icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Euskadiko bainuetxerik onenak, urrutira joan gabe erlaxatzeko

11 Abril 2023 12:00

Parke naturalak, hondartzak, basoak, mendiak... Euskadin bizitzea naturarekin etengabe konektatuta egotea da. Dena den, ez dago mendirako zorroa eta zapatilak prestatu beharrik lasaitasun hori topatzeko. Makina bat bainuetxe eta spa baititugu inguruan!

Izan ere, horrelako instalazioz beteta daude Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Ur termalak ez badituzu inoiz probatu, normala da onenak zein diren ez jakitea. Baina horretarako gaude gu. Guuken, Euskadiko bainuetxerik onenak aurkeztuko dizkizugu. Goazen erlaxatzera!

Bainuetxeak Euskadin

Ez da gaur goizeko kontua, ezta kanpotik ekarritako moda ere. Euskadik tradizio izugarria du ur termaletan, eta Erdi Aroa baino lehen ere badugu halakoen lekukotasunik. Alabaina, XIX. mendean ipini ziren moda-modan bainuetxeak.

Kostaldeko hiri garrantzitsuenetako batzuk —Getxo, Portugalete edo Donostia, konparazio baterako— urte luzeetan agertu dira erreferentzia-puntu gisa, itsasoko urarekin tratamendu terapeutikoak egiteko. Gogora dezagun bainuetxeak medikuntzarekin lotuta zeudela garai hartan.

Bigarren Industria Iraultzan, aurrerapenak izan ziren alor horretan, eta biderkatu egin zituzten halako instalazioak Euskadi osoan. Eta, noski, goi-mailako herritarrak berehala zaletu ziren. Eta zergatik kontatzen dizugu hori? Bada jakin dezazun spa batera joatea ez dela moda iragankor bat.

Mejores balnearios Euskadi

Euskadiko bainuetxerik onenak

Guuk-en Euskadiko bainuetxe onenen zerrenda bat prestatu dizugu, erraz jakin dezazun nora jo erlaxazio bila. Dena den, ez du esan nahi gure inguruetako zentro guztiak bildu ditugunik. Ur termalekin zerikusia duten beste lekurik ezagutzen baduzu, entzuteko prest gauzkazu.

#1

Zestoako bainuetxea

Zestoa aldera eginez gero, ezinbestekoa da autoa hartu eta minutu gutxiren buruan Zumaia Zestoako bainuetxera joatea. Donemiliagako markesak aurkitu zituen instalazio horiek, noiz eta 1760an, eta mota guztietako esperientzia termalak eskaintzen dituzte, denak ere San Ignazio iturburuak elikaturik. Eta, adi, ez baikara ari nolanahiko tokiaz. Aurkikuntza horri loturik daude herriaren historiaren azken bi mendeak. Bainuetxearen karira, Europa osoan ospe handia izan zuen hotel bat eraiki zuten, eta ardatz ekonomiko garrantzitsu bat eratu zen horrela. Bisitatuz gero, ez huts egin hango igerilekuak, dutxak, lurrinak eta bainuak. Guztiak ere turismoaren Q kalitate-zigiluarekin.

#2

Molinarko termak (Karrantza)

Enkarterrira joaten bazara, Karrantza Haran berdeak eskaintzen dizun lasaitasun bila ibiliko zara ziurrenik. Bada, inguru horretan bertan topatuko duzu Euskadiko bainuetxe onenetako bat: Molinarko termak. Askotariko instalazioak aurkituko dituzu, hala nola iturburuek berek osatutako igerileku termalak, urpeko masajeak, lurrun-bainuak eta arnasketa-gelak, beste hainbat gozagarriren artean. Eskualde horretan nahitaez bisitatu beharreko toki bat da, eta Casa Palloti etxeak kudeatzen ditu instalazioak.

#3

La Perla (Donostia)

Euskadiko hondartzarik onenetako bat eta Euskadiko XIX. mendeko artearen ikono handienetako bat. Zer gehiago eska dezakegu? La Perla bainuetxea Donostiako Kontxako hondartzan dago. Jatorriz egurrezkoa zen erakin zuri-zuri hark 1887an ireki zituen ateak, donostiarrei lasaitzeko txoko bat eskaintzeko. 1920ko urteetan eraberritu zuten, eta, hamarkada luzez erabat utzita egon ondotik, berriro ireki zuten 90eko hamarraldian, gaur egun ezagutzen dugun itxurarekin. Zer eskaintzen du bainuetxe horrek? Jacuzziak, izotz-iturriak, igerileku bereziak... Gipuzkoako Talaso Zirkuiturik onena.

#4

Orduña Plaza bainuetxea (Urduña)

Urduña naturaz inguraturiko paradisu bat da, lasaitasunez gainezka. Tologorri, Txarlazo edo Nerbioi ibaiaren ur-jauzia topatuko ditugu bertatik bertara, eta guztiek ere erlaxazioaren harribitxi bihurtzen dute Urduña. Herrigunean bertan, eraikin historiko ugari bisita daitezke, eta, horretaz gainera, Orduña Plaza bainuetxe ospetsuaz gozatu ahal izango duzu. Instalazioak XVIII. mendeko hotel neoklasiko batean daude, eta hantxe topatuko dituzu ur mineromedizinalak, zeinak Muera-Arbietoko iturburutik baitatoz, 800 metro karratutan. Instalazioen artean, nabarmentzekoak dira igerilekua, sauna, spa eta hidroterapia-zerbitzuak, bai eta ongizate-zentro bat ere.

#5

Balneario Areatza hotela (Gorbeia)

Bazenekien makina bat gauza egin daitekeela Arratia haranean, Bizkaiko mendirik garaiena bisitatzeaz aparte? Bai, Gorbeia derrigorrezko geltokia da, baina, horretaz gainera, Guuk-en baditugu beste gomendio pare bat ere zuretzat: Areatzako Erdi Aroko kaleetan paseatzea eta kapritxo termala bisitatzea. Bainuetxe-hotel hori ingurune natural ikusgarriz inguratuta dago, eta sektorean punta-puntako instalazioak ditu. Hartu bainu eder bat igerilekuetan, gozatu tratamendu hidrotermal on batez eta dastatu Euskadiren esentzia naturala.

#6

Marqués de Riscal Ardoterapia Spa (Eltziego)

Arabako Errioxan ardo ona baino gehiago ere badago. Eltziego aldean, Marqués de Riscalen Ardoterapia Spa izugarria topatuko duzu. Frank Gehry arkitektoak diseinatutako eraikin hori ez da, ez, oharkabean pasatzen, eta, han zaudela, marka ospetsu horretako produktuak probatu ahal izango dituzu, baita haietan bainatu ere, Ardoaren Hiria inguruan duzula. Spa horrek 1.400 metro karratu ditu, eta 18 metroko igerileku bat, jacuzzi bat, mota guztietako tratamenduak eta sekula inon ikusi gabeko hainbat teknika topatuko dituzu, ardoa protagonista dutenak.

#7

Wine Oil Spa (Guardia)

Eltziegotik berehalaxe, eta Arabako Errioxatik irten gabe, Euskadiko beste bainuetxe onenetako bat aurkituko dugu. Izen bereko udalerrian kokaturiko Wine Oil Spa, Secrotel Villa de Laguardia, hain zuzen ere. Lau izarreko hotelean, hidromasajeak, bainu turkiarrak eta beste hainbat instalazio izango dituzu eskura, eta, horretaz gainera, oliba-olioz eginiko tratamenduak ere probatu ahalko dituzu. Orotara 1.000 metro karratu baino gehiago dira, eta ia denetarik aurkituko duzu erlaxatzeko.

Ikusten duzunez, Euskadin ez dago bainuetxe faltarik erlaxatzeko. Hori bai, Guukek gomendatzen dizu gordetzeko asteburu bat horiek guztiak probatzeko, iritzi bat eman aurretik. Gu arduratuko gara zure konexioaz, zu erlaxatu zaitezen.

Erlazionatutako berriak