonaia nagusiak Farolin eta Zarambolas dira, eta haien epaiketa publikoarekin hasten dira inauteriak, Plaza Barrian. Biharamunean, jai-barrutia irekitzen da Plaza Biribilean. Hantxe aurkezten dituzte bilbotarrek beren mozorro-proposamen dibertigarri eta originalak.

Hainbat jarduera egiten dira kalean: haurrentzako tailerrak, antzerkia eta ikuskizunak, tokiko produktuen azoka, kontzertuak, erraldoiak, fanfarreak eta mozorroen kalejira-lehiaketa. Sardina errez amaitzen dira jaiak, parte-hartzaileen malko artean.

Carnaval blog cuerpo 4000X2000 2

Mundakako Inauteriak

Mundakan modu berezi batean ospatzen dira inauteriak, Urdaibaiko kondairak antzeztuz. Euskal mitologiaren arabera, sorginak eta lamiak bizi ziren lur haietan, eta, urtez urte, izaki mistiko haien antzera janzten eta makillatzen dira hiriko emakumeak.

Gizonek, berriz, Anton Erreka kondearen kondaira hartzen dute aitzakia, eta Atorraz janzten dira: gona, galtza eta alkandora zuria janzten dituzte, eta, horiekin batera, burko zorroa buruan eta zapi gorria lepoan. Kondairak dioenez, kondea mozkortuta joan zen etxera egun batez, eta, emaztearen errietatik ihesi, aurkitu zuen aurreneko gauza jantzi, eta korrika alde egin zuen etxetik, soinean kamisoia zeramala konturatu gabe. Herriko jendeak, horrela jantzita ikusita, ospakizun bat zela pentsatu zuen, eta erromeria bat antolatu zuten. Horrela hasi zen tradizioa. Gaur egun, Urdaibaiko inauteri ezagunenak dira.

Arabako inauteriak

Araban handikiro ospatzen dira inauteriak; herri askotan, gainera. Ezagunenak Gasteizkoak eta Zalduondokoak dira, baina merezi du Santikurutze Kanpezukoak, Laudiokoak, Aguraingoak, Salcedokoak, Asparrenakoak edo Kuartangokoak ezagutzea ere.

Gasteizko Inauteriak

Andre Maria Zuriaren jaiekin batera, Gasteizko jai kuttunenak dira Inauteriak. Festaren epizentroa parte zaharrean eta hirigunean dago; han egiten dira konpartsen desfileak eta sardina-erretzea. Eta, nola ez, beso-zabalik hartzen dituzte festarako gogoa duten guztiak. Toki gehienetan bezala, musika, dantza eta haurrentzako tailerrak ere antolatzen dira.

Zalduondoko inauteriak

Arabako jai zahar eta garrantzitsuenetakoak dira Zalduondoko inauteriak. Ospakizuneko protagonista nagusia Markitos da, herriko gaitz guztien eragilea delakoan epaitzen eta erretzen duten panpina. Lazarraga jauregiaren parean hasita, kalez kale ibiltzen dute. Markitosekin batera, euskal mitologiako figura ezagunez mozorroturiko jende pila ibiltzen da, eta oihu eta txistu egiten diote denek Markitosi. Haren gurasoak, berriz, negar batean aritzen dira. Amaitutakoan, su ematen zaio herriko gaitzak desagerrarazteko.

Mozorroa prest baduzu, aurten Inauteriak non ospatuko dituzun erabaki besterik ez duzu. Festarik ezagunen eta jendetsuenetara joango zara, edo nahiago dituzu tradizio handienekoak jai-giro peto-petoan murgiltzeko? Batean zein bestean, ondo pasatzea da garrantzitsuena, eta Guuk-en konexiorik onena eskainiko dizugu, behar bezala komunikatua egon zaitezen beti familiarekin eta kuadrillarekin.

Erlazionatutako berriak
Euskal Hiria

Las mejores playas de Euskadi

1 min

¡Descubre las mejores playas de la costa de Euskadi! Dónde encontrar sus extensos arenales, imponentes acantilados, aguas cristalinas y grandes olas para disfrutar de un día perfecto y desconectar de la rutina.