icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Telebistan eta zineman pil-pilean dauden 10 euskal antzezle ospetsu

29 Marzo 2023 12:00
Actores vascos

Euskal antzezleak ezagun askoak dira Euskadin zein nazioartean, batzuk zaharragoak, beste batzuk belaunaldi berriak erakartzen dituztenak. Haietako batzuk agertu dira Goya sarietarako hautatutako filmetan, baina izan da itsasoa zeharkatu eta Hollywood aldera egin duenik ere: txapela buruan eta ibili munduan.

Nahikoa da telebista piztu eta ETBko azken telesaila ikustea, edo Netflix edo beste streaming-plataformaren bat zabaltzea: hantxe ikusiko ditugu Jon Kortajarena, Yon González eta Euskadiko edo Nafarroako beste zenbait superizar. Fitxatuta dauzkazu guztiak?

Guuk-en, alfonbra gorrian ibili nahian genbiltzan, eta kalitate handieneko produkzioetan Euskadi ordezkatzen duten antzezle horien nondik-norakoak aitortu ditugu. Hartu krispetak edo prestatu pintxo eder batzuk, eta piztu telebista.

Actores vascos

Arrakasta bete-betea duten 10 euskal antzezle

#1

Yon González

La Sexta telebista-katearen hasierako garaietan hasi zen agertzen, Mario Casas eta Amaia Salamanca gazte-gazteekin batera, baina El Internadorekin etorri zen haren benetako booma. Antena 3 kateko telesail hark egin zuen famatu Yon González (Bergara, Gipuzkoa) Espainia osoan eta Latinoamerikan. Horren ondotik, zinemagintzari ekin zion Mentiras y Gordas lehenbiziko filmarekin, eta buru-belarri jarraitu zuen lanean Torrente 4 eta Perdiendo el norte filmetan, edo El Internadoren rebootean. Oraindik orain, Érase una vez en Euskadi eta Los herederos de la tierra lan arrakastatsuetan ipini du bere talentua. Aitor Luna artista gipuzkoarraren anaia da.

#2

Gorka Otxoa

Nekez ulertuko dugu azken hamarkadetako komedia Gorka Otxoa kontuan hartu gabe. Vaya semanita programa mitikoko aurpegirik ezagunena da, eta donostiar aktore horrexek du, hain justu, telebistako eta zinemagintzako karrerarik arrakastatsuenetako bat Euskadiko gremiokideen artean. Hospital Central eta El Comisario telesailetan hasi zen, baina ETBko umore-programarekin lortu zuen ospea. Horren ondotik egin zituen Cuestión de sexo (Willy Toledorekin), Pagafantas (Goya sarietarako hautatua) eta Doctor Mateo. Azken urteotan, Fe de etarras edo Machos alfa produkzioetan ikusi dugu.

#3

Jon Kortajarena

Berez ezagunagoa da modelo-karreragatik pantailan egindako lanengatik baino. Hala ere, azken urteotan etengabe lortu ditu Jon Kortajarenak lanak antzezle gisa. Bilbon jaiotako euskal aktore honek sona handia du nazioartean, planta fisikoagatik eta modan duen estiloagatik. Horri guztiari esker, lanak lortu ditu La verdad, Alta mar edo El inmortal obretan. Oraindik ere ez zaio egokitu produkzio saritu batean lan egitea. Halere, haren izenak badu osperik ekoizpen-etxeen artean, eta, batez ere, ondoz ondo jardun du Hollywoodeko izarrekin. Oscar sarien azkeneko galan ere izan zen, Usher abeslariaren outfit berarekin.

#4

Marta Etura

Zer antzezlek esan dezake Espainiako zinemagintzako handi guztiekin lan egin duela? Marta Eturak fama- eta ospe-maila handixeagoa dauka ranking honetako gainerako euskal antzezleen aldean. Eta ez besteak baino hobea delako, baizik eta 1990eko amaieran eta 2000ko hasieran ekin ziolako karrerari —akademiak garai oparoak bizi zituen garaian—. Etura donostiarra da, eta Madril aldera joan zen bere ibilbidean saiatzera. Iragarkietan aritu zen lanean, harik eta Joaquín Oristell zuzendariak begiz jo zuen arte. Eta, hortik aurrera, zer esan dezakegu? AzulOscuroCasiNegro, Las 13 rosas eta Celda 211 dira haren obra handiak. Orain gutxi, Trilogía del Baztán filmetako protagonista izan zen, kritika on askoekin.

#5

Nerea Garmendia

Vaya semanita saioak emaniko beste harribitxi bat da (eta ez dira gutxi, gero!). Nerea Garmendiak telebista-programa askotan erakutsi du bere alderdi komikoa, baina prime time ordutegian emaniko telesailetan ere agertu da. Antzezle beasaindarrak inoiz ez du egin film luzerik, nahiz eta laburren munduan parte hartu duen. Nolanahi ere, horrek ez dio eragotzi ospe polita lortzea penintsula osoan. TVEn ekin zion Made In China programan, eta, funtzionatu ez bazuen ere, bere bizitzako rola eskuratu zuen: San Antonio polizia-etxeko psikologoa, Los hombres de Paco telesailean. Era berean, Easy Peasy, Hasiberriak eta beste hainbat programatan ere agertu da.

#6

Miren Ibaguren

Nahitaez aipatu beharreko beste izen bat, azken hogei urteotako telebista-komedietan. Miren Ibarguren ezaguna egingo zaizu Aída telesailean eginiko lanagatik, baina beste zenbait ekoizpen arrakastatsutan ere aritua da, hala nola Aquí no hay quien viva, Escenas de matrimonio edo La que se avecina. Rol horien guztien aurretik, ordea, ETBko Goenkale ospetsuan egin zen ezagun. Ibarguren Donostian jaioa da, eta gaur egun oso ohikoa da telebista-kate nagusietako entretenimendu-telesail eta -programetan ikustea.

#7

Itziar Ituño

Ibarguren bera bezalaxe, Goenkale harrobitik irtena da Ituño, nahiz eta bion ibilbideak nahiko desberdinak izan. Itziar Ituño (Basauri, Bizkaia) Lisboa pertsonaiarekin egin zen ezagun Espainia osoan, La casa de papel telesailean. Hala ere, Ituñok 15 urtetik gorako ibilbidea du zineman eta telebistan. Estrellas que alcanzar eta Loreak lanetan ez ezik, Paul Urkijo Alijoren Irati lanean ere irten da berriki. Telebistan ikusi nahi baduzu, Netflixera jo dezakezu: Malen Zubiri gisa topatuko duzu Intimidad sailean.

#8

Karra Elejalde

Bi Goya sari izateaz gainera, hainbatetan hautatu dute Feroz sarietarako eta Espainiako zinemagintzako beste errekonozimendu batzuetarako. Karra Elejalde mende honetako euskal aktore aintzatetsienetako bat da, baina, horretaz gainera, zuzendari goraipatuenetako bat ere bai. Gasteizko antzoki independenteetan hasi zuen karrera, eta abestien letrak ere idatzi zituen Hertzainak, Korroskada eta beste zenbait talderentzat. A los cuatro vientos lanarekin egin zuen debuta zinemagintzan, baina 2000ko lehen urteetan hasi zen ospea irabazten. Zer esan dezakegu haren ibilbideari buruz? Ocho apellidos vascos, Mientras dure la guerra, También la lluvia eta beste hainbat eta hainbat obra.

#9

Amaia Salamanca

Berez Cosladan jaio bazen ere (Madril) Amaia Salamancak lotura estua izan du bizitza osoan euskal familia-erroekin. Oso loturik dago Euskadiko tradizioekin, eta askotan joaten zen txikitan Abadiño aldera, ama eta familia osoarekin. Karrerari dagokionez, nekez kontatuko dugu dagoeneko ez dakizunik... SMS lanarekin egin zen ospetsu, bai eta Los hombres de Paco telesailean eginiko agerraldiekin ere. Sin tetas no hay paraíso telesailean Miguel Ángel Silvestrerekin batera eginiko lanak egin zuen famatu. Harrezkero, etengabe gehitu ditu arrakastak curriculumean: Fuga de Cerebros, Gran Hotel, Velvet, Tiempos de guerra, edo Todos mienten. Orain Netflixen ikus dezakegu, berriki eginiko Bienvenidos al Edén lanean.

#10

Najwa Nimri

Ez zaitzala despistatu haren izenak. Najwa Nimri gaur egungo antzezle nafar ezagunenetako bat da. Nimri Iruñean sortua da berez, baina jordaniar nazionalitateko aitari zor dizkio izen-abizenak. Gainerakoan, ezaguna egingo zaizu Vis a vis telesailean eginiko lanagatik, edo La casa de papel sonatuko Alicia Sierragatik. 90eko urteetan hasi zuen ibilbidea, eta ibilbide musikal oparoa ere izan zuen urte askoan. Orotara 30 filmetan baino gehiagotan parte hartu du, baita hamar bat telesailetan ere.

Iruditzen zaizu ahaztu dugula euskal antzezle ospetsu eta ezinbestekoren bat? Normala da, zinemagintzako eta telebistako izar bikain askoak irten baitira —eta irteten baitira— Euskaditik urtero-urtero. Baina horretarako gaude gu!

Sartu gure webgunean eta hartu euskal industriaren inguruan eguneratuta egoteko behar duzun tarifa. Ezagutu eta gozatu talentuaz, Guuk-ekin.

Erlazionatutako berriak