icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Donejakue bidea Nafarroan: bost aukerak

31 Mayo 2024 14:27
Camino de Santiago Navarra

Nafarroa kontraste eta aberastasun historiko handiko lurraldea da, eta puntu garrantzitsua da Donejakue bidean. Bost bide desberdin daude, eta bakoitzak bere xarma eta berezitasunak ditu: frantses bidearen bi adar, Baztango bidea, Ebroko bidea eta Sakanako bidea.

Kontuan izan bide bakoitzak sekretu eta altxor ezezagun handiak dituela. Beraz, dagoeneko bidea egin baduzu ere, beste aukera bat hartzea gomendatzen dizugu, ikusteko asko izango baituzu. Izan ere, beti geratzen zaizkigu mundu berriak ezagutzeko.

Cartelas blog Camino Navarra

Donejakue bidea Nafarroan: frantses bidea, Baztangoa, Ebrokoa, Sakanakoa eta Aragoikoa

Bai, frantses bidea da ezagunena guztiontzat, baina horrek ez du esan nahi bakarra denik. Horregatik, bide desberdinak aurkeztuko dizkiegu berriro abentura bat bizi nahi duten guztiei.

Frantses bidea: Pirinioetatik Errioxara

Frantses bidea da Donejakue bideko ibilbide ezagun eta ospetsuena. Pirinioetan hasten da, eta Nafarroa zeharkatzen du: ondare kulturala, naturaren edertasuna eta gutizia gastronomikoak konbinatzen dituen esperientzia paregabea da.

Pirinioetako paisaia berde bizian hasi eta Errioxako mahastietara joango zara, eskualdeko toki berezienetako batzuetan barrena:

  • Orreaga: Erdi Aroko kolegiatari esker da ezaguna herri txiki hau; garrantzi historiko handia du, baita garrantzi espiritual berezia ere erromesentzat.
  • Iruñea: Nafarroako hiriburuak harrituta utziko zaitu katedral gotikoa ikusten duzunean eta hiriko bizimodu zirraragarria eta pintxo ezagunak dastatzen dituzunean.
  • Gares: herri liluragarria da, eta badu zubi erromaniko famatu bat, Erdi Aroko ingeniaritzako maisulana.

Bideko ondare kulturala

Camino de Santiago Navarra

Arteari eta arkitekturari dagokienez, Nafarroa benetako altxorra da. Frantses bidean zehar, monumentu ikusgarri ugari dituzu:

  • Kolegioak eta katedralak: Orreagako kolegiata eta Iruñeko katedrala, klaustro gotiko eta guzti, huts egin ezinekoak dira.
  • Monasterio eta eliza erromanikoak: Eskualde guztian daude, eta bakoitzak historia eta edertasun propioak ditu.

Ondarea sakonago ezagutu nahi dutenentzat, gomendagarria da Donejakue bideak Nafarroan dituen Interes Kulturaleko Ondasunen zerrenda kontsultatzea.

Bidaia natural eta gastronomikoa

Donejakue bidea bidaia espirituala baino gehiago da: naturaz eta tokiko gastronomiaz gozatzeko aukera ere bada. Frantses bidean aurrera zoazela, paisaia aldatuz doala ikusiko duzu, Pirinioak, Iruñerria, zelaiak eta mahastiak igarotzen dituzun heinean.

Frantses bidea/Aragoiko bidea - Zangozatik Garesera

Aragoiko bidea Frantses bidearen adar bat da. Zangozatik sartzen da Nafarroan (Somporteko mendatetik —Huesca— dator), eta Garesen elkartzen da Luzaidetik datorren bidearekin.

Sangüesa

Askotariko paisaiak ikusiko dituzu kilometro askoan: zereal-soro uhinduak, pinudi zabalak eta edertasun basatiko arroilak. Ibilbideko onenak hautatu ditugu, zerrenda bat egin dezazun.

Andre Maria Erreginaren eliza, Zangozan

Erromanikoaren eta gotikoaren arteko trantsizioko arkitekturaren adibide bikaina. Eliza honen portada gotikoko maisulanetako bat da. Gomendatzen dizugu bisita gidatu bat egitea, esperientziari zukurik handiena ateratzeko. Gainera, harrigarria egingo zaizu Zangozako kaleetan paseatzea, jauregi, eliza eta komentu ugari baitaude.

Eunateko Andre Mariaren eliza, Muruzabalen

XII. mendearen bigarren erdian eraiki zen. Planta oktogonaleko eliza da, eta ezagunak dira haren atari exentua eta 33 arkuko galeria. Jatorri tenplarioa duenez, mito eta legenda asko sortu dira haren inguruan.

Xabierko gaztelua

Zangozako Donejakue bidetik 8,5 kilometrora dago Erdi Aroko gaztelu ikusgarri hau, San Frantzisko Xabierkoaren (Nafarroako zaindaria) sorlekua. Zubi altxagarria eta dorreak ikusten dituzunean, erlijio-guduen eta jainkozaletasunaren garaian zaudela irudituko zaizu.

Leireko monasterioa

Zangozatik 12 kilometrora dago monasterio erromaniko hau. Toki baketsua eta baitaratzeko aproposa da. Nabarmentzekoak dira XI. mendeko kripta, porta speciosa apaingarriz betea eta hormetan durundi egiten duten kantu gregorianoak.

Irunberriko arroila

Zangozatik 14 kilometrora dago. Irati ibaiak eman dio forma haitzarteari, eta hegazti harraparien, azerien eta azkonarren bizitokia da. Hango horma bertikalak eta ingurune naturala erreserba natural izendatu dira. Paisaia aproposa da ibiltzeko edo erreka-bazterrean erlaxatzeko.

Baztango bidea - Urdazubitik Arrera

Baztango bidea ezkutuko altxor bat da jende gutxiagoko bide liluragarri bat bilatzen dutenentzat. Bide zahar honek Baztan bailaratik zehar zeharkatzen ditu Pirinio Atlantikoak, eta Baionako portuan lehorreratzen ziren ibiltariek erabiltzen zuten antzina.

Baztertuta izan zen garai batez, baina azken urteetan ospea berreskuratu du ibilbidearen leuntasunari eta edertasunari esker eta bideko herri eta baserri pintoreskoei esker.

Nafarroa aipatzearekin batera paisaia berdeak, baso misteriotsuak eta sorginen kondairak etortzen bazaizkizu burura, Baztango bidea egoki-egokia da zuretzat. Eta argi ibili, ikusteko ugari izango duzu eta.

Urdazubiko haitzuloa

Urtxuma ibaiak eragindako higadurak duela 14.000 urte sortutako haitzulo ikusgarri bat da. Bisita gidatu bat hartzen baduzu, estalaktitaz, estalagmitaz eta bidelapurren, gerrillarien eta akelarreen inguruko kontakizunez betetako lurpeko mundu berri bat ezagutuko duzu. Eraman ezazu jaka bat, laino arteko esperientzia magiko hori eroso-eroso bizitzeko.

Zugarramurdiko leizea

Urdazubitik 8 kilometrora dago akelarreek ezagun egin zuten legendazko koba hau. Akelarre horiek ez ziren Inkisizioaren gustukoak, eta zenbait pertsona exekutatu zituzten, sorginak zirela leporatu baitzieten. Ikus ezazu Sorginen Museoa Zugarramurdin. Leizetik 400 metrora dago, eta historia zoragarri hori hobeto ezagutzeko aukera izango duzu.

Amaiur

Amaiurko errotan hasten da presa eta kanala zeharkatzen dituen pasealeku bat, han eta hemen baserriak dituena. Hari jarraitzen badiozu, Gaztelu mendira iritsiko zara. Nafarroako Erresumako gazteluetako baten hondarrak daude hor; konkistatzaileengandik babesteko azken gotorlekua izan zen 1522an.

Gainera, birgaitutako errota bat ere bada herrian. Irina eros dezakezu, eta talo labetik atera berriak jan.

Santxotena museoa Arizkunen

Xabier Santxotenak euskal mitologia omendu eta agoten historia (mendeetan zehar baztertuta bizi izan zen etnia bat) aurkezten du aire libreko gune honetan. Zur-tailaketaren sormena miretsiko duzu, euskal kulturan murgiltzearekin batera.

Bertizko Jaurerriko Natur Parkea

Baztango bidetik 7,5 kilometrora, Iruritatik, berdegune ikusgarri hau duzu; lorategi botanikoa dago, bai eta zenbait ibilbide ere. Bizitzaz betetako 2.000 hektareatik gora ditu; lasaitasuna eta sentsazio onak ekarriko dizkizu.

Ebroko bidea - Cortestik Castejónera

Ebroko bidea historikoa da, Mediterraneoko kaietatik zetozen erromesek erabiltzen baitzuten; Logroñon egiten zuen bat Donejakuerako frantses bidearekin, eta Ebro ibaiari jarraitzen zion.

Bide hau Cortesen sartzen da Nafarroako lurretan, eta foru-komunitatearen hegoaldea zeharkatzen du Castejóneraino. Kontraste handia sortzen dute ibilbidean ibar-basoek, baratzeek eta basamortu-paisaiek. Herrietako arkitekturak garai batean batera bizi izan ziren kultura musulmanaren, kristauaren eta juduaren ezaugarriak ditu.

Nafarroako Donejakue bidearen zati honetan huts egin ezin diren tokiak

Badakigu ezezaguna izateak ez duela esan nahi ikusteko tokirik ez duenik. Gainera, askotan kontrakoa ere gertatzen da. Bide honetako toki deigarrienak aurkeztuko dizkizugu, guztiak ikus ditzazun.

Cortes

Nafarroako herri hegoaldekoena da, eta Aragoirekin mugan izateak markatu du haren historia. Ez huts egin XII. mendeko gaztelu ikusgarria. Zenbait aldiz eraberritu dute, eta itxura dotorea gailendu zaio, ezaugarri militarraren aldean.

Gazteluaren barrualdean, eta zenbait garaitako pinturez osatutako bilduma bat eta Alto de la Cruzeko aztarnategiari buruzko erakusketa iraunkorra ikusteko aukera izango duzu. Garai batean gazteluko baratzea izan zena parkea da gaur egun: ahateak, antzarak eta zisneak bizi dira han, eta tamaina naturaleko xake-joko bat ere badu.

Tutera

Nafarroako bideetako hirien artetik, Tuterak erakusten du ondoen gure lurraldean elkarrekin bizi izan ziren kulturen nahastea. Hiri garrantzitsuena da Iruñearen ondoren, eta jatorri islamiarreko Europako hiri esanguratsuenetariko bat ere bada.

Tudela

Judutegia eta kristau-testigantzak ikusiko dituzu; adibidez, Santa Maria katedral erromanikoa; ikusi beharrekoa erabat. Ebro ibaiaren gaineko zubia ere ikusgarria da: 360 metro eta 17 ojiba-arku zoragarri ditu. Ez galdu, halaber, Tuterako Foruen plaza, hiriko biztanleen elkargunea.

Errege Bardea Parke Naturala

Donejakue bidean Tuteratik 14 kilometrora aurkituko duzu paisaia erdidesertiko hau, penintsulako iparraldean parekorik ez duena. Biosfera Erreserba izendapena du. Ingurune basati eta ederra da, eta babesgabea dirudien arren, altxor natural handiak ditu.

Goza ezazu natura-parke bikain honen edertasun idorraz: magia eta magnetismoa nagusi izango dira zure irudimenean. Izan ere, non aurkituko dugu Euskal Herrian baino paisaia paregabe gehiago?

Sakanako bidea - Irurtzundik Ziordira

Nafarroako Antso Nagusia erregeak frantses bidea Donejakuerako bide ofizialtzat ezarri aurretik, bazen erromesek IX. mendetik XI. mendera erabili zuten bide zaharrago bat.

Dokumentu batzuen arabera, ibilbide horrek Iter XXXIV galtzada erromatarrari jarraitzen zion. Galtzada hori I. mendean egin zen, Bordele (Frantzia) eta Astorga (Leon) lotzeko. Pirinioak igaro ondoren, Orreagatik eta Iruñetik igarotzen zen galtzada; Sakana zeharkatu ondoren, Gasteizera eta Burgosera jarraitzen zuen.

Camino de Sakana
VisitNavarra

XI. mendetik aurrera, Sakanako bidea (edo Galtzadako bidea) erabiltzeko ohitura galduz joan zen, harik eta garrantzia galdu zuen arte; desagertzeko zorian izan zen.

Hala ere, berriro ibilbide polit hori erabiltzeko aukera dugu gaur egun. Izan ere, seinaleztatu egin dute, eta gaua igarotzeko, jateko eta toki batetik bestera joateko zerbitzu guztiak ditu.

Zer ikusi eta ezagutu Donejakuerako Sakanako bidean

Gustuko izango zenuke Donejakue bidearen jatorria ezagutzea, eta 45 kilometro horiek bi edo hiru etapatan egitea? Antola ezazu ibilbidea zure neurrira, Sakanako herrietan zerbitzu-eskaintza zabala baituzu.

Gozatu paisaien baretasunaz eta gastronomia goxoaz

Sakanako harana hogeita hamar bat herrik, zelai berdeek eta harizti eta pagadi ederrek eratutako korridore luze bat da, Urbasa eta Aralar mendilerroek babestua. Hain zuzen, azken mendilerro horretan dago San Migel Aralarkoaren santutegi erromaniko bikaina.

Hango belazeetan bazkatzen dira behorrak, behiak eta ardi latxak; ardi horien esnearekin egiten da Idiazabal jatorri-deiturako gazta preziatua. Dasta ezazu gutizia txiki hori, bai eta txistor-pintxoak eta idi-txuletoi zaporetsua ere. Baduzu beste pizgarri bat etapari amaiera emateko!

Zamartzeko monasterioa

Erdi Aroan Iruñeko katedralaren mendekoa izan zen zenobio hau. Nafarroako landa-eremuko arte erromanikoaren adibide ederra da, nabe bakarrekoa.

Ingurune natural pribilegiatuan eraiki zen, eta puntu garrantzitsua izan zen galtzada erromatarrean. Erromesek indarrak berreskuratzen zituzten monasterioan, eta erromesentzako ospitalea ere izan zen X. mendean. Aztarna erromatar batzuk eta Donejakueko erromes-maskorrak aurkitu dira han. Gainera, erretiro espiritualetarako etxe bat ere badu.

Zeure burua mimatzeko ostatuak eta zerbitzuak

Sakanako bideko 30 herrietan, atseden hartzeko eta indarberritzeko tokiak dituzu. Bertako landetxe tipikoak, aterpe turistikoak, hotelak eta kanpinak daude.

Haraneko baratzeetako eta zelaietako produktuez gozatu nahi baduzu, zoaz bertako jatetxeetara, eta gozatu produktuez. Haranera iritsi nahi baduzu edo bidea han amaitu eta zure bizitokira itzuli nahi baduzu, ez duzu arazorik, komunikazio onak baititu Sakanak.

Ikusten duzunez, Nafarroako Donejakue bideak aukera pila bat du, alegia, Guuk-eko tarifek dituzten gigak adina. Beraz, ez galdu denborarik. Prestatu motxila, deitu lagunei, eta ekin bideari! 💚🚶🏻

Erlazionatutako berriak