icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Tuterako jaiak 2024: zer ikusi eta zer egin Santa Ana jaietan

16 Julio 2024 12:00
Fiestas de Tudela

Ez azukreak, ez barazkiek, ez Inauterietako Zipoteroek ez dute erakartzen Santa Ana jaiek bezainbeste jende Tuterara. Uztailaren amaieran, herri horretako zaindaria dantzetako, entzierroetako eta gainerako ekitaldietako protagonista bihurtzen da, Santiagorekin batera.

Izan ere, arrazoi asko daude taifako hiriburu, errege-erreginen etxe eta inbasioekiko erresistente izandako herri horretara joateko. Historiarik ez zaio falta. Gainera, azoka garrantzitsuenaren astean joaten bazara, askoz hobeto ezagutuko duzu hango kultura.

Hori dela eta, Guuk-en, Nafarroako hegoaldera joan eta Ebroren ertzean dagoen harribitxi hau ezagutzeko apustua egin dugu. Zatoz Tuterako Santa Ana eta Santiago jaietara!

Santa Ana Tudela

Zer ospatzen den Tuterako Santa Ana eta Santiago jaietan

Jakin-mina geneukan. Zergatik ditu bi zaindari Tuterak? Tuterarrek deboziorik aspaldikoena Santa Anari badiote ere, beste herri askotan bezala, hemen ere omenaldia egiten zaio Santiago Apostoluari —Santiago Nagusiari—.

  • Bitxikeriađź’ˇ: Santiago Errekonkistarekin lotzen zen Erdi Aroan, eta prozesu horretako eszenatoki garrantzitsuenetako bat izan zen Tutera.

1119ko otsailaren 25ean, Aragoiko Alfontso I.a erregeak 300 urtean musulmanen esku egondako hiribildua konkistatu zuen. Une hartatik, kristauaren eraginpean egotera pasatu zen. Orain, gure protagonistaren txanda da.

XIII. menderako Tuteran Santa Anari debozioa ziotela frogatzen duten dokumentuak daude. Ama Birjinaren ama da Santa Ana, eta, beraz, Jesusen amona. Besteak beste, haurdunen, amen, emakume langileen eta meatzarien zaindaria da. Jarraitzaile asko ditu, beraz.

1200eko hamarkadaren amaierarako ba omen zegoen kapera bat herrian, eta santuaren inguruko ospakizunak egiten omen ziren. Santa Ana jaietarako data garrantzitsua mende batzuk geroago iritsi zen, ordea.

Santa Ana, Tuterako zaindaria

1530ean, izurrite batek kolpatu zuen Tutera. Izurrite haren ondorioz, jende asko hil zen, eta ehun ekonomikoaren zati handi bat suntsitu zen. Diotenez, tuterarrek zerura begiratu eta laguntza eskatu zuten orduan, eta Santa Ana joan, eta salbatu egin zituen.

Hala, ekainaren 21ean, Andre Maria elizan egindako ekitaldi publikoan, herritarrek beren botoa eman zioten, eta Maria Sortzez Garbia hiriko zaindari izendatu zuten. Ordutik, Santa Ana Tuterako zaindaria eta ongilea da.

Gaur egun ezagutzen ditugun Santa Ana jaiak 1879tik ospatzen dira; urte hartan elkartu zen lehen Gobernu Batzordea Santa Ana Kongregazioa prestatzeko. Ordukoak dira lehen erlijio-zeremoniak; bestelako ekitaldiak urte batzuk geroago hasi ziren.

Noiz dira 2024an Tuterako Santa Ana jaiak?

Ez daukagu egitarauari begiratu beharrik txupinazoa eta “Gaixoa ni” noiz izango diren jakiteko. Aste horretan Tuterara joateko asmoa baduzu, bidaia garaiz programatzea eta aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen dizugu.

  • Tuterako Santa Ana jaiak: 2024ko uztailaren 24tik 30era

Erlojuaren Etxeko balkoitik "Gora Nafarroa, gora Tutera eta gora Santa Ana!" oihukatuko da, eta orduantxe hasiko da ofizialki herriko jai-astea.

Zer ikusi eta egin Tuterako Santa Ana jaietan

Astebetek askorako ematen du, eta badaki hori udalak. Horregatik, adin guztietako jendearentzako ekitaldi ugari antolatzen ditu egun horietarako. Jakina, ez dira falta izaten mezak, jotak eta herri-bazkariak. Egin dezagun errepaso orokor bat.

Santa Ana aurreko egunak

Festak berez uztailaren 24an hasten badira ere, aurreko astean jaietarako hitzordu bereziak daude. Egun horietan, filmen proiekzioak eta bestelako topaketak antolatzen dituzte peñek.

Gainera, 2005etik, urtero, alkateak zapi bana ematen die Plaza Zaharrean aurreko urtean jaiotako eta Tuteran erroldatutako haur guztiei. Aurten, uztailaren 20an, 286 umeri egin diete gonbidapena bere zapia jasotzeko. Lau txandatan emango zaie, 9:30etik 11:45era bitartean.

Horretaz gain, aurreko astetik eta egunero, 20:00etan, eukaristiak egiten dira Andre Mariaren Katedralean.

Txupinazoa eta festen hasiera

Uztailaren 24a da egun handietako bat. Goizean, eta beti eguerdia baino lehen, Zapi Gorriaren Gorespena egiten da. Orden del Volatínek —Nafarroako Erriberako kultura eta folklorea sustatzen dituen Tuterako erakundeak— zapiak ematen dizkie talde batzuei.

Hori eginda, peñen kalejirak hasten dira. Une gorenerako aperitiboa dira, haien

segidan egiten baita txupinazoa. Zoaz korrika Foruen Plazara, jaiak iragartzeko kohetea Erlojuaren Etxeko balkoitik Nafarroako ereserkiaren doinura nola botatzen duten ikusteko. Klarinete, tinbal, txistu eta gaita-soinuak izaten dira nagusi, erraldoiekin batera. Kontuz kalimotxoarekin!

Plaza Zaharra lehertzearekin batera, Tuterako bederatzi peñetako batean ere hasiera ematen zaio jaiari. DJen saioak, kalejirak eta kontzertuak izaten dira, besteak beste. 14:00etan, Herreria kalera mugitzen da festa.

Arratsaldean, peñen kalejirak egiteaz gain, erraldoiak ateratzen dira Plaza Zaharretik, Magdalena plaza eta Pontarrón kaletik pasatu eta katedralera iristeko. Gehiago nahi duzu? Bada, 21:00etatik aurrera, Katedraleko saretan, ez huts egin zaindariari egindako zapi gorriaren eskaintza.

Revoltosa

Egun batzuetan, 22:00etan, Noches del Queiles zikloa egiten da. Artista klasikoen eta herriko artisten kontzertuak dira, helduentzako pentsatuak. 24an bertan egingo da lehenengoa, Santa Ana jaietako dantzaldi handirako berotzeko.

Has dadila Revoltosa! 1928tik, dantza berezi hau egiten da Tuteran. Parte-hartzaileak Plaza Berriko kioskoaren inguruan biraka hasten dira, abiadura gero eta handiagoa hartuz. Erdian, udal-bandak erritmo gero eta biziagoa markatzen du.

Duela urte gutxi arte, dantzan pausoa aldatzen zen, eta estropezu eta erorketa asko eragiten zituen horrek. Horregatik, beti noranzko berean egiten da orain.

Plazatik lehentxeago pasatzen bazara, Larrain-dantza, Tuterako Polka eta Tuterako Jota ere dantzatu ahal izango dituzu. Garaiz joatea gomendatzen dizugu, jendez lepo egoten da eta. Eta dantza egiteko gogoz geratu direnentzat dantzaldia egiten da gero.

Santa Ana jaietako lehen entzierroa

Uztailaren 25a goizean goiz hasten da, hirian zehar hainbat peñak antolatzen dituzten txaranga-dianekin. Haietako bat beti da publikoa: parte zaharrean egiten dute, gaiteroekin eta udal musika-bandarekin, eta zezen-plazan amaitzen da.

Han bertan, goizeko 8:00etan, Santa Ana jaietako zezen-entzierroetako lehena hasten da. Ondoren, parte-hartzaileek Plaza Zaharrera jaisteko ibilbidea egiten dute, txarangekin eta peñekin.

Santiagoren prozesioa

Besteak adrenalina askatzen ikusi ondoren —edo zuk zeuk askatu ondoren—, jo ezazu Santiagoren prozesiora. Katedraletik abiatzen da, eta alde zaharreko kaleetan zehar ibilbidea egiten du, gaiteroekin, erraldoiekin eta musika-bandarekin batera.

Konpartsak, kalejirak eta lore-eskaintza Santa Anari

Atsedena hartzeko ordua da; hamaiketakoa, haien kontu. Eta, jarraitzeko, erraldoiak eta gaiteroak Queiles pasealekuan, peñen kalejira gehiago eta zaindariaren lore-eskaintza tradizionala, Merkatu Plazan. Katedralaren kanpoaldean jartzen dira.

Herri-bazkariak

Jai guztietan eta hiriko toki batean baino gehiagotan aurkituko dituzu. Hantxe elkartzen da urtero jende gehien, sortzen duten giroagatik eta, jakina, banatzen diren platerengatik.

Aurretik, urteroko omenaldiak egiten zaizkie herriko pertsona ospetsuei. Peñek antolatzen dituzte, eta bakoitzean izen desberdinak agertzen dira. Eta ez hutsik egin, orobat, konpartsek Plaza Zaharrean eta Gaztambide-Carrera kalean antolatzen dituzten dantza-erakustaldiak.

Zezen-arratsaldeak

Arratsaldeak zezenzaleentzako dira. Lehenbizi, doako mahai-inguruak egiten dira Tudela Bardenas hotelean, eta, ondoren, Plaza Zaharretik zezen-plazara igotzen dira. Ordu pare bat geroago hasten dira zezenketak, ganadutegi ospetsuenekin.

Une gorena suzko zezenarena izaten da. Gutxienez XVIII. mendetik egiten da Tuteran! Kasu honetan ez dago animalien sufrimendurik; boluntario konprometituen borondatea bakarrik.

Santa Ana Zaharraren prozesioa

Uztailaren 26a da jai erlijiosoen egunik garrantzitsuena. Goizean, Santa Ana Zaharraren prozesioa hasten da Santa Maria Magdalena elizatik. Amaitzeko, "Egun on, Santa Ana" eta eukaristia, Katedralean bertan.

Ordu pare bat geroago, han bertan, jaietako ekitaldi nagusia egiten da Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuekin. Mezetan geratzen bazara, Tuterako abesbatza entzun ahal izango duzu, eta, gero, zaindariaren prozesioari jarraitu, alde zaharrean.

Su-festak

Su-festak gauero egiten dira, eta nonahi ikus ditzakezu. Ebroren ezkerraldetik jaurtitzen dira, eta oso une berezia dute Santa Ana egunean.

“Gaixoa ni”

Nafarroako eta Euskadiko beste hainbeste jai bezala, uztailaren 30eko gauerdia igaro ondoren bukatzen dira festak, "Gaixoa ni" ekitaldiarekin. Erlojuaren Etxeko balkoitik egiten da, astebete lehenago txupinazoa jaurti zen Plaza Zaharrean bertan.

Eta hauxe izan da dena. Hala ere, jakin ezazu santanetan askoz ekitaldi gehiago ere egiten direla; besteak beste, hauek: banderillero-lehiaketak, artista ezagunen kontzertuak, herri-kirolak, umore-ikuskizunak eta sari-banaketak.

Tuterako santanetako kontzertuak

Era askotako ikuskizunak izango dira 2024ko santanetan, eta, aurten ere, jende asko erakarriko dute kontzertuek, zalantzarik gabe. Hauek izango dira:

  • Asteazkenean, uztailak 24, Foruen plazan, Jamaica Show orkestra arituko da. Eta, aldi beran, Queiles pasealekuan, Rumbabel.
  • Ostegunean, uztailak 25, Foruen plazan,Wally LĂłpez DJaren txanda izango da. Eta Queiles pasealekuan, berriz, Revista VarietĂ©s ayer y hoy arituko da.
  • Ostiralean, uztailak 26, Foruen plaza dantzan jarriko du Alaska On Tour-ek.
  • Larunbatean, uztailak 27, ezinbesteko horietako bat Foruen plazan: Rulo y la Contrabanda. Eta Queiles pasealekuan, berriz, Mariachi Real de Jalisco, gustuko duenarentzat.
  • Igandean, uztailak 28, Foruen plaza bete-bete egingo da Nueva Etapa orkestrarekin. Eta Queiles pasealekuan, berriz, B Vocal.
  • Astelehenean, uztailak 29, hainbat bertsio entzuteko aukera, Star Ways taldearekin. Queiles pasealekuan, berriz, Los Hijos de Gregorio.
  • Eta, amaitzeko, asteartean, uztailaren 30ean, Toni Moog umorista, Queiles pasealekuan.

Dudarik gabe, kontzertu arrakastatsuenetako bat Rulo y la Contrabandarena izango da. La Fuga taldeko abeslari ohia buru duen talde honen jarraitzaile ugari etorriko dira Tuterara.

Gogoan izan Foruen plazako kontzertuak goizaldeko 1:00ean hasiko direla, eta beranduenez 3:30ean amaitu. Queiles pasealekukoak, berriz, 21:45ean hasiko dira, eta beranduenez, 23:15ean amaitu.

Eta, hainbeste ekitaldi izanda, lagundu egin nahi dizu Guuk-ek. Eskuratu deietarako eta datuetarako tarifarik onena zure mugikorrerako, eta ez galdu ezer jai ospetsu hauetan.

Erlazionatutako berriak