icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Clubhouse, ahotsa protagonista duen aplikazioa

19 Mayo 2021 16:25
konexioa-mugikorra-aplikazioa

Ez argazkirik, ez bideorik; audioak besterik ez. Hona hemen Clubhouse, irudirik, testurik edo bideorik partekatzen ez duen doako aplikazioa; hain justu, Instagram, Twitter edo TikTok-en kontrakoa. Egun ditugun etengabeko estimulu bisualen garaian, audio-txatetan oinarritutako sare sozial alternatiboa da Clubhouse aplikazioa. Ahotsa protagonista bakar duen aplikazioa.

Betiko irratiaren eta Twitch modernoaren erdibidean dagoen aplikazio honi esker, hainbat gairi buruz hitz egin dezakezu edozein erabiltzailerekin, ahotsa protagonista erakargarri bihurtuta. Dirudienez, edozein gaitan adituak diren pertsonekin hitz egiteko paregabeko aukera ematen duelako izan du neurrigabeko arrakasta aplikazioak. Tentagarria, ezta?

Duela urtebete plazaratu zen aplikazioa, eta iOS-en soilik dago eskuragarri. Esklusiboa denez, gonbidapenez soilik sar zaitezke aplikaziora. Audio bidezko txat-aplikazioak ospe handia lortu zuen iaz, eta baditu erabiltzaile entzutetsuak ere, hala nola Elon Musk eta Mark Zuckerberg.

Clubhouse-aplikazioa

Itxurakeria gutxiago, kontzeptu gehiago

Erabiltzaileek room deritzen gelekin bat egiten dute. Room bakoitzean, gai jakin bati buruz hitz egiten da: ingurumena, artea, e-kirolak eta abar. Edozein pertsonari nahiz gai jakinetan adituak direnei entzuteko, haiekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko aukera erakargarriak egiten du arrakastatsu Clubhouse. Hitzaldi edo eztabaida horiek desagertu egiten dira amaitu ahala, ez dute arrastorik uzten eta ez dira hodeian gordetzen.

Plataforma sozial gehienetan bezala, algoritmo batek pertsonalizatzen du Clubhouse-ren zure orri nagusia, eta gela batzuk edo beste batzuk erakutsiko dizkizu parte hartu duzun hitzaldien edo jarraitzen diezun erabiltzaileen arabera. Gainera, podcast-en kasuan ez bezala, saioak zuzenekoak dira eta erabiltzaileek parte hartzeko aukera dute, txataren moderatzaileek gonbidatuz gero. Tentagarria, ezta?

Kideek sortzen dituzte gelak edo roomak gai jakin bati buruz hitz egiteko, hari buruzko kontuak partekatzeko edo eztabaidatzeko, eta parte-hartzaileek, esandakoak entzuteaz gain, hitz egiteko eskaera egin dezakete “jaso eskua” funtzioaren bidez. Gela gehienak publikoak eta edonorentzat irekiak dira, baina kanal pribatuak ere badaude, eta haietara ezingo zara sartu moderatzailearen baimenik gabe.

Hizlariak, entzuleak eta moderatzaileak

Antolamendu hierarkikoa da Clubhouse-ren berezitasunetako bat. Izan ere, gela bakoitzean funtzio jakinak dituzten profilak daude: moderatzaileak, hizlariak eta entzuleak.

Adibidez, moderatzailearen eskumenekoa da hitzaldi bat abian denean gonbidatuei parte hartzeko aukera ematea. Horrez gain, arauak betetzen ez dituzten erabiltzaileak kanporatzeko ahalmena du.

Hitzaldi gehienetan, hizlari batek abiarazten du jarduera, eta, gero, hizlari gehiago gehitzen dira; hiru, lau edo gehiago izan daitezke. Hizlariak gai jakin bati buruzko azalpenak ematen dizkie gelan elkartu diren pertsonei, gainerako hizlariekin eztabaidatu eta ondorioak ateratzeko.

Jakin dezazun, hitzaldi batean parte hartzeko gonbidapena jaso arren, ez duzu nahitaez onartu beharrik. Are gehiago, gela edozein unetan uzteko aukera ematen dizun “isilik atera” botoia erabil dezakezu, inor konturatu gabe gelatik ateratzeko. Badute zer ikasi WhatsApp-ekoek!

Kuxkuxeatzera bakarrik sartu nahi duzu? Hitzaldi batean parte hartzeko botoia sakatzean, isilduta sartuko zara hitzaldian. Horrek esan nahi du entzule gisa sartu zarela gelan. Beraz, egon lasai, eta gozatu!

Aspertzen hasi zara? Esan bezala, “isilik atera” botoia saka dezakezu.

Azken hilabeteetan, 13 milioi aldiz deskargatu da Clubhouse, eta deskarga horietatik herenak Estatu Batuetan egin dira. Beta fasean dago oraindik, eta, aipatu bezala, iPhone-en bidez eta gonbidapenarekin soilik sar daiteke. Sortzaileek esan dutenez, gogor ari dira lanean aplikazioa Android-erako prestatzen. Guuk-en gustuko dituzun jarduerak –mendian ibiltzea, adibidez– egiten laguntzen dizuten aplikazio erabilgarrien aldeko apustua egiten dugu beti. Oraingoan, audio-tresna hau probatu eta zure iritzia jakiteko irrikan gaude. Bikaina!

Erlazionatutako berriak