icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Etorkizuneko zuntz optikoa dagoeneko probatu da espazioan

08 Abril 2021 10:42

Ziur hau irakurtzen ari zaretenetako askok gogoan dituzuela Interneteko lehenengo konexioak. Denbora asko igaro da orduz geroztik, eta, gaur egun, konexio-sistema onena zuntz optikoa da; gero eta entsegu gehiago egiten dira konexioen abiadura hobetzeko. Ezagutzen al duzu espazioan probatu duten ZBLAN etorkizuneko zuntz optikoa?

Duela urte batzuk, Internetera konektatu nahi genuen bakoitzean, etxeko telefonoa blokeatu egiten zen; seinale astronauta baten moduko zerbait baino ez zen entzuten hondoan, sarera konektatu ahal izateko zenbaki batzuk markatzen minutu pare batez.

Jakingo duzunez, zuntz optikoaren inguruko entsegu eta proba ugari egiten dira egunero, erabiltzen ditugun konexioen abiadura hobetzeko. Horretarako, material berriak eta argi-modulazio berriak probatzen dira sareen abiadura eta ahalmena hobetze aldera.

Hori dela eta, duela hilabete pare bat, Dragon kargaontzi bat bidali zen Nazioarteko Espazio Estaziora, aurreko ontziek baino informazio gehiago biltzeko asmoz eta, batez ere, espazioan sortutako zuntz gutxi horietako bat, ZBLAN, ekartze aldera. Zorionez, badirudi ontzia itzuli dela.

ZER DA ZBLAN?

Hura osatzen duten elementuen ingelesezko sigletatik dator haren izena. Hau da, zirkonioa, barioa, lantanoa, sodioa eta aluminioa. Beira osoz eginda dago; hori dela eta, irismen handiko uhinak transmititzeko ahalmen sinesgaitzak ditu, eta siliziozko kableek (gaur egun erabiltzen direnak) baino galera txikiagoa du metroko. Hala, uhin-luzera zabalagoekin egin dezakegu lan. Laburbilduz, eta denek ulertu ahal izateko: ahalmen horiei esker, informazio gehiago, urrunago eta abiadura handiagoan transmitu dezakegu, eta errepikagailu gutxiago behar ditugu. Zalantzarik gabe, gainditu egingo dira gaur egungo zuntz optikoaren mugak.

Eta, ingurumenaz hitz egiten badugu, zuntz berri hau ingurumena kontrolatzeko gai da, eta karbono dioxidoa eta metanoa xurgatzen ditu. Horrez gain, zuntza, Internetera konektatzeko sistema aurreratuena ez ezik, eraginkorrena eta ingurumena gehien errespetatzen duena ere bada.

PITZADURARIK GABEKO ZUNTZA

Zer lotura dago espazioaren eta ZBLAN zuntzaren artean? Zergatik dator espaziotik? Errazagoa delako halako kableak espazioan sortzea, lurrean baino. Izan ere, zuntz bat sortu eta hozten denean, kristalizatu egiten da, eta inperfekzioak sortzen dira beiran. Baina, espazioan gaudenean, mikrograbitatea dagoenez, ez dago kristalizazio-arazorik, eta sortzen diren beira-zuntzak ia perfektuak dira.

Horregatik erabaki zen ontzia bidaltzea; alegia, esperimentua egiteko eta etorkizunerantz begira beira-zuntzak espazioan sortzea bideragarria eta zentzuzkoa zen ikusteko. Eta, nahiz eta ideia epe luzera begira izan, ikusi da Lurrean baino zuntz askoz ere ahaltsuagoak eta bizkorragoak sor daitezkeela; kostua ere, noski, askoz ere handiagoa da.

zuntz-optikoa-espazioan-astronauta

AURREKO ESPERIMENTUAK

Askorentzat oso berritzailea bada ere, aurretik ere bidali dira era horretako beste ontzi batzuk. Hain zuzen ere, Made in Space enpresak hainbat proba egin zituen 2016an, eta sortu zituzten zuntzek inperfekzio gutxiago zituzten, eta seinale eraginkorragoa eskaintzen zuten. Hainbat ontzi bidali dira, eta esperimentu ugari egin, etorkizuneko zuntza bilatzeko ahaleginean.

Ez dakigu azkenean ZBLAN etorkizuneko zuntza izango den edo datozen urteetan beste hobe bat aurkituko den, baina hitzematen dugu oso gertutik begiratuko diogula hor gertatzen den guztiari eta egunero egingo dugula lan konexio onena eta abiadura handiena izan ditzazun. Gure hitza duzu.

Erlazionatutako berriak