Euskal Hiria
Euskararen Eguna: origen, historia y curiosidades del euskera
4 minDesde hace 64 años se celebra Euskaren Eguna para poner en valor la importancia del euskera tanto en Euskadi como a nivel internacional.
Euskara ez da hizkuntza bat bakarrik, baizik eta denboraren joanari aurre egin dion altxor linguistiko bat. Euskal kulturaren parte da, eta, horregatik, beti egongo gara harro gure hizkuntzaz Eta helburu horrexekin ospatzen da, hain justu, Euskararen Eguna, eta, gaurkoan, euskararen jatorriaz, historiaz eta zenbait bitxitasunei buruz hitz egingo dugu.
Euskararen Egunak, gure hizkuntza ospatzera eta ondratzera ez ezik, iraganean izan zuen balioa aitortzera ere gonbidatzen gaitu. Nolabaiteko lotura ezartzen du gure kultur identitatearekin, eta, era berean, etorkizunerako leiho bat zabaltzen du, hitz-multzo bat baino askoz gehiago den hizkuntza bat zaintzeko eta goraipatzeko. Izan ere, gure nortasunaren, pertenentzia-sentimenduaren eta etorkizuneko belaunaldientzako legatuaren sinboloa da.
Abenduaren 3an ospatzen dugu Euskararen Eguna. Data horretan nabarmentzen ditugu gure antzinako hizkuntzaren aberastasuna eta berezitasuna.
Oroitzapen hutsa baino gehiago, Europako hizkuntzarik zaharrenetako bati eginiko goratzarrea da, kontuan izanik haren erroek eta garrantziak gainditu egiten dituztela mugak eta belaunaldiak.
Euskararen Eguna abenduaren 3an ospatzen da urtero, San Frantzisko Xabierkoaren egunarekin bat. Data horren jatorriak lotura estua du Eusko Ikaskuntzarekin.
Euskararen Eguna milaka urteko hizkuntza bati eginiko omenaldia da, zeinak tinko eutsi baitio denboraren joanari. Hain justu ere, Euskal Herriaren nortasunaren eta erroen ikur bihurtu da.
1949an ospatu zen lehenbizikoz Euskararen Eguna Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan; hau da, orain dela 74 urte Ipar Euskal Herrian ez ezik, jai hura beste toki batzuetara ere iritsi zen, hala nola Parisera, Mexiko Hirira, Caracasera, New Yorkera... Finean, mundu zabaleko makina bat tokitara. Harrezkero, ospakizun hori San Frantzisko Xabierkoaren omenez egiten da urtero.
1995ean, Euskal Diasporaren I. Mundu Batzarrean eginiko eskakizunei erantzunez, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatzeko ekimenari heldu zioten.
Harrezkero, urteroko ospakizun-jardunaldi bilakatu da abenduaren 3a, San Frantzisko Xabierkoaren eguna. Tradizioak dioenez, santuak euskaraz bota zituen azken hitzak 1552an hil zenean, nahiz eta ez dagoen hori ziurtatzeko daturik.
Harrezkero, hainbat elkarte, erakunde publiko eta gizartea, oro har, modu aktiboan inplikatu dira askotariko jarduerak antolatzeko, hala nola mahai-inguruak, erakusketak, tailerrak, azokak eta ikuskizunak. Guztia ere helburu bakarrarekin: euskara sustatzea eta omentzea.
2010ean, Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzional bat egin zuen, esanez euskara euskal gizartearen ondarea dela, Euskal Herriko historiaren eta kulturaren oinarrizko osagaia. «Hala ere, munduko beste edozer hizkuntza bezala hizkuntza-aniztasunaren aldeko apustua egiten duten guztien ondarea ere bada. Hizkuntzen aniztasuna zaindu nahi badugu, funtsezkoa da euskara babestea eta sustatzea».
Urteotan guztiotan, Eusko Jaurlaritzak askotariko ekintzak egin ditu euskararen erabilera sustatzeko, hala nola Euskaraldia. Ekimen horren helburua da guztiontzako topagune inklusibo bat izatea, euskara herritarrak elkartzeko elementu izan dadin eta, bide batez, eguneroko praktika bihurtzeko.
Aukera bikaina da euskararen erabilera zabaltzeko hain ohikoa ez den esparruetara, eta, hala, euskaraz modu zabalean komunikatzeko bideak egitea, pertsona gehiagorekin eta maiztasun handiagoz, leloak berak dioen moduan: «Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan».
Horretarako, Euskaraldiak eginahal horretan parte hartzeko gonbita egiten du, dela Ahobizi gisa, dela Belarri prest gisa, bakoitzaren euskara-mailaren arabera —hau da, kontuan harturik ea euskal hiztun osoak garen edo, aldiz, ikasten ari garen—.
Euskara hizkuntza enigmatiko bat da, eta haren jatorriak historiaurreko garaietara eramaten gaitu. Haren jatorria mende luzeetan ikertu duten arren, oraindik ere misterio izaten jarraitzen du. Hala, estatus benetan berezia du Europako hizkuntzen artean.
Berezitasun horrek bazter guztietako hizkuntzalarien jakin-mina piztu du, eta buru-belarri jarraitzen dute euskararen egitura berezia eta gainerako hizkuntzekin duen harremana aztertzen.
Gehientsuenok dugu euskararen berri, edo txikitan ikasten dugu, baina egia da badirela ezagutzen ez ditugun datu batzuk. Beraz, interesgarria iruditu zaigu haien berri ematea.
Euskal kultura, euskara eta bion aldarrikapena geure esku ere badago. Ez izan zalantzarik! Partekatu zure harrotasuna Euskararen Egunean zure lagun-taldearekin, Guuk-en tarifarik onenarekin.