icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Artzain-txakurra: jatorria, arrazak eta aholkuak

06 Septiembre 2023 12:00
Pastor vasco

Milaka urteko tradizioak, parekorik gabeko kultura, natura oparoa, herri politak, janari ederra eta... bai, bertako txakur-arraza ere badaukagu Euskadin! Artzain-txakurraz ari gara, milaka urtean gure mendi eta zelaietan ibili den txakurraz.

Tamalez, desagertzeko arriskuan dago arraza. Munduan 1.000 ale inguru bakarrik daude, baina gutxinaka aurrera ateratzen ari da arraza, euskaldunen eta animalia-elkarteen ahaleginei esker. Ezagutzen duzu txakur-arraza hau?

Artzain-txakurrari buruz hitz egingo dizugu artikulu honetan. Zainketa espezifikoak behar dituen animalia paregabea da, Euskadiko historiaren parte osatzen duena.

Pastor vasco

Artzain-txakurrari buruz jakin beharrekoak

Azalpenekin hasi aurretik, arraza honen batez besteko datu fisikoen fitxa bat erakutsiko dizugu, etxean halako txakur bat eduki nahi duzun ala ez baloratzeko. Gogoan izan batez besteko datuak direla, txakur bakoitza desberdina baita, batez ere, emea ala arra den kontuan hartuta.

artzain-txakurraren oinarrizko fitxa

PISUA

17-36 kg

BIZI-ITXAROPENA

13-15 urte

Altuera

46-61 cm

IZAERA

Aktiboa eta familia-giroaren zalea

Artzain-txakurraren jatorria

Nork du arrazoia? Legendaren arabera, milaka urte ditu artzain-txakurrak. Basajaunak etxekotu zuen otso erraldoi batetik omen dator: herritarrek laguntza eskatu zioten Anbotoko Mariri otso harengandik babesteko. eta Basajaunak etxekotu egin zuen. Modu horretan sortu omen zen euskal artzain txakurra.

Eta omen diogu, istorio hori legenda bat baino ez delako. Eskura ditugun datu historiko errealei begiratzen badiegu, artzain-txakurrak agertzen dira XVI. mendeko zenbait margolanetan. Badira bost mila urte Euskadin artzainak daudela; beraz, arrazoizkoa da artzain-txakurrak ere ordutik izan zirela pentsatzea.

  • Euskal jatorriko txakur gehiago 🐕: Ur-txakurra, eper-txakurra, Enkarterriko billanoa eta erbi-txakurra.

Zein da arazoa? Ba gure lurraldeak azken mendean bizi izan duen industrializazioak arraza arriskuan jarri duela. Industrializazioaren eta arraza zaintzeko ahalegin urrien ondorioz, galzorian izan da.

Artzain-txakurren arrazak

Berezi samarra da artzain-txakurraren kasua. Ofizialki, animalia horren bi arraza daude: Gorbeiakoa eta iletsua. Txakurren Espainiako Errege Elkarteak (RSCE) biak aintzatetsi zituen 90eko hamarkadan. Eta hori bera da arazoa.

Bi animalia-mota desberdin direnez, Nazioarteko Zinologia Federazioak, zeinak mundu mailako eskumena baitu alderdi horretan, ez du ofizialki katalogatu Euskadiko artzain-txakurra. Bai Gorbeiakoa bai iletsua euskal artzain-txakurrak badira, zertarako bereizi?

Tira, guk bereizi egingo ditugu, ikusiko duzun moduan, ezaugarri fisiko desberdinak baitituzte.

Gorbeiako artzain-txakurra

Ilaje luzea edo ertaina du, batez ere gorrixka; horrek desberdintzen du fisikoki bere arraza-senidetik. Gorbeiakoak sudur beltza, mutur luzea eta belarri nahiko luzeak ditu. Begiak marroiak edo anbar-kolorekoak izan ohi dira.

Pastor vasco

Artzain-txakur iletsua

Gorbeiako artzain-txakurraren antzekoa da, baina ez dira berdin-berdinak. Iletsuak ile laburragoa eta argiagoa dauka. Tamainari dagokionez, Gorbeiakoaren antzekoa da, eta sudurra ere oso antzekoa dute (iletsuek mutur laburxeagoa dute). Begien kolorea antzekoa da, baina betazalak beltzak dira.

Pastor vasco

Artzain-txakurren zainketa

Esan dugunez, artzain-txakurra izaera atseginekoa da, eta asko eskertzen du zaintzaileak berekin egotea. Baserriko lanetan laguntzeko egokitutako arraza denez, beti dago laguntzeko prest.

Bizkorra, etxekoa eta atletikoa dela esan dezakegu. Jabeak kontuan izan beharko ditu ezaugarri horiek guztiak. Beraz, lehenik eta behin, argi dago jarduera fisikoa behar duela etengabe: lasterka, saltoka, igerian eta abar aritu behar du.

Bigarrenik, beste txakur batzuekin sozializatu behar du. Pertsona bakar bati (zaintzailea edo beste edonor) gehiegi lotzeak arriskua izan dezake portaera lurraldekoi eta zakarrak eragin baititzake. Horregatik da beharrezkoa beste pertsona eta animalia batzuekin ere egotea.

Bestelakoan, artzain-txakurra animalia babeslea, kuriosoa, alaia eta maitekorra da. Ikaskuntzari dagokionez, ikasteko prest egoten da beti, eta bizkor ikasten du. Horrexegatik eraman ohi dituzte lehiaketetara.

Artzain-txakurrari buruzko ohiko galderak

Honaino iritsi zara eta artzain-txakur bat eskuratzea erabaki duzu. Hala ere, oinarrizko galdera batzuk hartu beharko dituzu kontuan. Ohiko galderaren bat ahaztu bazaigu, sare sozialen bidez galde diezagukezu.

  • Haurrekin batera edukitzeko modukoa da?: Bai, artzain-txakurra pazientzia handiko txakurra da, eta maitasun handia izango die etxeko txikiei.
  • Zer prezio du?: 300 eurotik 2.000 eurora, animaliaren jatorriaren arabera.
  • Adopta daiteke?: Bai; gainera, adoptatzea komeni da, mota honetako txakur askok bizi duten egoera dela eta. Gomendatzen dizugu EATEren webgunera jotzea, hura baita erakunde garrantzitsuena arraza honen babesari dagokionez.
  • Zer janari behar du?: zerealik gabeko pentsu lehorra eman diezaiokezu, edota zerealduna (ahal bada, arrozez edo oloz egindakoa).

Artzain-txakur bat hartzekotan baldin bazaude, askoz informazio gehiago beharko duzu. Gomendatzen dizugu adopzioan emango dizun edo salduko dizun pertsonari galdetzea.

Behar duzun informazioa lortzen lagunduko dizu Guukek. Sartu gure webgunean eta eskuratu tarifa onena, Euskadiko txakur-arraza bikain honi buruzko eguneraketa guztien berri izan dezazun.

Erlazionatutako berriak