icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Nafarroako abentura-parkeak, dibertsioa eta natura gogotik

27 Mayo 2024 14:31
Parques aventura Navarra

Eguraldi ona dagoenean, ez dago aire zabaleko jarduerak egitea bezalakorik. Eta, hondartzak eta parkeko piknikak izugarri maite ditugun arren, Nafarroan baditugu dibertsioz eta naturaz betetako beste aukera batzuk: hamaika jarduera original eta desberdin eskaintzen dizkiguten abentura-parkeak.

Urtero, eguzki- eta bero-garaia iristen denean, Nafarroako abentura-parkeak gure erkidegotik zein hurbileko beste leku batzuetatik etortzen diren bisitari andana jasotzeko prest egoten dira. Eta, noski, zuk ere ezin dituzu galdu.

Parque de Aventuras Navarra

Nafarroako abentura-parkeak, dibertsioa eta natura gogotik

Post honetan, Nafarroako 5 abentura-parkerik onenak zein diren azalduko dizugu, izenak gorde eta etxeko txikienak bertara eraman ditzazun edo koadrilako lagunekin plan desberdin bat antola dezazun. Ezagunenekin hasiko gara, baina mota guztietako abenturazaleentzako aukerak aipatuko dizkizugu.

Sendaviva

Arguedasen dago, Errege Bardea Parke Natural ikusgarriaren ondoan. Bardea Biosferaren Erreserba izendatutako paraje erdibasamortutar bat da, eta hantxe dago kokatuta familia osoarentzako aisia-parke berezi hau, nahasketa paregabe bat eskaintzen duena: atrakzioak, natura eta ikuskizunak.

Parke honetan, mundu osoko 1.000 animalia baino gehiago ikusi ahalko dituzu, eta 30 bat atrakzioz gozatu, haietako asko uretakoak, udan fresko egoteko ezin hobeak.

Gainera, familia osoak egun ahaztezina igarotzeko diseinatutako ikuskizunak eta jarduerak eskaintzen ditu.

Sendavivako atrakzioak

Sendavivako atrakzioak fantasia hutsa dira, gustu guztietarako pentsatuak, lasaienetatik ausartenetaraino.

Lasai ibili nahi baduzu eta urez inguratuta, lakuko txalupekin, bumperrekin, lasterrekin eta ur-labirintoarekin has zaitezke, edo zaldikoen gainean jarri eta txikientzat ezin hobeak diren hamaika jolasez gozatu.

Baina benetan emozioa eta abentura nahi badituzu, ez galdu atrakzio hauek: Zipline Handia, Bobsleigha, Erronkariko Legenda, Jauregi Sorgortua, Aulki Hegalanak edo Naturaren Garrasiak.

  • Sendavivako animaliak: animaliak gunetan antolatuta daude, eta zenbait ibilbide dituzu haietako bakoitzera joateko. Adibidez, Abere Ibilbidea dago, baita Etxaldeko bidea, Hegaztiena eta Exotikoen bidea ere. Azken horretan, kanguruak, tigreak eta zebrak ikusiko dituzu. Guztira, 8 bide daude.
  • Sendavivako ikuskizunak: dibertsioak ez du etenik adin guztientarako ikuskizunei esker. Ongietorri-ikuskizuna, Xamanaren Sekretua, txotxongilo-antzerkia eta familia osoari irribarre bat baino gehiago aterako dion zirku-emanaldia.
  • Sendavivako zerbitzuak: instalazioetan ez duzu ezer faltan emango, besteak beste 7 jatetxe baitaude bertan, era guztietako janariarekin, aparkaleku handi bat (autokarabanentzako zerbitzuekin), irisgarritasuna bermatuta aulki gurpildunentzat eta haur-kotxeentzat, eta kontsignak eta oroigarri ederrak erosteko denda ere bai.
  • Ostatua: gaua bertan igaro eta parkea goitik-behera ezagutu nahi baduzu, baso bat dirudien ostatu bitxi bat ere badago.

Irrisarri Land

Pixka bat iparralderago, itsasotik hurbil, aurkituko dugu gure hurrengo helmuga: Igantzin, Bortzirietako eskualdean. Hemen landaguneko benetako resort bat aurkituko duzu, ezertxo ere falta ez zaiona. Begira zer zoragarria!

Irrisarri Landeko jarduerak

Dibertsioak amaierarik ez duen leku bat. Parkeak hamaika jarduera eskaintzen ditu, publiko guztientzat gainera. Zentzumenen ibilbide tematikoak, mitologikoak, abenturazkoak, arborismoa, tibetar zubia, tirolinak, pendulua, laser taga eta disc golfa, baita pump track zirkuitu bat ere.

Irrisarri Landeko zerbitzuak

Lehenago esan dugun bezala, hau resort bat da, eta horrek esan nahi du bertako instalazioetan behar duzun guztia aurkituko duzula.

  • Hiru ostatu-mota: aterpetxe koloretsu bat, taldeentzako ezin hobea; hiru izarreko hotel bat, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen jauregi zahar batean kokatua; eta ihesaldi erromantikoen gaindia diren luxuzko txabola batzuk.
  • Gainera, bi jatetxe ditu: bata informala eta bestea egile-jatetxe bat, biak ala biak primerakoak abenturaz betetako egun baten ondorenerako.
  • Eta hori gutxi balitz bezala, Nafarroan ekitaldi bat antolatu nahi baduzu (enpresakoa edo familiakoa), Irisarriko Begiratokia dute, helburu horretarako bereziki diseinatutako gune bat.

Baztan Abentura Park

Elizondon kokaturiko Baztan Abentura Park Nafarroako beste altxor bat da, eta ez die inbidiarik izen handiko beste parke batzuei (Sendavivari, esaterako).

Parkeak zure bihotza indarrez taupaka jarriko duten jarduera ugari eskaintzen ditu: zerua zeharkatzen duten tirolinak, arroila-aquapark natural bat, bertigoa eragingo dizun mega pendulua eta esploratzaile izateko grina piztuko dizuten ibilbideak.

Burdinbideak segurtasunez eskalatzeko erronka botako dizu, eta publiko guztientzako egokia den esperientzia paregabe bat eskainiko dizu ametsezko ingurune batean.

Bertiz Abentura Park

Bertizko Jaurerria Natur Parketik gertu, Bertiz Abentura Park dago, aukera lasaiagoa baina harrigarria berdin-berdin.

Beritz abentura park

Bertan, naturaz gozatu ahal izango duzu bi jarduera nagusiren bidez: arborismoa eta paintballa. Leku ezin hobea da txikienekin partekatzeko. Eraman behar dituzun gauza bakarrak: arropa erosoa eta ondo pasatzeko gogoa.

Artamendia abentura-parkea

Artamendia abentura-parkea Zangozan dago, eta funtsezko geltokia da gure zerrendan. Han, zubiak, plataformak eta tirolinak aurkituko dituzu, eta gazteentzat zein helduentzat erronka bikaina diren bi zuhaitz-zirkuitu.

Gainera, Irunberriko arroilatik gertu dagoenez, aitzakia paregabea da Nafarroako paisaiarik ikusgarrienetako bat ezagutzeko; plan ezin hobea abenturaz betetako ihesaldi bat osatzeko.

Urbasa Abentura Park

Azkenik, Urbasa Abentura Park Urbasa mendilerroaren magalean dago. Parke honek zailtasun-maila desberdinetako aireko ibilbideak eskaintzen ditu, adin eta ezaugarri fisiko guztietara egokituak.

Egurrezko plataformen, tibetar zubien eta burdinbideen artean, naturaz topera gozatzeko behar duzun guztia aurkituko duzu.

Abentura-parke horiek Nafarroako bitxiak dira, eta esperientzia paregabe eta zirraragarriak eskainiko dizkizute, adrenalina bilatzen dutenentzat eta natura maite dutenentzat ezin hobeak. Guuk-en izugarri gustatzen zaigu zuk gozatzea, eta, konexiorik onena senti dezazun, giga askoko tarifak eskaintzen dizkizugu zuk nahi duzunarekin goza ditzazun.

Erlazionatutako berriak