icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Antxoekin prestatutako 5 errezeta, Antxua Eguna ospatzeko

28 Abril 2023 12:00
Antxua Eguna

Arrain urdin bat baino askoz gehiago da antxoa. Euskadin, "antxue", "antxua", "bokarte" edo "bokarta" esaten diogu, eta itzal handia du: arrantzaleen egutegia markatzen du, eta tokiko festa ugari egiten dira haren aitzakian. Zein den nagusia? Nola ez, "Antxua Eguna" ospetsua.

Udazkenean eta, batez ere, udaberrian, Kantauri itsasoko ura tenperatura ezin hobean egoten da espezie hori arrantzatzeko. XIX. mendetik markatu du horrek euskal gastronomia, eta, ondorioz, oso tradizio magikoa sortu da.

Hori dela eta, Guuk-ek ez du huts egingo aurtengo jaia. Antxua Egunera etorri nahi duzu? Eta bertako antxoarekin errezetaren bat prestatu? Gera zaitez; laster gosetuko zara, eta ez duzu txoko honetatik joan nahi izango.

Antxua Eguna

Antxua Eguna: izatez Euskadikoa

Antxua Eguna baino gehiago, antxoa bera da garrantzitsua euskal kostaldean. Ustez, Euskadiren eta arrain urdin honen arteko harremana milaka urtekoa da, baina, egiaz, XIX. mendearen amaieran hasi ziren hura benetan sustatzen, eta ez ziren gipuzkoarrak edo bizkaitarrak izan.

Mende hartako laurogeiko hamarkadan, gazitzaile italiarrak iritsi ziren euskal kostaldera, antxoarekin negozioa egiten hasteko. Hura izan zen hamarkada batzuk geroago abiatuko zen kontserba-industriaren hazia (bereziki iragan mendeko 10eko hamarkadatik aurrera).

  • Bitxikeria bat💡: 1886an, Bermeko Udalak lizentzia bat eman zion Angelo Parodi fu Bartolomeori, antxoa gazituen negozioa ustiatzeko.

Orduz geroztik, euskal gastronomiarekin ia bat eginda dago espezie hau. Hainbeste, ezen Ondarroan, Getarian eta kostaldeko beste herri batzuetan egun bat eskaintzen baitiote: "Antxua Eguna". Denboraren poderioz, Mutrikuko, Bermeoko eta herri horietako kontserba-enpresek negozioarekin jarraitu eta goratu egin zuten.

Zertan datza Antxua Eguna?

Ospakizun ezagunena Getariakoa da. Han, hileko lehenengo ostiralean, herria gelditu egiten da Antxua Eguneko ekitaldi guztiak antolatzeko. Hauek izaten dira, besteak beste: antxoari buruzko hitzaldi teknikoak, lonjara eta kontserba-enpresetara egindako bisitak, dastatzeak, eta dantzari eta txistulariak.

Ezin dituzu huts egin jada tradizio bihurtu diren "Antxua Eguneko" traineruak, "Gipuzkoako Trainerillen Ligaren" barruan, ezta belako estropada ere. Plan ezin hobea lagunekin eta txakolin on batez bustita egiteko.

Antxoaren arrantza Euskadin

Maiatzaren hasieran izan ohi da beti aste handia; izan ere, hilabete horietan, uraren tenperatura oso egokia da antxoa hazteko. Antxoa-mota hori dezente handiagoa da, eta estimatuagoa. Kantauri osoko arrantzan gertatzen da hori, Galiziatik Euskadira.

Baxurako arrantza da, eta, normalean, inguraketa erabiltzen du. Teknika horren bidez, itsas azaletik distantzia txikira sardatan igerian geratzen diren antxoak harrapatzen dira. Arrantzaleek sarea bota, antxoak inguratu, eta behetik ixten dute sarea; horrela, harrapatuta geratzen dira.

Eta gero, zer? Gatz-geruza finen artean jartzen dira antxoak. 1-3 egun iraun ohi du prozesuak, eta, gero, gutxienez urte-erdiz uzten dira gatzetan, azken produktua lortzeko.

Jarraian, "zentrifugatu" egiten dira, kresala kentzeko, eta, ondoren, antxoak berak garbitzen dira. Burua, erraiak eta bizkarrezurra kentzen zaie, eta xerratu eta ontziratu egiten dira.

Euskadin, oliotan kontserbatutakoa dago zabalduen. Hala ere, gatzetan jartzeaz eta oliotan kontserbatzeaz gain, Kantauriko antxoa beste formatu batzuetan ere ondu eta prozesa daiteke:

  • Papillote eran: hiru bat hilabetez, gatzun edukiontzietan.
  • Oliotan ketua: oliotan utzitako antxoaren aldaera; egurrarekin ketzen da.
  • Ozpinetan: belar usaintsuekin; askoz ere lehenago jan behar da.
  • Kaparrekin: oliba-oliotan.
  • Mousse gisa: antxoa txikitu egiten da, eta ogi gainean igurtzita jaten da.


Antxoekin prestatutako 5 errezeta, Antxua Eguna ospatzeko

Antxoa arrain urdin bat da, eta zapore bizia du; hala ere, erraz batzen da beste tonalitate leunago batzuekin. Testura krematsua du, eta, horri esker, erraz integratzen da errezeta askotan: beteak, papillote eran, etab. Arrautzaztatuta eta berehala ere jan ditzakezu.

Antxoak ogi txigortu gainean

Errezeta honetan, bi eratara prestatutako antxoak erabiliko ditugu: oliotan prestatutakoa eta ozpinetan prestatutakoa. Ogi txigortu gainean jarrita dastatuko ditugu. Sartu ogi-xerra bat txigorgailuan, eta, prest dagoenean, jarri gainean tomate birrinduz, tipulin txikituz eta oliba-olioz egindako nahastea.

Nahastearen gainean, jarri lehenbizi ozpinetako antxoa , eta, gero, oliotakoa; horrela, arrain honen zapore bizia dastatu ahal izango duzu. Erraz eta bizkor prestatzen da, eta oso gozoa da.

Antxoak papillote eran

Hasteko, txigortu zenbait ogi-xerra (ogi biribila baduzu, hobe). Gero, zuritu baratxuri-ale eta tipulin batzuk; moztu baratxuri-aleak xaflatan, eta tipulinak kubotan. Jarri dena biguntzen kazola zapal batean, kubotan moztutako piper gorri batekin batera.

Gorritzen hastean, erantsi arotan moztutako pipermin bat eta txakolin-zorrotada eder bat. Itxaron txakolina lurrundu arte, eta jarri antxoa garbiak frijitukiaren gainean. Estali eta itxaron hiruzpalau minutu. Ogi txigortuaz lagunduta, gozo-gozo dago.

Antxoa arrautzaztatuak

Arrautza-irinetan pasatutako antxoa ere esaten zaie. Hori bai: ertainak edo handiak badira, hobe, txikiekin ez baita berdin geratzen. Hori argituta, garbitu itzazu; gero, pasatu itzazu lehenbizi irinetan eta, gero, arrautza irabiatutan.

Friji itzazu su ertainean, gorritzen diren arte; kendu sutatik. Platerean pikillo piperra ere jarrita, primerako errezeta da Antxua Eguna ospatzeko.

Antxoa marinatuak

Gakoa da marinatua ondo prestatzea. Horretarako, nahasi 600 ml ardo-ozpin, 400 ml ur eta 100 gramo gatz katilu batean. Utzi hozkailuan hozten, eta, bitartean, garbitu antxoak.

Oso erraza da: marinatuan sartu behar dira zortzi bat orduz (tamainaren arabera). Atera eta estal itzazu olioz; gero, sar itzazu berriro, eta atera itzazu jan aurretik. Prozesu horren bidez, beste zapore bat hartzen dute, eta ezin hobeki geratzen dira patatekin.

Antxoa-nahaskia

Erraza esaten, eta prestatzen! Gauza bakarra hartu behar duzu kontuan: aukeratu tamaina txikiagoko antxoak (arrandegian topatzen dituzun txikienak). Gero, irabiatu arrautza eta prestatu nahaskia. Adi hura egitean; ez dadila lehor geratu.

Oraindik gose zara? Egin tokia egutegian maiatzean Getariara edo Ondarroara joateko, Antxua Egunaz gozatzera. Guuk-ek tarifa onenak eskaintzen dizkizu, mugikorreko informazioa erabil dezazun.

Erlazionatutako berriak