Euskal Hiria
Mejores casas rurales en Euskadi y opciones de agroturismo
3 minGipuzkoa, Bizkaia y Araba esconden muchos rincones tradicionales en los que se puede sentir con realismo el pasado de los caseríos vascos.
Guggenheimetik, Kontxako hondartzatik eta Gasteizko hirigune historikotik urrun, bada urtero geroz eta turista gehiago erakartzen dituen euskal errealitate bat. Antzinako baserriez ari gara, eta azken urteetan nekazaritza-turismoa Euskadin izaten ari den gorakadaz. Landetxe batera joan nahi?
Diru pixka bat aurreztu eta, euskal ingurune eta tradizioei jarraika, Euskadiren barrualdea ezagutu nahi badituzu, oso kontuan hartzeko moduko aukera duzu. Izan ere, landetxeek aukera ematen dizute baserri batean atseden hartu, eta landa-eremuko aisialdia eta lanak gertutik ezagutzeko.
Jakina denez, Arabak du nekazaritza-turismorako aukera handiena, lurraldearen tamainagatik eta kostalderik ez izateagatik. Dena den, Gipuzkoan eta Bizkaian ere oso eskaintza interesgarriak daude. Ba al zatoz gure lurraldea deskubritzera?
Guuken, landetxeen eta nekazaritza-turismoko establezimenduen artean dauden desberdintasunak eta aukera batean zein bestean oporrak egiteko dituzun eskaintza onenak erakutsiko dizkizugu.
Nora joan edo oporrak non pasa erabaki aurretik, garrantzitsua da bien arteko desberdintasunak zein diren jakitea. Izan ere, ez da gauza bera landetxea eta nekazaritza-turismoa, biak ala biak Euskadiko landa-eremuetan eskaintzen diren arren.
2022an, landa-turismoak ia 170.000 lagun erakarri zituen (euskaldunak nahiz beste leku batzuetakoak). Ez da harritzekoa, gure lurraldeko baserriek zer kalitate eskaintzen duten kontuan hartuta.
Landa-eremuan kokatutako hotel edo landetxeetako ostatu-eskaintza esan nahi du. Ez da hori baino gehiago eskaintzen, eta jabeak ez dira lurretik bizi.
Ostatuaz gain −baliteke ostaturik ez eskaintzea ere−, nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategi batekin lotutako beste jarduera batzuk ere eskaintzen dira. Hau da, baserrietako bizitza ezagutu daiteke lurra landuz, ganadua zainduz edo zaldiz ibiliz. Kasu horretan, jardueraren jabe den baserritarra lurretik bizi da.
Nekazaritza-turismoko araudiaren arabera, gela bikoitzek 12 m2-koak izan behar dute, gutxienez, eta banakakoek 6 m2koak. Ez da derrigorrezkoa bainugela osoa izatea, baina komuna izan behar dute, eta, adi, ostaturik eskaintzen ez duten aukerak daude eta.
Asteburu edo zubi baterako edo aste batzuetarako izan daiteke. Euskadiko landetxe onenek behar den guztia eskaintzen dute gure lurraldeko natura ikusgarriaz inguratuta atseden hartzeko. Baina, zein aukeratu?
Zerrenda egiteko, oporretako alokairurako erreferentzia gisa erabiltzen den Booking plataformako erabiltzaileen iritzietan oinarritu gara. Horrek ez du esan nahi onenak direnik, baina horietako bat aukeratzen baduzu, ez duzu hutsik egingo.
Lerro hauek idazteko orduan, Jesuskoa zen Euskadiko landetxe onena, Booking-en −eta bertakoerabiltzaileen− arabera. Hotel guztiz txundigarria da, Zumaiatik hiru kilometro baino gutxiagora, ia luxuzko esperientzia bat arrazoizko prezioan bizitzeko aukera ematen duena. Gela guztiek berogailua, bainugela pribatua eta telebista dute. Eta gimnasioa, lorategia eta doako wifia ere badauzka. Etxeko uztarekin prestatzen dituzten afariak probatzera animatzen zaitugu.
Kokapen ezin hobea du; oinez Hondarribiko hondartzatik 15 minutu eskasera, Plaiaundi parke ekologikotik 500 metrora eta Jaizkibel ederraren oinetan. Inguru hori bisitatu nahi baduzu, Higeralde etxea duzu aukerarik onenetako bat, eskaintzen duen kalitateagatik, harrera abegitsuagatik eta zerbitzuengatik. Landa-estiloko etxea da, eta egongela-jangela, sukaldea, terraza (kostaldeko bistekin), bainugela pribatua eta telebista ditu. 9,5eko balorazioa du Booking-en.
Arkitektura, kalitateak, bistak; Basoan landetxean dena da ikusgarria. Eta horregatik, 9,6ko nota du Booking-en. Laukarizeko landa-klubetik metro gutxira dago, Zabalondo eta Mungiako lurretan. Beraz, Bilbotik 15 kilometro baino gutxiagora eta aireportutik 6 kilometro baino gutxiagora. Eta zer esan landetxe honi buruz? Argazkiak ikustea nahikoa duzu zalantza guztiak argitzeko. Zerbitzuen aldetik, igerilekua, sukaldea eta bistak dituzten gelak (4 lagun artekoak) nabarmendu behar dira.
Bakiora joaten bazara, aukera izango duzu Euskadiko txakolindegi onenez gozatzeko, surf egiteko eta Gaztelugatxeko Doniene ederrera joateko. Eta horretarako, Soloan har dezakezu ostatu, hondartzatik kilometro eskasera dagoen estilo modernoko landetxean. Bainugela osoa, wifia eta doako aparkalekua ditu, lorategi handi baterako bistak, bai eta bizikleten alokairua ere. Leku ezin hobea da mendi-ibilaldiak egiteko eta kostaldeko natura ezagutzeko.
Ebro ibaitik oso gertu, eta Arabako Errioxaren bihotzean, zuzenean iraganera eramango zaituen oinetxe bat dago. Larrazuria Enea, landetxe eder bat Bastidako erdigunetik 5 minutura oinez, eta Harotik 10 minutura autoz. Bi balkoidun logela, egongela, sukalde osoa, bainugela eta doako wifia ditu. Ezin hobea Toloño mendia ezagutzeko eta inguruan dauden Errenazimentuko eta Erdi Aroko jauregiez gozatzeko.
Getarian ostatua aurkitzen saiatu zara, baina ez duzu arrakasta handirik izan? Kilometro batzuk barrualdera egiten baduzu, Usotegi landetxea aurkituko duzu, azken hamar urte baino gehiagoan Booking-en iritzi ezin hobeak izan dituen kalitatezko landetxe bat. Mahastiz inguratuta dago, eta doako wifia duten gelak, egongela partekatua, bainu pribatua eta lorategi eder bat ditu. Eskaintza turistiko handiko lekuetatik eta hainbat landa-jardueratatik oso hurbil dago.
Landetxea baino gehiago, landa-hotela da, baina zerrenda honetan sartu dugu, spa itzel bat duelako. Etxegana euskal naturaz gozatzeko lekurik onenetako batean dago: Gorbeia natur parkean. Hotelak 10 gela bikoitz eta banakako gela bat ditu, naturaz inguratuta. Gela bakoitzak bere diseinu berezia du, eta artisau-zuraren aldeko apustu argia egin dute. Gure zerrendako aukerak ikusirik, landa-munduan gutxien murgiltzen dena da, baina interesgarria hiritik kanpo atseden hartzeko.
Esan bezala, nekazaritza-turismoko establezimenduek ez dute ostatua bakarrik eskaintzen. Euskadiko nekazaritza-turismoak lurraldeko natura eta gastronomia aprobetxatzen ditu ardogintzarekin, nekazaritzarekin eta kirolarekin lotutako esperientziak eskaintzeko. Antzinako baserri batean sartzea iraganarena bidaiatzea da.
Nekazaritza-turismoko establezimendu onenak aurkitu nahi badituzu, jarrai itzazu mundu horretan espezializatutako Nekotur elkartearen gomendioak.
Nekazaritza-turismoko esperientzia originala ingurune urrun eta magiko batean. Maribel baserria Zuhatzu Kuartango eta Subillana artean dago, Baia ibaiaren ertzean, eta Gasteiztik oso hurbil. Originala dela diogu, zeren, ostatuaren kalitatea alde batera utzita, liburu-bereizgailuak egiteko ikastaro batere eskaintzen baitute. Bereizgailu horiek egiteko, inguru horretan urtaro bakoitzean ateratzen diren loreak biltzen dituzte. Hala, lore horiek lehortzen eta eskulanetarako erabiltzen erakusten dute. Horrez gain, mahastiak bisitatzeko eta mahatsa biltzeko aukera eskaintzen dute.
Ibarrangelu, Elantxobe, Lagako hondartza eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbatik oso hurbil dagoen baserri ikusgarria. Merezi du Urresti ezagutzeak, eskaintzen duen ostatuagatik eta abeltegiagatik. Eta, bai, aukera izango duzu animaliei jaten emateko, arrautzak biltzeko edo arkume bati biberoia emateko. Esperientzia hori doan eskaintzen da, ostatuarekin batera.
Oiharte sagardozaleen paradisua da. Zerainen dago, Idiazabaldik eta Aizkorri-Aratz natur parketik eta Nafarroako mugatik hurbil. Oiharte nekazaritza-turismoko establezimenduak, ostatuaz gain, sagardotegia eskaintzen du. Beraz, Oihartera joanez gero, aukera izango duzu sagardoa upeletan nola egiten den ikasteko eta bertako sagardoa pintxo goxo batzuekin probatzeko. Joango gara sagardotegi batera?
Gipuzkoako kostaldeko labar batean dagoen baserri ezin ederragoa. Santa Klarara joaten bazara, aukera ezin hobea izango duzu Zumaia ezagutzeko, flyscha ikusteko eta inguruko ikuspegi izugarriaz gozatzeko. Santa Klara txoko bikaina da atseden hartzeko, eta bertako gastronomiaz eta baserriko lursailetan dagoen abeltegi txikiaz ere gozatzeko aukera ematen du. Behiak jetzi, astoak paseatu, antxumeei jaten eman…, denetik egiteko aukera dago. Eta, gainera, haurrek doan egin ditzakete jarduera horiek guztiak.
Zatoz Aiako Harria natura-parkera; maitemindu egingo zaitu, seguru. Oiartzunek arkitektura-ondare, gastronomia eta, batez ere, ingurune natural paregabeak ditu. Momotegin, horretaz guztiaz gozatu ahal izango duzu, Donostiatik autoz ordu erdira bakarrik. Horrez gain, baserriko lursailetan dauden abere eta nekazaritza-jarduerak ezagutu ahal izango dituzu. Dena den, kontuan izan etxe osoa erreserbatu behar dela.
Nekazaritza-turismoko establezimendura iristean, galdetu zer jarduera eskaintzen dituzten; izan ere, baserri bakoitzak bere eskaintza du. Eta Euskadiko landetxe bat aukeratzen baduzu, ez ahaztu ingurua ere bisitatzea.
Guuk-en, Euskadiko natura ezagutzen lagunduko dizugu konexiorik onenarekin. Sartu gure webgunean, eta aprobetxatu aukera guztiak.