Euskal Hiria
Ezagutu Meatzaldeko Peñas Negras ingurumen-zentroa
3 minEkoetxea Meatzaldea ingurumen-zentroak bi egoitza ditu, bat Abanto-Zierbenan (Gallarta) eta bestea, Ortuellan (Peñas Negras).
Aste Santua pasioz, sentimenduz, batasunez eta tradizioz beteriko garaia da. Ondotxo dakigu hori Gipuzkoan. Urtez urte, ohiko prozesio tradizionalak egiten dituzte lurraldeko zenbait txokotan, pausoak kaleetara aterata eta koruan abestuta.
Halere, kontuz, dena ez baita kontzentratzen hiriburuan. Izan ere, modu paregabean bizi dute Aste Santua Gipuzkoako zenbait txokotan, eta merezi du bisitatxo bat egitea, besterik ez bada solemnitate-giroa eta prozesioetako pauso eder askoak ikusteko.
Aste Santua une berezia da Gipuzkoan, eta bata bestearekin uztarturik agertzen dira kultura-aberastasuna, erlijiotasuna eta tradizioen edertasuna. Ospakizunok denboraren poderioz aldatu diren arren, oraindik ere ondo errotuta daude gure lurraldeko herri askotan.
Segurako Aste Santuak tradizioa, erlijiotasuna eta debozioa batzen ditu. Gipuzkoako udalerri eder horretan, mende luzeetan eutsi diote Aste Santuko prozesioari, eta herriko kaleak zeharkatzen ditu Ostegun Santu eta Ostiral Santu egunetan.
Prozesio hunkigarri horretan 305 segurarrek parte hartzen dute: lepakariak, nazarenoak, soldadu erromatarrak, penitenteak, akolitoak... Nabarmentzekoak dira tailu naturaleko bederatzi irudi, tartean Juan Martínez Montañés eskultore sevillarraren Kristo Gurutziltzatua.
Ostegun Santuko mezan, Jesus irudikatzen duen kalizaren atzematea antzezten dute. Kaliza hori paliopean eramatean dute aldaretik Bakardadearen barruko sagrario batera, eta hantxe geratzen da gordeta.
Bikarioak alkateari jartzen dio sagrarioko urrezko giltza lepoan, eta segurarrek guardia egiten diote txandan-txandan Ostiral Santu egunera arte, orduan askatzen baitute kaliza sagrariotik.
Prozesioak 10 pauso ditu, eta Jesusen bizitzako pasarteak irudikatzen dituzte, hala nola Baratzeko Otoitza, Zigorkatzea, Gurutzea, Andre Maria (Ostegun Santu egunean), Hilobia eta Andre Maria Doloretakoa (Ostiral Santu egunean azken bi horiek).
Pausoez gainera, herriko kaleetan izaten dira nazarenoak, penitenteak, soldadu erromatarrak, aingeruak San Migelekin, txistulariak, abesbatza eta musika-banda.
Hondarribiko Aste Santuaren sustraiak XVI. mendetik daude dokumentatuta. Jaitsieraren sakramentu-autoa da une nabarmenetako bat. Hemeretzi soldadu abiatzen dira udaletxeko arkupeetatik elizaraino, kaskoak, sarezko hegalak, gerrikoak eta polainak jantzita.
Bi buruzagik markatzen dute bidea ezpatekin, eta gainerakoek lantzak lurraren kontra joz erantzuten diete. Eliza barruan, Kristoren irudi artikulatua jaisten da gurutzetik. Tailu eder hori 1777an oparitu zioten Hondarribiari, eta ederki erakusten du hiribildu horretako fedea eta debozioa.
Ostiral Santu egunean, arratsaldeko bostetan, solemnitate-giroa nagusitzen da Hondarribi aldean. Hemeretzi soldadu abiatzen dira udaletxeko arkupeetatik Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Maria elizaraino.
Kaskoak, sarezko hegalak, gerrikoak eta polainak soinean dituztela, Jaitsieraren sakramentu-autoa irudikatzen dute soldaduok. Eliza barruan, Kristoren irudi artikulatua jaisten da gurutzetik.
Isiltasuna eta erabateko errespetua izaten dira nagusi, eta gutxienez 1602tik eutsi diote tradizioari.
Hondarribian Zazpi Pausoen prozesioa nabarmentzen da gehien atentzioa ematen duten prozesio eta ekitaldien artean, eta horixe gomendatzen dizugu ikustea. Ostiral Santu egunean, halaber, arratsaldeko seiak aldera, debozioz betetzen dira Hondarribiko alde zaharreko kaleak Isiltasunaren Prozesioarekin.
42 lagunek zazpi urrats eramaten dituzte. Aitetatik semeetara igarotzen da XIV. eta XVII. mendetako irudiok bizkarrean hartuta eramateko ohore hori. Prozesio horren parte dira, orobat, 12 apostoluak, arrantzaleek eta baserritarrek ordezkaturik.
Pazko Igandean, gainera, ttopara ospatzen dute Hondarribian, Guadalupe ondoan egiten den landa-erromeria. Tradizio hori aukera polita da alaitasun- eta elkartasun-uneak igarotzeko, Aste Santuko solemnitatearen ondoren.
Hondarribiko Aste Santua esperientzia paregabea da: errespetua, isiltasuna eta tradizio erlijiosoa uztartzen dira esanahiz beteriko agertoki harrigarri batean.
Azkoiti aldean, desfile solemne batek girotzen du Ostiral Santu eguna. Etxeetako balkoiak kandelaz apaintzen dituzte, eta kaleetan, berriz, Chopinen hileta-martxa entzuten eta intsentsu-lurrinak usaintzen dira. Gogoeta- eta solemnitate-unea izaten da.
Azkoitian, mende luzeetan eutsi diote Aste Santuko prozesioari, eta Ostegun eta Ostiral Santu egunetan zeharkatzen ditu herriko kaleak. XVI. mendeaz geroztik, Kristo gurutzetik jaitsi zutenekoa antzezten dute Ostiral Santu egunean, eta keinu sinple horretatik abiatuta sendotu zen prozesioen tradizioa.
Prozesio horiek garrantzi berezia hartu zuten XVIII. mendetik aurrera, tradizio barrokoari esker. Gaur egun egiten diren ekitaldien artean, nabarmentzekoak dira asteazkenean eta Ostiral Santu egunean egiten direnak.
Asteazkenean, Azkoitiko eliza eta kaperetako tailuak eta eskulturak jasotzen dituzte parrokian. Ostiralean, kalera ateratzen dituzte irudi horiek, aingerutxoak, arkanjeluak eta penitente txikiak lagun dituztela.
Iluntze-partean, Ehorzketa Santuaren prozesioa antzezten dute. Andre Maria Doloretakoa eta Kristoren Hilobia, intsentsu-usaina, Chopinen hileta-martxaren notak, soldadu erromatarren kolpe ikaragarriak... Bizitzeko eta miresteko ikuskizuna, inondik ere.
Aste Santuan, Ostiral Santu eguneko ospakizuna nabarmentzen da Pasaian. Ekitaldi oso originala da, eta proportzio berean uztartzen ditu musika, tradizioa eta imajinagintzako pausoak.
Ostiral Santu arratsaldean, Kristoren Pasioaren eta Heriotzaren liturgia ospatzen dute Pasai Donibaneko parrokian. Ondoren, fededunak kalera ateratzen dira Ehorzketa Santuaren prozesioarekin: elizatik abiatu, eta udalerri osoa zeharkatzen dute, harik eta Santiago plazara iritsi eta buelta-erdia eman arte.
Prozesioak zazpi pauso ditu, eta aura berezia hartzen du zeharkatzen duen kale estu eta bihurrian barrena. Horretaz gainera, ehunka olio-faroltxok egiten dute argi bidean, fededunen prozesioa Pasai Donibaneko tuneletan barrena gidatzeko.
Donostian, sekulako esperientzia izaten da Urgull mendian gora egiten den Gurutze Bidea. Nahiz eta urritu egin diren Aste Santuko prozesioak hirian, debozioaren lekuko jarraitzen du bide horrek: isilean egiten dute; otoitz-hotsak eta itsasoko olatuak baino ez dira entzuten.
Horrelakoxea da Aste Santua Gipuzkoan: seriotasunez eta errespetuz bizitzen dira historia, fedea eta tradizioak konbinaturik. Guuk-en, gonbidaturik zaude Euskadik noiznahi eskain diezazukeen guztia bisitatzera.