icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Gaming zalea zara? 2022an probatu nahiko dituzun 6 bideo-joko.

15 Diciembre 2021 11:42

Mota guztietako teknologietara konektatzeko moduak bilatzen ditu beti Guuk-ek. Eta kontsolak aldatu badira eta jokatzeko modua —gaur egun gaming esaten zaio— aurreratuagoa bada, kontatu egin beharko dizugu, ezta? Esan eta egin. Aste honetan, 2022an erabilgarri izango ditugun bideo-joko batzuen berri emango dizugu. Beraz, adi egon, jokoa hastera doa!

2021ean arrakasta izan zuten bideo-jokoei buruz ere hitz egin genizun; besteak beste, Rusti buruz. Erabat zabaldu da datorren urtean belaunaldi berriko kontsolak indartuko direla, eta jokoen industrian ere aldaketa esanguratsuak izango direla. Eta ez dugu guk bakarrik esaten, Jim Ryan izeneko norbaitek ere hala dio, PlayStationeko CEOak, alajaina. Ez gara ausartzen data zehatz bat aurresaten, eta, egungo egoeran, are gutxiago. Baina datorren urtean ezagutuko ditugun bideo-jokoen zerrenda txiki bat egingo dizugu; horretan bai, ausartuko gara. Ea ba:

bi-pertsona-bideojokoetara jokatzen-bideokontsola-aginteak-telebista

2022an albiste izango diren bideojokoak

God of War: Ragnarok

Itxura guztien arabera, urtearen hasieran PS4rako eta PS5erako aterako den bideo-joko itzeletako bat izango da. Saga historiko horretan, eskandinaviar jainkoek ekintzen, abenturen eta borroka epikoen bila jarraitzen dute, harik eta Ragnarok apokalipsia gertatzen den arte. Kratos izango da istorioko protagonista, eta Thor, Loki eta bestelako pertsonaia mitiko batzuk izango ditu ondoan. Benetan aproposa gamer on batentzat!

The Lord of the Ring: Gollum

Gaminga ez ezik Eraztunen Jauna ere gogoko baduzu, zorionak! Gollum protagonista izango duen bideo-joko bat duzu zain! Gollumek Eraztuna lortu osteko uneari buruzko istorioa da. Beraz, Hobbitaren eta Eraztunen Jaunaren aurretik zer gertatu zitzaion jakingo dugu.

Noiz? Printzipioz, datorren urtetik aurrera izango dugu hemen, plataforma guztietan: PS5, Xbox Series, Nintendo Switch eta PC.


Pokémon Legends: Arceus

Urteak aurrera doaz, eta Pokemonek ere aurrera jarraitzen du belaunaldiz belaunaldi. Baina, oraingoan, istorioa aldatu egin da, Hisui —Sinnoh-ren antzinako bertsioa— eskualdean girotua baitago. Eta, gainera, Pokemon Liga baten ordez, inguruko lehenengo Pokédexa sortzea izango da misioa. Hori bai, jada desagertutako izaki gehiago eta pertsonaia ezagun batzuen bilakaera berriak izango dira, eta orain artekoak ez bezalako kanpaina bat ere bai. Eta onena da ez duzuela asko itxaron beharko, dirudienez, urte hasieran aterako baitute Switcherako.

Horizon forbidden west

Horizon Zero Dawn-en ondorio bat da, eta apokalipsiaren ondorengo mundu ireki batean jokatzen da. Mathijs de Jonge zuzendariak esan duenez, hain polita izango da, ezen bertan bizi nahiko baituzu. Mehatxu berrien eta hezur-haragizko pertsonaia makurrek kontrolatzen dituzten makina handien aurka borroka egingo duzu. Gainera, Lurraren berehalako kolapsoaren inguruko misterio harrigarriak argituko dira jokoan.

Aurreikuspenen arabera, datorren urteko lehenengo erdian aterako da Guerrilla Games-ek garatutako ekintza-joko hori PlayStation 4rako eta PlayStation 5erako. Hasi prestatzen, badator-eta mundu berria.


Hogwarts Legacy

Harry Potterren zale amorratua bazara, emanaldi hau asko gustatuko zaizu, abenturazko bideo-jokoa baita, hirugarren pertsonako rolekoa, Hogwartseko une magikoak eskainiko dizkiguna, orain arte ez bezala. Eta hori guztia mundu ireki batean murgilduta biziko duzu; XIX. mendearen bukaeran girotua dago, eta magia- eta sorginkeria-eskola ezagunak ezkutatzen dituen misterioak argitu beharko dituzu. Nola? Hagaxka magikoari esker, baina ondo baino hobeto erabiltzen jakin beharko duzu. Berehala izango duzu jokoaz gozatzeko aukera, muggle.

Eta, postrerako…

Indiana Jones

Bai, bai, ongi irakurri duzu. Izan ere, dirudienez, datorren urtean Indiana Jonesen abenturez gozatzeko aukera izango dugu azkenean. Bethesda ari da garatzen, Lucasfilm eta MachineGames etxeekin batera. Zinemako arkeologo ezagunena bideo-joko bateko protagonista bilakatu da, Nathan Drakeren Uncharted eta Lara Croften Tomb Raider bideo-jokoetan bezala. Harrapazan/k!

Oraingoz trailer txiki bat baino ez dugu ikusi, baina, zurrumurruek diotenez, film berria bezala, datorren urteko edozein unetan atera daiteke. Beraz, badaezpada, eskura eduki kapela eta zigorra.

Guuk-ek oso gogoko ditu gaminga eta bideo-jokoen unibertsoa, eta esportak ere bai, eta ziur gaude zerrenda honetan aipatu gabe utzi ditugula bideo-joko ugari. Baina post asko behar dira guztiak aipatzeko. Konta iezaguzu zuk: zer bideo-joko iristeko zaude irrikan datorren urterako?

Erlazionatutako berriak