icono menu icono cerrar menu Menua Itxi

Galea lurmuturra: zer ikusi eta zer egin itsaslabarren ibilbidean

11 Agosto 2023 12:00
Punta Galea

Zein bilbotarrek ez du ezagutzen Galea lurmuturra? Eta zer esanik ez surfzaleen artean. Getxo ondoko lurmutur hau kirol horretarako lekurik entzutetsuenetako bat da euskal kostalde osoan (eta ia Europa osoan). Baina, oholez gain, beste hainbat sorpresa ere gordetzen ditu inguruak bisitarientzat.

Mendeetan zehar, defentsa-eginkizun estrategiko garrantzitsua izan zuen eremu honek. Itsasadarrean sartu nahi zuenak Abrako badia zeharkatu behar zuen; Galearen aurretik igaro, eta han zeuden eraikin militar ugariei aurre egin. Gaur egun, iragan horren hondarrak erakargarritasun turistikoak ere badira.

Eta historia interesatzen ez bazaizu, beti goza dezakezu natura-ingurune apartaz. Bai olatuen eta haizearen itsas ikuskizunagatik, bai bistagatik eta itsasaldeagatik beragatik, Normandiakoaren edo Doverrekoaren antzekoa. Zatoz gurekin Galea lurmuturrera hori egiaztatzera!

Punta Galea Foto

Non dago Galea lurmuturra?

Galea lurmuturra Getxotik oso kilometro gutxira dago, iparralderantz, Bilboko itsasadarraren sarreraren ekialdeko muturrean. Lurmutur honek eta Luzuero lurmuturrak (mendebaldeko muturrean) Atlantikotik Abrako Badiarako sarrera besarkatzen dute.

Eta, alde banatan ditu Algorta —hor hasten da Galea bisitatzeko ibilbidea—, hegoaldean, eta Sopela. Azken udalerri hori, barrurago dago; eta, bien artean, Neguriko Golfeko Erret Elkartearen zelaia. Bilbo inguruan bazaude, nahitaez bisitatu behar duzu alde egin aurretik.

Donde está Punta Galea

Nola iritsi Galea lurmuturreraino?

Imajinatuko duzunez, Bilbotik irtetea da modurik errazena Galea lurmuturrera joateko. Autoz, minutu gutxiko errepide-txangoa besterik ez da. Eta, gero, han bertan erabaki ahal izango duzu zenbat hurbildu nahi duzun, oinez egin nahi duzun ibilbidearen arabera.

Dena den, EAEko beste hiriburuetako batetik ere joan daiteke eguna inguru horretan igarotzera. Astunxeagoa, bai, baina ez ezinezkoa. Horrelakoetan, noski, gomendatzen dizugu inguruko herriak bisitatzeko aprobetxatzea.

  • Bilbo - Galea lurmuturra: 20 minutu inguru dira autoz, N-637 errepidea (gero, BI-637 bilakatuko da) iparralderantz hartuta. Ez da saihesbiderik hartu behar, ezta beste bideren batera sartu ere. Baina, adi! Autobusez ere joan zaitezke, A3414ean, edo metroz, Bidezabaleraino. Ez da aukera faltagatik izango!
Bilbao Punta Galea
  • Donostia - Galea lurmuturra: hemen, zailtxoago da bidaia. Ia ordu eta erdi beharko duzu: hartu AP-8 autobidea mendebalderantz, eta gero hartu N-637 errepidea (lehen aipatu dizuguna), Galdakaotik gertu.
Donosti Punta Galea
  • Gasteiz - Galea lurmuturra: ibilbidea Donostiatik baino laburxeagoa da, eta eguneko plana egin daiteke batere arazorik gabe. Ordubete inguruko bidaia da, N-622 errepidea iparralderantz hartuta. Ondoren, sartu AP-68an, eta aurrerago, AP-8an, N-673 errepideraino.
Vitoria Punta Galea

Zer egin Galea lurmuturrean

Galdera kontrakoa izan beharko litzateke: "zer ez egin?". Bustitzea eta kirola gustuko badituzu, gomendatzen dizugu kontsultatzea ea noiz ikus ditzakezun surf-lehiaketak. Bestela, eraikin historiko batzuk bisitatu ditzakezu, eta lurmutur osoa inguratzen duen ibilbidea egin. Gogoan hartu!

Galeako gotorlekua eta itsasargia

Bizkaiko eraikin militar garrantzitsuenetako bat da. XVIII. mendean eraiki zen, XVI. mendeko talaia zahar baten gainean, zeina baleak begiztatzeko erabiltzen baitzen garai hartan. Dirutza ederra kostatu zen, eta itsasadarraren ingurua erasoetatik babestea zuen helburu.

Galeako gotorlekuak hamarkadak eman zituen erabili gabe. 1782an, itsasargi bat jarri zen bertan, Donostiako Igeldo mendian zegoenaren antzekoa; horrek balio handiagoa izan zuen itsas jarduerarako. XX. mendean, gaur egun ikusten duguna jarri zen haren ordez. Eta gotorlekua, berriz, ez da erabiltzen 70eko hamarkadaz geroztik.

Aixerrota

Galea lurmuturreko beste elementu erakargarri garrantzitsua. Aixerrota ere XVIII. mendearen hasiera aldean eraiki zen, arto-irina ekoizteko, horrek pisu handia baitzuen garai hartako ekonomian.

Gaur egun, arte-galeria gisa erabiltzen da, bertako artisten artelanak erakusteko, eta oso erakargarria da, oso originala izateaz gainera, bikain kontserbatu baita. Zenbat haize-errota ezagutzen dituzu Euskadin? Oso gutxi dira, eta hau da Bizkaiko bakarra.

Andra Mari eliza

Berez Getxokoa bada ere, Andra Mari eliza egin beharreko geldialdia da Galea lurmuturrera egiten den bisitan, kostaldea zeharkatzen duen ibilbidea hasten den puntutik oso gertu baitago. XII. mendekoa da, baina XVIII. mendean berreraiki, eta aldatu zuten. Oso eraikin polita da, nahitaez ikusi beharrekoa.

Gorrondatxe/Azkorri hondartza

Paisaia idiliko eta naturala, bista ikusgarriak eta euskal kostaldearen berezko xarma. Gorrondatxe hondartzara iristeko, Galea lurmuturretik igarotzen den ibilbide osoa egin behar da aurrena, baina zinez merezi du bukaerako sariak. Hemen, "urrezko iltze" bat dugu, hondartzaren balioaren adierazgarri.

Barinatxe/La Salvaje hondartza

Oso ezaguna da surfaren, kite surfaren eta parapentearen zaleen artean. Gorrondatxe hondartza atzean utzi, eta kalitate handiko beste hareatza hau topatuko dugu, sopeloztarren atseden-toki ofiziala.

Bitxikeria bat: hondartzaren bi muturretan baimenduta dago nudismoa. Eta, gainera, Sopelako Lasterketa Nudista (Patxi Ros Saria) egiten da hemen, duela 25 urtetik.

Arrigunaga hondartza

Getxotik Galea lurmuturrerantz irtetean topatzen dugun lehen hondartza da. Erraz ikusten dira handik Galeako itsaslabarrak, Aixerrota eta badia osoaren edertasuna. Bertako olatu eta haizeengatik da ezaguna, kirol askotarako egokiak.

Galea lurmuturreko ibilbidea eta distantziak

Guuk-en gomendatzen dizugu autoa Algortan uztea, edo, gehienez ere, Galeako errepideko aparkalekuraino hurbiltzea. Zenbat eta ibilbide luzeago egin oinez inguru honetan, orduan eta gauza gehiago ikusiko duzu kostaldean eta inguruetan.

Egokiena da Arrigunaga hondartzatik abiatu eta Aixerrotako pasealekuan barrena jarraitzea iparralderantz. Bidean, izen bereko errota eta zenbait begiratoki topatuko dituzu. Eta, handik aurrera, bideak maldan behera jarraitzen du, Galeako gotorlekurantz, eta, aurrerago, itsasargirantz.

Paseo Punta Galea

Bidegorria jarraitu ahal izango duzu ez galtzeko; dena den, puntu batetik aurrera, bizikletentzako bidea desagertu, eta malkarragoa da bidea. Jarraitu Galea lurmuturreko begiratokiraino, eta, gero, jo mendebalderantz itsasertzari jarraituz, golf-zelaia atzean utzita.

Inguru horretan, badaude harrizko zenbait banku, bertan eseri eta bistez gozatzeko. Begiratu arretaz, eguna oskarbi badago Castro-Urdiales ere (Kantabria) ikusiko duzu eta.

Handik, aurrera jarraitu dezakezu, eta Gorrondatxe hondartzara iritsi, eta, aurrerago, Barinatxera. Baina, kontuz, distantziak handituz doaz eta. Aixerrotatik Galeako gotorlekura 1,2 kilometro daude, eta handik Gorrondatxera, 3,1 kilometro.

Ruta Punta Galea

Surfa Galea lurmuturrean

Galea lurmuturrak baldintza ezin hobeak ditu Europako olatu handienetako batzuk ikusteko. Hego-ekialdeko haize arinak jotzen du, ura mugiarazteko behar adinako bolada luzeetan. Eta, azpian, mareak eta arrokek egiten dute gainerakoa.

  • Bitxikeria💡: 5-6 metroko olatuak ikustea izaten da ohikoena, baina, 2022an, 10 metroko olatu bat izan zen, eta Natxo Gonzalez Plentziako surflaria ibili zen haren gainean.

Horregatik guztiagatik, Punta Galea Challenge 2006tik egiten den lehiaketa Europako surf-lehiaketarik zaharrentzat jotzen da. Kostaldearen kokapenak eta surf-oholaren gainera igotzeko gaitutako guneak aukera paregabea ematen dute surflari onenekin gozatzeko.

Zoritxarrez, 2023an, ez dira itsasoratuko profesionalak. Ez da olatu handirik aurreikusten, eta XVI. edizioa bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek . Beste lau alditan baino ez da gertatu hori lehiaketaren historian. Beraz, 2024ra arte itxaron beharko dugu.

Animatzen al zara? Galea lurmuturrak ez dio inori huts egiten. Eta guk ere ez. Sartu gure webgunean, eta aukeratu zure mugikorrerako Euskadiko txokorik onenak primeran ezagutzeko behar duzun Guuk-en datu- eta ahots-tarifarik onena! modurik onenean!

Erlazionatutako berriak