Euskal Hiria
Virgen de Orduña: cómo visitar la belleza del Txarlazo en Bizkaia
5 minPaseando por Orduña miramos hacia el Txarlazo para observar la increíble Virgen de la Antigua, por donde pasean todos los días cientos de bizkainos.
Erdi Arokoak ez diren ondareak ere garrantzitsuak dira. Eta Urduñako Ama Birjina da horren erakusgarririk onena (Antiguako edo Txarlazoko Ama Birjina ere esaten diote). Izan ere, XX. mendeko monumentu horrek, herriko zaindariaren tradizioa ez ezik, garaiko artearen joerak ere biltzen ditu.
Ikono hori Txarlazo mendiaren tontorrean dago, eta berez ematen du atentzioa, silueta berezia baitu. Historiazalea ez bazara eta Urduñara paisaiak erakarrita bakarrik heldu bazara ere, nahitaez igo behar duzu hara, ikuspegiaz gozatzera.
Guuk-en mendiko botak jantzi ditugu berriz, Euskadiko mendi-ibilbide onenez gozatzen jarraitzeko eta, bide batez, Bizkaiko txoko bitxienetako bat ezagutzeko. Nerbioiko ur-jauzira joanez gero, bidaia aprobetxa dezakezu, gertu baitago.
Urduñako edo Antiguako Ama Birjina Andre Mariaren deituretako bat da, eta penintsulako eta Latinoamerikako dozenaka herritan gurtzen dute. Sevillako katedralean dago, esate baterako, eta Panamako zaindaria ere bada; bai, herrialde osokoa.
Jesus haurtxoarekin eta arrosa zuri batekin ageri ohi da. Zergatik dago Bizkaian? Ziurtasun osoz ez badakigu ere, teoria nagusiak dio Gaztela eta Leongo Erdi Aroko Ama Birjina bat dela.
Horregatik dago Urduñan ikono horri eskainitako XIV. mendeko estatua bat. Ezki-egurrez egina dago eta polikromatua da. Hiriaren kanpoaldean dago, Antiguako Santutegian, eta nahitaez ikusi beharrekoa da Txarlazora igo aurretik.
Kondairak dio Ama Birjinaren irudia artzain batek aurkitu zuela ustekabean, Txarlazo mendiaren altzoan, masustondo batean katramilatua. Historiari dagokionez, zenbait aipamenen arabera, X. mendean leku hartan Andre Mariari eskainitako monasterio bat zegoen.
XIII. mendean “Zaharra” edo “Antigua” esaten zioten, 1229an hiriaren erdigunean eraikitako parrokia-eliza berritik desberdintzeko.
Orain bai, hitz egin dezagun artikulu honetara ekarri zaituen gaiaz. Urduñako Ama Birjina 1903ko urriaren 16an eraiki zuten Txarlazo mendiaren tontorrean —Gorobel mendilerroko gailurretako bat —; gaur egun, Antiguako edo Txarlazoko Ama Birjina ere esaten diote.
Herrian Sorkunde Garbiaren dogma aldarrikatzen hasi zen garaia oroitzeko monumentu bat da. Zergatik da hain ospetsua? Bi arrazoi nagusirengatik: han goitik ikuspegi zoragarriak daudelako eta forma berezi samarra duelako.
Estatuak zuhaitz-itxura eta 25 metroko altuera ditu. Punturik altuenean santutegiko Ama Birjinaren irudiaren erreplika zizelkatu bat dago. Zementuz egina dago, eta barruan eskailera bat du, bi metro eta erdiko zabalerakoa, adaburura igotzeko.
Adaburuaren barruan 10 metroko diametroko gela bat dago, Ama Birjinaren oinetara igotzeko beste eskailera bat duena. Gune horretan 30 bat lagunentzako balkoi bat dago, eta handik bost probintziatako 40 herri baino gehiago ikus daitezke. Ez al da harrigarria?
Argitu beharra daukagu gaur egun ezin dela zuhaitz barrura sartu. 1956an eta, gero, bi hamarkada geroago, monumentua zaharberritu egin zuten. Urteak ez dira alferrik pasatzen, ordea, eta gaur egun oso egoera kaskarrean dago.
Hori dela eta, eremua birgaitze aldera, Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko partida bat onartu zuen; gainera, Gaztela eta Leongo Gobernuak ere dirua jarriko du (gogoratu monumentua Burgosko probintzian dagoela). Lanak 2023an hasiko dituzte, eta ez dakite noiz bukatuko diren.
Hala eta guztiz ere, kanpotik ikus dezakezu, eta, batez ere, Urduñatik oinez igo zaitezke. Ikus dezagun!
Lehen pausoa Urduñara heltzea da. Bilbotik zein Gasteiztik 30 minutu eskasean helduko zara. Trenez joan nahi izanez gero, Bilbotik 30-50 minutuz behin ateratzen dira trenak Urduñara bertara. Gasteiztik zuzeneko autobusak ere badaude.
Herriko alde zaharrean buelta bat egin ondoren, honako hauek ikustera joan zaitezke: Familia Santuaren eliza, Ortés de Velasco eta Olaso jauregiak, Foru Plaza, Aduana, Santa Maria eliza eta, azkenik, herriaren kanpoaldean, Antiguako Santutegia. Behin horiek guztiak ikusita, motxila bizkarrean hartu eta igotzen has zaitezke.
Utzi eraikina ezkerraldean eta jarraitu errepideari, zabalgunean dagoen bide bat hartu arte. Amaieran egurrezko ate bat ikusten baduzu, bide onetik zoazen seinale. Pago artean igotzen joango zara, bide bihurgunetsu batean, goi-tentsioko dorre batekin topo egiten duzun arte. Han, biratu ezkerretara, zuzenean tontorrera igotzeko.
Goldetxoko iturria igaro ondoren ikusiko duzu Urduñako Ama Birjina, ezin dotoreago. Ordu eta hiru laurden edo bi ordu inguruko ibilaldia da, eta merezi du. Segituan egingo dituzu lau kilometroak.
Etxetik atera baino lehen, ez ahaztu sakelako telefonoa hartzea. Guuk-ek bideari ongi jarraitzeko eta Euskadiko txokorik politenak galdu gabe ezagutzeko tarifa du zuretzat. Animatzen al zara?