icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Goxuaren errezeta: nola prestatu Arabako postre tipikoa

29 Diciembre 2023 12:00
Recetas Goxua

Euskadin, paisaia berdeez, hondartza ederrez eta festa ikusgarriez gain, nabarmentzeko modukoa da, benetan ere, bertako gastronomia. Bakailaoa pil-pilean, txangurroa, pantxineta eta marmitakoaz harago, nabarmentzekoa da Goxua. 1976an sortu zuen postre hori Luis López de Sosoaga gozogile gasteiztarrak, eta gaur egun postre klasikoa da Euskal Herri osoan. Hemen duzu errezeta, betiko moduan prestatzen jakin dezazun.

Goxua euskal izen egokia da tradizio handiko postre honentzat, osagai-konbinazio benetan goxoa baitu. Gutizia honek hiru geruza ditu: lehenik, esne-gain harrotua; hurrena, almibarrarekin bustitako bizkotxoa; eta hirugarrenik, pastel-krema karamelizatua. Zapore-aniztasunak ez du parekorik.

Tradizionalki, buztinezko kazoletan zerbitzatzen da, baina batzuetan kristalezko kopa edo edalontzietan jartzen da, berezitasun honen hiru geruzak ikusteko. Tarta forma ere izan dezake, baina kasu horretan, oinarrian bizkotxozko beste geruza bat gehitzea gomendatzen da.

Cartela Recetas Goxua foto

Goxuaren errezeta, Arabako postre tipikoa pausoz pauso prestatzeko.

Sarrera irakurtze hutsarekin, seguru ahogozoa egin zaizula, eta ez da harritzekoa; denoi gertatzen zaigu. Ez kezkatu, hemen kontatuko dizugu-eta pausoz pauso zer egin behar duzun Goxua bikaina egiteko, zure gonbidatuentzat edo zeure gozamenerako. Izan ezazu dena prest eta ekin lanari.

Errezetak 40 minutuko prestaketa-lana eta 20 minutuz egostea behar du, hau da, guztira ordubete behar da. 6 mahaikiderentzat pentsatuta dago.

Goxua prestatzeko osagaiak (6 pertsona)

Zer

Zenbat

Arrautzak

2

Azukrea

140 g

Banilla-esentzia

2 koilaratxo

Gozogintzarako gari-irina

60 g

Arrautza-gorringoak

3

Esne osoa

500 ml

Arto-irina

2 koilara

Azukre beltza

100 g

Ura

100 ml

Rona

30 ml

Harrotzeko esne-gaina

250 ml

Den-dena daukagunean, lanari ekingo diogu dena prest uzteko eta inork inoiz probatu duen Goxua onena lortzeko.

  • Lehenik eta behin, hasi genoar bizkotxoa prestatzen. Aldez aurretik, berotu labea 180 ºC–ra, labe osoa berotuz, goian eta behean . Katilu batean, irabiatu 2 arrautza, 60 g azukre eta banilla-esentzia koilaratxo bat, nahasketa krematsua bihurtu eta bolumena bikoiztu arte.
  • Gehitu galbahetutako irina eta nahastu, harik eta ore homogeneoa eta pikorrik gabea lortzen duzun arte. Bota orea paperez forratutako erretilu batera, eta sartu labean 15-20 minutuz, gehiegi gorritzen utzi gabe.
  • Ondoren, prestatu pastel-krema. Horretarako, irabiatu 3 arrautza-- gorringo eta 70 g azukre, biak ondo batu arte. Beste katilu batean, disolbatu 2 koilara arto-irin esne pixka batean. Gehitu nahasketa hori azukre- eta gorringo-nahasketari, eta erantsi banilla-esentzia. Berotu gainerako esnea ontzi batean, su ertainean.
  • Pixkanaka, gehitu esne beroa gorringoen nahasketari, etengabe eraginez. Berriz ere, berotu nahasketa hori su ertain-baxuan loditu arte, irabiatzeari utzi gabe. Bota krema beste ontzi batera, estali film gardenarekin zarakarra sor ez dadin, eta utzi hozkailuan hozten.
  • Almibarra prestatzeko, ontzi batean egosi 100 g azukre beltz, 100 ml ur eta 30 ml ron, loditu eta trinkotu arte. Utzi hozten.
  • Harrotu 250 ml esne-gain azukre-koilara batekin, krema harrotu arte.

Goxua muntatzeko, moztu bizkotxoa eta busti almibarretan. Edalontzi baten hondoan, jarri esne-gain harrotuko geruza bat, eta ondoren, bizkotxo bustia.

Gehitu pastel-krema gainean, eta bota azukre pixka bat. Erabili soplete bat azukrea karamelizatzeko; sukaldeko pizgailu bat ere erabil dezakezu horretarako. Eta gozatzeko prest!

Aldez aurretik prestatzen baduzu, gorde Goxua hozkailuan, film gardenarekin ondo estalita. Zerbitzatu aurretik, bota azukre pixka bat gainetik eta gorritu pixka bat sukaldeko soplete batekin, karamelu-geruza kurruskari bat sortzeko. Sopleterik ez baduzu, karamelu likido pixka bat erants dezakezu antzeko emaitza lortzeko

Zerekin zerbitzatu Goxua

Ahogozagarri hau egoki-egokia da gure gastronomiako edozein plateri laguntzeko, eta ezin hobea da otordu oro amaitzeko. Zerbitzatu aurretik, Goxuaren azukrea karamelizatzea gomendatzen dizugu, testura mantendu dezan. Gainera, beste aukera on bat da postre honi txokolate birrindu pixka bat eranstea , zapore ezin hobea ematen baitio.

Non jan Goxua ona Euskadin

Errezetarik onena esku artean izan arren, zenbait gozotegitan Goxua paregabe bat jan dezakezu eskuak batere zikindu gabe. Hona hemen hiru aukera, nahiago duzuna edo etxetik gertuen duzuna aukeratu dezazun.

Luis Sosoaga gozotegia

Arabako hiriburuko gozotegi ikonikoa. Gaur egun, López de Sosoagatarren bosgarren belaunaldia da 1868an sortutako negozioaren buru. Hasieran esan bezala, gure gaurko gozokiaren sortzaileak direla esaten da, beste gozo askoren artean. Horregatik, ezin duzu galdu Gasteizen duten edozein lokaletara joateko plazera.

Bertako txutxitoak ospetsuak dira hiri osoan, baita txapelak eta kanutilloak ere. Baina Sosoaga ere leku bikaina da eskuz egindako palmerak eta konfiturarik onenak gustatzen bazaizkizu, horiek baitira bertako espezialitateetako bi.

Zabala

Arabako tenplu gastronomiko bat, Michelingo BIB Gourmand-en bermea duena eta Repsol Gidak gomendatzen duena. Sukaldaritza tradizionalaren sinonimo da Zabala, eta merkatuko produktu freskoak ditu oinarri. Gasteizen dago, Mateo Moraza kaleko 9. zenbakian. Ez galdu aukera.

Antzematen da arreta berezia eskaintzen dietela osagaiei, hala nola perretxikoei, masailari (Errioxako erara prestatua, zoragarria!) eta erreboiloari. Diotenez, hemen zerbitzatu zen lehenengo Goxua 1976an, baina benetan garrantzitsua zera da, orduan bezala gozarazten dietela bezeroei gaur egun ere. Postrerako lekurik geratzen bazaizu, ez pentsatu birritan!

Txistu gozotegia

Txistu gozotegia da gure green capital xarmagarrian jende gehien biltzen duen tokietako bat. Isidoro Torreblanca du buru, 25 urtetik gorako esperientzia duen gozogintzako maisua.

Produktu guztiak eskuz egiten dira hemen: tarta, mousse eta pastel gozo-gozoak, Goxua ospetsuak, trufa apartak eta beste hainbat eta hainbat aukera. Gainera, hirian bertan tartak etxera eramateko zerbitzua ere eskaintzen dute.

Ziur gaude orain amantala jantzi eta lanari ekin nahiko diozula, edo tranpatxo bat egin eta Goxuak erostera joan nahiko duzula berehala, zure hiriko gozotegi onenera. Edozein dela ere zure aukera, Guuk-en zuretzat ditugun tarifak bezain ona izango da, jango zenituzkeen Goxuak bezainbeste giga baitituzte!

Erlazionatutako berriak