Euskal Hiria
Euskal abeslari eta talde onenak
1 minMusikaren munduko izar ugari ditu Euskadik, hala nola La Oreja de Van Gogh, Izaro, Amaia Montero eta Zetak.
Internet gure etxeetara iritsi zenetik, Larousse, Lur edo Harluxet entziklopediak alde batera utzi eta Wikipedia masiboki kontsultatzen hasi ginen. Euskarazko bertsioak 370.000 artikulu baino gehiago ditu, eta 70.000 bat erabiltzailek kontsultatzen dute egunero Euskadin. Ba al zenekien txikienek ere badutela pareko bat berentzat? Gaur Txikipediaz hitz egingo dugu, haurrentzako euskarazko onlineko entziklopediaz.
Nork ez du noiz edo noiz begiratu Wikipedian? Bada txikiek, gainera, euskarazko beren bertsioa dute. Gaur Txikipediaz hitz egin nahi dizugu. Punta-puntako hezkuntza-proiektu horrek 3.000 artikulu baino gehiago ditu, haurrentzat pentsatuak, eta haziz doa egunez egun; izan ere, plataforma libre bat denez, laguntzaile-sare zabal bat du atzean etengabe eguneratzeko.
Txikipedia, izenak dioen bezala, 8 eta 13 urte bitarteko haurrentzako entziklopedia da. Baliabide didaktiko hau txikientzako lexiko eta sintaxi egokia erabiliz egina dago, eta, beraz, artikuluak euskara garbi eta sinplean idatzita daude, haurren eskola-beharretara egokituta, eta, batez ere, ulermenari lehentasuna emanez. Tresna bat gehiago eskura Interneten, euskara ikasteko edo hobetzeko.
Bai euskara ikasten ari bazara, bai etxeko txikiei etxeko lanekin lagundu nahi badiezu, Txikipedia oso lagungarria izan daiteke, artikuluak erraz irakurtzeko eta ulertzeko sortzen baitira. Wikipediaren edukia modu erraz eta ulergarriagoan eskaintzea da helburua. Android erako eta iOSerako dago erabilgarri.
Txikipedia ez da haurrentzako entziklopedia nagusia, baina bai lehena eta bakarra Wikipediari laguntzen. Hezkuntza-baliabide hori Interneten dago eskuragarri, eta, martxotik, Android eta iOS gailuetarako aplikazio gisa ere erabil daiteke. CodeSyntax euskal enpresak sortu zuen aplikazioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailarekin eta Euskal Wikilarien Kultura Elkartearekin lankidetzan. Hiru erakundeen arteko lankidetzatik sortu zen tresna, eta baliabide interesgarri gisa aurkeztu da, ikasle gazteenen eguneroko bizitzan sortzen diren galderei erantzuteko, proiektuaren sustatzaileen hitzetan.
Joan den martxoan kanpaina bat jarri zen abian Txikipediaren aplikazioa ezagutarazteko. Hori dela eta, eduki asko ikasleek berek landu dituzte, gero eta eskola gehiago ari baitira artikulu berriak sortzen ikasgeletan. Gero eta eduki gehiago duenez eta gero eta jende gehiagok ezagutzen duenez aplikazioa, kontsultak nabarmen igotzen ari dira. Hala, Txikipediaren webgunea 553.000 aldiz kontsultatu zen iaz. Bestela esanda, 2019an baino % 55 gehiago; egunean 968 kontsulta jaso zituen. Pandemia hasi zenetik, 129 milioi orrialde zerbitzatu dira euskaraz Interneten, Eusko Jaurlaritzako iturrien arabera; aurreko urtean baino % 34 gehiago.
Gainera, ba al zenekien Wikipediaren euskarazko atalak ere hazten jarraitzen duela egunero? Sarean dauden 320 wikipedietatik, euskarazko bertsioa 32. postuan dago eduki-kopuruan, 372.000 artikulurekin, grekoaren eta danieraren aurretik, esate baterako.