icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Udazkena Euskadin, landareak identifikatzeko aplikazioak

13 Octubre 2021 14:11
ilustrazioa-landarea-udazkena

Tenperaturek behera egin dutela, egunak laburtu direla eta grisak eta itzaliak direla..., zer esango dizugu zuk ez dakizunik! Baina ba al zenekien udazkena, epela delako, landatzeko garairik onenetako bat dela? Udaberria baino are hobea! Udazkenaren hasieran landatuta, neguko euriak arduratzen dira ureztatzeaz, eta landareak egonkortuta egongo dira udaberrirako.

Zuri ere edozergatik hiltzen al zaizkizu landareak? Edo inguruko zuhaitz eta landareekiko jakin-mina al sentitzen duzu? Bada, gustatuko zaizu informazio hau: zure smartphonea da lorezaintza, botanika edo baratzezaintza atsegin dutenentzako erremintarik onena. Izan ere, zure mugikorreko kamera erabilita, inguruko landare, lore eta zuhaitzei buruzko informazio interesgarria aurki dezakezu. Guuk-en aplikazio batzuk prestatu ditugu, oso erabilgarriak izango zaizkizunak zure inguruko florarekin egiten dituzun denbora-pasetan.

eskua-mugikorra-erabiltzen

Waterbot, ureztaketarako

Beti ahazten bazaizu landareak ureztatzea, aplikazio hau zuretzat da. Waterbot-ek, batez ere, ureztaketan jartzen du arreta. Etxean duzun landarearen irudi bakarra nahikoa da ureztatze-maiztasuna konfiguratzeko. Aplikazioak jakinarazpen bat bidaliko dizu eguna iristen denean, eta landarea 'ureztatua' dagoela markatu ahal izango duzu ura botatzen diozunean. Waterbot-ek Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

PlantNet

Landare basatien Wikipedia deitzen diote batzuek. Aplikazio honek, landare baten argazkia erabiliz, espezie basatiak eta apaingarriak identifikatzeko aukera ematen dizu. Lau zientzialari frantsesek garatutako aplikazio honek Europako mendebaldeko sei mila espezie baino gehiago zerrendatzen eta ezagutzen ditu. Erabiltzaileek landare gehiagoren informazioa eta irudiak ere gehitu ditzakete; beraz, aplikazioak handitzen jarraitzen du. PlantNet-ek Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

PictureThis

Play Store osoan deskarga gehien dituen aplikazioa aurkezten dizugu. 30 milioi deskarga, alajaina! Eta ez zaigu harritzekoa iruditzen, merkatuan dagoen aplikazio osoenetako bat baita eta Googleren gomendio-zigilua baitu.

Adimen artifizialarekin konbinatutako bilaketa-motorraren bidez, landareen % 98 ezagutzen du aplikazioak. Gainera, beste funtzio batzuk ere baditu, hala nola landareak zaintzeko gidak, ureztatze-, inausketa- edo fumigazio-abisuen konfigurazioa, etab. PictureThis-ek Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

NatureID

Ez litzaizuke gustatuko botanikan aditua den norbait gertu izatea zure landarea pattal dagoela ikusten duzunean? Bada, deskarga dezakezun doako landare-identifikatzaile onenetako bat duzu hau. NatureID gaztelaniaz ez dagoen arren, funtzionamendua oso erraza eta eraginkorra da: argazkia atera, eta aplikazioak landare horren “biografia” osoa eskaintzen dizu, eta, gainera, landarea gaixorik dagoen esaten dizu eta zein tratamendu aplika diezaiokezun proposatu.

Ikusten duzunez, udazkena garai ona da naturarekin konektatzeko eta aire zabaleko planez gozatzeko. App ugari daude landareez gozatzeko edo perretxikoak biltzeko. Guuk-en etxetik kanpo egiten dituzun planen berri ematen jarraituko dugu.

Erlazionatutako berriak