icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Euskadiko hondartzarik onenak: bozkatu gogokoen duzunaren alde

25 Enero 2023 11:06
Blog Guuk

160 kilometro baino gehiagoko kostaldean barrena, munduko hondartza onenetako batzuk ditu Euskadik. Itsaslabar ikusgarriak, ur gardeneko kalak, hareatza zabalak eta olatu handiak... Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldea paradisu bihurtzen dute denek surflarientzat, bertakoentzat zein turistentzat.

Donostiako Kontxa hondartza ikonikoa, Lagako hondartza —Urdaibaiko Erreserban—, Itzurun eta Zarauzkoa Gipuzkoan, edo Mundakakoa, zeinaren ezker-olatuak munduko bazter guztietatik iritsitako surflariak erakartzen baititu... Zein baino zein ederragoa.

Ezinezkoa da bakarra aukeratzea, eta, beraz, zure esku uzten dugu erabakia Guuk-en. Gure ustez Euskadiko hondartza onenak direnak aukeratu ditugu zuretzat. Bizitzan behin behintzat gozatu beharrekoak. Bozkatu gogokoen duzunaren alde.

Playas Euskadi

Euskadiko 15 hondartza onenak

Bizkaiak eta Gipuzkoak hiri-hondartzak eta hondartza naturalagoak dituzte, toki bikainak surfa, urpekaritza, windsurfa edo, besterik gabe, txonbo egiteko euskal hondartzetako batean.

Paraje ezin ederragoak dira, hiriguneetatik oso hurbil, ihesaldia egin eta eguzkia hartzeko, edo itsasertzetik paseo atseginak egiteko. Ezagutzen al duzu Kontxako hondartza? Bada, asko dago ezagutzeko, asko.

#1

Kontxa

Concha_cuerpo

Donostia erdigunean dagoen hiri-hondartza hau Euskadin bisita gehien jasotzen dituen hondartzetako bat da, eta Kantauri itsasoaren eta hiriaren ikuspegi izugarriak eskaintzen ditu. Hondartzari eta badiari maskor-forma dutelako deritze Kontxa. Kilometro batetik gorako hondar zurizko luzera du, eta oso ingurune erakargarrian dago, mendiz inguratuta eta bainatzeko gogoa ematen duen urarekin. Gainera, jatetxe eta taberna ugari ditu inguruan, eta, beraz, erraza da gehiegi urrundu gabe jateko zerbait aurkitzea.

#2

Laga

Laga_cuerpo

Hondartza hau Urdaibaiko biosferaren erreserban dago, Mundaka herri txiki eta ikusgarritik oso gertu. 500 metro luze inguru da, harea zuri leun eta fina du, eta ur gardenak. Horregatik, eguzkia hartzeko, paseatzeko edo ur-kirolak egiteko leku ezin hobea da, eta surfa, kitesurfa eta windsurfa egiteko aukera ugari daude ingurunean.

#3

Isuntza

Playa Isuntza

Euskal kostaldeko itsas herri turistiko politenetako bateko, hots, Lekeitioko bi hondartzetako bat da (Karraspio hondartzarekin batera). Portuaren ondoan dago eta ezinbestean bisitatu behar da, ingurune paregabe eta naturalaz gozatu nahi izanez gero. Inguruko jendetsuena da, herritik hurbil dagoelako eta ur lasaiak dituelako. Ur horien azpian, itsasbeheran, Garraitz edo San Nikolas uharteraino irits daitekeen harrizko pasealekua dago. Izan ere, Bizkaiko herri politenetariko bat da.

#4

Sopelako hondartzak

Sopelana_cuerpo

Sopelan lau hondartza ikusgarri daude, gure erkidegoko turismo-jomuga nagusi direnak Bilbotik kilometro gutxira egoteagatik. Barinatxe, Atxabiribil, Arrietara eta Meñakoz toki bikainak dira itsas jardueren zaleentzat: txalupan ibiltzea, windsurfa, arrauna, kayaka edo surfa. Hondartza zabalak dira, paisaia ikusgarriz inguratuak, labarrei begirako bista ikusgarriekin. Gainera, Barinatxe eta Meñakoz naturisten jomuga gogokoenen artean daude, nudismoa egin baitaiteke haietan.

#5

Laida

Laida_cuerpo

Toki lasaiagoen bila bazabiltza, aukera bikaina da Laidako hondartza naturala, Bizkaian. Laga bezalaxe, Urdaibaiko biosferaren erreserban dago. Ia kilometro bateko luzerarekin, Mundakako itsasadarreko hondartza handiena da. Gainera, surferako Euskadiko hondartza onenetakoa da, dituen olatuei esker; esperientzia handiko surflarien hondartza gogokoenetako bat da. Surfean hasi nahi baduzu, inguru hartan eskola ugari daude, ohola maneiatzen ikasteko, baita beste ur-kirol batzuk egiteko ere.

#6

Azkorri edo Gorrondatxe

Azkorri_cuerpo

Azkorriko hondartza ederra, ia 900 metrokoa, Getxon sarbiderik zailena duen hondartza da. Bertan nudismoa egin daiteke eta zerbitzu guztiak ditu. Inguru basatian dagoenez, duna luze eta labar malkartsuekin, oso erakargarria da argazkigintza maite dutenentzat. Bisitatzen duten surflariek gaina har diezaiokete 3 metroko altueraraino irits daitekeen Akantiko olatuari.

#7

Debako Santiago

Deba_cuerpo

Debako Santiago hondartza urre-koloreko harea duen hondartza eder eta zabala da, 400 metro inguruko luzerakoa, muinoz eta mendiz inguratua. Jarduerak eskaintzen ditu familiako kide guztientzat eta ur-kirolez gozatzen duten abenturazaleentzat (paddle surfa, urpekaritza, arrantza, igeriketa eta windsurfa).

#8

Itzurun

Itzurun_cuerpo

Parke natural eder batez inguratuta, Zumaiako Itzurun hondartzak Kantauri itsasoaren ikuspegi ikusgarriak eskaintzen ditu. Labar bertikal erraldoiek paisaia bitxia sortzen dute. Flysch deritzon fenomeno geologikoaren ondorioz sortu ziren labarrak, milaka urtez olatuek eragindako higaduraz, milorri moduko gainazal bat sortzeraino, arroka gogorren eta bigunen geruzak txandakatzen dituena. Hori dela eta, Euskadin zenbait telesail eta film ezagunen agertoki izateko aukeratu da, hala nola Juego de Tronos telesailerako edo Ocho apellidos vascos filmerako.

#9

Zarautz

Playa de Zarautz

Euskal kostako hondartza luzeena da. Urre-koloreko 2.500 metroko hareatza du, eta San Pelaio errekaren bokalean dago. Hondartzaren luzeran jatetxe, taberna eta kafetegi ugari daude, baita orotariko gaiak erosteko denda eta azoka ugari ere. Ihesaldi idilikoa egin nahi izanez gero, aukera bikaina duzu hemen opor ahaztezinak pasatzeko. Gero, egin osteratxo bat itsas pasealekuan barrena; nahi baduzu, Getariaraino joan zaitezke. Esperientzia paregabea benetan.

#10

Malkorbe

Playa Malkorbe

Malkorbe Getariako hondartza lasaia da, eta San Anton mendiaren ikuspegi ederra du. Kirol-portutik hurbil dago, eta 420 metroko luzera du (handik ibili zen Elkano). Olatu txikiak izaten ditu, eta zerbitzu ugari daude, hala nola dutxak, komun publikoak, desgaituentzako sarbideak, haurrentzako jolasak eta kirol-eremua. Hori guztia dela eta, Malkorbe toki ezin hobea da eguna familian pasatzeko.

#11

Saturraran

Saturrarán

Hondartzaren mutur batetik bestera korri dezakezu, edo, nahiago baduzu, Ondarroaraino jarraitu. Edozer aukeratzen duzula ere, maitemindu egingo zara Mutrikuren eta Saturrarango hondartzaren intimitate eta xarma bereziarekin. Itsaslabarrez inguratua eta arrantza-tradizioz jantzia, agur esaten du Gipuzkoak 300 metroko arbel-paretez eta kala txikiz inguratutako harribitxi honetatik. Bertara iristeko errepidea bihurria da, baina helmuga ez da jendez gainezka egoten.

#12

Barrika

Playa Barrika

Sopelako hondartzak gustatzen bazaizkizu, ikusi beharrekoa duzu Barrikakoa. Bizkaiko kostaldeak aurrera egiten du Plentziarantz, eta eremu horren ezaugarri berezkoei eusten die honek ere: labarrak, olatu biziak eta natura basatiko sentsazio bortitzak. Mareak desagerrarazi egiten du surflariek eta nudistek biziki maite duten 600 metroko hareatza hau. Nahitaez ikusi beharrekoak dira "herensugearen isatsa" (flyscha) eta Euskadiko ilunabarrik ederrenetako bat.

#13

Gorliz

Plentziako bi hondartzetako bat da —izen bereko hondartzarekin batera—, eta ospe handia du herritarren artean, itsas pasealeku zoragarria baitu. 842 metroko luzerako hareatza ikusgarria da Gorlizekoa, oso zabala eta ekipamendu ugarikoa, gainera: aparkalekua, mahaiak, barbakoa eta parkeak. Ez da harritzekoa, beraz, kalitate turistikoa bermatzen duen Q ikurra irabazi duen gure erkidegoko lehen hondartza izatea. Gure gomendio bi: itsas kirolen bat praktikatzea eta ingurua kayak batetik ezagutzea.

#14

Toña eta Txatxarramendi

Txatxarramendi uhartea nahitaez bisitatu behar du Mundakako itsasadarraz gozatu nahi duenak. Laidako hondartza ikusiko duzu handik —Urdaibaiko hondartzarik ezagunena—, jenderik eta zalapartarik gabe. Kostaldean Toñako hondartza duzu, Sukarrietatik gertu, eta, uhartean bertan, Txatxarramendikoa. Hango ur lasai eta hareatza luze-zabalak ezin hobeak dira eguna familiarekin igarotzeko eta inguruko ekipamendu oparoez gozatzeko. A, eta hori guztia, noski, Euskadiko paisaia ederrenetako batez inguratuta.

#15

Ogeia

Ogeia

Iritsezin bezain ederra. Labar artean estu-estu, hareaz eta harriz osaturiko hondartza da Ogeia. Eskuinean, Arakulu Haitza du, eta ezkerrean, berriz, Errotia kala. Iristea zaila denez, ez du turismo askorik, nahiz oso gogoko duten Ispasterko biztanleek. Hemen bainu bat hartzea flyschez, itsas korronte indartsuez eta benetako itsas bizitzaz gozatzea da. Beharbada horregatik izango dute hain kutun urpekariek. Hondartzak dituen 175 metroko erdigunean bainatzea gomendatzen dugu, hori baita eremurik lasaiena.

Nola jakin zein den Euskadiko hondartzen egoera

Ez da nahikoa Euskadiko hondartzarik onenetako bat aukeratzea. Demagun bat aukeratzen duzula; haraino joan, eta, halako batean, ikusten duzu korronte handia dagoela, karabela marmokaz beteta dagoela ura edo, haize gogorraren eraginez, eguzkitakoa ezin dela iltzatu ere egin.
Beraz, etxetik irten aurretik, komeni da hondartzen egoera kontsultatzea. Mugikorretik nahiz ordenagailutik egin daiteke hori, Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialean sartuta. Astero-astero eguneratzen da laginketa, informazio erreala baliatuz.

Horretaz gainera, lurralde historiko bakoitzeko webgunea ere kontsultatu dezakezu, hondartzetako banderen koloreari eta beste datu interesgarri batzuei buruzko informazioa lortzeko. Informazio hori guztia ere eguneratua egongo da.

Ikusten duzunez, Euskadin hondartza ugari ditugu aire zabalean gozatzeko, denontzako aukerekin. Baina, hemen prestatu dizugun zerrendan, Euskadiko hondartza batzuk baino ez dira ageri.

Berdin dio zer nahiago duzun, erlaxatu edo ur-kirolak egin; beti alboan izango duzu Guuk, Interneteko konexio onenarekin, zure kezka bakarra hurrengo helmuga aukeratzea izan dadin.

Erlazionatutako berriak
San Silvestre en Euskadi
Euskal Hiria

San Silvestre en Euskadi

5 min

La afición por el deporte reúne a multitud de personas cada 31 de diciembre en Euskadi para disfrutar de la carrera de San Silvestre. Descubre cuál es su origen, dónde se celebra y conoce otras carreras populares con más tradición de nuestra región.