Zertarako balio du Radar Covid aplikazioak Euskadin? Aplikazioak
10 Diciembre 2020 17:49
Etengabe aldatzen den sistema batean, munduko biztanleek ideia eta egoeretara egokitu behar dute une oro. Guuk-etik esaten dizugu, badakigu-eta zerbait horri buruz. Errealitate berrira egokitu eta gure portaeran aldaketak bultzatzeko garaia da. Testuinguru horretan, konpainia teknologiko gisa ordezkatzen gaituen eta lagungarri izan dakizukeen zerbait partekatu nahi dugu zurekin: Radar Covid aplikazioa. Abangoardiako tresna bat izan nahi du fase berri honetan, eta aktibo dago jada Euskadin eta Nafarroan. Hasi da konexio berriranzko bidaia.
Radar COVID gailu mugikorretarako aplikazio bat da, eta COVID-19 birusaren kutsatze posibleez ohartarazten du. Norekin gurutzatu zaren erregistratzen du aplikazioak; hau da, kontaktuen jarraipena egiten du. COVID-19arekin infektatuta egon ote zaitezkeen jakiteko balio du jasotzen den informazioak, geroago infektatuta zegoela berretsi den norbaitengandik gertu egon ote zinen detektatzen baitu zure mugikorrak. Oinarrizko higiene-neurriek bezala (guztiok barneratu ditugu jada), Radar Covid aplikazioak, indibidualki babesteaz gainera, deskargatu eta erabiltzen duten pertsona guztiak ere babesten ditu.
Radar Covid aplikazioa euskaraz eta gaztelaniaz dago. Aplikazioaren zer ezaugarri gustatzen zaigu? Anonimoa eta konfidentziala da. Bluetooth konexioan oinarritzen da, eta, beraz, ez du erabiltzen GPSrik, kokapenik eta datu pertsonalik. Erabiltzailearen eta eguneroko bizitzan harekin gurutzatzen diren pertsona guztien anonimotasuna bermatzen du aplikazioak.
Zure datuen pribatutasuna babesten du?
Hasierako testatze bat egin ostean, Guuk-en probatu dugu Radar Covid, eta jakinarazten dizugu aplikazioak urrats eta pantaila bakoitzean gogorarazten dizula ezin direla identifikatu, ez zure nortasuna, ez zure gertuko kontaktuena.
Baina benetan eraginkorra da?
Radar Covid aplikazioak koronabirusarekiko duzun esposizio-maila erakusten dizu, azken 14 egunetan diagnostikatu diren pertsonekin gurutzatu zaren edo ez kontuan hartuz kalkulatuta.
Kutsatze-arriskuaren berri emateaz gainera, Radar Covidek koronabirusean positibo eman duzula jakinaraztea errazten dizu, funtsezkoa baita baliabide mediko horren eraginkortasunerako. COVID-19an positibo ematen baduzu, Osakidetzak SMS bidez bidaliko dizu zure diagnostikoa modu anonimo eta konfidentzialean, eta zenbakizko kode bat emango dizu. Kode hori aplikazioan sartu ahal izango duzu gero. Bazenekien Radar Covid aktibatua duten mugikorrek kode horiek bilatzen dituztela zure inguruan, automatikoki, bost minututik behin?
Eta zer gertatzen da arrisku-jakinarazpen bat jasotzen badut?
Arrisku-kontakturen bat izan baduzu, abisu bat jasoko duzu. Baina, lehenik eta behin, zaude lasai. Hortik aurrera, Radar Covid aplikazioko pantailan azalduko diren jarraibideei jarraitu behar diezu.
Gogoan izan: COVID-19a diagnostikatu dioten pertsona batekin egon bazara, aplikazioak adieraziko dizu zer urrats egin behar dituzun. Baina funtsezkoena bakartzea eta aplikazioan agertzen den publikoaren arretarako telefonora deitzea da.
Eta nola funtzionatzen du?
Beharrezkoa da zure mugikorrean Radar Covid aplikazioa instalatzea. Sakatu hemen Androiden instalatzeko, eta hemeniOS-en instalatzeko.
Aplikazioak, abiarazten denean, Bluetootha aktibatzeko eskatuko dizu, gertu dauden telefonoetatik ausaz eta modu seguruan IDak hartu eta partekatzeko.
Gogoan izan aplikazioa sarri bisitatzea, zure esposizio-mailaren berri izateko.
Aplikazioak ausazko kode bat bidaltzen du gertuko mugikorretara 5 minututik behin. Kode horiek ez dute inolako informazio pertsonalik, geolokalizaziokorik eta GPSkorik. Aplikazioak, era berean, kodeak jasotzen ditu aplikazioa instalatua duten gertuko mugikorretatik. Beraz, bi mugikor edo gehiago elkarrengandik gertu egon badira 5 minutuz edo denbora gehiagoz, kodeak trukatzen dituzte.
Azken 14 egunetan bidalitako eta jasotako kodeak gordetzen ditu aplikazioak. 14 egun igarotzen direnean, kode horiek automatikoki ezabatzen dira. Kode horiek mugikorrean bakarrik gordetzen dira, kanpo-zerbitzarietara bidali gabe.
Es tiempo de ceñirse a la nueva realidad e impulsar cambios en nuestro comportamiento. Te traemos una aplicación sanitaria que puede ayudarte ¿Conoces la app Radar Covid?