icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Zer ikusi eta ezagutu Erriberrin: ipuinetako gazteluaren herria

26 Abril 2024 11:15

Imajinatu ipuinetakoen moduko herri bat, xarma handikoa, non harriz zolatutako kaleak sigi-saga dabiltzan etxetzar nobleen, Erdi Aroko galerien eta eliza handien artean. Ez da beharrezkoa beste herrialde batera joatea edo nobela artean murgiltzea; Nafarroako herri txiki honetan, Erriberrin, hori eta gehiago dago. Mahastiak, gaztelua eta gauza gehiago izanik, ezagutu beharreko lekua da.

Erriberri inguratuta dago mahasti zabalez, zeruraino altxatzen diren dorre harrigarriz eta landa-ingurune paregabe batez: helmuga bikaina da lagunekin, familiarekin edo bikotekidearekin asteburu-pasa egiteko. Galduta ibil ez zaitezen, nahitaez ikusi beharrekoen zerrenda doakizu hemen.

Ver Olite

Zer ikusi eta ezagutu Erriberrin: ipuinetako gazteluaren herria

Ziur aski, Erriberri izena entzutean, bertako Errege Jauregi ikusgarria etorriko zaizu burura lehenik. Izan ere, ez da harritzekoa altxor hori hain ezaguna izatea.

Hala ere, Erriberriko erakargarri nagusia jauregia izan arren, horrez gain hirigune historiko xarmagarria eszenatoki ezin hobea da jauregiak distira egin dezan.

3.000 biztanle inguru ditu hiribildu liluragarri honek. Fatxadetan armarri itzelak dituzten etxetzar noble sendoak, milaka urteko istorioak kontatzen dituzten harresi erromatarrak, iragana gogorarazten duten arkupe gotikoak eta hiriko paisaiari lasaitasun-ukitua ematen dioten eliza ederrak ditu.

San Pedro eliza

Herriko zaharrena da San Pedro eliza. Fosal plazan dagoen XII. mendeko eliza honek estilo erromanikoa, gotikoa eta barrokoa uztartzen ditu modu orekatuan.

Herriaren zerumarran, elizaren 52 metroko dorre gotiko dotorea gailentzen da. Barneratu elizpe erromaniko ederrean, eta ezagutu gordetzen dituen altxorrak, hala nola XIII. mendeko klaustro erromanikoa, Santiagoren tailu gotikoa, erretaula nagusi ederra eta hilobi gotikoa.

Errege Jauregia

San Pedro elizatik, hartu Villavieja kalea Errege Jauregirantz (Erriberriko Gaztelua ere deitua). Gotorleku hori XIII. eta XIV. mendeen artean eraiki zen, eta Nafarroako Erresumako Gortearen egoitzetako bat izan zen.

1937. urtean zaharberritu ondoren, jauregiak distira osoa berreskuratu zuen. Esploratu jauregiko gelak, errege-erreginenak barne, eta igo eskailera kiribiletatik dorreen goialderaino, gazteluaren eta herriaren ikuspegi panoramikoaz gozatzeko.

Karlos III.a Noblearen plaza

Erriberriko plaza polit eta garrantzitsuenean dago Errege Jauregia, Karlos III.a Noblearen plazaren mutur batean.

Erdi Aroko plaza honetan, jatetxeen terrazez inguratuta, udaletxea, Txapitel dorrea eta Erdi Aroko galeriak daude; bertan, herriaren Erdi Aroko historiari buruzko erakusketa bat dago.

Andre Maria Erregina eliza

Txapitel dorrea zeharkatuta Andre Maria Erregina elizara iritsiko zara, Nafarroako eraikin gotiko garrantzitsuenetako batera. Teobaldos plazan dago. Liluragarriak dira elizaren portada joria, landare-motiboekin apaindua eta erretaula nagusi errenazentista bikaina.

Ardoaren Museoa

Erriberrin egingo duzun ibilbidean, nahitaez gelditu behar duzu Ardoaren Museoan, Teobaldos plazako Aingeru Santuaren antzinako jauregian. Museo enogastronomiko honetan Nafarroako ardogintzaren tradizioa ezagutuko duzu, baita bertako ardoak egiteko prozesuak ere.

Gehitu zure bisitari Erriberriko ardo-upategi ospetsuak ezagutzeko ibilbide bat, hala nola Ochoa eta Marco Real upategiak. Museoa zabalik dago astelehenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.

Jauregi Zaharra

Jauregi Zaharra, Andre Maria Elizari itsatsia eta 1966. urtetik Paradore bihurtua, Erriberriko beste altxor historiko bat da, ikusi beharrekoa. Oinplano angeluzuzeneko gotorleku zaharra da, lau izkinetan dorreekin sendotua. Gazteluarekin batera, hiriko defentsa-sistemaren parte zen.

Historian zehar, arpilatzeak eta abandonua jasan zituen Espainiako Independentzia Gerran. Errege Jauregia eraiki aurretik, zenbait errege nafarren ohiko bizileku izan zen; gaur egun, Paradorean ostatu hartzen dutenak soilik sar daitezke.

Erriberriko harresiak

Esploratu Erriberriko I. mendeko harresi erromatar zaharra, oraindik ere zutik baitaude 500 metro baino gehiago. Miretsi harresian dauden 12 dorreak; Errege Jauregiaren atzean dago tarterik nabarmenenetako bat.

Bertan, izotz-putzu ezaguna ikusiko duzu. Elikagaiak biltegiratzeko sistema burutsua zen, Erdi Aroko hozkailu baten antzera funtzionatzen zuena.

San Frantzisko komentua

Harresiaren kanpoaldetik jarraituta, San Frantzisko komentura iritsiko zara, ezinbestean ikusi beharreko Erriberriko beste gune bat. Kondairaren arabera, San Frantzisko Asiskoak sortu zuen, XIII. mendean Santiagora egindako erromesaldian.

Convento de San Francisco

Meza-orduan bakarrik bisitatu daiteke eliza, baina kanpotik mirets daitezke atari gotiko ederra eta erretaula nagusia.

Errege Bardea

Erriberriko ibilbidearen azken puntua izan daiteke Errege Bardea harrigarrira egun erdiko txangoa egitea. Ez dago Erriberrin, baina autoz 45 minutura dago. Parke natural erdidesertiko honek txunditu egingo zaitu bertako formazio paregabeekin, haizearen eta euriaren higadurak sortuak.

Egin ibilbide zirkular bat autoz parkean barrena, eta gozatu begiratoki panoramikoez, trekking bideez eta Castildetierra izeneko formazio itzelaz.

Nola iritsi Erriberrira Bilbotik, Donostiatik, Gasteiztik eta Iruñetik

Dagoeneko badakizunez Erriberrin deskubritu dezakezun guztia, datorren asteburuan bertara joateko gogoa izango duzu, badakigu.

Horregatik, hemen dituzu, labur azalduta, autoz zein garraio publikoan Euskadiko hiriburuetatik eta Iruñetik joateko dauden biderik onenak.

Bilbotik Erriberrira:

  • Autoz: biderik azkarrena E-804 errepidea eta AP-15 autobidea hartzea da, gutxi gorabehera 201 km-ko eta 2 ordu inguruko bidaia.
  • Garraio publikoan: autobusez joan zaitezke Bilbotik Iruñera, eta gero, beste autobus bat hartu Iruñetik Erriberrira.

Donostiatik Erriberrira:

  • Autoz: biderik onena A-15 autobia eta AP-15 autobidea dira, gutxi gorabehera 127 km-ko eta ordubete eta 30 minutu inguruko bidaia.
  • Garraio publikoan: Aukerarik onena Donostiatik Iruñera autobusa hartzea da, eta ondoren, Erriberrira doan beste autobus bat, guztira 3 ordu eta 3 minutuko bidaia baita, gutxi gorabehera.

Gasteiztik Erriberrira:

  • Autoz: A-10 eta AP-15 autobideak hartuta 140 kilometro dituzu; ordubete eta 21 minutuko bidaia.

Iruñetik Erriberrira:

  • Autoz: biderik zuzenena AP-15 autobidekoa da, gutxi gorabehera 43 km-ko eta 30 minutu inguruko bidaia.
  • Garraio publikoan: Iruñetik Erriberrira doan trena har dezakezu; 39 minutu inguruko bidaia.

Ez zenuen aitzakiarik Nafarroako txoko xarmangarri honetaz ez gozatzeko; beraz, orain, are gutxiago. Batu zure lagunak edo familia, gozatu eraikinez, ikuspegiez eta gastronomiaz, eta partekatu guztiekin Guuk-en Interneti esker. Inbidiak jota utziko dituzu! 💚

Erlazionatutako berriak